Bizkor zakartu da itsasoa Japonia eta Txina artean

  • Taiwani ezer gertatu gabe ere, gerta dakioke zerbait, txarra, Japoniari Txinarekin. Kitatu gabeko kontu gehiegi dituztelako iraganean.

Japoniako lehen ministro Takaichi Sanae eta Txinako presidente Xi Jinping. Txinako Kanpo Harremanetarako Ministerioa.

2025eko azaroaren 18an - 11:16
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Duela lau aste Sanae Takaichi Japoniako lehen ministro bihurtu zenean igarri zitekeen ez zela izango albiste baikorra Txina eta Japoniaren arteko harremanen gozotasunerako. Takaichik zekartzan irizpide politikoak, Komeitoren ordez gobernukidea Ishin alderdia izateak, eta biek ala biek Sanseito are ultraeskuindarragoaren hatsa kokotean edukitzeak hartara behartzen zuten pronostikoa.

Baina aitortu beharko da ezkorrenon pronostikoak ere motz utzi dituela errealitateak. Agian, ezkortasun hori bera izan da krisiaren elikatzaileetako bat: “Has gaitezen lehenbailehen...”. Krisia, hamarkada askotako mingotsena, baita azaroaren 7az geroztik harrotu dena.

Formalitate hutsekoa, baina esanguratsua, izan zen lehen abiapuntua: Takaichi ez zuen zoriondu Xik, baizik Li Qiang lehen ministro txinatarrak. Formalki parekidea zuenak; baina beste askotan ez da hala izaten. Edonola ere, Takaichi eta Xi Hego Korean elkarrizketatu ziren urriaren 31n; erretolika diplomatikoa bai, edukirik apenas. Kolorerik ere ez, hiru egun lehenago japoniarrak Trumpekin izan zuen hartu-eman koipetsuaren aldean.

Krisia, ordea, ondoren piztu da. Kontuak (zuzen ala oker, geroak esango du) aterata edo atera gabe, dragoiari kilimak egiten hasi da Takaichi. Mundu guztiak (baita Trump traketsak berak ere; ez zuen gaia aipatu Xiren aurrean Busanen) Txinarentzat marra gorri-gorria dela badakien horretan: Taiwan. Hutsala ez den ñabardura baitu gaiak: Japoniaren mende egon zen Taiwan 1895-1945 bitartean. Indarrez. Bi herrialdeen arteko azken guduen ardatzeko bat da irla.

Azaroaren 7an adierazpen sukoia egin zuen Takaichik Japoniako Dietan: Txinak Taiwanen indar militarra erabiltzea, edota itsas blokeoa ezartzea, Japonia erantzutera behartuko lukeen “biziraupena mehatxatzen digun egoera” izango litzatekeela zioen. Hau da, Japoniako Konstituzioaren arabera, Japoniako “autodefentsa” indarrek herrialdetik kanpo esku hartzea zilegitzen duen kasu bakarra. “Taiwani zerbait gertatzen bazaio, Japoniari gertatzen zaio” deritzon doktrinaren aldaera oldarkorrena zen.

Hala ulertu zuten bertako oposizioko indarrek eta, zer esanik ez, Pekinek. Baina deliberoz esana zela erakutsiz, Takaichik entzungor egin die hitz horietan atzera egiteko eskaera guztiei. Eta horrek sutu du benetako krisia.

Hitzezkoa, bai, lehenik. Baina ez nolanahiko hitzak: “Txinako barne-arazoetan sartzen bada” berealdiko jipoia jasoko lukeela esan diote Japoniari bozeramaile ofizial txinatarrek. Eta hitzak egintzen laguntzaz hobeto ulertzen direlakoan edo, gerraontziak bidali ditu Japoniarantz Pekinek. Sutea ez da, ordea, baretu: elkarren arteko bidaiak eta turismoa uzkurtzeko fasea jarri da abian ondoren. Kalte ekonomiko serioak erakar ditzake horrek. Baina askoz larriagoak izan daitezke horiek, batez ere aintzat hartzen badugu Japoniarentzat Txina dela, luzaz, lehen inportazio-bazkidea eta bigarren esportazio-bazkidea.

Taiwani ezer gertatu gabe ere, gerta dakioke zerbait, txarra, Japoniari Txinarekin. Kitatu gabeko kontu gehiegi dituztelako iraganean.


Eguneraketa berriak daude