Mussoliniren zer eta nola guztiak

  • Irailaren 23an argitaratu da Italian Antonio Scuratiren M. Il figlio del secolo (“M. Mendearen semea”) nobelari segida emango dion liburua, M. L'uomo della provvidenza (“M. Probidentziaren gizona”). Herrialdeko liburu-dendetan gertakizun handia espero dute, 2018an argitaratutako lehenbiziko bolumenak izan zuen arrakasta kontuan izanda. Benito Mussolini boterera nola iritsi zen fikzionatu zuen idazle italiarrak duela bi urteko lan hartan, dokumentazio-lan ikaragarria eginez eta, faxismoaren gaia oraindik den bezain arantzatsua izanda, polemika eraginez.

Ezusteko arrakasta. Milaka liburu salduta duela bi urteko fenomeno literarioa bilakatu zen Antonio Scuratiren m. Aste honetan publikatu da bigarren zatia.
Ezusteko arrakasta. Milaka liburu salduta duela bi urteko fenomeno literarioa bilakatu zen Antonio Scuratiren m. Aste honetan publikatu da bigarren zatia.

Imajinario italiarrean Mussolinik totem bat izaten jarraitzen du, oso irudi karismatikoa, erreprimitu dugun nazioaren aita maltzur moduko bat”, esplikatu zuen Scuratik duela bi urte pasatxo egin zioten elkarrizketa batean. “Liburu honek errepresio horretatik atera du”. Ustekabeko arrakasta izan zuen M-k, eta liburu-dendetako salmenta-zifrek –ehunka mila ale saldu zituen– edo 2019an Strega saria irabazteak ez zuten eztabaida eragotzi: nola kontatu behar du literaturak Mussolini? Scuratiren jarraitzaileek liburua beharrezko oroigarri gisa hartzen dute, faxismoaren basakeria zer izan zen erakusten duelako, gertatutakoa ahaztu ez dadin egin beharreko zerbait –baita, batez ere, errepika ez dadin–. Scuratiren kritikoek argudiatzen dute, ordea, Europa osoan Salvini, Orban, Le Pen, Abascalak indarrean ari diren unean, buruz behera zegoen diktadore zaharra gakotik askatzea arriskutsua izan daitekeela.

800 orrialde baino gehiagoko lanak bere burua eleberritzat aurkeztu zuen, baina egiazki  fikziozko obra baten eta historia-liburu baten arteko lerroak lausotzera jolasten du. Kapitulu laburrak, xehetasunez beteak; eta haien artean, pertsonaia historikoek benetan bidalitako telegramen zatiak, egunkarietako artikuluak, gutunak, polizia-txostenak. Kapituluek narratzaile orojakile bat dute, baina neurri handi batean Mussolini eta bere kolaboratzaileen ikuspegietan oinarritzen dira. Liburuko aipu zuzen guztiak iturri historikoetatik ateratakoak dira eta lehenbiziko nobela aurkeztu ondoren Scuratik azaldu zuenez, pertsonaien pentsamendu intimoak sortzeko ere iturri historikoak izan zituen oinarri: “Ezer ez da asmatua”.

Faxismoaren DNA

1919tik 1925era bitarteko Italian murgildu zen irakurlea lehenbiziko liburu horrekin: Lehen Mundu Gerra ostean animoa lurretik arrastaka daraman herrialdean sortu berri den mugimendu faxistak pertsonaia arraroen katalogoa dirudi. Haien artean daude zenbait “arditi” (“ausartak”), lubakien gerran eliteko tropetan aritutako beteranoak, gerraosteko paktuekin traizionatuta sentitzen direnak; baita futuristen abangoardia artistikoko kideak ere, Filippo Tommaso Marinetti buru dutela, arriskuari, energiari eta ausarkeriari bibaka; sindikalista batzuk ere bai, mugimendu berriaren adierazpen pseudo-iraultzaileek erakarrita. Han dago Gabriele d’Annunzio poeta, noski, nahiz eta laster, soldadu batzuk lagun hartuta, Italiaren mugetatik kanpo geratu den Fiume berreskuratzera abiatuko den. Eta han da, nola ez, Benito Mussolini, alderdi sozialistaren Avanti! egunkariko zuzendari izandakoa, Italiak gerran parte hartzearen alde posizionatu zelako partidutik kanporatua izan ondoren abentura berri bat martxan jartzeko prest.

Corriere della Sera egunkariak lapurreta arrunt bati eskainitako lerro kopuru bera gastatu zuen, gutxi asko, “Fasci italiani di combattimento” haien sorreraz informatzeko. Sei urteren buruan estatuko buruzagitza Mussoliniren eskuetan zegoen, biolentzia basatiaz baliatuz, langileria antolatua beldurtuz, kalkulagailu politikoa erabiliz eta botere ekonomikoen laguntza handi samarrarekin. Giacomo Matteotti diputatu sozialistaren hilketarekin amaitzen da M-ren lehen bolumena, Mussolinik heriotza horren ardura bere gain hartu eta de facto sistema demokratikoa bertan behera geratzen denean. Puntu horretara iritsi arte ordea, xehetasun guztiekin ikusi ahal izan du irakurleak nola joan den josten totalitarismoaren armiarma-sarea, ezinezkoa zirudien desastrea gertatu arte.

Faxismoaren DNA nobelatzeko asmo horren barruan, idazleak aurreratu du bigarren liburuak –zeinak lehenbizikoak baino bolumen gutxixeago izango duen, 400 orrialde inguru– 1926tik 1932rainoko tartea hartuko duela. Tarte horretan Duce-ak bere agintea finkatu zuen Pio XI aita santuak “probidentziaren gizona” gisa deskribatzeraino, baina etengabeko arriskuan bizi izan zen, osasun arazo larriengatik eta lau aldiz saiatu zirelako beraren kontra atentatzen.

Neutraltasuna?

Liburuaren inguruko polemikak bizirik jarraituko du bigarren bolumen horren ondoren ere. Scuratik pultsu azkarreko estilo baten alde egin zuen hasieratik, tarteka girotuta dagoen garaian bertan idatzitako kronikaren traza hartzen duen testua osatuz. Zilegi da hori egitea? Idatzi daiteke faxismoaz ondoren ekarri zuen guztiaren zama bizkar gainean hartu gabe? Kritikari batzuk kezkatuta agertu dira, Scuratiren narratibaren “neutraltasunak” faxismoaren historia “iragazki ideologiko eta politikorik gabe” kontatzen omen duelako. Adibidez Ruth Ben-Ghiatek, faxismoan espezializatutako New Yorkeko Unibertsitateko akademiko batek, Mussoliniren “errehabilitazioaren” sintoma bezala deskribatu zuen M. “Faxismoaren historia diktaduraren historia da, buruzagia gurtzean oinarritzen dena”, azaldu zuen. “Liderraren gurtza berpizten ari den fenomeno baten parte da liburu hau”.

Oso bestelako irakurketa ere egin daiteke ordea: Scuratik esplikatu izan duenez, nobela honekin lortu nahi zuen islatzea nolako miresmena eragin zuen Mussolinik bere garaiko italiarren artean. Nobelaz mozorrotutako historia-lezio antifaxista gisa ere aurkeztu izan du liburua. Eta esaldi batean laburbildu zuen orain arteko bere obra arrakastatsuenaren idazkerak eragindako polemikaren aurrean zein den bere ikuspegia: “Faxismoa gaizkia izan bazen, Italiara eta Europara gaizkia ekarri bazuen, hori naturaltasunez agertu behar da nobelan”. M-k sortzen duen efektuetako bat hori baita: liburua irakurtzean, Mussolinik munstro historiko izateari uzten dio, baldintza konkretu batzuk baliatuz boterera iristen den pertsonaia bihurtzeko. Eta, alde horretatik, gaur egungo irakurleentzat funtsezko galdera bati erantzuteko gailua bihurtzen da nobela: nola gertatu zen hori guztia? Etengabe gogorarazi behar den zerbait, zer gertatu zen gogora ekartzearekin batera.


ASTEKARIA
2020ko irailaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude