Azkena ote?

  • Duela 80 urte, 1939ko urtarrilaren 28an, frantziar agintariek Kataluniako Pirinioetako mugak irekitzea agindu zuten eta hurrengo egunetan milaka lagun igaro ziren frankistengandik ihesi. “Erretirada” deitu izan zaio migrazio erraldoi horri. Ez zen lehen erretirada izan ordea… eta azkena ote?

1939ko otsailaren 4a. Emakumeak eta euren haurrak Kataluniako Pirinioetako muga igarotzeko zain. (arg: Manuel Moros)

Erretirada edo “atzera egitea” ez zen mugimendu berria Espainiako Gerra Zibilean. 1936ko uztailaren 18an hainbat militarrek estatu kolpe eman eta gerra sorrarazi zutenenik, errepublikaren aldeko askok herria utzi behar izan zuten frankistak etengabe aurrera zetozelako. Euskal Herrian, Irun izan zen exodo eta huste masiboaren lehen katebegia. 1936ko irailaren hasieran, hiria hutsik geratu zen jende gehienak Hendaian barrena ihes egin zuelako, frankisten hatzaparretatik alde eginez.

Zenbait hilabete geroago Bizkaiaren aurkako erasoaldian, milaka haur salbatu ziren itsasoz, Britainia Handira edo Sobietar Batasunera bidaiatuz. Horixe izan zen gero milizianoek eta gudariek egindako erbesteratzearen aurrekaria: “Ipar Frontea” bere osotasunean frankisten esku gelditzear zegoela egin genuen lehen “erretirada” euskaldunok.

Frankistak Kataluniaren jabe

Baina erbesteratzerik latzena gerra amaitzear zela gertatu zen, frankistak Kataluniaren jabe egin zirenean. Lleidatik Juan Yagüe eta Jose Solchaga jeneral frankistek Tarragona eraso ondoren, iparralderantz egin zuten, eta Bartzelona hartu ostean, Gironan barrena azken muga zanpatzeko asmotan zebiltzan. Erresistentzia handirik gabe, urtarrilaren 27rako Bartzelona hartu zuten frankistek; aurreko egunetan erbesteratzerik jendetsuenaren lekuko izan zen Konde-hiria. Gerra amaitu gabe zegoen arren –Alacant, Valentzia eta Madril oraindik errepublikarren esku zeuden–, frankistak Bartzelonaren jabe egin zirenean Errepublikaren behin-betiko porrota zela antzeman zuten gehienek.

Hiriburu horretan zeuden Errepublikaren aldeko hiru gobernuak: Espainiakoa –Juan Negrín Espainiako Ministroen Kontseiluko buruak eta Manuel Azaña Bigarren Errepublikako presidenteak ordezkatzen zutena–, Kataluniako Generalitatea eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Jose Antonio Agirrek une horietan Bartzelonan bertan gidatua. Horiek guztiek batera laga zuten Bartzelona eta muga alderantz egin zuten ihes, Figueresko (Katalunia) gotorlekura, Gorte errepublikarraren azken saio parlamentarioa egin ostean. Beraiekin, jendetzak segizio antzekoa egin zuen Ipar Kataluniara eta Frantziara pasatzeko. Oso ondo baitzekiten zein izango zen etsaiaren jokabidea sorlekuan geratzen zirenekin: nahiz eta jadanik jaun eta jabe izan, frankistek ez zioten sekula errepresio krudelenaren torlojua estutzeari utzi.

Argelès-sur-Mer. Hasierako kontzentrazio-esparruak hondartza hutsetan eraikiarazi zituzten frantziar agintariek 1939an, txarrantxa artean. Gerokoetan ere ez zuten askoz tratu hobea izan errefuxiatuek.

Bartzelona hartu eta hamar egunetara indarrean jarri zuten, “Erantzukizun Politikoen Legea”, 1936az geroztik erabiltzen ari ziren politika zanpatzaileak Espainiako lurralde guztietan eta bereziki Katalunian arautzeko asmoz. Gainera, nahiz eta erresistentzia handirik ez aurkitu, abiazio faxistak Bartzelona bonbardatzen jarraitu zuen, baita Figueres eta Puigcerdà ere, izua eta triskantza zabaltzeko helburuz. Milaka herritarrek jo zuten errepide eta trenbideetara, Gironatik Pirinioetako mugara iristeko asmoz. Aterpea hartu nahi zuten Fraternité Liberté Egalité lelo gorena zuen herrialde lagun horretan, baina Frantziako Estatuak ez zuen Espainiako Estatuko errefuxiaturik nahi.

