"Agintariek onartu behar dute klimaren argi gorria piztuta dagoela"

  • Hamaika urte ditugu, 10+1, klima aldaketaren martxa eroa mantsotzeko. Berandu da, baina ez beranduegi. Lehenagoko egoerara ezin gara itzuli, baina gure esku dago ahalik eta kalte gutxien sortzea, natura kaotikoari neurria hartzen saiatzen garen bitartean. Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko arduraduna da. Berak jarri digu puntua.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lorea Flores Compains (Iruñea, 1985)

Iruñean sortu eta txikitatik Lesakan bizi da. EHUn Biologia ikasi zuen. Ikerkuntzan aritu izan da lanean, lehenbizi EHUko Ibaien Ekologia Taldean eta ondoren bi urte Frantziako Nekazal Ikerkuntzarako Institutuak Senperen duen egoitzan. Egur hilak ibaien ekosisteman duen eraginaren inguruan egin zuen doktorego tesia. Duela urtebete Greenpeaceko Hego Euskal Herriko arduraduna da.

Nondik datorkizu naturarekiko grina?

Betidanik izan dut. Hasieran albaitaritza ikasi nahi nuen betidanik izan dudalako animaliekiko atxikimendu handia. 8 urte nituela etorri ginen Lesakara bizitzera, baina gogoratzen dut Iruñean bizi ziren atautxi eta amautxirekin askotan joaten ginela mendira eta Taxoaren zuten baratzera. Landareak eta animaliak ikusten genituen eta amautxik beti azaltzen zigun animalia txikienek ere berebiziko garrantzia dutela eta ez dutela zertan txarrak izan. Erleei, adibidez, ez geniela beldurrik izan behar esaten zigun. Hori dena izugarri gustatzen zitzaidan.

Ibaien ekologian aditua zara. Zertaz egin zenuen tesia?

Egur hila ibaian birsartzeak ibaien prozesuetan eta bertako bizidunengan dituen eraginak aztertu nituen. Egur hilak laguntzen dio ibaiari forma bat hartzen, bertako sedimentuei eusten eta bertako bizidunentzako habitata ziurtatzen. Hori dena, tamalez, hemen ez da errespetatu urtetan eman den basoen ustiapen ereduagatik. Behin eta berriz esaten da hobe dela errekak garbi egotea, hau da, enbor, harri handi eta bestelako “oztoporik” gabe, baina erreka batek elementu horiek behar ditu bere ekosistema sendo mantentzeko.

Presek ere preso edukitzen dute erreka?

Hala da. Mozten dute ibaiaren jarraikitasuna, traba dira bertako animalientzat eta aldatzen dituzte uraren ezaugarri fisiko-kimikoak eta tenperatura. Ekosistema guztiz aldarazten dute. Hemen ez da gelditzen ibai librerik. Artikutzan ere, nahiko toki naturala, ikusten da gizakiaren eskua noraino iritsi den eta nolako aldaketak dauden ubide guztietan.

Nola iritsi zara Greenpeacera?

Ikerkuntzan aritu naiz orain arte, baina gero eta gehiago eskatzen zidaten kanpora joateko, eta gainera, mundu hori hagitz konpetitiboa da. Halako zalantzekin nenbilela iritsi zitzaidan Greenpeacen aritzeko aukera. Neure burua aurkeztu eta hartu egin ninduten, eta Lesakatik egiten dut lan.

Zergatik erabaki dute Euskal Herrian bulego bat zabaltzea?

Estrategia kontua da. Erakundeak 1984an zabaldu zuen Madrilgo bulegoa eta egun 130.000 bazkide ditu Estatuan, horietarik 11.000tik gora Hego Euskal Herrian (2.300 Nafarroan eta 9.000 EAEn.) Bazkide anitz dira bertako populazioa kontuan hartuta. Hemen mugimendu handia dago eta beharrezkoa zela pentsatu zuten bulego bat zabaltzea eta berdin egin dute Galizian, Katalunian eta Andaluzian.

Zer du berezia erakunde horrek?

