Pirinio Atlantiarretako departamenduko Laborantza Ganberako bozketa garaia dela eta, Ipar Euskal Herriarentzako egitura publiko propio baten eskaera plazaratzen ari da ELB sindikatua. Eskaera baino gehiago, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Arrapitz federazioarekin batera marrazturiko Laborantza eta Elikadurarako Egitura Publikoaren proposamena du esku artean. Aurkari duen FDSEA sindikatuak haatik, ez du erakunde berri horren beharra ikusten.
Otsailaren 6an jakinen dira Frantziako Estatuan sei urtero egindako Laborantza Ganberetako bozen emaitzak. Anartean, sindikatuak kanpainan dira eta laborariek urtarrilaren 31 arte dute bozkatzeko. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako laborariek departamenduko Laborantza Ganberarako aulkien osaketa bideratuko dute, Biarnoko nekazariekin batera. Aulkien osaketa bideratuz, lurralderako laborantza eredua dute hautatzen bi modelo antagonisten artean.
Gune horrek ez du ordea Ipar Euskal Herriko lehen sektorearen errealitatea islatzen: 2013ko emaitzei segiz, ELB Lapurdi eta Nafarroa Beherean lehen indarra izanda ere –Zuberoako emaitzak ezin jakin, Biarnoari loturik izaki–, departamenduko emaitzek finkatzen dute aulki banaketak, hots, FDSEAk ditu betidanik giderrak atxikitzen. Are gehiago, bozka sistema erdi-proportzionalarengatik, ELB zein Coordination Rurale ez dira terrenoan duten pisuaren arabera ordezkaturik. Aulki kopuruaren erdia gehi bat lehen indarrarentzat dira eta gelditzen direnak guztien artean proportzionalki banatzen dira: Hamasei aulki ditu gaur egun FDSEAk, ELB eta Confederation Paysannek lau eta Coordination Rurale-k bakarra –ikuspegi eta egitasmo alternatiboei tokirik ez zaienez uzten, 2001etik 2013ra aulkiak hutsik mantentzeko hautua egin zuen ELBk; azken kargualdian haatik, ordezkari bakarra bertaratu ohi du–.
Nagusitasuna duen sindikatuaren arabera dabil aitzina, beraz, departamenduko Laborantza Ganbera. Hori problematikoa da, Biarnoan eta Euskal Herrian ez baita laborantza mota bera. Salbuespenak salbuespen, Biarnokoarekin alderatuz, mendi aldekoa eta etxalde ttipi zein ertainez osaturikoa da Euskal Herriko laborantza. Bertako etxaldeen %80 dira kalitatezko desmartxa batean.
Intentsiboaren babesle
Neke zaio hori onartzea ELBri, ondorioak larriegiak dituelako. Laborantza herrikoiaren alde ari da hau, FDSEA ordea laborantza industrialaren alde. Etxalde ttipi eta ertainen ahotsa izan nahi du ELBk, FDSEA berriz zerealista zein ekoizle handien zerbitzuko izan ohi da. Alta, laborantza guztiak laguntzeko hor direla diote FDSEAko ordezkariek, ELBkoek gezurtatzen duten adierazpena. Egia ala gezurra, kontua da objektiboki, ezinezkoa dela bien laguntzea, laborantza intentsiboaren alde egiteak laborantza ttipia hiltzen duelako. Hori horrela da eta adibide gehiegi ditugu gure inguruan hori baieztatzeko.
Axola hori zuten parte handi batean Ipar Euskal Herrirako Laborantza Ganbara propioaren eskakizunaren oinarrian ELBko kideek. Hamarkadaz hamarkada, hauteskundez hauteskunde, aitzina eramandako aldarrikapena eta duela hamalau urte Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) sortuz bete nahi izan zutena. Lehen aldikoz Ipar Euskal Herriko lehen indarra izan zen 2001ean ELB eta Frantziako Gobernuak egitura propioren eskakizun zaharrari ez zionez baikorki ihardesten, haien eskutik sortu nahi izan zuten 2005eko urtarrilaren 15ean. Auziz auzi, trabaz traba aitzina segitu eta paisaian ontsa kokaturik da elkartea, laborantza herrikoiaren alde ari diren eragile nagusien artean. Laborari, kontsumitzaile, egitura publiko zein elkarte, edozeinen partaide izaten lortu du hori. Gazteen instalazioari buruzko zenbakia da horren erakusle: bai ala bai departamenduko egitura publikotik pasa behar izaten du etxalde batean plantatzen denak. Azken zifrei segi, hauetako %44k dute ondotik EHLG elkartera jo instalaziorako laguntza eske.
Biarnoan eta Euskal Herrian ez da laborantza mota bera. Salbuespenak salbuespen, Biarnokoarekin alderatuz, mendi aldekoa eta etxalde ttipi zein ertainez osaturikoa da Euskal Herriko laborantza; haietako %80 dira kalitatezko desmartxan
Baina ez da erakunde publiko... eta defenditzen duen eredua departamenduko egitura publikoak ez du hein berean laguntzen. Tokiko errealitateari erantzungo liokeen tresna baten aldarria mahai gainean da, beraz, berriz ere: Laborantza eta Elikadurarako Egitura Publikoaren proposamena zabaltzen dabiltza ELB, EHLG baita Arrapitz federazioa. Laborantzako sektoreko eragile guztiez (ELB zein FDSEA, Euskal Herriko Laborantza Ganbara zein departamenduko Laborantza Ganbera,...) baita hautetsi eta jendarte zibilaren ordezkariez osatuko litzatekeena: “Laborantzaren gaia denen ardura delako”.
Testuinguru berria
Proposamena orain plazaratzea ez da erabaki hutsala. Azken urteetan eta datozenetan, lurralde antolaketan izandako aldaketak kontuan harturik, egitura lortzeko garai egokia iduritzen zaie. Batetik, Euskal Hirigune Elkargoa 2017an sorturik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen instituzioa hor da, garapen ekonomikoari bideratu eskumenean laborantza txertaturik gainera. Funtsean, Pauen lortuko dituzten aulkiak hutsik utziko ditu berriz ere ELBk, koadro instituzional propioa duelako orain Ipar Euskal Herriak eta hau delako bere lan esparrua.
Gainera, arlo sozialean duen eskumenaz aparte, departamenduak geroz eta pisu gutiago ukanen duela sendi da. Laborantza Ganberei doakienez, eskualde mailan antolatuko dira geroz eta gehiago, ordezkaritzak ukanen dituztela tokika, harreman zuzena mantentzeko. Departamenduko Laborantza Ganberak Donapaleun ireki adarra daukate FDSEAkoek lotura hori segurtatzeko gune gisa: “Donapaleuko toki hori azkartu dugu, nahi dugu oraino gehiago azkartu, hori da Euskal Herriko Laborantza Ganbara ofiziala eta Euskal Hirigune Elkargoak hori behar du ezagutu, bihar hor beharko dugu denek lanean ari izan”, zioen Patrick Etxegarai FDSEAren hautagaietako batek, Euskal Irratiek eta Kanaldudek antolatu eztabaida publikoan [Argia.eus-eko multimedia atalean ikusgai]. Baina, ordezkaritza erdi-proportzionala dela eta, alde bakarrera doan laborantza politika garatzea deitoratu zion Beñat Molinos ELBkoak. “Departamenduko Laborantza Ganberaren finantzamendua denek pagatzen dugu, aurrekontuaren %60 lur-zergetarik duzue! Hori alde batera doan politika bat plantan ezartzeko, bestea kontutan hartu gabe”.
Hori horrela, egitura “ahal bezain irekia” izan beharko duela gogoan harturik, osaketa anitza dute marrazturik sustatzaileek: laborantzako sektoreko eragile guztien presentziaz gain, hautetsi eta jendarte zibilarena ere bai. Tokiko laborantza eta elikadura politika gogoetatzeko eta erabakitzeko orduan, Euskal Elkargoaren mintzakidea litzateke egitura berria.
Proposamena Parisera
Proposamena eragile ezberdinei aurkezturik, ahal bezain fite egina ikusi nahi lukete. Baina, Euskal Herriko eragileen adostasuna ez da nahikoa izanen, horrelako egiturarik ez dagoenez gero, legea moldatu beharko delako. Hots, Parisen nahikeria ezinbestekoa izanen dute, benetako egitura publiko izateko bidean.
Eskakizuna Emmanuel Macron Frantziako presidentearen kontseilariei aurkeztu berri die Jean-René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak. Dudarik gabe, egitasmoaren sustatzaileek begi onez ikusiriko urratsa. Itxaropentsu izaten segitzen dute ELB, EHLG zein Arrapitzekoek: Parisen baimena ukan bitartean, gaurdanik has daitezkeelako horrela antolatzen eta Euskal Hirigune Elkargoaren mintzakide izaten.
Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika daitezke gako berberak: 1/ Nafarroako Aldizkari Ofizialean proiektuak... [+]
Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]
Zazpi lagun auzipetu dituzte Hazparneko Puyo agentziaren okupazioagatik. Aiherrako Etxexuriaren salmenta salatzeko ekintzaren harira epaituko dituzte irailaren 30ean. Elkartasunez, mobilizazio eguna muntatu da irailaren 27an.
Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen, baina kanpora saltzen genuen, eta gauzak beste modu batean egiteko gogoz, bide... [+]
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Irulegiko arnoaren sindikatuak antolaturik, Irulegiko arnoaren sormakaren besta ospatuko da buruilaren 14an, igandearekin, Irulegin. Mahastia, arnoa eta tokiko kultura uztartuz, egun osoan animazioak.
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]
Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile auzipetuko dituztelako.