Ken Loach, zapalduen aldean

Ken Loach, ezkerretik bigarrena, Palestinako sarraskia etetea eskatzen duen afixarekin. Iazko BAFTA sarietan egin zuten argazkia, Erresuma Batuan. (Argazkia: Ian West)
Ken Loach, ezkerretik bigarrena, Palestinako sarraskia etetea eskatzen duen afixarekin. Iazko BAFTA sarietan egin zuten argazkia, Erresuma Batuan. (Argazkia: Ian West)
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Palestine Action taldekoekin agertu zen argazkian, Paul Laverty lagun eta gidoigilearen aldamenean, eta Laverty bai atxilotu zuten, epailearen aurretik ere igaro zen, baina Loach ez. Halako maila eta sona duen zinegile eta agurea atxilotzeak erreparo gehiegi emango lioke Erresuma Batuari.

Loachen filmografia benetan da oparoa, oso ezaguna gai sozialak, langile klasekoak, ikuspegi sozialista batetik landu izan dituelako. Nabarmentzekoak dira Cannesen Urrezko Palma bana duten The Wind That Shakes the Barley (Garagarra astintzen duen haizea) eta I, Daniel Blake (Ni, Daniel Blake). BBCrekin egin izan du lan, Sally Rooneyk bezalaxe.

Garaia erretratatzen du Loachek ere. Zehatza da ziurrenik bere bizitzako azken filma izango den The Old Oak (Haritzondo zaharra) ere. Erresuma Batuko herrixka batean kokatzen da, meatze herri izan zena garai batean; baina zerbitzuak galtzen eta etxebizitzaren prezioak etengabe jaisten ari dira egun, gurean landa eremu gune asko bezalaxe. Egun batean, Siriako errefuxiatu ugari helduko dira herrira, eta, lanpostu urriak “kentzearen” beldurrez-edo, jarrera arrazistak ugalduko dira.

'The Old Oak' pelikularen fotograma bat.

Siriako emakume gazte baten ahotsean, Loachek gogoeta eta analisi interesgarriak egiten ditu; bere herrialdean zapaldua eta nazioartean isildua izateaz ari da eszena horretan: “Torturatu egiten gaituztenean, ospitaleei eraso egiten dietenean, medikuak erailtzen direnean, gas kloroa erabiltzen dutenean... Mundua guri begira geratzen denean, baina ezer egiten ez duenean, orduantxe bizi da erregimena, orduantxe galtzen dugu guk”. Gero, goraipatu egiten du erresistentzia, hondakin guztien artetik altxatzen diren besoak, indarrak; “itxaropena” ematen dio horrek.

Loachek 2023an aurkeztu zuen filma Canneseko jaialdian, eta nazioarteko ezker mugimenduari zaplazteko bat ematea bezalakoa izan zen prentsaurreko agerraldia. Artean bost hilabete falta ziren Hamasek Israelen asentamenduei eraso egiteko. “Injustizien aurrean bat egin behar du ezkerrak, aurre egin, alternatibak erakutsi, erresistentzia egin eta jendeari itxaropena eman”, adierazi zuen Loachek. “Baina horrelakorik ez da ari gertatzen: jendea haserre dago, ilusioa galduta, itxaropenik gabe, eta eskuin muturrera joan eta haien propagandan ari da erortzen; injustiziak ikusten ditugu munduaren beste aldean, eta ez gara gai mugitzeko”.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Eguneraketa berriak daude