2023an Osakidetzan basektomia ebakuntza egiteko izapideak hasi zituen Ibon Urizar Oleagak. Ebakuntza “azkar” egingo ziotela agindu bazioten ere, bi urtera jaso zuen deia. Zerbitzua “bertan behera” geratu dela eta oraindik basektomia egin nahi izatekotan, Quiron klinika pribatura “deribatuko” zutela esan zioten. Itxaronaldi luzea eta ondorengo “pribatizazioa” salatu ditu Urizarrek. Osakidetzak ukatu egin du zerbitzua “bertan behera” geratu denik, baina azaldu du itxaron zerrenda “oso luzea” denean “zentro kontzertatuetara” bideratzen dituela ebakuntzak.
Bi urte direla, 2023ko irailean, familia medikurengana jo zuen Ibon Urizarrek Gasteizen, basektomia egiteko asmoz. “Prozedura erraza eta azkarra dela esan zidan, eta azkenaldian jende askok eskatzen zuela ebakuntza”, azaldu du Urizarrek. Familia medikuak hitzordua eskatu zion AUOko (Arabako Unibertsitate Ospitalea) urologia zerbitzuan, eta irailaren 28rako eman zioten zita. AUOko erizainak ebakuntzarako urratsak azaldu zizkion, eta “berehala” ebakuntza aurretiko probak egiteko deituko ziotela adierazi. Urrian egin zituen aipatu probak: “Elektroa egin zidaten, hainbat galdera erantzun nituen... gutxi gora behera hilabeteko epean deituko zidatela azaldu zidaten, ebakuntza egiteko. Gabonetarako basektomia eginda izango nuelakoan irten nintzen”. Baina dei hori ez zen heldu, ez hilabeteko epean, ez ondorengo hilabeteetan ere.
Urtebete igarota, familia medikuarengana jo zuen Urizarrek berriz, zer gertatzen zen jakin nahian. “Medikua harrituta geratu zen, ordenagailuan begiratu eta itxaron zerrendan nengoela ikusi zuen, itxarotea erabaki nuen”. Beste hainbat hilabete pasa, eta oraindik ere deirik jaso ez zuela ikusita, 2025eko maiatzean familia medikuarekin hitz egin zuen berriz ere, ordurako gogaituta zegoela. “Familia medikuarekin bi ate jotzea adostu genuen: batetik, berak zuzenean deituko zuen urologia zerbitzura, nire kasuaz galdezka; bestetik, ni pazienteen arreta zerbitzura joango nintzen”. Urizarren esanetan, bulegoa Santiago Ospitalean duen arreta zerbitzuan “harriduraz” hartu zuten basektomia horrenbeste luzatu izana, baina, aldi berean, “ez zitzaien asko gustatu” bere kexa. “Esan zidaten basektomia ez dela ebakuntza urgentea, aurretik tumoreak eta beste gaixotasun batzuk zeudela, eta itxaroteko lasai, zerrendan nengoela eta”. Hilabete batzuk gehiago pasa ziren, eta, azkenik, 2025eko abuztuaren 22an, jaso zuen Urizarrek Osakidetzaren deia. Baina ezusteko albistea eman zioten.
"Orain zer egin behar dut? Egiten badut, herritar guztion artean ordainduko didate ebakuntza, pertsona baten negozio pribatua aberasteko” (Ibon Urizar)
Deribazioa ala pribatizazioa?
“Sentitzen dut, baina basektomia ebakuntzaren zerbitzua bertan behera geratu da” esan zion Osakidetzako langileak Urizarri, azken honen esanetan. Hitz horien esanahia argitu nahi izan zuen Urizarrek, harrituta. Bertan behera gelditu izanaren ondorioak zer diren galdetu eta ondorengoa erantzun zioten: "Deribatu egiten da zerbitzua Quiron klinikara. Alegia, Osakidetzak jada ez du zerbitzua ematen oraingoz, eta Quironen egin behar da. Orduan, esan behar didazu deribazioa onartzen duzun edo ez”. Erantzuna entzunda, “barru-barrutik” atera zitzaion komentarioa Urizarri: “Langileari esan nion, ‘Aizu, iruditzen zait deribazioa esaten duzunean pribatizazioa esan nahi duzula’; eta oso jator erantzun zidan, ‘Bai bai, zuk diozun moduan izan daiteke, niri hitz hau jarri didate eta horrela azaldu behar dut’”.
Urizarrek basektomia Quironen egin ala ez “pentsatzeko” denbora eskatu zion telefonoz bestaldean zegoen Osakidetzako langileari. “Kontua ez da horrenbeste ea bi urte geroago ebakuntza egin nahi dudan ala ez, kontua da publikoan egin nahi dudala”. Irailaren lehen astean berriz deituko ziotela adostu zuten, eta horrela egin zuen langile berberak, Urizarrek gogoratu duenez: “Zoritxarrez esan behar dizut egoera berdinean gaudela. Pentsatu duzu zer egin?”, esan zion. Urizarrek informazio gehiago eskatu zion, baina langileak erantzun zion ezin ziola eman: “Ez digute esan zerbitzua bueltatuko den ala ez, baina momentuz bertan behera jarraitzen du”.
“Haserre nago, atsekabetuta, babesgabetasun sentsazioa dut. Orain zer egin behar dut? Egiten badut, herritar guztion artean ordainduko didate ebakuntza, pertsona baten negozio pribatua aberasteko”, adierazi zion Urizarrek langileari. Osakidetzan salaketa aurkeztuko zuela jakinarazi zion. “Esan zidan ulertzen ninduela, salaketa jartzeko eskubide osoa nuela eta horretara animatzen ninduela”.
Zer egin erabaki gabe jarraitzen du Urizarrek: “Basektomia egin nahi dut, baina ez baldintza horietan. Ebakuntza azkar egingo zidatela agindu zidaten, eta bi urtez itxaroten egon ostean, zerbitzua pribatizatu dela esan didate. Beste zerbitzu publiko bat moztu dute osasun zerbitzu publikoan. Haserre nago, eta triste”. Urtarrilean berriz ere deituko diote Osakidetzatik, galdezka.
Osakidetzak ARGIAri azaldu dionez, esperoan dagoen herritar kopurua “oso handia” denean Quiron moduko “zentro kontzertatuetara” bideratzen dituzte pazienteak, itxaron zerrenda “arindu” nahian
Osakidetzaren erantzuna
ARGIAk Osakidetzan galdetu du basektomia zerbitzuaren egungo egoeraz. Urologia programazio zerbitzuko telefonoan galdetuta (Urizarren esanetan, bertatik jakinarazi diote zerbitzua “bertan behera” utzi duela Osakidetzak), adierazi dute ezin dutela informaziorik eman.
Osakidetzaren komunikazio zerbitzuan galdetuta, basektomia ebakuntzak “egiten jarraitzen direla” ziurtatu diote ARGIAri, baina esperoan dagoen herritar kopurua “oso handia” denean Quiron moduko “zentro kontzertatuetara” bideratzen dituztela pazienteak, itxaron zerrenda “arindu” nahian.
Uda sasoian hamalau egunetan baino ez dute medikurik izan herrian, “inoiz baino jende gehiago” biltzen den egunetan, hain zuzen. Osakidetza “gainbeheran” dagoela salatu du udalak, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.
Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]
Demagun zure laneko giroa kaxkarra dela. Lan gehiegi dago, baina ez da kontratazio berririk egiten edo, egiten bada, eskasa. Lankideen arteko harremanak ez dira batere osasuntsuak, eta mobbing horizontala eta bertikala edozein momentuan hedatu daiteke. Oso estres maila handia... [+]
Plataformak jakinarazi du Bidasoako ospitalean zerbitzua maiatzean itxi zenetik, Donostiako ospitalean ez direla "arreta egokia" ematen ari, kontsulta asko bertan behera uzten ari baitira "alternatibarik gabe". Maiatzean ESK sindikatuak salatu zuen larrialdi... [+]
Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan.
Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.
Aspaldian Irunen ikusi den manifestaziorik jendetsuenetakoa izan da larunbatekoa, Bidasoako ospitaleko zerbitzuak desegitearen aurka. Besteak beste, larrialdi pediatrikoak, haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua eta urologia ezabatu dituzte, eta agerikoak dira ondorioak... [+]
Sindikatuak salatu du apiriletik ez dela haurrik artatzen larrialdietan. Ohartarazi du “aspalditik” ari direla zerbitzuak gutxitzen, ez bakarrik pediatrian. Maiatzaren 16an, 14:00etan, kontzentrazioa egingo dute ospitaleko sarreran.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra"... [+]
Bost hilabete pasatxo beteko ditu Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, eta martxorako bukatuta nahi zuten eztabaida prozesuaren helmuga bileraz bilera urruntzen doa. Ezarritako metodologiak, mahaira deitutako erakundeen zerrendak, kanpoan... [+]
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.
EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]