Erorien Haran bat etxe ondoan

  • 1936ko Gerrak urtebete ere egin ez zuela, Burgosko probintziaren ekialdean, Arabako mugatik oso gertu, altxamendu faxistaren buru eta Nafarroako errepresioaren arduradun nagusia zena hil zen, hegazkin istripuz.  Heriotzaren tokian, frankismoak eraikitako monumentu handiena dago, Erorien Haranaren atzetik: Emilio Mola Vidal jenerala oroitu eta goratzen duena. Istripuaren udalerriak badu izena, Alcocero, baita abizena ere, gaur egun oraindik “de Mola” deitzen baita.

Emilio Mola buruzagi faxistaren omenez egindako monumentuak zutik dirau eta bisitatzeko moduan dago, Euskal Herritik apenas 40 kilometrora, Burgoseko Alcocero de Mola herrian (arg.: Ander Leon)

1937ko maiatzean, Emilio Mola jeneralak zeregin argi bat zuen: Bilbo eta bere inguruko industria matxinatuen bandoarentzat bereganatzea. Sortu nahi zuten “Estatu Berriaren” inguruko tirabirek eta beste helburu militarrek itxaron egin beharko zuten. Bilbo zen lehentasuna. Operazioa bide onean zihoan eta horretara bideratuta zituen bere tropa eta baliabide gehienak. Baina, orduan, Bizkaiko hiriburuaren gaineko presioa arintzeko asmoz, Gudaroste Errepublikarrak erasoaldia hasi zuen Gaztelan, Guadarrama mendilerroaren inguruan, “La Granjako ofentsiba” bezala ezagutu izan dena. Fronte horren berpizteak buruhauste bat baino gehiago ekarri zion Zuzendaria ezizenez ezagutzen zen Molari, eta egoera bertatik bertara aztertzea erabaki zuen.

Ekainaren 3an bere Airspeed Envoy hegazkina hartu zuen Gasteizko aireportutik Valladolidera joateko asmoz. Mola jeneralarekin beste lau militar abiatu ziren: Gabriel Pozas teniente-koronela, Francisco Senac komandantea, Luis Fernández Barredo sarjentu mekanikoa eta Ángel Chamorro kapitaina; azken hau aparatuaren pilotua zen. Boskotea ez zen inoiz Valladolidera heldu eta Molak ez zuen Bilbo “liberatuta” ikusi, La Brújula mendatetik gertu, Perejil izenez ezagutzen den muinoan abioiak istripua izan baitzuen eta bidaiariak hil egin ziren.

Euskal Herriko prentsa frankistak leku handia eman zion Emilio Molaren heriotzari, baina hegazkinaren hondarrak berehala erretirarazi zituzten gurdiz.

Istripuaren arrazoi ofiziala “lainoa” izan zen, baina zurrumurruak laster zabaldu ziren. Francisco Franco eta Molaren arteko desadostasunak ezagunak ziren eta “sabotaje” hitza bolo-bolo ibili zen hainbat kuarteletan. Bestetzuek Chamorro pilotuaren gaztetako militantzia sindikal eta anarkista aipatu izan dute, immolazioaren teoria sendotzen saiatzeko. Konspirazio zaleek Molaren alargunaren erreakzioa ere nabarmendu ohi dute: “Franco izan da”, erantzun omen zuen senarraren istripua jakinarazi ziotenean. Zalantza asko egon ziren eta badaude, baina frogarik ezean, historia liburuetarako geratu zaigun azalpena “lainoarena” izan da.

Molaren gorpua Iruñera eraman eta bertako hilerrian lurperatu zuten. 1961ean Erorien Monumentura eraman zituzten bere hezurrak –Iruñeko egungo Askatasunaren plazan dagoen eraikinera–, eta hor egon ziren 2016 arte, harik eta udalaren ekimenez, familiak handik atera behar izan zituen arte.

