“Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean”

  • Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona handikoa, Euskal Herrian izan dugu berrikitan Euskal Idazleen Elkartearen bidez, eta, ezinbestean, emigrazioaz hasi gara solasean.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Francisco Xavier Vázquez Alvárez. Santiago de Compostela, Galizia, 1957

Xavier Queipo du idazle izena. Literatura genero guztiak ditu landuak, eta hainbat sari irabaziak. Galiziako egilerik ospe handieneko bat genukeen, ez balu bizialdia herrialdetik urrun egin, Bruselan. Oraindik orain, Pasai Donibanen izan dugu, Hugoenea idazle-etxean. Hizkuntzaz, politikaz eta, oro har, bizitzaz jardun du elkarrizketan.

Lanaldiarekin batera, bizialdia egin duzu Bruselan. ‘Galego’ esatea ‘emigratzaile’ esatea omen da.
Baina nirea urrezko emigrazioa izan zen. Alegia, Galiziatik alde egin nueneko, lana nuen erbestean. 1989an ari naiz. Hargatik idatzi nuen saiakera hura, (H)emigración, ((H)emigrazioa), “hemi”-k horixe esan nahi baitu, erdia, adieraziz niri egokitu zitzaidana emigrazioa izanagatik ere, erdizkakoa besterik ez zela izan, ni etxekoekin harremanetan bainintzen, telefonoz bazen ere. Egia da garai hartan ez zela oraingo teknologiarik, ez aplikaziorik, baina bazen urrutizkina, eta, hortaz, nik (h)emigratu egin nuen. Jakina, harrezkero, paradigma komunikatiboa ikaragarri aldatu da. Oraingo egunean, munduan urrutiko lekuan izanda ere, zeure herriko egunkariak irakurri ezinik ez duzu, zu zauden tokitik ehunka kilometrotara dagoen maitearekin zuzenean hitz egin Skype bidez, eztabaidetan parte hartu, eta Pasai Donibaneko Hugoenean egonik ere, Compostelako kaleetan gertatzen ari dena zuzenean ikusi.

Hargatik esan duzu “urrezko emigrazioa”.
Bai, bada! Itsasoz bestaldeko emigrazio noizbaiteko harekin ikustekorik ez zuen izan nik bizi izandakoak. Garai batean, emigratzailea itzuliko zen, edo ez zen itzuliko, ez zegoen jakiterik. Joan zirenen eta tokian jaio zirenen arteko harremana posta bidezkoa zen, onenean ere, eta nekezian heltzen ziren batzuen eta besteen gutunak. Onenean ere, emigratzaileak hainbat urtean behin itzuliko ziren herrira, bisitan, eta dirua zutela erakutsiko zuten, edo auto ederrean ibiliko ziren herrixkako kale meharretan, erbestean ongi baino hobeto bizi zirela erakutsiko zuten, harro…

Orduko eta oraingo emigrazioak…
Garai bateko emigrazioari buruzko diskurtsoak hutsaren hurrena balio du oraingo egunean, nahiz eta orain ere inork ez duen bere gogoz alde egiten herrialdetik. Beti dago premiaren bat, ekonomikoa, edo soziala. Haatik, oraingo emigratzailearen sufrimendua, urruntasuna, eta erdiesklabotza ez dira ordukoak. Emigrazio masibo hura klase menderatzaileek egiten zuten baliabideen gestio txarrari zor zitzaion, goseari, eta lanezari; esplotazio-txanponaren bi aldeei, alegia. Inditexek nahiko balu, inork ez luke emigratu beharko, adibidez.

Bi lizentziaturaren jabe zinela emigratu zenuen: Biologia, batetik, eta Medikuntza eta Zirujia, bestetik.
Oso ume zintzoa izan bainintzen beti, ongi hazi eta hezia! Kar, kar... Aitak, nik Medikuntza ikastea nahi zuen. Nik, aldiz, Biologia ikasi nahi nuen. Eta horra aitak esan zidana: “Nik Medikuntza ikasketak ordainduko dizkizut”. Eta nik: “Ados. Nire kontu Biologiakoak ordaintzea”. Eta halaxe egin genuen. Biak egin nituen. Medikuntza gustatzen zitzaidan, baina ez pazientea atenditzeari dagokionean, gorputzean zer gorabehera gertatzen diren jakite aldera baizik. Nik Medikuntza gustuko, eta kontent, eta aita bera ere pozik, gai guztiak gainditzen bainituen. Berdin, Biologiakoak.

