EHUko euskarazko graduak ez dira euskaraz

  • Derrigorrezko ikasgaiak bai, horiek euskaraz dira, baina hautazko ikasgaietan ez da hala gertatzen. EHUren Leioako Campuseko euskarazko gradu guztien artean, hautazkoen %60 da euskaraz eta gainerakoak erdaraz. Hautazko guztiak euskaraz eskaintzen dituzten lau gradu baino ez daude. Ireki Lei(h)oa Euskarari ikasleen taldeak hautazko ikasgaien egoeraren inguruko ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin du. Ikasleek egiturazko hizkuntza zapalkuntza salatu dute, eta EHUri eta instituzioei ardura politikoak hartzea galdegin diete.


2025eko azaroaren 26an - 12:08
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2025/2026 ikasturteko euskarazko gradu guztiak aztertu ditu Ireki Lei(h)oa Euskarari Taldeak. Haien ustea berretsi da: “Euskarazko gradu” sailkapena duten graduetako ikasgai guztiak euskaraz eskaintzen dira, baina hautazkoak euskaraz izatea ez dago bermatuta. Taldeko kideek txostenean jaso duten balorazioan adierazi dute batez besteko ehunekoak (%60 euskaraz, %40 erdaraz) “errealitatea guztiz distortsionatzen duela”. Hau da, gradu bakan batzuk baino ezin dira euskara hutsean ikasi, hautazkoak ere euskaraz dituztelako. Bestalde, badira hautazkoen hiru laurdena baino gehiago erdaraz eskaintzen duten graduak. Adibidez, Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean kazetaritzan, ikus-entzunezkoan, publizitatean eta horiek barnebiltzen dituzten gradu bikoitzetan, hautazko denak eskaintzen dira euskaraz. Aldiz, egoerarik makurrena Arte Ederretako fakultateko ikasleek pairatzen dute, eta zehazki Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzea gradukoek: hautazkoen %14,3 baino ez dute jasotzen euskaraz.

Taldeko kideek txostenean azaldu dutenez, ikasleek egunero pairatzen dute “egiturazko indarkeria” eta egoera hori gatazka terminoetan ulertu behar da: “Borrokan gaudela ez onartzea errealitatea ukatzea baita”. Pentsamendu markoa aldatzea aldarrikatu dute, orain “marko asimilatzaile espainiarretan jolasten” ari direlako unibertsitatean. Jendarte espainolistak eta hainbat instituziok inposatzaile eta intolerante deitzen dietela salatu dute. Zapalkuntza egoera hori kontuan hartuta, taldeak ondorioztatu du EHUk ez duela hezkuntza duina bermatzen, zapalkuntzarik gabeko hezkuntza ez duelako bermatzen. Ikasle euskaldunen beharretara egokitutako hezkuntza eskatu dute.

Ikasle eta irakasleen testigantzak

Hainbat elkarrizketa sakonen bidez, egiturazko zapalkuntzaren hainbat gako atera ahal izan dituzte txostenaren egileek. Gako horien artean azpimarratu dute euskara “infantilizatzen” dutela EHUn eta “akademikoki gutxiesten” dutela. Zapalkuntza normalizatuta dagoela adierazi dute testigantzek eta adibideak eman dituzte, besteak beste, euskarazko eskoletan gaztelaniaz aritzea eta azterketa gaztelaniaz egiteko aukera ematea. Unibertsitateak duen nazio ikuspegia ere salatu dute. Argitu dute hautazkoa euskaraz ezin bada egin, gaztelaniaz egitea dela ematen duten aukera, eta txostenaren egileen ustez, horrela jokatzeak erakusten du Ipar Euskal Herria ez dela kontuan hartzen. Azpimarratu dute “hegoaldean kokatzen den, baina Euskal Herri osoari erantzuten dion hezkuntza zentro publikoa” dela EHU.

Irakasleen jarrera desberdinak ere jaso dituzte txostenean: batzuek jarrera ezkorra azaltzen dute, eta beste kasu batzuetan, berriz, irakasleen ahalegin boluntarioari esker eskolak euskaraz jasotzeko aukera izaten dute. Taldeko kideek aitortu dute hautazkoak euskaraz ez badaude, aukeratu beharrean izaten direla: edo euskarazkoen artean hautatu euskaraz egiteagatik edo gustuko ikasgaia hautatu, baina gaztelaniaz egin. Euskarazko hautazko batzuen kalitatea ere zalantzan jarri dute: “Euskaraz eskaini behar diren ehunekoa hainbat fakultatetan bermatua izan zedin, euskara sailak sortutako euskara ardatz dituzten hautazko antzuak sortu izan dira eta, horiek, euskarazko ehunekoak hobetzeko plan estrategiko bati soilik men egiten diote. Kanpora begira egoera positibotzat ikus zedin”.

Leioako campuseko hautazkoen batez bestekoa, euskarazko graduetan:

 Ireki Lei(h)oa Euskarari Taldea.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatea:

Hezkuntza fakultatea: 

Arte Ederren fakultatea, batez bestekoa:

 Arte Ederren fakultatea, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzea gradua:

 

Lan Harremanen fakultatea:

Zientzia eta Teknologia fakultatea:

Medikuntza fakultatea:

 Zuzenbide fakultatean gradu bakarra ematen da eta zortzi hautazko eskaintzen dira. Horietatik bost egin daitezke euskaraz. Beraz, hautazkoen %62,5 eskaintzen da euskaraz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.