Sally Rooneyri orain egin diogu kasu

  • Sally Rooney bezalaxe, Ken Loach. Atxilotuak izan beharko lukete biek. “Behar”, ez premiatik ulertuta, baizik eta desobedientzia zibila zigortzeko maneretan, demokrazian, paradoxikoa badirudi ere. Baina ez dituzte atxilotu. Eta itxuraz, ez dituzte atxilotuko. Rooney idazlearen kasuan, begien bistako kontu batengatik: Irlandan bizi da eta ez Erresuma Batuan. Baina azken boladan Ingalaterraren meneko lurretan, eta ez da ezer pasa. Loach zinegilearen kasuan, baina, ez dago oso argi zergatik ez duten bere aurka jo; 89 urte dituelako izango da. Tira, ez batak ez besteak ez du atxilotze agindurik jaso. Palestine Action babesteagatik atxilotu dituzten mila eta bostehun pertsonek, ordea, edo horietako gehienek, logika berean, Rooneyk eta Loachek baino motibo gutxiago dituzte atxilotuak izateko. Kulturgileen desobedientziak funtziona dezakeenaren adibide.

Kalpesh Lathigra
Kalpesh Lathigra
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Sally Rooney (Castlebar, Irlanda, 1991) idazlea ezaguna da nazioartean, bereziki mundu anglosaxoian, eta batik bat belaunaldi gazteenen artean. Garaiari idazten diola esan ohi da, ikuspegi millenial interesgarri batetik. Bere lau eleberrietako protagonistak gazteak dira, eta, oro har, presente dauden gaiak badira belaunaldi horiek bete-betean bizi dituztenak, hala nola etxebizitzaren garestitzea, lan prekarioak edukitzea, osasun emozionalari erreparatzea eta horretaz hitz egitea, lagun harremanak era digitalean garatzea, bai bizi eredua eta bai harreman sexu-afektiboak ohiko eredutik aldentzea... Marxista da Rooney, hala manifestatu izan du hainbatetan, eta ezaguna da politikoki lerratu izan delako borroka askorekin. Tartean Palestinaren alde, eta azkenaldian bereziki Israelen aurkako boikota sustatzen.

ARGIAren astekari honetako beste artikulu batean xeheago esplikatzen da zer den Erresuma Batuko Palestine Action taldea, gobernuak “terroristatzat” hartuta duena. Bada, horri babesa ugaritan azaldu dio Rooneyk. Era nabariagoan, iragan abuztuaren 16an. Artikulu bat publikatu zuen The Irish Times egunkarian. Besteak beste, egun buelta horietan Erresuma Batuan atxiloturiko 500 manifestariri elkartasuna adierazi zien Rooneyk, eta, “gaiztoarena” Erresuma Batuko Gobernuak egiten badu ere, Irlandako Gobernua ez dela libro zioen, batik bat ez bustitzea erabaki duelako. Baina baita Palestinaren aldeko zenbait manifestaziotara Polizia bidali duelako ere bortizki esku hartzera. Honela zioen testuan: “Dublingo Gobernuak benetan uste badu Israel genozidioa egiten ari dela, nola begiratu dezake beste alde batera, bizilagunik hurbilenak, Erresuma Batuak, genozidioa finantzatzen eta babesten duen bitartean, eta kontrakotasuna adierazi eta protesta egite hutsagatik herritar ugari bortizki atxilotzen dituenean?”.

Artikuluan aurrera egin ahala, fokua gehiago ipini zuen bere bokazioan, idazketan, horrek ekartzen dion eragiteko gaitasunean, eta konpromiso politikoan. Soil-soilik Erresuma Batuan bi milioi liburu baino gehiago saldu ditu Rooneyk. Gehiena Normal People eleberriak, milioitik gora –euskaraz ere irakur daiteke, Alberdania argitaletxeari esker: Jende Normala–. Eta milioi erdi baino gehiago horren aurreko eleberriak, bere lehenengoak, Conversation with Friends-ek (Lagunarteko elkarrizketak). Bi istorioak telesail bihurtu ditu Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak, BBCk, eta gehiago-gutxiago, liburuen antzera, arrakasta izan dute.