Argazkia: Zaldi Ero

 

"Hartu ninduten, eta Terranovara bidali ninduten. 1984a zen. Hilean 300.000 pezeta [1.830 euro] ordaintzen ziguten, diru mordoa! Mediku batek baino askoz gehiago irabazten nuen"
 

Eta mediku hasi zinen, lanean.
Bi lan ere egin nituen garai hartan, bata ordaindua, bestea boluntarioa. 1984an mediku mordoa zegoen lanezan. Astebete toki batean egiten genuen lan, beharbada, eta, hurrena, bi egun, baja bat betetzen, beste nonbait. Oso gauza desatsegina zen, batetik bestera beti, mediku-plaza gabe. Horretan, behin, adiskide batek esan zidan: “Zer habil hor?! Hi biologoa ere bahaiz, eta itsasontzietan baduk aski lan. Behatzaile zientifiko lana, hi!”. Delako lagunak lan hartara bidea egin zidan. Departamentu-zuzendaria bilbotarra zen, baina gaueko adoraziokoa, hortxe-hortxe Opus Deikoa! Garai hartan, hark Pinochet zuen gobernaririk behinena, kutunena! Hortik atera kontuak!

Lanpostuaren jabe egin zinen, hala ere.
Bai, nahi besteko sapientzia erlijiosoa neukan, etxekoa, eta aise limurtu nuen bilbotar hura. Hartu ninduten, eta Terranovara bidali ninduten. 1984a zen. Hilean 300.000 pezeta [1.830 euro] ordaintzen ziguten, diru mordoa! Mediku batek baino askoz gehiago irabazten nuen, baina lana ere heavy-a zen: lau eta sei hilabete artean itsasoan eman behar zenituen, eta ontziko itsasturiek egiten zuten bizimodua egin. Eta, hasteko, Terranovara eta Norvegiara joaten hasi nintzen itsasontzi haietan.

Zein lan egiten zenuen bakailao-ontzian?
Arraina ontzira zetorrenero, neurtu egin behar nuen, pisatu, sexatu, zein eta zein espezie jaso genituen aztertu… Lan gogorra zen, eta ni, berriz, kalekumea nintzen! Hiru hilabete inguru egiten genuen inongo porturik jo gabe. Hortaz, zer egin nuen?, liburu mordoa eraman, eta garai bateko kaseteak, eta asko ikasi. Eta, bestalde, mediku ere banintzen, eta, behin, berriketan, esan egin nion kapitainari; mediku nintzela, alegia. “Bikain!”, esan zion bere buruari, zeren, sasoi hartan, ontzietan, inor gaixotzen zenean, edo min hartzean, itsas-irratiak baliatzen zituzten, zaintzaldiko medikuari kontsultatzeko, eta gaitz arinenak, bederen, osatzeko. Mediku nintzela esan nuenetik, ordea, neu hasi nintzen gaixoak artatzen, gure ontzikoak eta gainerakoetakoak, egun batean peritonitis bat diagnostikatu nuen arte, irratiz. Orduantxe kontuak!

Irratiz diagnostikatu zenuen peritonitisa?
Bai. Ontzietako kapitainek esku-liburu moduko bat zuten, gorputzeko irudiz beteak. Irudi horiek laukietan banatuta zeuden, eta ontzi bateko kapitainak halako orrialdea esan, halako laukitxoko irudia aipatu, eta zaintzako medikuak, beste itsasontzi batetik, zenbait orientabide emango zizkion, irratiz beti! Kasu hartan, irratiz nik, arrantzale hura nahitaez ebakuatu behar zela esan nion harako ontziko kapitainari.

Itsasontzitik itsasontzira ari zineten, bateko kapitaina, hura, eta besteko medikua, zu…
Halaxe! Arrantzale hura artatzeko orientabideak eman nizkion, kapitainak nik esaten nituenak bete, eta, azkenean, hura peritonitisa zela esan nion, eta gaixoa ebakuatu beharra zegoela. Orduan, kapitainak, harako bere ontzitik: “Baina ez daukagu portura joaterik, lau egun galduko genituzke”. Eta erantzun nion: “Hori zeuk erabaki behar duzu, zeu zara kapitaina, baina gaixoa portura eramaten ez baduzu, zure kontrako salaketa jarri beharko dut”. Harako kapitain hark eta gure ontzikoek hitz egin zuten, eta nola edo hala helikoptero bat etortzea lortu zuten. Kanadakoa. Halaxe libratu zen arrantzale hura. Eta orduantxe kontuak berriz ere!

“Berriz ere?” Egin beharrekoa egin zenuen, ala?
Bai, baina, hotsa zabaldu zen, eta, harrezkero, egunero kontsulta irekitzen hasi nintzen, itsasontzian bertan, goizeko zortzietan. “Hemen Virgen de la Barcatik… Hemen Menxueirotik…”, bateko eta besteko ontzietatik hots egiten hasi zitzaizkidan, eta kanpainaren amaieran hainbat telegrama jaso nituen, ontzi-enpresetakoak, Espainiako Estatuko Itsasoko Institutu Nazionalari eskatuz ni medikutzat hartzeko. Mediku baimena nuen, baina garai hartan artean hatzez egiten ziren izendapen asko, eta beste bati hots egin zioten. Eta kito nire bakailao-ontzietako lana. Telegramak gorde nituen, bederen. Poz handia egin zidaten: 27 gutun, 27 opari iruditu zitzaizkidanak. Batzuek, diru-txekea ere bidali zidaten. Harako itsasontzi hari portura bidaia galarazi nion, hiru-lau eguneko bidaia, eta banekien nire diru-txeke hura txiki edo handi izan, haientzat ez zela askorik, askoz gehiago galduko zuketela egun haietan arrainik harrapatu gabe egonda.

Argazkia: Zaldi Ero
"Mediku nintzela esan nuenetik, ordea, neu hasi nintzen gaixoak artatzen, gure ontzikoak eta gainerakoetakoak, egun batean peritonitis bat diagnostikatu nuen arte, irratiz. Orduantxe kontuak!"

Ez zintuzten mediku lanean hartu, eta, dakigunez, Bruselan lan egin duzu zeure aldian, Europako Arrantzako Zuzendaritza Nagusian, ikuskatzailetzan. Nola heldu zinen lan horretara?
Artean bakailao-ontzietako lanean, baina ez mediku lanean, 1986tik 1989ra [Vigo, Galizia] Mariñaseko Ikerketa Institutuan lan egin nuen: Espainiako Estatuaren ordezkaria izan nintzen Artikoko arrantzari buruzko lantaldean. Plaza espezifikoak zirenez, ez zen lehiaketa irekirik, halako ezagutza jakin bat erakutsi behar zen, beste gabe. Behin, Vigotik Kopenhagera itsasontzian gindoazen batean, iragarki bat ikusi nuen El País egunkarian, bi ikuskatzaile-postu betetzeko, Bruselan, eta neure burua aurkeztu nuen.

Eta horrelaxe etorri zen Bruselako lana…
Baina ez unean bertan, zeren gu itsasoan baikinen, Kopenhagera bidean, hantxe jo behar genuen portua. Haraxe heldu arte ezin izan nuen laneko elkarrizketarik egin. Bost elkarrizketa ere bai! Batean ingelesez, bestean portugesez, hurrena gaztelaniaz… garaian hitz egiten nituen hizkuntzak ibili behar izan nituen; geroztik, beste hizkuntzarik ere ikasi dut. 1988ko irailaren amaieran, urriaren hasieran izan zen hori. Gabonetan, telegrama bat jaso nuen, galdetuz ea urtarrilean bertan lanean hasteko moduan nintzen. “Arraioa, badut aurretik konpondu beharrekorik! Otsailean hasiko naiz”, erantzun nien, lainezatuta. Haiek baietz, eta halaxe hasi nintzen, Bruselan, baina lanean batetik bestera nenbilela beti. Batean, Turkian; bestean, Georgian, edo Errumanian, edo Bulgarian… Nonahi. Nire lantokia, nire bulegoa, ibiltaria izan da, egiaz eta begiaz. Bizpalau egun toki batean, eta aire beste batera! Eta idatzi ere, halaxe egin dut, han eta hemen. Nik esatera, gehiago idatzi dut hegazkinetan eta hoteletan, neure etxean baino.

Galegoz idazten duzu, literatura genero guztiak landuak dituzu. Haatik, gaztelaniaz egin zenituen ikasketak, ezinbestean garai hartan, bestela landu behar izan zenuen galegoa…
Landu, eta ikasi, esango nuke. Hiru murgiltze linguistiko egin ditut nire bizian. Batetik, txikitan, urtero, galegoz egiten nuen komunikazioaren laurden bat. Gure aitaita-amamak landa eremuan bizi ziren. Ez ziren laborariak, baina etxaldea zuten, eta lurrak. Errenteroak zituzten, eta ez zuten kolpe zorrik jotzen. Umetan, haraxe joaten ginen senideok, uda pasa. Ekainaren erdialdera amaitu ohi zen ikastaroa, eta, hasi, berriz, urriaren lehen astean-edo. Hiru hilabeteko oporrak genituen, landan, eta, hiru hilabete haietan landako umeak ginen. Aitaita-amamak gaztelaniaz hitz egiten saiatzen ziren, baina nekez lortzen zuten. Galegoz bizi ginen, hirian ez bezala.

