Amari zor diot pasartea. Gaztelaniaz. Gasteiz erdialdeko familia batean gertatua omen zen; zehazkiago, ama baten eta alaba baten artean. Kontua da, halako batean, ama hura etxeko komun batean sartu zela eta bertako tapa altxatzean kaka arrasto nabarmena aurkitu zuela. Hogeitaka urteko alaba sartua omen zen komunean minutu batzuk lehenago eta, beraz, harena omen zen obra. Nolatan ez zuen garbitu galdetu zion amak alabari, eta gazteak erantzun omen zuen ea zertarako kontratatua zuten garbitzaile bat etxean. Zaplateko ederra eman omen zion amak orduan, bai eta hauxe esan ere: “Sekula ez dun inork hire kaka garbitzeko adina dirurik irabaziko”.
Tonu hezigarrian kontatzen du amak pasarte eskatologikoa. Eta, literaturarekin gertatzen den bezala, ez du aparteko muntarik kontatutakoa egiazki egia den ala ez: hagitz ongi funtzionatzen du istorioak.
Hamarkada pasatxo daramat lanean EHUn. Pentsatzekoa denez, maiz aski eraman izan nau fisiologiak komunera lanorduetan. Etxeko pedagogia ez da, nonbait ere, unibertsitate publiko honetara lerratu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.