Telesail horien bueltan, Erresuma Batuari aurre egite asmotan, mahai gainean kolpea eman zuen Rooneyk aipaturiko idazkian, The Irish Times-en abuztuaren 19an argitaratutakoan: 

Joan den egunetan atxilotutako ehunka manifestariek bezalaxe, nik ere Palestine Action taldeari babesa ematen diodala berresten dut. Hori esate hutsak Erresuma Batuko legedian “terrorismoa bultzatzea” esan nahi badu, hala izan dadila. Oraingoz behintzat, nire liburuak Britainia Handian argitaratzen dira, eta liburu-denda eta supermerkatu ugaritan oso eskuragarri daude. Are, azken urteotan, Erresuma Batuko Estatuko irrati-telebista publikoak nire nobelen bi egokitzapen on ere egin ditu, eta, beraz, egile eskubideen ordainsariak ordaintzen dizkit aldizka. Nire lanak ematen dizkidan aukerak eta nire ahots publikoa baliatuta, argi esan nahi dut ordainsari horiek erabiliko ditudala Palestine Action eta genozidioaren aurkako ekintza zuzenak ahal moduan babesten jarraitzeko. Erresuma Batuko Estatuak “terrorismotzat” hartzen badu, agian nire lana sustatzen eta nire jarduerak finantzatzen jarraitzen duten erakunde eta enpresak ere ikertu beharko lituzke, hala nola WH Smith eta BBC. (...) Erresuma Batuko publikoari ari natzaio zuzentzen, eta adierazpen hau bertako egunkari batean argitaratuko nuke, baina legez kanpokoa litzateke orain. Erresuma Batuko egungo gobernuak bere borondatez kendu dizkie herritarrei oinarrizko eskubide eta askatasunak, iritzi disidenteak adieraztea eta irakurtzea barne, Israelekin oinarrian duen harremana babesteagatik.

Erresuma Batuko legedian terroristatzat jotzen den talde bati donazioak egitea ez da erabaki makala.

Jende esanguratsu ugari eta tartean kulturgile asko lerratu dira Palestinaren alde. Ahotsa altxatu duen gehiengoak Palestinaren alde egin du; nabarmen gutxiago dira Israeli boikot egiteko mezua hedatu dutenak. Dena den, gehientsuenek haien posizionamendua publikoki erakustea erabaki dute batik bat azken urtebetean, edo 2023ko urriaren 7az geroztik. Baina Rooneyrena ez da kasu berria. Izan ere, Israelekin izan zuen ika-mikarik 2021ean, bere hirugarren liburuaren harira: Beautiful World, Where Are You (Mundu zoragarria, non zaude).

Aurreko bi eleberriak hamarnaka hizkuntzatara itzuli ziren, tartean hebreerara, baina hirugarren liburuarekin ezezkoa eman zuen Rooneyk. Honela adierazi zuen bere jarrera: “Israelen egoitza duen editorial bati ezin dizkiot egile eskubideak saldu, eta aldi berean Israelen Boikoterako, Desinbertsiorako eta Zigorrerako mugimendua babestu, are gutxiago editorialak ez badu asmorik publikoki apartheidetik urruntzeko, hari jakinarazi diodan moduan”. Entzun zituen galantak. Judutarren komunitateak gogor kritikatu zuen Rooneyren erabakia, eta Israelgo Estatuko egituretako jendea ere mintzatu zen gaiaz. Zenbaitzuk iradoki zieten nazioarteko herrialdeei, “judutarrekiko enpatia” sentitzen bazuten, aproposa zatekeela autorea herrialdera ez gonbidatzea, nolabaiteko betoa ipintzea. Baina ez zen gauzatu. Bi liburu denda kate handik, hori bai, bere liburuak erretiratu zituzten

" Nire lanak ematen dizkidan aukerak eta nire ahots publikoa baliatuta, argi esan nahi dut ordainsari horiek erabiliko ditudala Palestine Action eta genozidioaren aurkako ekintza zuzenak ahal moduan babesten jarraitzeko"

Rooneyk gerora azaldu duen moduan, argudio nagusi horrez aparte, ez luke zentzurik izango liburu hori Israelgo editorial batek publikatzeak. Eleberriaren mamiaz ari zen. Baina ez du inoiz gehiago esplizitatu zehazki zertaz ari zen; irakurleen eskura ipini du iritzia. Izan ere, lehen kolpean ez badirudi ere, Beautiful World, Where Are You eleberriaren istorioak asko du politikatik, gizarte kritikatik. Alice eta Eileen dira protagonistak, 30 urteren bueltako bi emakume irlandar, lagunak. Kapituluz kapitulu, lehenbizi bataren eta gero bestearen bizimodua ezagutuko du irakurleak, eta horien amaieran, batetik besterako trantsizioan, elkarri idatziriko mezu elektronikoak ageri dira. Elkarren berri izaten dute horrela. Baina gogoeta ere egiten dute, berriki otutako edo gertatutako zerbaiten inguruan, eta, askotan, maitasunaren eta laguntasunaren inguruan. Baina auziak tratatzeko manerak biziki dira politikoak.

Argi ikusten da Alicek Eileeni idatziriko ondorengo pasarte honetan. Oinarri-oinarrian lagunarteko harremanei buruz ari da hitz egiten, harremanak ezin kontserbatzeaz, kontserbazioa lotu ezin zaielako denboraren joanari eta pertsonen izateari, Alicen aburuz. Mezuaren hasieran lotura egiten du eskuineko politikagintzarekin, nola, kurioski, ideologia kontserbadoreak zerikusi gutxi duen kontserbazioarekin, eta aldiz, askoz ere gehiago ondokoa zapaldu eta suntsitzearekin; eta gero, harreman sozialekin lotzen du gaia, era interesgarrian.

Azkenaldian eskuineko politikagintzaz aritu naiz pentsatzen, eta kontserbadurismoa nola erlazionatu zaion, pixkanaka, merkatuko kapitalismo suntsitzaileari. Bien arteko konexioa ez da hain bistakoa, ez dut uste horrela denik, merkatuak berez ez baitu zerbait babesteko edo gordetzeko joera izaten, irentsi eta bereganatu egiten du dena. Ikuspegi soziala duten elementuak irensten ditu, gero kaka bezala kanporatzeko, edukiz eta memoriaz hustuta, berarentzat ohiko transakzio bat bailitzan. Prozesu horrek zer lotura duen kontserbadurismoarekin? Sentsazioa dut kontserbadurismoaren ideia faltsua dela bere horretan, zeren, definizioz, ezer ezin da kontserbatu. Denborak zentzu bakar batean egiten duelako aurrera. (...) Ezin dugu ezer bere horretan kontserbatu, eta are gutxiago harreman sozialak, bere izate naturala aldatu gabe, modu antinatural batean eragotzi gabe denboraren joanarekin duen lotura. Horra hor zer egiten duten kontserbadoreek haien ingurunearekin: kontserbatzeaz duten ideia oso-osorik oinarritzen da dena erauzi, arpilatu eta suntsitzean, “hori delako egin duguna beti” esanda. 

Bada hor, Palestinari eta Israeli lotuta, beste hitz batzuetan esaten den zerbait: orain Benjamin Netanyahuk eta lehen David Ben-Gurionek esan moduan, hamarkadaz hamarkada palestinar herria zapaldu dute haien burua justifikatuta, Israelgo Estatua existitzeko ezinbestekoa delakoan Palestina zanpatzea, edo, kasuon, Hamas garaitzea. Gaza kontrolpean hartzea. “Gurea kontserbatzeko, ondokoa erauzi, arpilatu eta suntsitu”. “Hori da egin duguna beti”.

Beste pasarte bat jarraian. Guztiz bestelakoa da: estatu edo gizarte baten barneko klase arrakalak ez ezik, munduko aberastasunaren banaketaz ari zaio Eileen Aliceri idazten, supermerkatuko korridoreetan sentituriko egoera baten harira.

Azpira begiratu eta ikusten dut koska ñimiño batean igota nagoela, altuera zorabiagarri batean, eta nire pisuari eusten dion gauza bakarra zera dela, munduko gainontzeko herritarren miseria eta degradazioa. Eta beti pentsatu ohi dut ez dudala nahi hemen gainean egon. Ez dut behar arropa merke hau dena, ezta janari inportatu eta plastiko hau guztia ere. Ez dut uste nire bizitza hobetzen dutenik. Zaborra sortzen dute, eta triste ipintzen naute edozein modutan. (Alice, ez naiz ari nire atsekabea konparatzen benetan zapalduta dauden herriekin, baizik eta, esan nahi dudana da, zapalkuntza horiek baimentzen digutela daukagun bizitza estiloa, edo eduki dezakeguna, eta ez dela batere atsegina). Jendeak uste du sozialismoa indarraren bidez mantentzen dela, jabetzak indarrez desjabetuta, baina oxala onartuko balute kapitalismoa indar berarekin mantentzen dela, indarra sozialismoaren beste alderantz eginda, existitzen diren jabetzak indarrez babestuta. 

Kapitalismoaren hedapena, ondokoaren suntsipena. Rooneyk ez ditu ez hitzaldi eta ez artikulu ugari idatzi prentsan, bere aurpegia ez du sarri ikusgai jarri, eta ez du ezta ere politikoki posizionatzerik erabaki. Liburu horrekin egin moduan, bere idatziek posizionatu dute. 

Idazleek, planto

"Israeli boikota”, “kultura” eta halako terminoak erabilita, sarean bilaketa eginda, aise topa daiteke Sally Rooneyren izena. Leku askotan ageri da, eta badirudi boikot aldarria, bandera, berak hartu duela edo berari ipini diotela.

Gutxienez nazioarteko 7.000 idazlek baino gehiagok gutun ireki bat sinatu dute. Literaturzaleentzat erreferente den Lit Hub aldizkarian argitaratu zen gutuna, eta lehen bertsioan mila idazle ageri ziren: besteren artean, Sally Rooney, Annie Ernaux, Arundhati Roy, Jhumpa Lahiri, Peter Carey, Naomi Kleineta, Michelle Alexander eta Percival Everett. Gerora, testua aldatu gabe, beste milaka batzuk gehiago batu dira.

“Rol bat daukagu jokatzeko”, diote oharrean, Palestinako uneko egoeraren analisi bat egin ondoren. Hego Afrikako apartheidaren aurka altxatu ziren orduko idazle eta kulturgileak gogoan, orain ere ozen hitz egitea eta posizionatzea tokatzen dela uste dute. Erabakia argia da: ez dute aurrerantzean Israelgo erakundeekin parte hartuko, ezta argitaletxe, editore, jaialdi, literatur agentzia, hedabide edo dena delakoekin ere, betiere ez badute Israelen okupazioa salatzen –bestela, estatu sionistaren aurpegia zuritzeko funtzioa betetzen dutelako–, eta, argi eta garbi, Palestinaren aurkako genozidioa salatzen.

Zinegileek ere bai

Industriako 4.500 langilek baino gehiagok sinatu dute gutun ireki bat uda ostean, konpromiso argia erakutsita: palestinarren aurkako genozidioaren konplize diren enpresa edo erakunde israeldarrei boikot egitea. Sinatzaileen artean dago Ken Loach, baita Yargos Lanthimos, Mike Leigh, Olivia Colman, Tilda Swinton, Emma Stone, Javier Bardem eta Omar Sy ere, besteren artean.  

“Zinegile, aktore eta zinema industriako langile garen heinean, uste dugu zinemak baduela jendearen pertzepzioetan eragiteko gaitasuna; krisi larri honetan, gure gobernu asko Gazako sarraskia baimentzen ari diren bitartean, konplizitate horrekin haustea dagokigu”, dio gutunak.

Era berean, aipamen berezia egin diete No Other Land dokumentaleko bi zuzendariei: Oscar saria irabazi zuten iaz, Zisjordaniako palestinarren istorio bat kontatzen zuena, eta, ezagun bihurtu ostean, haien aurkako erasoak areagotu dituzte soldadu israeldarrek. Iragan irailaren 13an, esaterako, bietako bati, Basel Adrari, lurrak ostu eta etxea okupatu diote.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2022ko ekainaren 8
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

2022ko apirilaren 20
Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Eguneraketa berriak daude