Alcocero, zero gunea

Istripuaren ondorengo egunetan mugimendu handia antzeman zen Alcoceron. Gorpuak kiskalita egoteak identifikazioa zaildu zuen; dominak izan ziren gakoa, eta Molaren kasuan, beti aldean zerabilen argazki-makinagatik ezagutu zuten. Militarrek alcocerotarrei agindu zieten hegazkinaren hondakinak eta gainontzeko materiala Perejil muinoaren magaletik jasotzeko eta herriko plazan uzteko. Haien zeregina zintzo bete zuten, eta egun batez, Burgosetik joandako kamio batean materiala kargatu ondoren, Espainia Berriaren hiriburura eraman zuten dena. Istripuaren ikerketaren berri ez zen inoiz jaso.

"Espainia Berria" eratzeko, sinboloak eta propaganda ezinbestekoak ziren; testuinguru horretan ulertu behar da Alcocero de Molako monumentua

Ia urtebete igarota, istripuaren beste ondorio baten berri izan zuten Alcoceroko udaletxean. Burgosetik motorzale ofiziala ailegatu zen herrira eta orduko alkateari komunikazio idatzia eman zion: 1938ko maiatzaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako agindua jakinarazi zioten. Barne Ministroa eta Francoren koinatua zen Ramon Serrano Suñerrek sinatutako idatzian, Alcoceroko udalbatzaren eskaeraren onarpena azaltzen zen, eta une horretatik aurrera, “jeneralaren oroimena eta herriaren pribilejio tristea” historian gordeta geratzeko, herriaren izena Alcocero de Mola izango zen. Institutu Geografikoak, Erakunde Katastralak eta Gobernadore Zibilak ez zuten inolako eragozpenik jarri.

Denbora eta gerra aurrera joan ziren eta 1938ko neguan jadanik zalantza gutxi zegoen frankistek irabaziko zutela.  Gerraostea eta Espainia Berriaren eraketa prestatzeko garaia heldu zen beraz; zeregin horretan sinboloak eta propaganda ezinbestekoak izan ziren. Testuinguru horretan ulertu behar da Alcocero de Mola udalerrian, istripuaren tokian bertan, Molaren omenezko monumentu erraldoia eraikitzeko erabakia. Lopez Pinto jenerala izan zen lanen arduradun nagusia. Langileak, aldiz, gerrako presoak eta inguruko herrietako biztanleak. Soldaduek zaintza lanak egin zituzten.

Euskal gudari eta milizianoen lana

Villalomezeko harrobian, Alcocerotik zazpi kilometrora, gerrako presoen langile batailoia ari zen lanean eta bertatik atera zen eraikuntza egiteko materiala. La Bureba eskualdeko herritarren zeregina, berriz, harriak harrobitik obrara garraiatzea izan zen; horretarako beraien gurdi eta abereak erabili behar izan zituzten. Eraikuntza lanetarako Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrutik eramandako presoak erabili zituzten. Esklabo horien jatorria oso anitza zen, eta tartean euskaldun ugari zeuden, bai gudariak baita milizianoak ere. Horrez gain, Nazioarteko Brigadetan ibilitakoak ere aritu ziren lanean. Ehunka presoren eskulana erabili zuten eta, negu hori bereziki gogorra izan bazen ere, hiru hilabetetan monumentua bukatuta geratu zen.

Inaugurazio ekitaldia gerra bukatuta egin zen, 1939ko ekainaren 3an, hau da, istripuaren bigarren urteurrenean. Ospakizunen protagonista nagusia Franco bera izan zen,  Generalísimo-a, eta berarekin batera gobernuko ministro guztiak, Japon, Italia eta Alemaniako enbaxadoreak, militar mando ugari, Vatikanoko Nuntzioa, Elizako ordezkaritza gorena eta Molaren alarguna eta familia zeuden.

1939ko ekainaren 3an inauguratu zuen monumentua Francok pnpoa handiz

Diskurtso patriotikoak, meza nagusia, hegazkinen erakustaldia eta musika militarra izan ziren ospakizunaren osagai nagusiak, eta errematea, Franco beraren otoitza Molaren gorpua erori zen toki berean. Hemerotekan garaiko prentsak inaugurazioari eman zion garrantzia oso argi ikus daiteke, propagandarako material ona.