Hiru murgiltze, esan duzu.
Bigarren murgiltzea baino lehen, suzedido bat, galegoari tankera txarra emanarazi zidana. Udan galegoan murgiltzen ginen, baina, gainerako bederatzi hilabeteetan gaztelania eredu puru-puruan bizi ginen Santiagon. UBIn [Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea], literatura irakasle bat izan genuen, galegozko eskolak eman zizkiguna. Baina irakasle hura desastre hutsa zen, oso zen autoritarioa, galegista bai, baina kabroi hutsa: ikasleok umiliatzeko tirria gaiztoa zeukan, oso zen biolentoa, eta, ondorioz, traza onik ez nion eman gure hizkuntzari. Galegoa, hizkuntza, irakasle harekin batera etortzekotan, ez nuen galegorik nahi. Gero, ordea, bakailao- eta izozkailu-ontzietakoan lan egin nuenean, itsasturi denak galego hiztunak zirela, nire bigarren murgiltze linguistikoa gauzatu nuen.

Hirugarrena gelditzen zaigu...
Unibertsitatea, hantxe hasi bainintzen erabat galegoz hitz egiten. Lehenik, Letra Galegoen egunean. Hurrena, lagunartean kanpinera joaten eta alderdi politikoen inguruan militatzen hasi ginenean. Garai hartan, ezker muturreko alderdiak ere, gayak alderditik kanporatzen zituztenak-eta, gaztelaniaz ari ziren. Horretan, 1986an, senar dudanarekin harremanetan hasi nintzen, eta hizkuntza aldaketa gauzatu zen nigan. Senarra Vigoko auzo batekoa da, Grapokoak-eta zebiltzan girokoa. Total, egun batean esan zidan: “Nik etxean galegoz hitz egiten diat, eta lagunartean ere bai. Iruditzen bazaik, guk biok ere galegoz egingo diagu”. Eta halaxe. Eta jarrera hori indartu besterik ez zen egin lanera Bruselara joan nintzenean, 1989an, zeren orduantxe hasi bainintzen idazten, eta galegoz.

Grapo aipatu duzu, eta horrek orduko borroka armatura narama. Vigokoak ziren 1975ean fusilatuetako bi, FRAPeko Xose Luis Sánchez Bravo eta Xose Humberto Baena...
Urte bat lehenago, 1974an, batxilergoa amaitzen ari nintzela, [Salvador] Puig Antich akabatu zuten, garrotean. Ikasturte hartan irakasle batek kazetaritza kluba eratu zuen. Irakasle hura ez zen ezkerrekoa, ez zen Vigoko institutuko Mendez Ferrin bat, adibidez. Ramón Valle Inclán azaltzen hasi zitzaigun, gerra karlistak, hau eta hura, eta bandoen kontua ulertzen hasi nintzen; liberalak batetik, kontserbadoreak bestetik. Behin edo behin, gerra zibilaz hitz egin genuen, baina adoktrinamendurik gabe, ekidistantziatik, nolabait. Horretan, garroteaz hitz egin zigunean, hura aditu nuenean, inor garrotez hiltzea lesa humanitateko delitua iruditu zitzaidan. Ikaragarria.

Kontzientzia hartu zenuen.
Batean eta bestean aditutakoak josi nituen, besterik gabe, eta Francoren erregimena doilorra ez ezik bortxazalea zela, eta odolzalea, jabetu nintzen. Bestalde, banituen lagun batzuk, erregimenaren kontrakoak zirenak. Adiskideak nituen. Eta haiek ere kontatzen zuten: gerrako kontuak, kontzentrazio-esparruak… Gure amak berak ere kontatu izan zuen, baina bestela bezala: “Bai, hementxe bertan, Padrón ondoan, bazen presoen kanpamentu bat. Azukre-fabrika zahar batean zegoen. Hainbeste urte egon ziren han presoak!”. Eta jakin genuen Geometria irakaslea, adibidez, teniente izana zela kontzentrazio-esparru txiki hartan. Edo beste noizbait aitak esan ziguna: “Halakori titulua eman zioten, falangista zelako”. Eta hariak lotzen hasi nintzen. Farmakologia katedraduna, eman dezagun, gerra krimenen ordainetan egin zuten katedradun, matxinatuen –zeren matxinatuak baitziren, ez “nazionalak”–, bandoko teniente edota kapitain izan zelako. Eta halaxe gure kontuak...

"Halaxe esan zidan senarrak: 'Nik etxean galegoz hitz egiten diat, eta lagunartean ere bai. Iruditzen bazaik, guk biok ere galegoz egingo diagu'"
Argazkia: Zaldi Ero

                                                                               *          *          *

Egitekoen zerrenda

“Bi lizentziatura ikasi nituen, aldi berean. Eta, gainera, lagunekin irteten nintzen; gautxoria nintzen, alegia. Eta, gainera, harremanak nituen, noizbehinka, ez beti, baina erne ibili behar zen. Eta, gainera, antifrankista nintzen, eta gure ‘lantxoak’ egiten genituen. Gauza horiek denak egiteko modu bakarra dago: denbora baliatzea. Task list, ‘egitekoen zerrenda’, esaten hasi ziren duela hogeiren bat urte... Nik txikitandik egin dut hori! Zerrenda egin, egitekoa bete, eta ezabatu!”.

Dibertsitate sexuala

“Bestelako garaia zen, dibertsitate sexuala ez zegoen boladan, ezta hurrik ere. Nire lagun guztiak ezkerreko giroan zebiltzan, eta ni ere hantxe sartu nintzen, adiskidetasunez eta sinpatiaz. Behin, ezkerreko alderdietako batean, militante bat alderditik kanporatu zuten, gay zelako. Gay izatea burges degenerazioa zen, nonbait. Mugimendu Komunista, ORT [Langileen Organizazio Iraultzailea]... maoistak ziren, baina dibertsitate sexualari dagokionean, eskuinekoak bezain itxiak”.

Liburu beltzetik berdera

“Aurten O libro negro da lingua galega argitaratu du Carlos Callón irakasleak. Liburu hori oso da inportantea, eta Callóni berari esan nion: ‘Lan bikaina. Alde guztietatik eman zigutek egurra, eta hortxe bildu dituk lekukotzak. Orain, berriz, liburu berdea idatzi behar diagu, esperantzarena’. Aurrera jotzeko garaia da, orain arte ez bezala jardun behar dugu, ikusirik gazteek ez dutela galegoz hitz egiten, nahiz eta historian lehen aldiz gazte horietako asko galegoz eskolatuak diren. Liburu berdea behar dugu, eztabaida eragiteko eta, ondoren, liburu zuria idazteko, paradigma politikoa aldatzeko”.

AZKEN HITZA

Hondamendi aberasgarria

“Aitaita-amamen etxaldean hasi nintzen hiztegia osatzen, halako txoriaren izena, halako arbolarena, halako landarearena... ‘Goazen habietara!’, batek esan, eta betikoa: arrautzak hartu, habia alferrik galdu… Ekologiaren ikuspegitik, hondamendi hutsa. Bizitzari dagokionez, guztiz aberasgarria”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-07 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-08 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Idoia Santamaria, itzultzailea
‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]


Boris Pahor hil da, holokausto nazia gordintasunez kontatu zuen idazle esloveniarra

Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.


Ia 80 urtez desagertuta egon den Louis-Ferdinand Célineren nobela bat argitaratu dute

Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]


Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).


Venezia baino zerbait gehiago, Joseph Brodskyren bitartez

Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.


2022-03-17 | Julen Azpitarte
Diane di Prima
Otsemearen haginkada

"Emakumeak egon ziren, han zeuden, nik ezagutu nituen, baina haien familiek eroetxeetan giltzaperatzen zituzten, elektroshock-ak ezartzen zizkieten. 50eko hamarkadan, gizona bazinen, errebelde izan zintezkeen, baina emakumea bazinen zure familiak giltzapetzen zintuen. Izan... [+]


Sebalden 'Austerlitz' euskaraz
Esanezina den hori nola konta daitekeen

Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]


Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak

Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


‘Neskamearen ipuina’: beste ezinbesteko distopia bat euskaratu du Txalapartak

Ingelesez idatzitako literatura distopikoaren hiru obra nagusiak euskaratu ondoren, Tafallako argitaletxeak beste kolpe bat eman du liburu-dendako apalategian Margaret Atwooden Neskamearen ipuina argitaratuz, Zigor Garrok itzulita.


Eguneraketa berriak daude