Kanakek urriaren 4an ukanen dute burujabetza berreskuratzeko aukera

  • “Nahi ote duzu Kaledonia-Berria burujabetza osora heltzea eta independente bilakatzea?”. Galdera horri erantzun beharko diote erreferendum bidez urriko lehen igandean Frantziaren menpe segitzen duen Kaledonia-Berriko herritarrek. 1853an indarrez kolonizatuak izan ziren eta orduz geroztik, kolonia izatetik estatutu bereziko kolektibitate izatera pasa arren, Frantziaren barne izaten segitzen du Pazifikoko irla multzoak. Erreferendumaren oinarrian dagoen gatazka politikoari begira jarri gara, azken berrogei urteetako aktualitatean zentratuz.

"Atera gaitezke 1853az geroztik zapaltzen gaituen sistematik! Esnatu gaitezen, zutitu gaitezen! Ez bagara sistema kolonial honetatik ateratzen galdurik gaude!”. Rock Wamytan kanakaren hitzak dira, irailaren 5eko Baietzaren festa handia-n luzaturikoak. 1853ko irailaren 24an kanaken autodeterminazio eskubidearen gainetik pasaz, Kaledonia-Berria izena jarri eta Frantziaren kolonia bihurtu zuen Napoleon III-k Pazifikoko irla multzoa –Euskal Herria baino pixka bat ttipiagoa den lur zatia, gaur egun 271.500 biztanlekoa–. Orduz geroztik, “kolonia” izendapenetik 1946an “Itsasoz haraindiko Frantzia” estatutura eta 1999an “estatutu bereziko kolektibitatea” izatera pasa arren, inoiz ez dute burujabetza politikoa berreskuratu. Urriaren 4an izanen dute ordea, erreferendum bidez independentzia berreskuratzeko aukera.

1970. hamarkadaz geroztik intentsifikatuz joan da gatazka politikoa. Horren ondorio dute hitzordu garrantzitsu hau kaledoniarrek. “Nahi ote duzu Kaledonia-Berria burujabetza osora heltzea eta independente bilakatzea?” galderari baietzaz ala ezezkoaz erantzutera deituak dira. Independentziari buruzko hirugarren erreferenduma dute hau, 1998ko maiatzaren 5ean izenpeturiko Noumeako akordioei segi –ezetzak irabaziz gero, oraindik beste bat antolatzeko bermea dakar akordioak–.

2018ko azaroaren 4an luzatu zitzaien galdera berari erantzun beharko diote. Duela bi urte ezetza gailendu zitzaion baietzari: %56,67k ezetzaren alde eta %43,33 baietzaren alde –18.500 botoren aldearekin–. Galdu arren, independentisten emaitzak ezustekoa eragin zuen, ez zelako hainbeste espero. Aldekoek baikorki baloratu zituzten emaitzak, jakinik gainera Alderdi Laborista eta USTKE sindikatu independentistek bozketan ez parte hartzeko dei egin zutela. Ez zituzten onartu bozketa-baldintzak: “Autodeterminaziotik izena soilik duen erreferendumean ez du parte hartuko Alderdi Laboristak”, erranez azaldu zuten kongresuan harturiko erabakia. Bozketan parte hartzeko baldintzei segi, kanakak gutxiengo zirela eta ez zitzaiela autoktono guztiei erreferenduman parte hartzeko aukera automatikoki eman salatu zuten. Nola ez, independentisten artean eztabaida eta desadostasun gogorrak eragin zituen erreferendumaren gaiak, azkenean, bi estrategien arteko talka zutelako: 30 urte lehenago –Matignoneko akordioetan– adostu erreferenduma onartuz independentzia nahia ahal bezainbat zabaldu, bozketa irabazteko esperantzarekin; ala boikota egin, kanaken autodeterminazioa zangopilaturik zelako eta baietzak irabazteko aukerarik ia ez zelako. Hainbat alderdi independentista batzen dituen FLNKS Askatzeko Nazio Fronte Kanaka eta Sozialistak aldiz, baietzaren aldeko kanpaina eraman zuen buru belarri. Aldi honetan ordea, FLNKSz gain, Alderdi Laborista eta USTKE ere dabiltza baietzaren alde kanpainan eta matematikoki horrek emaitza hobeak ekarri beharko lizkieke independentistei. Hautesleriaren osaketa moldaturik da eta horrek ere eragina izan du boikotik ez egiteko erabakian: 2018az geroztik bozkatzeko adinean diren kanak gazteak automatikoki sartzen dira hauteslerian (europarren ondorengoak ez, eskaera egin eta baldintza batzuk bete beharko dituzte).

1987ko irailaren 13an izan zuten lehen erreferenduma: “Nahi duzu Kaledonia-Berriak independentzia lortzea ala Frantziako Errepublikaren barne gelditzea?”. 1980. hamarkadan areagotuz eta orokortuz joan zen giro odoltsua lasaitzeko asmoz erabaki zuen bozketaren antolaketa 1985ean Parisek, Pisani Planaren bidez –Frantziako Gobernuak Edgard Pisani ezkertiarra izendatu zuen Kanakyko gatazkaz arduratzeko–.  

1980ko hamarkada odoltsua

1987ko irailaren 13 horretan Frantziaren barne gelditzearen alde agertu ziren bozkatzaileen %98,30ak, kanakek bozketa boikotatzeko erabakia harturik. Ez zuten parte hartzeko asmorik: “Ez du inolako erreferendumek independentziaren eskubidea zalantzan jarriko”, argi utzi zuen Jean-Marie Tjibaou lider independentistak. Orduko deskolonizazioaren aldarriari Parisek autonomia gehiago proposatuz eta errepresio bortitzez erantzuten zion. Erreferendum egunean kanakak etxean geratu arren, Frantziaren begietan kaledoniarrek hitz egin zuten: “Beti erran izan dut Kaledonia-Berria frantsesa zela, kaledoniarrek hori nahi dutelako eta nahi duteino horrela geldituko da. (Erreferendum bidez) mintzatu dira, frantses gelditu nahi dutela adierazi dute”, Bernard Pons Itsasoz haraindiko Frantziako ministroaren hitzak dira. Kanaken azalpenek ez zuten oihartzunik Parisko bulegoetan, ezta kanpaina garaian independentziaren alde burutu gose grebek, boikotek zein manifestazioek ere. Irlako europarrek eta hauen seme-alabek –caldoche izendatuek– ez zuten independentziarik nahi eta azkarki mobilizatu ziren ezetzaren alde. Bandera zuri-urdin-gorri bana eskutan, 25.000 lagun bildu ziren erreferendumaren aitzineko egunetan antolatu Askatasunaren besta-n.

Deskolonizazioaren aldarriaren egituraketan bi faktorek eragin zuten: mundu mailako deskolonizazio borrokak –batez ere Pazifikoan independentzia berreskuratu zuten hainbat irlen artean– eta 68ko Maiatza Hexagonoan bizi izan zuten kanaken itzulerak.

1950. hamarkadaz geroztik loraturiko autonomia aldarritik independentzia aldarrikatzera pasa ziren; lapurturiko lurrak berreskuratzeko ekintzak biderkatu zituzten; eskualde mailako borroka komiteak sortu zituzten; kanak identitatea harrotasunez plazaratu zuten; alderdi gisa egituratu ziren –1984ko irailean “Kanakyren independentzia sozialista” helburu FLNKS egituratu zuten–; eta abar. Baina ogi purruxkak zituzten paretik: 1978an lur erreforma bozkatu arren, lurrek caldocheen esku segitzen zuten eta independentzia eskaerari ere autonomia proposamen batekin erantzun zitzaion 1984an –nahiz eta 1983ko Nainville-les-Rochesen burutu lehen negoziazioetan Parisek “independentziarako berezko eskubidea” aitortu zien kanakei–. Hori horrela, protesta formak erradikalizatu zituzten, blokeoak eginez eta hauteskundeak boikotatuz besteak beste. “Kanakyko behin-behineko Gobernua” ere osatu zuten, Tjibaou presidente hautatuz. Parean, haien pribilegioak zalantzan ikusirik, caldocheak ere antolatu ziren, baketsuki –Jacques Lafleur buru, 1977an sortu RPCR alderdia indartuz zihoan– zein bortizki. 1984ko abenduaren 5eko gertakari latza dugu horren adibide: FLNKSen bilera batetik etxera zihoala, kolono komando batek  hamar independentista erail zituen –tartean, Tjibaouren bi anaia; Tjibaou bera zuten jomugan, baina azken unean ezin izan zen bilerara joan–. 1985eko urtarrilaren 12an berriz, Eloi Machoro independentista ospetsua eta Marcel Nonnaro militantea zituzten erail jendarmeek –bezperan, europar gazte bat hilik aurkitu zuten, caldocheen komunitatearen haserrea areagotuz–. Independentziaren aldarriari tiroz erantzuteko hautua egin zuen Frantziak, beste behin. Bi hilabete horietan ehun kanak baino gehiago preso sartu zituzten. Hala eta guztiz ere, independentzia zerumugan jarrita, elkarrizketaren bidea ez zuten baztertu kanakek, Tjibaouk Parisen eta Nazio Batuen Erakundearen egoitzan bilerak biderkatzen zituela.

Pisaniren tokia hartu zuen 1986an Jacques Chirac eskuindarrak eta erantzuna aldatu egin zen: “Errepublikako presidenteari dagokio afera kudeatzea, gure instituzioen errespetua eta lurralde nazionalaren batasunaren ardurak bere gain dituelako. Lehendabizi, Pisani Plana eten behar dugu, kaledoniarrak –kaledoniar guztiak– bortizkeriatik babesteko”, Chiracen hitzak dira, Machoro eta Nonnaroren erailketaren biharamunean.

1984ko abenduaren 5eko sarraskiaren errudunak zuritu zituzten 1987ko urrian –ordainsaria emanez gainera–. Kanaken haserrea eta ezintasuna eragin zituen Justiziaren erabakiak. “Justiziarik ez bada eta jendarmeek eta armadak segitzen badute probokatzen eta izialdura hedatzen, orduan anaitasunezko komunitate bat izateko esperantzarik ez da. Desesperazioa baino gehiago nekea. Nekatuta gaude esplikatzeaz. Hiruzpalau urtez lau estatutu ukan ditugu eta aldi oro solaskide berri bat dugu parean, zeineri berriz ere esplikatu behar zaion gurea. Esplikatu zer? Gizakiak garela. Ez dugula nahi beste batzuek gure etorkizunaz erabakitzea. Gure biziak eta heriotzak gureak direla eta inork ez duela dretxorik horretan eskua sartzeko. Baina gaur egungo indar-harremanean, batez ere Justizia horrela mintzo denean, zaila zaigu. Oroitarazten dizuet nire tribua bi aldiz errea izan zela, 1917an aitaren ama hil zutela militarrek, gure tribua suntsituz eta orain, bi anaien heriotzari buruzko epai hori daukagu… Askatasunaren alde gabiltza, baina askatasuna bizidunentzat da, ez hilentzat”, Tjibaouren hitzak dira, Hexagonoan luzaturikoak entzule zuri ttattardunei. Hortik gutxira etorri ziren 1988ko apirileko Ouveako bahiketak. Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia baino bi egun lehenago, militante kanak batzuk jendarmeria batera sartu eta jendarmeak bahitu zituzten, bigarren itzulira arte atxikitzeko xedez –hauteskunde horien egun berean finkatu zituen Frantziak Lurraldeko Kongresu berrirako bozketak, kanakek boikotaturikoak–. Odol putzu bilakatu zen ekintza: sartzerakoan lau jendarme hil zituzten eta erantzuna Paristik bideratu eta poliziek hemeretzi militante kanak hil zituzten, gehienak buruan tiro eginez. Aurretik, kanaken etxeak erre eta bertan zirenak torturatu zituzten gordelekua jakiteko helburuz. Urte batzuk geroago aitortu zuen orduko jendarmeen buruak “Paristik jaso presioak” eragin zuela bahiketa “modu eskandalagarrian kudeatu izana” eta “negoziazioari lekua utzi izan balitzaio” posible izango zela “modu baketsuan konpontzea”.

Gerra zibil giroa baretzeko asmoz, izenpetu zituzten Matignoneko akordioak 1988an

Gerra zibil giroa baretzeko asmoz, bi hilabete geroago izenpetu zituzten Matignoneko akordioak, Tjibaou independentistaren eta Jacques Lafleur independentziaren aurkakoaren artean, guztia Frantziako Gobernuaren onarpenarekin,  Michel Rocard lehen ministroaren gidaritzapean. Bertan finkatu zuten autodeterminazioari buruzko erreferendumaren antolaketa –galdeketa aitzineko hamar urteetan Kanaky herriaren garapena eta eskumen instituzional zein ekonomikoak bideratzeko konpromisoa ere hartuz–. Akordio hau berretsi eta zehaztuko zuten hamar urte geroago izenpeturiko Noumeako akordioek.

Bortizkeria zurrunbilo erdian, negoziatzea onartu eta akordio hau adostu izana kanakei “esplikatu eta berriro esplikatu” beharko zitzaiela zion arduratsuki Tjibaouk. Nekea nabari zitzaion: “Ez naiz politikaria, lurreko gizona naiz; nekatua naiz, independentzia nahi dut pixka bat pausatzeko” zion irritxoa bisaian. Parisi dagokionez konfiantzarik ez zuenez, independentziari buruzko erreferenduma exijitu zuen –eta lortu ere–. Ez zituen ordea denak konbentzitu. Independentziaren aurkako Lafleur caldoche lurjabe handiarekin bostekotea trukatu izanak ezinegona sortu zuen kanak batzuengan. Berriro bortizkeria nagusitu zen irlan. Aldi honetan ordea, independentisten artean: 1989ko maiatzaren 4an, Ouveako bahiketen oroitza ekitaldian zirela, Djubelly Wéa independentistak hil zituen Jean Marie Tjibaou eta FLNKSko kide Yeiwéné Yeiwéné. Kanakian sekula ikusi gabeko jendetza bildu zen ehorzketen kari. 54 urterekin hil zuten Tjibaou, FLNKSren sortzaileetakoa, protestetan zein negoziazioetan bizia emandakoa. Eta hastetik bururaino independentziaren alde ariturikoa: “Autonomia estatuturik ez dugu nahi, kolonizazioaren beste forma bat izango litzatekeelako”.

31 urte geroago dute beraz negoziazioetan finkatu hitzordua, independentziari buruzkoa. 30 urte iragan dira, 1988ko ekainaren 26ko akordioan adosturiko bide-orriari segi, eskumen gehiago lorturik, hein batean lurraldearen garapena bertatik erabakitzeko eta bideratzeko asmoz. Hamar urte geroago izenpetu Noumeako akordioek ekarri zuten Kaledonia-Berriko Kongresuaren eta Gobernuaren sorrera, zeinetan kanaken presentzia segurtaturik den lurraldea hiru probintzietan zatiturik –Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun Uharteetan kanakak dira boterean, Hegoaldeko Probintzian ordea caldocheak–. 30 urteen bilana gazi-gozoa dela erran daiteke: eskumenen aldetik autonomia handia lorturik –independentziaren aldarriari autonomia gehiagorekin erantzutea izan da Frantziaren estrategia hastapenetik– eta kanaken eta caldocheen arteko berdintasunaren alde aurrerapausoak izan arren, desoreka sozioekonomiko eta kultural handiak sendi dira oraindik (hezkuntza, hizkuntza, enplegu zein osasunaren arloan adibidez).

Independentismoari dagokionez, batasuna ahulduz joan da 1990. hamarkada erditsutik goiti, zatiketek beste alderdi eta egitura batzuk sorraraziz. Belaunaldi gazteen artean ere ez da hain presente independentziaren  gosea, 1980. hamarkada arteko errepresio eta diskriminazio politikak gutxiago pairaturik. Dena dela, erreferendumaren bezpera honetan, baietzaren aldeko kanpaina egiten dabiltza guztiak, eta nola ez, gazteak mobilizatu nahian dabiltza. Guztien ahotsa beharko duelako baietzak.
Parte hartzeari buruzko eztabaida mahai gainean izan da hastapenetik: zeinek erabaki dezake Kanaky herriaren independentziaz, jakinez kanaken autodeterminazio eskubidea dela oinarrian? Lehen bi erreferendumak boikotatu izanak oinarrian desadostasun bera zuen –aho batez boikotatu zuten 1987koa, independentisten parte batek ez zuen parte hartu 2018koan–. Finkatu arauei segi, gutxiengoan direlako kanakak.

Jendeztatze politikoa

INSEE estatistika institutuaren 2014ko datuei segi, Kanaky herrian %39 dira kanakak. Presoak lehenik, hortik gutxira “kolono libreak”, zurien presentzia emendatuz joan zen, estrategikoki hala erabakirik. XIX. mende bukaeran 20.000 jatorrizko europar eta 27.000 autoktono ziren –1853tik 1920ra erdira jaitsi zen kanaken biztanleria, errepresio, miseria eta Europatik ekarritako eritasunengatik–.

Kolonia izatetik Itsasoz harandiko Frantzia izatera pasa arren, politika berak segitu zuen ordea. 1960. hamarkadaz geroztik ere, nikela ustiatzeko eta independentisten pisua txikitzeko asmoz, biztanleriaren bidezko kolonialismoa sustatzen segitu zuten Frantziako gobernuek. Pierre Messmer lehen ministroak Xavier Deniau Itsasoz haraindiko Frantziako estatu idazkariari 1972an bidali gutuna dugu froga: “Autoktonoen aldarri nazionalista gaindituko dugu baldin eta Pazifikoan sortu ez garen komunitateok gehiengoa osatzen badugu. Metropoliko eta Itsasoz haraindiko Frantziako frantsesen immigrazio masiboari esker ez litzateke mehatxatua izan behar Frantziak Kaledonian duen presentzia”. 1969tik 1976ra 20.000 etorkin zuri instalatu ziren irlan, biztanleria %20 emendatuz.

Hori horrela, independentziari buruzko galdeketan gutxiengoa osatzen dute kanakek: bozkatzaileen %46. Noumeako akordioei segi, honako hauek dute bozkatzeko eskubidea: akordioa ontzat emateko 1998ko bozketan parte hartzen ahal zutenek; ohidurazko estatutu zibila dutenek, hots, kanakek; 2014ko abenduaren 31 aitzin gutxienez 20 urtez bertan bizi izan direnek; 1989az geroztik sorturikoek baldin eta guraso batek 1998ko bozketan parte hartu ahal izan bazuen (1989 aitzin sorturikoentzat, behintzat 1988tik 1998ra bertan bizitu badira). Bestela erranda, %4ak ez du parte hartuko –nagusiki 2014az geroztik instalaturiko etorkinek–.

2018ko erreferendumean bildu ziren Frantziako estrategiaren uztak: Hegoaldeko Probintzian, zeinetan caldocheak nagusi diren eta biztanleriaren bi herenak bizi diren, ezezkoak irabazi zuen, botoen %74 bilduz. Kanakak nagusi diren beste bi probintzietan baietza nagusitu zen –Iparraldeko Probintzian %76 eta Leialtasun Uharteetan %82 lortuz–. Klase arrakala ere begi bistakoa izan zen: hegoaldean dira klase altukoak, hots, caldocheen artean. Duela bi urte abstenitu zen %19ari begira dira baietzaren zein ezezkoaren aldekoak. Bi aldeak dira kanpaina sutsua eramaten ari. Baietzak irabaziz gero, “hiru urteko trantsizioa” eskatua du FLNKS-k “Estatu kultur-anitza, demokratiko eta laikoa” osatzeko gisan. Ezetzak irabaziz gero, beste erreferendum bat antolatuko dute bi urte barne.

Mickael Forrest FLNKS-ko kidea, kanpo-harremanen arduraduna
"Jendeak ulertu du kanpaina ez dela bakarrik politikarien kontu bat"
Goizetik arratsera, baietzaren aldeko kanpaina eramaten dabil Mickael Forrest FLNKSko kidea, Kanakian gaindi zein nazioartean –2018an Euskal Herrian egon zen–. Agenda betea ukan arren, tartetxo bat hartu du gure galderei erantzuteko. Itxaropentsu da: FLNKS koalizio independentista historikoaz gain, aldi honetan beste hainbat egitura ere badabiltzalako baietzaren alde.

Erreferendumerako egun gutxi falta direla, zein giro da Kanakian?

Tentsioa sendi da, arrazoi askorengatik. Tartean, Frantziako Gobernuak eskua sartzen duelako herri barneko aferetan, izan nikelaren ustiapenari ala bozkatzaileen zerrendari dagokienez. Koronabirusaren biharamun honetan egunerokoa goibela dugu, ekonomia zailtasunetan da; baina aldi berean pandemia horrek argiki erakusten digu independentzia dugula onerantz egiteko bide bakarra.

Aldekoen eta aurkakoen artean zer nolako giro duzue?

Noumeako akordioak bizi izan zituztenak kanpaina egiten dabiltza. Eztabaida badago plazan eta bi proiektuak dira parez pare jarriak. Hala eta guztiz ere, desoreka handia dago tokiko komunikabideetan. Egunkari bakarra dugu eta ezetzaren aldekoek dute honen kontrola; noski, horrek ondorioak ditu kanpaina garaian. Hor ere Paristik datoz tentsio batzuk –tartean, Frantziako bandera eta ereserkia erabiltzeko baimena eman izana, bozka-araudiak hori debekatu arren–.

2018an ezetza gailendu zen, baina, baietzak %43,3 bildu izanak sorpresa eragin zuen. Aldi honetan zer espero duzue?

Independentzia! Baikor gara, beste hainbat egiturak ere egin duelako baietzaren alde kanpainan. Pentsa, Eliza ere baietza bozkatzearen alde agertu da. Iruditzen zait jendeak ulertu duela kanpaina ez dela bakarrik politikarien kontu bat, eta guztien esku dela kanpaina egitea bere familian, auzoan, leinuan, eta abarretan.

1980. hamarkadako gatazka politiko bortitzaren emaitza da erreferenduma. Belaunaldi gazteak ezagutzen ote du zuen historia?

Lan handia dago egiteko historiaren transmisioari dagokionez. Hala ere, errango nuke FLNKSko gazteriak informazio eta kontzientziazio lan hori egiten duela.

Kanpainan beldurra erabiltzen ari dira ezetzaren aldekoak.

Beldur horrek erosotasun kolonialean du oinarria. Baina haratago joan eta gure herriaren benetako erronkei begiratu behar diegu: kapitalen ihesari edo baliabide naturalen ustiaketari, adibidez.

Erreferendumaz gain, nola doa zuen mugimendu independentista?

Gure herriaren askatasunaren eta justiziaren aldeko borroka da hau. Kontsumo eredua galdekatzera eraman gaitu koronabirusaren krisiak eta bai, gure independentismoa bestelako jendarte baten alde eta klima larrialdiaren aurka dago argiki. Egunero ditugu gogoan herriaren alde borrokatu ziren gure arbasoak, baina aldi berean, biharko belaunaldiarentzat gabiltza.


ASTEKARIA
2020ko irailaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-21 | Mati Iturralde
Existitzen ez den herria

“Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe, konprenitzen da ez garena garela”, Joseba Sarrionandia.

Askotan, nire buruari galdetzen diot zer gertatu ote zen Alemaniako jendarteak nazismoaren ondorioak ezagutu zituenean, hau da, horrelako komunitate... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-18 | ARGIA
Estatu kide izateko Palestinaren eskaerari buruz ebatziko du gaur NBEaren Segurtasun Kontseiluak

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Eguneraketa berriak daude