Édouar Daladierrek gidatzen zuen frantziar gobernuak kanpotarrekiko harrera politika erabat aldatu zuen 1938. urtetik aurrera. Albert Sarraut Barne ministroak bultzaturiko hainbat lege eta dekreturen bidez, Indesirables deituriko atal zehaztugabean sartzen ziren kanpotarrak, errefuxiatuak, gorriak… jendilajea ziren Frantziako administrazioarentzat. Eta hara bertaratuz gero, kartzeletan edo atxikitze zentroetan sar zitezkeen kanporatuak izan arte. Beraz, 1936an eta 1937an ahalbidea izan zena –Frantzian ongi etorria izatea errefuxiatu lez–, ezinezkoa izan zen gerra amaitzear zegoenean. Egoera hartan, Espainiako Kanpoko Aferetako ministro Julio Álvarez del Vayok bere parekide frantziarra zen Georges Bonnetekin negoziatu zuen: 150.000 zibil, hots, adineko jendea, emakumeak eta haurrak Frantzian sartu ahal izatea eskatu zion. Baina frantziar agintariek ezetz esan zuten. Are gehiago, mugak itxi eta gogortu zituzten, baita mota guztietako jendarme eta soldaduak bidali ere, pasabideak zaindu zitzaten.

Urtarrilaren 28a: emakumeak eta haurrak lehenengo

Baina milaka ziren egoera oso larrian zeuden pertsonak, eta mugaren bazterretan gertatzen ari zenak amore ematera derrigortu zituen agintari frantziarrak. Urtarrilaren 28an emakumeak eta haurrek muga igarotzea onartu zuten. Aste bete geroago, otsailaren 5ean, Espainiako agintari politikoei eta milizianoei ireki zizkieten ateak. Egun hartako goizeko lehen orduetan, Alt Empordáko La Vajol herritik harago dauden portuetatik barrena erbestera igaro ziren Negrín, Azaña, Lluis Company Kataluniako Generalitateko presidentea eta Agirre lehendakaria bera. Hortik gertu, Le Perthusetik, Aresko lepotik eta Cerberetik milaka lagunek ere egin zuten ospa, orpoz orpo zituzten frankistei beldur.

Baina gizalegearen garaipena motza izan zen: alde batetik, Frantziako agintarien asmoa zelako errefuxiatu horiek lehenbailehen Espainiara itzularaztea; eta bestetik, prestatu zuten harrerak gutxi zuelako gizalegetik. Ekialdeko Pirinioetako prefetak, Raoul Dukowskyk, berehala eskatu zuen barruti horretatik kanporatuak izan zitezela. Perpinyàngo alkatea ere kexu zen errefuxiatuen uholdearekin: diputatu eskuindarrekin  batera “gorriz osaturiko jendaila” ahalik eta azkarren Espainiara bidaltzeko eskatzen hasi zen agerraldietan, komunikabideetan, baita Pariseko parlamentuan bertan ere.

Frantziako armada arduratu zen mugaz bestaldera igarotako jendetza antolatzeaz. Ahalik eta norbanako gehien Espainiara itzularazteko ahaleginak egin zituzten arren, emakume eta haurrei aukera eman zieten Frantzian barrena aterpeetan edo familien etxeetan geratzeko. Baina gizonezkoei gerra jarduna ezarri zieten. Bi hilabete geroago Francisco Franco diktadoreak gerra amaitzeko erabili zituen hitzak praktikara eraman zituzten: milizianoak desarmatu eta gatibu bilakatu zituzten.

Txarrantxak eta hondarra

Muga zeharkatutakoan, jendarmeek milizianoei armak kentzen zizkieten eta goitik behera erabat miatu. Ostean, kontzentrazio guneetara eramaten zituzten, Frantziako militarren zaintzapean. Lehenengo Lotsazko Eremuak sortu zituzten hondartzetan: Argelès-sur-Mer-en, Sain Cyprienen… Pixka bat geroago, Le Barcarèsen, ia 200. 000 miliziano eta gudari hartzeko esparrua jaso zuten. Inongo babesik gabe zeuden leku horietan, hondarra gainean eta azpian, itsasoa alde batean eta txarrantxak bestean, ortzi-mugan frantziar soldaduak baizik ez zituzten ikusten 1939ko otsailaz geroztik erretiradan joandakoek.

Nola liteke egungo Europan, orain dela 80 urteko “Erretiradan” migratzaileen eta errefuxiatuen aurka egin zen politika bertsua egitea?

Halako baldintzetan, agintari frantziarrek espero zuten azkar itzuliko zirela etorritako bidetik, baina usteak erdia ustel. Nahiz eta egoera latza izan, gehiengoak nahiago izan zuen hor segitu, Espainia frankistara bueltatu baino. Halabada, arazoa berehala sortu zen: Argelès, Saint Cyprien eta Le Barcarèseko esparruak jendez gaindituta zeuden, eta agintari militarrek Fagalden eta Menarden beste esparru bana atontzeari ekin zioten. “Zelaien Frantzia” deitu izan dena jaio zen.

Le Barcaresko ereduari helduz, inguruko departamentuetan zelai gehiago eraikitzen hasi ziren errefuxiatuak barneratzeko, epidemia bailitzan; horretarako militarren eremu zaharrak ere aprobetxatu zituzten. Nahiz eta Frantzian inongo deliturik ez egin, atxikitze erregimenean zeuden, Espainiara itzuli edo beste leku batera joan arte. Hasieran gainera, guneotan atxikita zituzten lagunek ezin zuten bertatik atera kanpoan lan egiteko; 1940tik aurrera eman zieten horretarako baimena.

Zelai bat Euskal Herritik lau kilometrora

Bram, Septfonds, Agda, Noé, Rieucros, Gurs, Rivesaltes… kontzentrazio-esparruak perretxikoen antzera sortu ziren denbora oso azkarrean, militarren ekimenez. Haietako bat, Gurs, Euskal Herritik oso gertu zegoen, Zuberoako Ospitalepeatik lau kilometro eskasera; hara eraman zuten euskaldunen gehiengoa, 6.000 lagun inguru. Baina beste zelai batzuetan ere pilatu zuten euskaldun mordoa, Bramera esaterako 1.000 lagun baino gehiago eraman zituzten.  

Erbestera bidean. 1939ko urtarrilaren 28an ireki zuten muga, eta milioi erdi pertsonak igaro zutela uste da.

Nolanahi ere, Gurseko kontzentrazio esparrua da euskal errefuxiatuen historiarekin gehien lotu izan duguna. Haren atzean bat egin zuten, batetik Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuei laguntzeko abian jarritako politika esanguratsuak, eta bestetik zelaien sistema hobeto antolatu eta kudeatzeko militar frantziarren asmoak. Perpinyàn aldean, Telesforo Monzon Eusko Jaurlaritzako Gobernazio kontseilariak errefuxiatuen aldeko ekimena abiarazi zuen, Leonardo Salazar, Andres Irujo eta Ander Bereziartuak lagunduta; hala, Gursen sorrera jauzi garrantzitsua izan zen euskaldun gehienak elkartu eta hauei laguntza bermatzeko.

Errefuxiatuak Euskal Herrira bueltan elkartzea zen asmoa eta agintari frantziarrekin negoziazioak izan zituzten, zelai berriak sortuz gero haietako bat Ipar Euskal Herrian bertan koka zedin. Jakina denez, ezinezkoa izan zen, tokian tokiko politikari batzuen oposizio irmoa izan zuelako egitasmo hark. Horien artean nabarmendu zen Jean Ybarnegaray diputatu baxenafartarra, Francoren zale amorratua eta geroago Vichyko gobernuaren ministro izango zena. Baina zapuzketa ez zen soilik kokapenarekin etorri: Gursera itxaropenez eta gogoz joan zirenak, nahiz eta Argelèseko zelaian baina hobeto egon, laster konturatu ziren Frantziako agintarien hitzak eufemismoak besterik ez zirela, eta hura ez zela “harrera zelaia” edo “milizianoen zelaia”, kontzentrazio esparru krudela baizik. Bigarren Mundu Gerrak are gehiago okertu zuen halako esparruen desbideratze errepresiboa, “heriotza zelaien” katean lotu baitzituzten.

Hori guztia jakinik, nola liteke egungo Europan, orain dela 80 urteko “Erretiradan” migratzaileen eta errefuxiatuen aurka egin zen politika bertsua egitea?

Ekitaldiak

1939ko “Erretiradaren” 80. urteurrena dela-eta antolatutako hainbat ekitaldi:

Arrasate. Otsailaren 7an, La Retirada-ren nazioarteko egunean,  Etorkizuna alanbre hesi artean erakusketa zabalduko eta De la Retirada a la Reconquista dokumentala emango dute Kulturaten.

Bordele. Otsailaren 8an, Sur les Travailleurs Forces Espagnols erakusketa.

Limòtges. Otsailaren 12an, Dans les camps dela Retirada 1939-1949 liburua aurkeztuko dute.

Paue. Apirilaren 1, 2 eta 3an Gurseko esparruari buruzko biltzarra Paueko Unibertsitateak antolatuta.

Oloroe-Donamaria. Apirilaren 5, 6 eta 7an jardunaldiak (Gursen ere bai) Terres de Mémoire(s) et de Luttes taldearen eskutik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude