Frantziako mundu literarioak urtetan babestu duen pedofiloa

  • Urtarrilean Vanessa Springora editoreak argitaratu duen liburu autobiografiko batek lurrikara eragin du Frantziako letren errepublikan: Gabriel Matzneff idazleak berarekin izan zuen harreman pedofiloa kontatu du, bide batez 68ko maiatzaren osteko giro intelektualak onartu zituen abusuzko praktikak agerian utziz. 

Gabriel Matzneffek 83 urte ditu egun. 50 beteak zituen Vanessa Springorarekin (orduan 14) harremanak izan zituenean.
Gabriel Matzneffek 83 urte ditu egun. 50 beteak zituen Vanessa Springorarekin (orduan 14) harremanak izan zituenean.

"Hamalau urte dituzunean, ez duzu pentsatzen 50 urteko gizon bat zain izango duzula eskolatik ateratzean, ez duzu imajinatzen harekin hotel batean biziko zarenik, ezta haren ohean aurkituko zarenik ere, bere glandea ahoan duzula, hamaiketakoaren orduan". Vanessa Springorak Le consentement liburu autobiografikoan idatzitako esaldia da. 14 urte zituenean ordurako gizon heldua zen Gabriel Matzneff idazlearekin izandako harremana kontatu du bertan. Afari batean ezagutu zuten elkar: idazlea, gaur egun editorea den Springora, eta honen ama. Gero etorri ziren gizonak neskari idatzitako gutunak, kalean zihoala atzetik jarraitzea, eskola-atarian itxarotea, hotel bateko gelara eramatea, gainontzeko guztia. Harreman pedofilo bat, zeinaren biktimak, bizi izandakoa kontatzera ausartu denean, Frantziako Estatuko panorama literarioa astindu duen.

Liburuak aletzen ditu harreman horren menpe zegoen bitartean Springorak izan zituen sentimendu kontraesankorrak, bere burua erruduntzat jotzea adibidez, hasieran Matzneffekin egotea onartu zuelako. Amak izandako erreakzioa ere kontatzen du: “Ez zara konturatzen pedofilo bat dela?”. Baina 14 urte zeuzkan. Maiteminduta zegoela uste zuen, nahiz eta bazekien zerbait ez zegoela ongi. Biktima izatearen kontzientzia ezaz eta ondoren jasandako sufrikario psikologikoaz ari da luzerako debatea ekar dezakeen liburuan.

1974an idatzi zuen liburu batean, Matzneffek adierazi zuen 10 eta 16 urte bitarteko pertsonek "hirugarren sexu" bat osatzen zutela

Kasuari buruz zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta asaldagarriagoa da, urtarrilean publikatu den liburuak, berez, ez baitu ezer berririk kontatzen. Matzneff, sexu-abusuak isilpean gorde beharrean, pedofilia publikoki defendatzen aritu da urte luzetan. Haren liburu askotan agertzen da gaia eta bere burua pederasta gisa definitzeko arazorik ere ez du izan. Les moins de seize ans saiakeran (1974) 10 eta 16 urte bitartean dituzten pertsonek “hirugarren sexu” bat osatzen zutela defendatu zuen eta ñabardura batzuk ere egin zituen: ez zuen bere burua irudikatzen 16tik gorako mutilekin harremanak edukitzen, baina nesken kasuan salbuespena egiteko prest zegoen, askok “desiragarri” izaten jarraitzen zutelako adin hori pasa ondoren ere. “Nire bizialdian ezagutu ditudan bi izaki sentsualenak hamabi urteko mutiko bat eta hamabosteko neska bat dira”, idatzi zuen Passions schismatiques (1977) liburuan. Saiakerez gain, Matzneffen nobeletan ere nabarmen ageri da pedofilia, L’archimandrite (1966), Nous n’irons plus au Luxembourg (1972) edo Ivre du vin perdu (1981) eleberrietan adibidez, batzuk bakarrik aipatzearren. Springora bezalako gaztetxoekin zeuzkan harremanek lanerako baliagarria izan zaion material ugari ere eman zioten, beraz.

Jarrera horien despit, ia atzo goizera arte Matzneffek presentzia publiko normal-normala izan du. Gallimard argitaletxeak iazko azaroan publikatu zion azken liburua, Le consentement-ek ekarri duen eskandaluaren ondoren dendetatik erretiratu duena –argitaletxearen historian aurrekaririk ez duen erabakia–; eta Bea Salaberrik aldizkari honetako iritzi sailean gogora ekarri duen moduan, aitortza bereziak ere ez zaizkio falta izan: 2013an Renaudot sari prestigiotsua eman zioten, Goncourt sariarekin batera letra frantsesetan ematen den garrantzitsuena.

Intelektualek pedofilia babesten zuten garai hura

Baina nola da posible mundu guztiaren aurrean jarrera horiek defendatzen dituen norbaitek orain arte problemarik eduki ez izana? Springorak berak eman ditu auzia ulertzeko gako batzuk France Inter irrati katean. Duela 40 urteko “ohituren iraultza” hartu du hizpide: “1968an 18 urte zeuzkaten helduen aurrean nengoen, eta haiek jaso zuten heziketa gerruntze oso estukoa zen, maiz erlijiosoa, zeinean erabateko tabua zen sexualitatea aintzat hartzen zuen kontu oro. Hori guztia txiki-mila puska egin zen 70eko hamarkadako liberazio sexualarekin eta ohituren askatzearekin, eta egiazki, zoritxarrez, agian zenbait gehiegikeria ekarri zituen, nahiz eta emakumeen berdintasunarentzat, nagusiki, aurrerapen handiak izan ziren. Baina egia da bidean sakrifikatu ditugula haurrak eta adoleszenteak. Pertsonaia ilunak zeuden tartean, kausa bat bultzatzen zutenak, pedofilia; eta jende oso antolatua ziren”.  

Joan den mendeko intelektual frantziar garrantzitsuenetako batzuek bat egin zuten Matzneffekin, 15 urtetik beherakoekin sexu harremanak edukitzea despenalizatzeko eskarian

1977. urtean gertatuak ilustratzen du hoberen Springorak deskribatutako iritzi-giroa. Noraino iristen ziren pedofiliaren proselitismoa egiten zutenen garroak. Urte hartan, Matzneffek gutun ireki bat sinatu zuen beste zenbait intelektualekin batera, Frantziako zigor kodea errebisatzen ari zen batzordeari zuzendua. Eskari nagusia: hainbat artikulu ezabatzea, besteak beste 331 §3.a, 15 urte baino gutxiagoko norbaitek sexu harremanak edukitzeko baimena emanez gero ere, erlazio horretan indarkeria presuntzioa ezartzen zuena. Sinatzaileen ustez, adulterioaren aurkako legeak bezain zaharkituta zegoen; haurdunaldia nork bere borondatez eteteak edo antikontzeptiboen erabilerak izan zuten jazarpen legalaren parekotzat jo zituzten umeak pedofiliatik babesteko ezarritako mugak; eta horrelakoak bertan behera uzteko eskatu zuten, edo sakonki aldatzeko, “haurrak eta nerabeak aukeratzen dituen pertsonekin harremanak edukitzeko eskubidea aitortzeko bidean”. Praktikan pederastiaren zigorgabetasuna ekarriko zuen eskari horrekin bat egin zutenen artean, XX. mendeko bigarren erdiko idazle eta intelektual frantziar garrantzitsuenetariko asko: Louis Althusser, Roland Barthes, Simone de Beauvoir, Gilles Deleuze, Jacques Derrida, Françoise Dolto, Michel Foucault, Felix Guattari, Jean-François Lyotard, Alain Robe-Grillet, Jean-Paul Sartre... Gaur egungo betaurrekoekin zaila da sinesten, baina hala izan zen.

Le consentement liburuarekin sortu den lurrikarak ikasgai ugari utz dezake. Horietako bat da, agian, garai bakoitzean aurrerakoitzat jotzen diren pentsamoldeak erabil daitezkeela bidegabekeriak zuritzeko ere: 68ko maiatzaren ostean, askatasun berriak lortzeko grinak orduko pentsalari handienak pedofiliaren aldeko testu bat sinatzen jarri bazituen, zer ez ote dugu onartu edo babestuko, pixka bat adi egoten ez bagara, libertateak galtzen ari garen garai hauen espirituari jarraituz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude