Nork asmatu zuen inprenta?

  • Mainz (Alemania), 1455. Johannes Gutenbergek Biblia inprimatu zuen, berak asmatutako tipo mugikorreko inprenta erabiliz. Horixe da izenburuko galderaren erantzun ohikoena.

1377ko 'Jikji' testu budista, Gutenbergen Biblia baino hamarkada batzuk lehenago inprimatua. (arg.: Koreako Kultura Museoa)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europako hainbat herrialdetan, ordea, herrikide batek asmatu zuela aldarrikatzen dute: Estrasburgon  Johannes Mentelinek, Italian Panfilo Castaldik eta Herbeheretan Laurens Costerrek. Eta, hala ere, Txinan, XI. menderako, abian ziren tipo mugikorrak erabiltzen zituzten inprentak.

Bi Sheng Txinan jaio zen 990. urtean, eta tipo mugikorren asmatzailetzat jotzen da. Hasieran, orrialde osoak egurretan zizelkatuta inprimitzen zituen testuak. Hori ez zen berria; antzeko teknikak erabili izan ziren, esaterako, Antzinako Erroman. Baina hurrengo pausoa, letrak banan-banan egitea izan zen, eta letrak mugituta edozein testu osatzea. Egurraren ordez zeramika ere erabili zuen Bi Shengek.

Korean, XIV. mendean, mongoliarrek Jikji testu sakratu budistaren kopia bakarra erre zuten. Orduan, Goryeo dinastiako Choe Yun-ui ministroari Bi Shengen asmakizunaz baliatzea bururatu zitzaion. Asmakizun txinatarrari txanponak egiteko erabiltzen zuten teknika erantsita, metalezko tipo mugikorrak asmatu zituen eta, hala, 1377an Jikjia nahi beste aldiz kopiatu zuen inprenta berrian.
Gutenbergek liburuak inprimatzeko eta, hala, ezagutza zabaltzeko egindako ekarpena ezin da zalantzan jarri, baina berak ez zuen inprenta asmatu eta Biblia ez da inprimatutako libururik zaharrena, zenbaiti hori onartzea kostatu arren. Unescok 2001ean aitortu zuen 1377ko Jikji korearra dela gordetzen den liburu inprimaturik zaharrena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!