Monumentu ikaragarria zutik

Gaur egun, 81 urte geroago, monumentuak zutik dirau eta bisitatzeko moduan dago, Ebrotik apenas 40 kilometrora. Alcocero de Mola herrira N-I errepideko Briviescarako irteeratik heltzen da eta herri gunean seinale ofiziala dago (monumento  General Mola 3) eskuinera jo behar dela adierazten duena. Garai hobeak ezagutu ditu 3 kilometroko bide horrek, baina oraindik autoz egiteko modukoa da. Pinudi baten erdian kokatuta dago megalitoa eta bere handitasunak ikaratzen du, harrigarria da.

Eraikin monumentalaren itxura eta egitura ikusita, arkitektoak faxismo italiarraren estiloko iturritik edan zuela esan dezakegu, baina parafernalia katolikoa gehituta. Harrizko hesiz inguraturiko eremu hori “sakratu” izendatu zuten. Gorpuak aurkitu ziren magalean hasten da oroigarria: hildako bakoitza azaldu zen tokian gurutze bana dago eta hortik gora abiatzen da monumentuaren egitura. Eremu sakratuaren gaineko horman grabatuta, ezabaketa saiakerak egon badira ere, Mola jeneralari buruzko testu hagiografiko bezain luzea irakur daiteke, eta karelaren gainean muinoari begira erdi-puntuko bost arku daude, bakoitzak hegazkinaren bost bidaiarietako  baten izena duela; erdikoa, noski, Molarena da. Hortik abiatzen da 350 metro luze eta 50 metro zabal duen eskalinata, arrapala, harresi eta balaustrada bilduma, istripuaren tokia Perejil muinoaren tontorrarekin lotzen duena. Gailurrean 22 metroko altuera duen zutabeak monumentua borobiltzen du.

Pinudi baten erdian kokatuta dago megalitoa eta bere handitasunak ikaratzen du, harrigarria da. (arg: Ander Leon)

Monolito erraldoian, arrano inperiala, uztarria eta geziak, Una, grande y libre esaldia eta hizki handiz, omenduaren izena, “MOLA”, ikus daitezke. Orotara, 18.000 metro koadro, frankismoak eraikitako bigarren oroigarri handiena. Ikaragarria bezain ezezaguna.

Historia eta memoria

Grafiti ugari irakur daiteke eraikinaren hormetan eta harresietan, gehiago monumentuaren helburuaren kontrakoak aldekoak baino. Hala ere, eta Burgosko memoria historikoaren aldeko elkarte batzuek salatu dutenez, azken hilabeteetan hainbat arlotan mantenu lanak egin dira, besteak beste gurutzeak berritu, elementuak gehitu eta landaretza txukundu dute. Elkarte horiek behin eta berriro salatu dituzte monumentuaren inguruko gertakariak eta kezka adierazi dute oraindik ere erabiltzen ari direlako. Baina Alcocero de Mola herrian ez dute inolako kezkarik dirudienez. Ez behintzat zentzu horretan.

Eduardo Ranz abokatuak, beste toponimo batzuen artean, herriaren izena ere salatu zuen 2016an, Espainiako Memoria Historikoaren legea urratzen duela argudiatuz. Apenas daude 32 lagun erroldatuta Alcoceron eta azken hauteskundeetan Vox alderdi ultraeskuindarrak irabazi zuen, botoen %46,2 eskuratuz. Bigarren indar politikoa Alderdi Popularra izan zen botoen %30,8rekin.

Irudian, 1937an hegazkina erori zenean hildako bost militarren omenezko arkuak; egun gurutze berriak ere jarri dituzte. Arabatik 40 kilometrora dago monumentua (arg.: Ander Leon)

1938an ezarri zioten abizenarekin pozik daude alocerotarrak eta monumentuaren egoerarekin ez horrenbeste, ondo konponduta eta iragarrita turismorako amua izan daitekeela uste baitute batzuek. Alkatetzatik izena aldatzeko prest azaldu dira, baina Espainiako Gobernuak edo legeek derrigortzen badute, entusiasmo askorik gabe: “Aldatuko dute izena baina Historia ezin da aldatu”, esan zuen alkateak. Hori izaten da gertatutakoa eta Historia gauza bera direla uste dutenen ohiko aitzakia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude