Kulturaren kaxak

  • Hitz lodi zaleak gara euskaldunak, gustatzen zaigu politika, gustatzen zaigu estrategia, iraganean galdu omen genuena etorkizunera proiektatzea, eta hura lortzeko urratsak aurrez ondo zehaztea. Kulturan ere halatsu, kinkan dela euskal kultura, gale edo gabe egiteko unea dela, eta sarri entzuten dugu “erreferente kultural berriak” sortzeko unea ailegatu dela. Eta segidan etorriko da aipaturik, nola ez, Ez dok amairu; gaitz guztien sendagaia.

Irudia: Maitane Gartziandia.
Irudia: Maitane Gartziandia.

Kulturaren zeraren zeraz ari garela, komeni da, nik uste, bereizketa bat behinik behin egitea. Gauza bat da sorkuntza eta bestea ondarea. Sorkuntza asimilatzen denean geratzen dena da ondarea. Ikastoletan irakasten digutena da ondare kulturala, konspiratzen aritzen garenean egiten duguna da sorkuntza. Bigarrenik gabe ez da lehenik (eta alderantziz), baina ez da harritzekoa gurean, kultura gutxitu-txikitu-menostu izatearen errealitatea (eta konplexua) gainetik ezin kendurik, batez ere ondare kontuekin ibiltzea kezkaturik: nola da posible nerabeek Mikel Laboa nor den ez ezagutzea? Egia da, esparru horretan ere larriki ahuldu gara azken urteotan, baina kultur esparru osoa ondarera mugatzeak ez dakar ezer onik.

Eutsi ezinezko tentazioa da pentsatzea erreferente kulturalak planifikatu daitezkeela, diseinatu, gaur egungo gazteei euskal kulturaren ziria oharkabean sartzeko. Alabaina, kultur dinamikek bezala historiak erakusten digute hori ezin dela hala egin, inolako adituk, kultur mahaik, think tank-ek ezingo duela ezer taxuzkoa sortu. Kultur-estrategek gauza asko dakizkite, nola ukatu hori; baina sortu, hori beste txakolindegi bat da. Iraganeko erreferentetzat ditugun horiek guztiak ez zirela horrela plazaratu ikustea besterik ez dugu. Ez dok amairu bera, egun hain kontsentsuzkoa, hain loriatua, hain politikoki zuzena den hori, jakina da disonantzia franko eragin zuela: gitarra espainola erabiltzen zutela bateko, epelegiak zirela besteko. Eta alderantziz, ezaguna da hamarkada batzuk lehenago saiatu zela Aitzol (estratega kultural behinena) euskaldunen kontzientzia piztuko zuen poema erdiesten Orixeren lumaren bidez. Hori izan zen Euskaldunak poemaren egitekoa, baina jakina da emaitza: inor gutxi akordatzen da gaur poemarekin, unibertsitateko satitsuren bat salbu.

Batzuek pentsatuko dute akaso zeinbaitoi eztabaidak kale-itsuetara eramatea gustatzen zaigula beti, eta galdetuko dute: ados, sormena, erreferente kulturalak, ezin dira planifikatu, baina orduan zer egin dezakegu? Zoriaren mende utzi dena ea sortzaile talentudunak lanean jartzen diren behingoz? Ez noski, lan handia egin daiteke; kontua da alferrikako eginahalean ez ibiltzea planifikatu ezin daitekeena fabrikatu nahian.

Kulturaren esparruan badago zer planifikatu eta sustatu, baina ezinezkoa da halakorik egitea sormen-praktiken dinamika propioa
kontuan hartzen ez bada

Bernardo Atxagak mende honen hasieran plazaratu zuen erresonantzia-kaxa kontzeptua. Euskaldunok erresonantzia-kaxa behar dugula zioen, bestela inork gutxik entzungo gaituela gure eremutxotik kanpo. Euskal kulturari dagokionez, badirudi EAEko egungo gobernuaren kultur politikak, inoiz-ez-da-berandu logikari jarraituz, ildo hori indartu nahi duela orain. Bingen Zupiria sailburuak horixe jarri zuen helburu nagusienekotzat kargua hartu zuenean, lengoaia ekonomizista txertatuta (inoiz ez dira falta kontsumoa, industria, eta abar), hori bai. Erresonantzia-kaxa zain dezagun, jakina, baina kulturak baditu ere beste kaxa batzuk, premia gorrian direnak orobat.

Erresonantzia egon dadin, bistan da, soinua egon behar aurrez, eta hala, sonantzia-kaxa ere zaindu behar dugu kultura bizi bat eduki nahi izatera. Estilo klasikoan esateko, sortzaileen baldintza materialak zaintzea, alegia, edo bestela esanda, sortzaileek bizitza bizigarri bat izan dezaten zaintzea. Horretan bai kabitzen direla estrategiak, planak, bosturtekoak, clusterrak eta bestelakoak, zeren, ondo dakigunez, ez da nolanahikoa euskal sortzaileen egoera prekarioa. Aspalditik salatu izan den kontua da, baina berriki Durangoko Azokan horrexetaz aritu ziren Maialen Errotabehere eta Ander Lipus. Planifikatu nahi duzuela, bada, baduzue zer planifikatu eremu horretan. Osatu sortzaile sare indartsu eta iraunkor bat, elkar lagundu eta sostengatzeko modukoa, produkzio erraztasunak jarri (Lipusek esan zuen, sortzaileaz aparte enpresari ere badela ezinbestez), sortzaileek beren denbora sortzeari eskain diezaieten eta ez kontu administratibo eta enparauei, egonaldiak eta sortze-espazioak hedatuz, eta abar. Sonantzia-kaxa trinkoa osatuta, erreferente kulturalak etorriko dira, berez antzean. Jakina, politiko kudeatzaileak, publikoa dena berea dela uste duenez, esango du, “bale, baina noiz bihurtuko dut errentagarri hori guztia? Nik emaitzak behar ditut: jaialdi bat, ikuskizun argitsu bat, jardunaldi ponposo batzuk, ez-dakit-zer-lab bat, basque- zerbait. Komunikabideak behar ditut nire bueltan dantzan, eta zuen kaxa horiekin, jai”.

Bestea da disonantzia-kaxa. Gai delikatua da, botereak –administratiboak zein bestelakoek– nahiago izaten duelako bazter utzi. Baina kultura bizi bat disonantziak dituena da, kontsentsuen mugak auzitan jartzen dituena, kultura beraren mugak bezalaxe. Gainera, arestian iradoki bezala, orain erreferentetzat ditugun kultura kontsentsuzko ugari disonanteak izan ziren iraganean: Ez dok amairu, Rock Radikal Vasco-a, Ustela eta Pott… Eta disonantziak eskatzen duena askatasuna da, espazio aske bat sortzaileak ahalik eta modu autonomoenean jardun dezan. Zerbait zaintzekotan, bada, eremu libre hori da zaindu dezaketena halaber kulturako instituzio, agente, eta enparauek. Areago egun, adierazpen askatasunaren atzeraldi nabarmena dugun garaiotan. Horrek ez du esan nahi kultura disonantearen edukiarekin bat egin behar dugunik beti, baizik eta haren adierazpen aukera bermatu behar dela. Bidenabar, gaur egungo egoera larriaren erakusgarri besterik ez da zehaztapen horiek egin beharra.

Baiki, kulturaren esparruan ere badago zer planifikatu eta sustatu, baina ezinezkoa da halakorik egitea sormen-praktiken dinamika propioa kontuan hartzen ez bada. Planifikatzaileak, estrategak eta beste zenbait lagun ez dagokien lekuan muturra sartzen hasten direnean, katastrofea besterik ezin daiteke espero. Badugu nahiko lan sonantzia, disonantzia eta erresonantzia zaintzen besteren lanetan endredatzen hasi aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Urdaibaiko Guggenheimek eta Donostiako Santa Klara uharteak bandera beltza jaso dute, iaz bezala

Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.


Tabakaleran diziplina anitzeko ‘Atenea’ espazioa zabalduko du Kutxak 2026an

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]


Urdaibaiko Guggenheima konkretatu gabe, Juan Ignacio Vidartek utzi egingo du zuzendari kargua

Urtearen amaieran utziko du ardura postua. Zuzendaritza berritzeko prozesua jarriko dute martxan. Vidartek 32 urte pasatu ditu Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritzari lotuta.


Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Eguneraketa berriak daude