Frantziako Legebiltzarrak dei egin dio Europari “harreman ekonomikoen estrategia aldatu” eta Txinarekin lankidetzak garatzera

  • 153 orrialdeko txosten bat kaleratu du parlamentuak. AEBak ez ditu apenas zuzenean aipatu, baina horretarako "ikuspegi atlantista" terminoa erabili du: "Europak darabilen ikuspegi horrek gerra-komertziala ekarri du Europaren eta Txinaren artean, ageriko kalte eta ondorio pozoitsuak eraginda, eta bien arteko elkarrizketak gaiztotuta (...) Etorkizunean lankidetzak abiatu beharko lituzkete Frantziak eta Txinak".

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2025eko uztailaren 14an - 10:45
Azken eguneraketa: 12:23
Xi Jinping eta Emmanuel Macron, iazko maiatzean Parisen, bilera bat egiten. Hitzeman zuten ahaleginak egingo zituztela "balizko Gerra Hotz berri bat" saihesteko. Handik bost hilabetera, AEBetan Donald Trumpek irabazi zituen hauteskundeak, eta estrategiak eta aliantzak nahasi. Xishua News
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezkerreko zein eskuineko prentsa egurra ematen ari zaio txostena sinatu duen batzordeburu eta Frantzia Intsumisoko alderdikide Sophia Chikirou diputatuari. Le Monde egunkariak, esaterako, titularrera eraman du balorazioa: "Asanblada Nazionalean, Sophia Chikirousen txosten lotsagarria Txinari buruz".

Albisteak arrazoi du ondorengo lerroetan: Frantziako Gobernuarengandik oso urrun dagoen jarrera agertu du txostenak. Europari "biraketa estrategikoa" eskatu dio legebiltzarreko batzorde horrek. Are, oroitu du nola Txina "etsai sistematiko" gisa izendatu zuen Europako Batzordeak 2019an, eta bereziki ordutik, lankidetzarako aukerak itxita, estatukideen egonkortasun ekonomikoa kalteturik irten den. 

Txostenean azaltzen da Frantziak, askotan, "interes amankomun gehiago" izan ditzakeela Txinarekin Europako beste edozein estatukidek baino, eta, beraz, estrategiek horri gehiago begiratu beharko lieketela. Horrez aparte, Txina interesatuta legokeela uste dute. Izan ere, Frantzia lehenbizikotariko herrialdea izan zen Txinako Errepublika Popularra herri gisa aitortzen, eta hamarkadatan lankidetza ekonomiko ugari zabaldu zituzten bi herrialdeek. Hori guztia iraultzen hasi zen, txostenaren esanetan, Europako Batasuna ondo gorpuztu, egonkortu eta negozioak egitera Atlantikoaren bestaldera mugatzen hasi zenean; eta azken urteetan indartu egin da norabidea, txostengileen esanetan.

Txostenak iradokitzen du beste aldera mugitzeko tableroa. Europari egiten dio dei horretara, baina Frantziako Legebiltzarreko txosten bat izanik, legebiltzarra gobernuari eta Emmanuel Macron lehen ministroari zuzentzen zaie, haiek gero Europa mugiarazteko. Txostengileen esanetan, "etorkizunean lankidetzak abia ditzakete Frantziak eta Txinak, bientzat onuragarri izateko moduan, hala nola espazioaren arakatzean, ikerketa zientifikoan, unibertsitateetan eta trantsizio digitalean". 


Frantzia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.