Agian gogoratuko duzuenez, askatasuna eta mugaren arteko dialektika izan nuen hizpide lerro hauetara etorri nintzen azkenekoan. Elkarren kontrako kontzeptuak ez izatetik urrun, txanpon beraren bi aldeak baino ez direla azpimarratzea izan nuen orduko hartan helburu, heziketaren eremuan batez ere, arazo askoren jatorrian dagoelako askatasuna eta mugagabetasunaren arteko identifikazio okerra. Bizitzaren baitako gertakari guziek bezala, eremu mugatuan behar du askatasunak loratu, definituak eta zehatzak izate hutsagatik, errealitate guziak direlako mugatuak.
Hala ere, mugaren existentzia ezin ukatukoa dela baieztatzeak ez du inondik ere esan nahi muga guziak berezkotzat jotzen ditudanik, edo inguratzen gaituen errealitatearen nolakotasuna besterik gabe onartu behar dela uste dudanik. Ez nuke mugen apologista huts bezala agertu nahi, argi dudalako muga guziak ez direla onak, eta askatasunarekin bateraezinak direla horietako asko eta asko. Gakoa, mugen artean diferentzia egokia egitean datza, eta azken mota horretakoak zein diren ongi jakiteko gaitasunean.
Errotik erauzi beharrekoak, gizakion funtsezko beharrak ukatzen dituzten muga horiek dira, gure izatea eraldatzea helburu dutenak, edo garena izateari utz diezaiogun propio diseinatuak direnak. Zentzu orokorrean, modu batean ala bestean pertsonon manipulazioa bilatzen dutenak leudeke talde horren barnean; edo heziketaren esparru zehatzagoan, haurren berezko natura formateatzeko helburuarekin diseinatuak diren muga instruktiboak. Mota honetako mugen ezaugarria da beti dagoela biolentziaren erabilera inplizitu bat. Zenbateraino nahi den pertsona doblegatu, edota zenbateraino erakusten duen pertsonak erresistentzia. Bi bariable horien araberakoa izanen da minaren gradu handiagoa ala tipiagoa.
Dena den, inperialismoa da oroz gainetik giza askatasunaren etsairik handiena. Munduan barna lur eremu egokia aurkitzeko askatasunak dituen zailtasunen arrazoia da, eta munduko populazioaren zati handi bat libre izan ez dadin aplikatzen den biolentzia ageriko edo kamuflatuaren jatorria. Gerra, konkista eta okupazioaren bidez herri bati bere lurraldean libre –kanpoko interbentziorik gabe, eta bakean– izateko eskubideren urraketan datza berez, inperialismoaren delitua. Baina askatasun nazionala ukatua den eremuan, definizioz daudenez eragotziak herritarren eskubide indibidual guziak ere, inperialismoa da giza eskubide funtsezko guzien mehatxu gorena, bai eta horregatik ere, demokraziaren etsai nagusia. Herrien autodeterminazioaren errespetua da, ordea, funtsezko giza eskubideak indarrean egon ahal izatearen baldintza, eta horregatixe, demokraziaren oinarria.
Gizateriaren kontrako bortizkeria handien jatorrian dagoelako, eta giza espeziearen aniztasun ekologikoa mehatxuan ezartzen duelako, askatasunaren aldeko edozein borrokalarirentzat behar luke inperialismoak jomuga izan. Euskaldunon kasuan, gainera, gure biziraupena dago jokoan, eta premiazkoa da hortaz inperialismoaren okupazioa gainetik kendu eta gure independentzia berreskuratzea. Libreki bizi eta garatu ahal izan gaitezen euskaldun gisa gure lurraldean. Hori baino ez da autodeterminazioa.
Zoritxarrez, baina, ez ikusiarena egiten zaion gelako elefantea da oraindik Espainia eta Frantziako inperialismoa. Arazoen diagnostikoa ematen digun arren, ez entzunarena egiten diogun datu ozena.