"Indigenok ez gara arazoa, zibilizazioa gara"

  • Nekazarien eta indigenen Comité de Unidad Campesina (CUC) erakundeko buruzagia da Daniel Pascual (Zacualpa, Guatemala, 1971). Maia Koordinakunde eta Elkargune Nazionaleko arduraduna eta Via Campesinako Guatemalako koordinatzaile ere bada. Transnazionalen ustiaketa proiektuen aurkako borrokan nabarmendu da azken urteotan, eta gobernu neoliberalistaren bilakaera autoritarioa salatzera etorri da gurera.

“Gerrilla ezkerraren abangoardia moduan sortu bazen ere, elementu indigena ez zen eurentzat erakargarria” (Argazkia: Aritz Loiola)

CUCen sorrera 1960-1996 urte arteko gerran kokatzen da. Nola sortu zen?

Prozesu demokratikoa egon zen Guatemalan 1944an. Nekazaritzan eta ekonomian aldaketa handiak egiten saiatu ziren orduan, baita gizartean, hezkuntzan, osasunean... AEBek ez zituzten aldaketok ontzat eman eta 1954an estatu kolpea eman zuten. Horrek soldadu eta herritar asko sutu zituen. Gainera, 60ko hamarkada hasieran Guatemalan mertzenarioak entrenatzen ari ziren, Kuba inbaditzeko. Ondorioz, ofizial gazte batzuk matxinatu eta mendira jo zuten. Haiek sortu zuten FAR, lehenengo gerrilla. Gogor jazarri zuten FAR, ia suntsitzeraino. Kide askok erbestera jo zuten baina gerora itzuli eta hiru gerrilla talde berri sortu zituzten. Eliza katolikoan ere askapenaren teologia indartsu zegoen, kooperatibak sortu ziren... Testuinguru horretan sortu zen CUC erakundea. 1976ko lurrikarak CUC-i indar handia eman zion, borroka azkartuz, agerian geratu baitzen pobrezia eta jendearen babes falta.

Nola bat egin dute indigenek bertako borroka sozial eta politikoetan?

Erresistentzia indigena beti egon da Guatemala eta Mexikoko maia inguruetan. Horren adibide dira Atanasio Tzul maia buruzagiaren 1820ko matxinada edo 1847ko Yucatango kasten gerra. Indigenen askapen nahia betidanik egon da. Bi borrokek, sozialak eta indigenak, 70eko hamarkadan egin zuten topo. Gerrilla sortzean, indigena askok honekin bat egin zuten hainbat arrazoirengatik: estatu kreole burges kapitalistak indigenekiko zuen bazterkeria eta arrazakeriagatik, eta haren monokulturalismoak herriak suntsitzen zituelako. Sektore indigena zabalek estatu horren aurka armak erabiltzea onartu zuten justizia bilatzeko muturreko era legez, eta hainbat agiri atera zituzten 1970ean, gerrillak indigenen aldarrikapenak kontuan har zitezen eskatzeko. Gerran parte hartze aktiboa izan zuten eta indigenak nabarmentzen hasi ziren gerrilla taldeen buruzagitzetan. Horrek ekarri zuen gerrillak gai honetaz hainbat gogoeta egitea.

Gogoetak zuzenak ziren?

Tamalez, zenbait liburu agertu ziren ‘arazo etniko-nazionalaz’, baina guk beti esan dugun moduan indigenok ez gara arazoa, zibilizazioa gara, dagozkion elementu guztiekin. Badugu mundu ikuskera berezkoa, espiritualitate ez erlijiosoa, energien konexioaz diharduena, gizakion eta unibertsoaren artekoa, lurraren eta elementuen artekoa. Egiazkoa dela frogatu da gainera, baieztatu baita eguzkiak lurrean eragiten duela, elkarri lotuta daudela lurra eta izaki guztiak.

Nola jaso beharko litzateke indigenen ikuspegia egungo Guatemalan?

Batetik, antzinatik datozen autoritate indigenak, gure legeak, oraindik ez daude jasota, Guatemalan ez dago aitortuta aniztasun juridikoaren existentzia. Bestetik, lurraldeak aitortzea dugu beharrezko, ez soilik ekoizpen terminoetan, bertan errotu eta loratu baitira arbasoen jakinduria, ohiturak, tradizioak, elikadura, oihalak, harremanak, arteak... Turismorako erabiltzen dituzte, baina ez dute onartzen gure kulturak espiritualitateari dagokionez egindako ekarpena. Maien egutegia da horren adibide: bere zehaztasuna goraipatzen dute turistei saltzeko bakarrik. Gure hizkuntzak, hizkuntza moduan aitortuak izan daitezen nahi dugu. Ondasun handia dira beren dialektoen aberastasunagatik. Asko dago egiteko, estatuak ez baitu bere baitan onartzen aberastasun hori. Orain, gainera, lurrak korporazioei esleitzen dizkiete, mineral, petrolio edo nekazaritza ekoizpen industrialerako.

Ustezko unibersaltasun monokulturalistari lotuak izan diren frantziar eta espainiar ezkerrei hizkuntzak mundu ikuskera dakarrela ulertarazteko borroka handiak izan dira hemen.

Gurean ere borroka latza izan da, gerrilla ezkerraren abangoardia moduan sortu bazen ere, elementu indigena ez baitzen eurentzat erakargarria. Ezkerraren hutsegite handia izan da, indigenok gehiengoa baikara Guatemalan —gehienak emakumezko eta gazteak—. Hala ere, ezkerrak bere programetan edo hautagaien aukeraketan ez du hori behar bezala islatu. Nekazal mugimenduan ere, oso ezkerreko foroetan, esan behar izan dugu kapitalismoaz harago, marxismoaren klase ikuspegiaz harago, jatorrizko herriak garela, naturari atxikiak, klima aldaketari eta garapen eredu honek ekarri digun zibilizazio krisiari konponbideak proposatzen dizkiegunak. Baina ezkerrak gehienetan eskuineko estatu burgesaren arauekin jokatu du garapenaren gaian.

Argazkia: Aritz Loiola

Guatemala korporazioen menpe dagoela salatu duzu.

Estatuaren zerbitzuen pribatizazioa ari da ematen, estatuak enpresen menpe jartzen dira. Badakite planeta suntsitzen ari direla: mendietako meategiak, oihanak, muinoak... Ura gai kimikoekin nahasiz kontinentea suntsitzen ari dira. Ondasunak metatzeko helburua duen mentalitate handinahiarekin, milioika jende kontutan hartu ez eta genozidio eta gosete berriak sortzen ari dira. Bestalde, herri indigenak babesten dituzten legeak ezagutzen dituzte, baina arpilatzea zilegi bilakatzeko, legeak aldatu edo ez ikusiarena egiten dute.

Zeintzuk dira Guatemalan ustiaketa suntsitzailearen arduradunak?

Frantziako Perenco, Italiako Enel eta Espainiako Hidralia enpresak adibidez. Baina enpresen atzean nor dagoen ez dakigu. Esaterako, Real Madril taldeko presidente Florentino Pérezena da oihanak suntsitzen ari den ACS enpresa hidroelektrikoa. Jende zintzo eta ospe onekoa omen da, baina berez suntsitzailea da.

Zeintzuk dira egun Guatemalan dituzuen borroka nagusiak?

Arrazakeria, bazterkeria... aspalditik datozen egiturazko arazoak dira. Baina AEBekin sinatutako merkataritza librearen itunekin, 2005tik hona kontzesioen liberalizazio legeak ahalbidetu du bertan bizi diren herrien baimenik gabe lurrak transnazionalei ematea, meategi ustiaketetarako, proiektu hidroelektrikoak edo labore bakarreko proiektuak egiteko. Horrek giza eskubideen bortxaketak, komunitateen arteko gatazkak, atxiloketak eta abar ekarri ditu.

Zein izan da gobernuaren jarrera egindako protesten aurrean?

Protestak geldiarazteko salbuespen eta setio egoerak erabili ditu, eskubide konstituzionalak bertan behera utziz. Kongresuan lege berriak egin dituzte giza eskubideen bortxaketak legeztatzeko, protestak terrorismoarekin parekatzeko. Orain lurraren babesleak terroristak omen dira, desagerrarazi beharrekoak. Lege horiek eskuan, enpresariek abokatuak erabiltzen dituzte buruzagi indigenak kartzelatzeko, protestak geldiarazi asmoz.

Diktadura garaietako barne etsaiaren eta antikomunismoaren ikuspegia da?

Horixe bera. Manifestazioak sustatzen dituztenak estatuaren barne etsaiak dira, eta difamazioa leporatzen diete, estigmatizazioa xede. Jende xeheak ez daki gauza handirik eta sinetsi egiten diete, eta telebistan behin eta berriz komunismoaren mehatxua aipatzen dute.

Zuk zeuk pairatu behar izan duzu estigmatizazio hori.

Bai, gerran sarraski eta jazarpen handietatik ihes egin behar izan genuen familia osoak. Baita ondoren ere, okupatutako lurren alde gatazkan diren komunitateei laguntza emateagatik. Salaketak jaso ditut: hiriburuan egin genuen manifestazio batengatik, lurrak okupatzeagatik... 2013an atentatuak jasan nituen eta hedabideetan salatu nituen. 2011tik hona jazarpen izugarria jasan dugu: CUCeko kide batzuk hil egin dituzte eta sasifundazioek salatu egin gaituzte. Gorrotoa, arrazakeria eta xenofobia sustatzen duten taldeak dira, Ricardo Méndez Ruizen Terrorismoaren Aurkako Fundazioa kasu.

GAZTETATIK ENGAIATUA
“Kiché herrikoa naiz, maia familia nekazari batean sortua. Gaztetatik sartu ginen herri borroka sozialetan. Aita AEBetara joan ziren lehen atzerritarretako bat izan zen, 1978an itzuli zen. Garai hartan borroka ugari zeuden Guatemalan, aita izan zen hor sartzen lehena, baina haren eskutik familia osoa sartu ginen. Hiru neba-arreba galdu nituen gerran, eta bake garaian jazarpena ez da amaitu: hedabideetan seinalatu naute eta 2013an bi atentatu jasan nituen”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri indigenak
Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Ahots autoktonoak

Joan den martxoaren 23an, Seuil frantses argitaletxe ospetsuak abiarazi zuen literatur sail berri bat, “Ahots autoktonoak” deitua. Un livre dans ma valise (Liburu bat nire balizan) webgunean, Laurence Baulande sailaren zuzendariak azaldu zuen orduan egitasmoaren... [+]


Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik

Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.


2023-09-01 | Ilargi Manzanares
Haserrea piztu du Argentinako telebista batean bi indigenari emandako tratuak

Kantuta Killa eta Wari Rimachi, Ayllu Mayu Wasi komunitateko bi indigenari barre egin zieten Bien de mañana programan. Erasoak salaketa asko eragin ditu, eta programak barkamena eskatu behar izan du.


Eguneraketa berriak daude