Greenpeace nazioarteko erakunde ekologista eta bakezalea da, ekonomikoki eta politikoki independentea, gobernuen, alderdi politikoen eta enpresen ez dohaintzarik ezta presiorik ere onartzen ez duena. Ez du laguntzarik hartzen, ezta eskatzen ere. Guk ekintza zuzenak eta ez bortitzak egiten ditugu inguruarekin zerikusia duten arazoenganako arreta deitzeko.

"Bizirik iraun nahi badugu gauza gutxiago eta denbora luzegoan erabili behar dugu”

Noiztik ari da lanean?

Lehendabiziko ekintza 1971n egin zuten. Kanadako aktibista batzuk Alaskara joan ziren arrantza-ontzian, AEBak egiten ari ziren proba nuklear batzuen aurka protesta egitera. Ez zuten hura geldiaraztea lortu, baina mediatikoki izugarrizko sona lortu zuten. Gaur egun, Greenpeace ingurumenaren aldeko erakunde garrantzitsuenetako bat da. Egoitza zentrala Amsterdamen dauka eta mundu guztiko 55 herrialdetan bulegoak ditu. Denera 3 milioi bazkidek ematen diote sostengua.

Ekintzen ikusgarritasuna da bere ezaugarrietako bat?

Bai. Halako gauza bisualak behar dituzu arazoa erdigunera ekartzeko. Estatuan, 1978ko eta 1980ko udetan, Rainbow Warrior lehen itsasontziak Espainian oraindik mantentzen zen balea-flotari aurka egin zion, bere harrapaketak galarazten saiatzeko.

Greenpeaceren lorpen nagusien artean Zorita-ko zentral nuklearraren itxiera dago, deriba sareez egindako arrantzaren debekua, Kyotoko protokoloa, pertsonen aurkako minen eta barreiatze-bonben debekua eta Algarrobico hotelaren legearen aurkako izaeraren adierazpena. Euskal Herrian iaz Bilboko portuan Arabia Saudira bidaltzekoa zen arma kargamentu baten aurka aritu ginen eta Plastiko madarikatua erabilera bakarreko plastikoen aurkako kanpainaren barruan, dragoi bat, munstro bat ekarri genuen Gaztelugatxera.

Zenbat itsasontzi dituzue orain lanean?

Hiru: Rainbow Warrior, Esperanza eta Artic Sunrise. Egungo Rainbow Warrior hirugarren barkua da, belaontzi jasangarria, propio Greenpeacerentzat egindakoa. Uztailean geldialdia egin zuen Galizian erakusteko energiaren kontsumoan alternatiba herritarrak badaudela, gure Goiener eta Gure Energiaren tankerakoak. Uste duguna baino eskumen handiagoa dugu energia kontsumitzerakoan eta horrek izugarrizko garrantzia du klima aldaketa ekiditeko.  
Artic Sunrise eta Esperanza ari dira Pole to Pole edo Ipar Polotik Hego Polorainoko espedizioa egiten, ozeanoetarako hitzarmen global bat eskatzeko kanpainan. Artic Sunrise Bilbon gelditu zen ekainean ozeanoak babesteko beharraz ohartarazteko.  

Argazkia: Dani Blanco.

Honetaz gain, zeintzuk dira orain esku artean dituzuen kanpaina garrantzitsuenak?

Orain arte asko ibili gara plastikoaren inguruan lanean, enpresekin solasean, alternatibak bilatzen, baina azken hilabeteotan klima aldaketari heldu diogu bereziki. Duela urtebete kaleratu zen IPCC Intergovernmental Panel on Climate Change [klima aldaketa lantzen duen Nazio Batuen Erakundeko taldea] aditu taldearen bosgarren txostena eta aski ongi azaltzen da klima aldaketaren ondorioak uste zena baina askoz larriagoak izanen direla. Elkarlanean ari gara Fridays For Future gazteen mugimenduarekin mobilizazioak bultzatzen eta administrazioei neurri zehatzak eskatzen, klima aldaketa hain larria izan ez dadin.

Larrialdia erabatekoa dela diote zientzialariek. Zer esan nahi du horrek?

Aldaketa jada ezin dugula ekidin. Aldaketa gertatzen ari da eta orain saiatu behar dugu ez dadin gerta aukeretan larriena. Horretarako agintariek onartu behar dute argi gorria piztuta dagoela. Hori da orain urgenteena eta norabide horretan ari gara azkar lanean Klima Larrialdi Aliantzan, beste erakunde eta kolektibo askorekin batera. Gure helburua da ahal den administrazio gehienetan mozioak aurkeztea larrialdi egoera deklaratu eta hainbat neurri onar ditzaten.

Egia da, bestalde, hain helburu zabalak izanik ez zaiela zaila egiten proposamen horiek onartzea. Horrela, berriki ikusi dugu nola Urkulluk klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera deklaratu duen EAEn, nahiz eta, gure ustez, bere politikak bat ez etorri sinatutakoarekin zenbait alorretan, mugikortasunean kasu.

Zer eskatzen duzue?

Lehenbizi, epe motzean, negutegi efektua duten gasen isurketa murriztea. 2050erako ezarria dago zero isurketen helburua, baina bitartean zer? 2008an, krisi garaian, ikusi genuen nola jaitsi zen maila pixka batean, baina berriro handitu da isurketen kopurua. Nafarroan hirugarren urtez igo da. Beharrezkoa da gobernuek argitzea zer egin behar duten honen aurrean. Energia berriztagarrien erabilera gehiago sustatu beharko lukete, adibidez. Orain arte zailagoa zen [Espainiako Gobernuaren] eguzkiaren zerga dela-eta, baina hori desagertuta, erraztasun gehiago eman beharko lizkiekete hiritar eta enpresa txikiei horiek erabiltzeko. Kontsumoari dagokiola, lan egin behar da erabilera bakarreko plastikoa egiten duten enpresekin.

Bestalde, argi dago orain dagoen birziklatze sistemak ez duela ongi funtzionatzen, alde batetik, zabor asko sortzen delako, eta bestetik, zakar ontzietara iristen dena ez delako beti behar bezala birziklatzen. Bilketa sistemetan pausoak eman behar dira eraginkorrago izateko. Orokorrean, munduan sortzen den plastikoaren %30 baino gutxiago birziklatzen da. Ecoembesekoek [ontziak birziklatzen dituen enpresa] diote beraien edukiontzietara iristen denaren %80 birziklatzen dela, baina ikusi beharko litzateke zer gertatzen den iristen ez denarekin.

Hasi beharko genuke gutxiago sortzen, gutxiago kontsumitzen, berrerabiltzen eta birziklatzen.

Euskal Herrian nola gabiltza alde horretatik?

Orokorrean nahiko aurrerapauso positiboak eman dira, baina horrek ez du esan nahi dena lortuta dagoenik, ezta gutxiago ere. Nafarroan irabazitako borroka da, erraustegia ez da martxan jarri, baina Bizkaian badago eta Gipuzkoako Zubietan ere abian jarri nahi dute. Ingurumenerako guztiz kaltegarriak dira. Berdin gertatzen da mugikortasunean. Hirietan gero eta bide gorri gehiago jartzen ari dira eta bestelako aurrerapenak badira, baina landa eremura joanda izugarrizko gabeziak ikusten dira, esate baterako garraio publikoan. Nik hori sufritzen dut Lesakan. Lan asko dago oraindik egiteke.
Nafarroan hondakinen legea lehendabizikoetako bat izan zen eta hagitz positiboki baloratu genuen. Hori bai, Madrildik zigorra heldu zen aurrerakoiegia izateagatik.

Nafarroan eta EAEn klima aldaketaren lege berriak ari dira prestatzen. Eraginkorrak izanen dira?

Nafarroako proposamena irakurri genuen eta lege ona iruditu zitzaigun, nahiz eta helburu batzuk oso orokorrak izan, horrek dakarren ur errean gelditzeko arriskuarekin. Egia esan irakurri ditugun beste batzuekin alderatuta nahiko proiektu ona dela esan dezakegu. Ea orain gobernu berria onartzera iristen den. Pentsatzekoa da Madrilen PSOE egonda legea aurrera aterako dela arazo handirik gabe, eta ondoren hor edukiko gaituzte zelatan ea esandakoa betetzen duten, noski. EAEn datorren udarako egin nahi dutela esan dute. Ikusiko dugu.

Argazkia: Dani Blanco.

Kontzientzia eta presioa, lobby baten modura funtzionatzen du Greenpeacek?

Bai. Norbanakoek ezin dugu dena aldatu eta enpresek ez badute presiorik sentitzen ez dute ezer aldatuko. Hagitz eroso daude dirua egiten. Baliabide naturalen ustiaketan onurak ateratzen dituztenak ez dira kalteak jasaten dituztenak, orokorrean. Horrek ikusarazten digu zein injustua den gaur egungo sistema. Ez da soilik ingurumen krisia, krisi soziala baizik.

Aberastasun eta pobreziaren deslokalizazioa gertatzen ari da?

Bai. Amazoniako sutea, adibidez, haragiaren kontsumoarekin lotu dugu guk. Batzuentzat lotura antzematea ez da erraza izaten, baina dena uler daiteke ikusten badugu guk hemen kontsumitzen dugun haragi gehiena abeltzaintza industrialetik datorrela eta abere horiek elikatzeko Amazoniatik ekarritako soja erabiltzen dela eta han soja landatzeko lurrak lortzeko basoak erretzen dituztela. Haragia hemen ari gara jaten baina kaltea han jasaten dute.

Errudun sentitzen gara. Hori ona da?

Egia esan gero eta gehiago hitz egiten dugu horretaz. Puntu bateraino jendea errudun sentitzea ongi dago. Era berean, denok dugun ahalmenaz kontziente izan behar dugu. Aldaketak jendarteak eginen ditu eta keinu txikietatik hasi behar dugu guztiok ohiturak aldatzen.

Austeritate mentalitatea berreskuratu behar dugu?

Hala da. Honek hartu duen tamaina izugarria da eta martxa mantsotu behar dugu. Kontsumitzeko eredua aldatu behar da. Bizirik iraun nahi badugu gauza gutxiago eta denbora luzeagoan erabili behar dugu. Mugikortasunaren alorrean, adibidez, batzuk esaten dute ohiko erregaiak erabiltzeari utzi beharko geniokeela eta soilik auto elektrikoak erabili, baina hori ere ez da soluzioa, auto horiek egiteko baliabide asko behar da eta horrek kutsadura handia sortzen du. Pentsatu behar dugu ea guztiok auto bana behar dugun eta beste modu batzuk badauden batera eta bestera ibiltzeko.

Itxurakeria eta zurikeria asko dago ekologiaren inguruan?

Ekologista agertzea modan dago, zalantzarik gabe. Enpresek maiz zuriketa berdea, greenwashing, erabiltzen dute irudi korporatiboa hobetzeko eta norbanakoen artean ere oso ohikoa da. Feminismoan eta beste mugimenduetan gauza bera gertatzen da.

Irailaren 27an mundu mailako greba dago deitua. Zer egin behar dugu?

Hainbat aukera daude parte hartzeko. Ez da lan greba, sindikatuek ezin dutelako jendea mobilizazioetara deitu. Ikasleek bai, greba eginen dute, eta besteok manifestazio eta ekintzetan parte hartuko dugu.

Lehen alertan geunden eta orain larrialdi egoeran.

Hamaika urte gelditzen zaizkigu egoera aldatzeko. Tenperatura gora doa, eta komeniko litzateke 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea.

Zer gertatuko da hamaika urte pasatakoan berdin jarraitzen badugu?

Dagoeneko nabaritzen ari gara bero kolpeak, lehorteak, suteak. Gero eta maizago gertatzen dira eta gero eta bortitzagoak dira. Oraingo sute askok hedadura izugarria hartzen dute eta askotan mendean ezin hartu eta zain egon behar izaten dute eguraldia aldatu arte itzali ahal izateko. Horri guztiari ur gabezia larria gehitu beharko diogu. Natura nahiko ziklikoa zen orain arte. Klima aldaketa dela-eta natura kaotikoa bilakatzen hasi da.

Eta, hemen, Euskal Herrian, ez gaude salbu…

Hemen beranduago iritsiko zaizkigu kalte larrienak, baina ez gara salbu. Ez dakigu nola eraginen digun hurrengo hamarkadetan eta beldurra ematen du. Gasen isurketa gelditzen ez badugu ur maila igoko da eta urte gutxi barru Donostian etxea non duzun, agian ur azpian geldituko zaizu.


ASTEKARIA
2019ko irailaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude