Gaizki interpretatutako nobela baten historia

  • Meettok argitaletxeak laster kaleratuko du Anthony Burgess idazlearen A Clockwork Orange (1962) nobela euskaraz.
    XX. mendeko klasikoa itzuli du Ion Olano Carlosek eta, bide batez, liburua ulertzeko gako ugari eman digu. Stanley Kubrick-en filmari esker ezaguna ezin zen istorioaren mamia ez da oso ondo interpretatua izan. Lagunduko al du argitalpen honek gure artean behintzat planteatzen dituen debateetan sakontzen?

Grabagailua martxan jarri denerako Ion Olano Carlos itzultzaileak zenbait material atera ditu elkarrizketa egiten ari garen terrazako mahaira. Laranja mekanikoa inventarium: A Clockwork Orange-ren bost edizio –jatorrizkoa, ingelesez; eta La naranja mecánica, L’Orange mécanique, Arancia meccanica eta La taronja mecànica, gaztelaniazko, frantsesezko, italierazko eta katalanezko itzulpenak–; Stanley Kubrickek nobelatik abiatuta egin zuen pelikularen DVDa; itzultzaileak berak egindako poster bat, zeinak irudikatzen dituen liburuan gakoak diren gaiak; eta euskal bertsioaren zirriborro batzuk, uztaidun koadernoetan. Donostiako Kaxilda liburu dendaren kanpoan erakutsi digun ekipaje horrekin egin du Olanok hamar urte baino gehiago iraun duen itzulpen-bidaia, 2018an burutu duena, aurki aurkeztuko dena. Anthony Burgess idazlearen libururik ezagunena, azkenik, euskaraz.

Gaztelaniazko edizio bat irakurri eta berehala sortu zitzaion gogoa Olanori liburu hori euskaraz irakurtzeko; eta 2007. urtearen inguruan, berak ekin zion tradukzioari. “Lehenengo itzuli nuen hiztegia, iruditzen zitzaidan nadsat hizkera dela liburuaren oinarria”, azaldu du. Burgessek bere pertsonaientzat espresuki sorturiko jerga da, hizkuntza eslaviarren kutsua duena –errusierarena batez ere–, baita ijitoen hizkerako elementuak ere, ingelesarekin nahastuta. Nobela euskaratzeko konplikazio funtsezko bat: existitzen ez den hizkuntza bat itzuli beharra. “Buru-garbiketa da Laranja mekanikoa-ren gai potoloetako bat eta liburuak hasieratik hori eragiten du: istorioan aurrera egin nahi baduzu, derrigorrez ohitu behar duzu hizkera horretara”.

Stanley Kubrick-ek ez zuen liburuko azken kapitulua sartu zinemarako egin zuen egokitzapenean eta horrek desitxuratu egin zuen Burgessek eman nahi izan zuen mezua

Mexikar batek egina zen eskuetan izan zuen lehen bertsioa, eta Olanok uste du gaztelaniazko itzulpen hori oso ondo dagoela, funtzionatzen duela, baina ingelesezkoarekin konparatu zuenean ez zitzaion iruditu erabat zehatza zenik, erreferentzia gehiago behar zituen. “Konfiantza eta esperientzia faltagatik, ezagutzen nituen beste hizkuntza batzuetako bertsioetara ere jo nuen: katalana, italiera eta frantsesa”. Mahai gaineko liburuetara joaten zaizu begirada berriz: egindako lanaren detaile-maila zenbaterainokoa den jabetzen hasten zara, itzultzaileak haien arteko diferentziak esplikatzen dituen bitartean: “Italierazko bertsioa iruditzen zait libreena, kristoren asmakizunak egiten ditu hiztegiaren aldetik bereziki; baina ondo funtzionatzen du testuinguru italiarrean”. Frantsesezkoa da orekatuena bere ustez, hala ere: jatorrizko testuarekin fidel eta irakurle galiarrak plazerez leitzeko modukoa. Zailena hori baita: “Nola lortu inpaktu estetiko hori, pelikulako irudietan ere agertzen dena, baina Burgessek hitzekin lortu zuena; nola lortu hori euskaraz”.

Estilo bat sortu behar, itzulpen kreatiboa egin. Hasiera gogorra izan zen, lehenbiziko kapituluaren kontra borrokan jardun zuen denbora luzez. Eta gero ere, gorabeherak: “Ni ez naiz itzultzailea eta hau ez du inork finantzatu. Orain Meettok argitaletxeak interesa eduki du argitaratzeko, baina denbora guztian izan da gauza bat nik ikusten nuena, nahiz eta ez neukan gauzatzeko mediorik”. Boladaka aritu da beraz: Bartzelonan ikasten ari zenean asko aurreratu zuen; baina ataskatu ere egin izan da, alde batera utzi izan du, gero berriz hartzeko. Hamar urte baino gehiagoko zeharkaldia, beti ziurtasun batekin: liburuak euskaraz funtzionatuko zuela. “Ez nengoen hain ziur, ordea, ni ote nintzen hori euskaratzeko gaitasuna zeukan pertsona”. Horregatik, aholkuak eman dizkioten itzultzaileen laguntza eskertu du: Nagore Tolosak, Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek prozesuaren une diferenteetan ekarpenak egin dituzte eta ezinbestekotzat jo ditu Olanok.

Biolentziaren apologia?

Itzultzen hasten denarentzat mila deabru gordetzen dituen liburua izateaz gain, Laranja mekanikoa obra-ikono horietako bat da, kultuzko lana, imajinario propioa sortzeko gai izan den nobela, baina Stanley Kubrickek 1971n egin zuen filmaren eraginez, desitxuratu samar geratu dena. Horretaz jardun dugu Olanorekin, mahai gainean filmaren DVDa ere badagoela aprobetxatuz. “Bien arteko alderik nabarmenena azken atala da”, esplikatu digu. “Liburuak 21 kapitulu ditu eta badago arrazoi bat horretarako: 21 urterekin Ingalaterran eta AEBetan adin nagusitasuna lortzen duzu [adi: spoiler bat dator hurrengo esaldian]. Azken atal horretan, Alex protagonistak bere kabuz erabakitzen du indarkeriaz betetako bide hori uztea”.

Ion Olano Carlos:
“Bitxia egiten zait nola filmaren estetika oso-oso zabalduta dagoen, baina ez dagoen erreflexiorik”

Itzultzaileak uste du Kubricken asmoa ez zela ultrabiolentziaren apologia egitea, indarkeriarekin kritikoa den mezua zabaltzea baizik. “Baina azken atal hori pelikulan sartu ez zuenez, nahiko ziniko geratu zitzaion emaitza. Zeren, hori gabe, ematen du gaizto dena gaizto izango dela beti, indarkeria praktikatu duenak beti praktikatuko duela, ez dagoela aldaketa posiblerik”. Eta mezua guztiz kontrakoa zen: Burgessek adierazi nahi zuen gizakiak badaukala erabakitzeko gaitasuna, hautatu dezakeela ongiaren eta gaizkiaren artean, horrek egiten duela gizaki eta ez… laranja mekaniko bat; alegia, itxuraz bizirik dagoen arren, mekanismo batzuek maneiatzen duten zerbait –izenburua hortik dator eta nobelan ondo ulertzen da Olanok dioenez; filmean, ordea, ez–.

Biolentzia da liburuko gai nagusietako bat, “eta oso modu serioan planteatzen du, hautu morala egiteko eskatzen dizulako: ‘Zer sentitzen duzu honen aurrean?’ galdetzen dizu”. Argi geratuko da protagonistak ez duela ezer txarrik sentitzen biolentoa izaten, baina zer eragingo dio barruan irakuleari harekin batera istorioa bizitzeak? “Alex da narratzailea, erasotzailea, eta Burgessek irakurlea behartzen du indarkeria horren konplize izatera hasiera-hasieratik. Zuk jarraitzen duzu erasotzaile horren ibilera eta irakurtzen segitzen baduzu, pasa behar dituzu zure gorputzetik ekintza horiek”.

Jipoiak, bortxaketak eta muturreko indarkeria ez dira duela 56 urte liburua argitaratu zeneko kontuak eta, Laranja mekanikoa-rekin lotuta, paradoxa terribleak agertzen dira bizi dugun garai honetan ere. 2016an Iruñeko Sanferminetako talde-bortxaketan parte hartu zutenetako batek Kubricken filmeko pertsonaiak zeuzkan tatuatuta: Burgessek adierazi nahi zuena zein gaizki ulertu den erakusten duen adibide bat. “Bitxia egiten zait nola filmaren estetika oso-oso zabalduta dagoen, bai ezkerreko, bai eskuineko taldeen artean; musika taldeak, futbol jarraitzaileak… baina ez dago erreflexiorik. Jende askok Laranja mekanikoa-ren kamiseta janzten duenean, ez dakit benetan pentsatzen duen zer esan nahi duen horrekin”, azaldu du Olanok. “Nik uste adierazi nahi dutela halako indar moduko bat… Baina liburuan eta pelikulan egiten dutena talde-erasoak dira, askotan defendatu ezin duen jendearen kontra”.

Lynne Isherwooden bortxaketa

Horrelako talde-eraso baten biktima izan zen Anthony Burgessen emaztea, Lynne Burgess –ezkondu aurretik, Lynne Isherwood–. 1940an AEBetako armadako lau desertorek bortxatu zuten Londresen. Haurdun zegoen eta, itxura guztien arabera, eraso horren erruz umea galdu zuen, bizi osorako traumatizatuta geratzeaz gain.

Anthony Burgess 1968ko argazki batean.

Handik hemeretzi urtera Burgessi medikuek esan zioten buruan tumore bat zeukala eta urtebeteko bizi-itxaropena eman. Bera hiltzean emaztea zein egoera txarrean geratuko zen aurreikusiz, konpultsiboki idazteari ekin zion, egile-eskubideen dirua bikotekideari oinordetzan uzteko asmoz: bost nobela urte bakarrean. Horietako bat zen Laranja mekanikoa, zeinean zeharka islatzen den idazleak eta Isherwoodek bizitakoa: nobelako pasarte batean Alex eta beste druguak bikote baten etxean sartzen dira eta emaztea bortxatzen dute. Senarra idazlea da eta une horretan idazten ari den nobelak Laranja mekanikoa du izenburua.

“Uste dut indarkeriaz betetako episodio hura erabili zuela katarsi moduko bat egiteko”, dio Olanok. “Bekatua garbitzeko saiakera izan zen [katolikoa zen Burgess, jesuiten eskola batean ikasitakoa], ez bakarrik erasotzaile horiena, baizik eta bere bekatuak. Eta horretarako bere burua sartu zuen liburuan, pertsonalki inplikatu zen, ez zen kokatu istoriotik kanpo”, azaldu du. “Aitortzen zuen gozatu egiten zuela idazten ari zela, bortxatuz eta jipoi horiek joz, bertan egon gabe. Aitortzen zuen berak bekatu horiek ezagutzen zituela eta hori oso interesgarria iruditzen zait, ez duelako ihes egiten gai horietatik. Badaki zer den gaiztakeria hori, bera ere badelako neurri batean gaiztoa”.

Urtetan iraun zuen trauma baten zama bizkarrean, bere burua heriotzaren atarian zegoela pentsatuz, erredentzio bila idatzi zuen XX. mendeko klasiko hau. Bizitzak, ordea, beste plan batzuk zeuzkan Burgessentzat. Egin zioten diagnostikoa okerra zen, ez zen hil. Emaztea bai ordea, 1968an. Eta Laranja mekanikoa-k bizi osoan pertsegitu zuen, haren ibilbide oparoan –50 liburu baino gehiago argitaratu zituen– diferentzia handiz gehien nabarmendu den lana delako, baina Kubricken filmaren itzalpean, honek eragin zituen gaizkiulertu guztiekin.

Euskarazko itzulpen honek ematen du aukera liburuaren jatorrizko espiritura itzultzeko. Meettok argitaletxearen eskutik publikatuko den edizioa, gainera, berezia izango da: nobelaren 50. urteurrena ospatzeko argitaratu zen ingelesezko edizioaren oharrak ere izango ditu, baita Olanok gehitu dituen beste zenbait ere, euskal irakurlearentzat interesgarriak izan daitezkeenak. “Nire asmoa zen artefaktu bat sortzea. Aukera aprobetxatu beharra zegoen, oso obra mamitsua delako”, esanez errematatu du elkarrizketa.

Drogak, gazte biolentoen bandak eta musika klasikoa

Eleberri distopikoa izanda, bere garaiko tendentziak baliatu zituen Burgessek Laranja mekanikoa-n etorkizuneko proiekzioak egiteko eta ukitu zituen gai batzuekin itu-ituan jo zuela dirudi.

Gazte biolentoen banda bat da nobelaren ardatza, 1960ko hamarkadan agertzen hasiak ziren gang-etatik gaur egun arte asko ugaritu den fenomenoa mundu aberatseko hirietan. “Gazteek egin dezaketen indarkeria itxuraz zentzugabea –gazteek sentitzen duten frustrazioari lotua–, estatuak egiten duen biolentzia legezkoa –poliziaren, kartzelaren eta zientziaren aplikazio konkretu baten bitartez–… Gaur egun bizi dugun egoera ere horrelakoa da, eta horren aurrean pizten den eztabaidak bizirik jarraitzen du”, Olanoren ustez.

Beste hainbeste esan daiteke drogek liburuan duten tokiaz. “Moloko izeneko substantzia hartzen dute protagonistek ekintza biolentoak egin aurretik. Hori da beste gai garrantzitsu bat: drogen erabilera, zergatik kontsumitzen ditugun, zer dagoen atzean. Ez irakurketa moralista egiteko, ‘drogak ondo daude’ edo ‘gaizki daude’ esateko, hor daudela esateko baizik, indarkeria dagoen bezala”.

Alex eta bere lagun ultrabiolentoen gustu musikal finak ere, irakurlea jartzen du bizirik dirauen eztabaida baten aurrean: goi-mailako kulturak pertsona hobe bihurtzen zaitu? “Gure alde xaloak ikusten du kontraesan bat horretan. ‘Nola liteke Beethoven zale batek pertsona bat jipoitzea?’. Baina ez dauka zerikusirik. Historiak erakusten digu ezetz, badakigu ofizial nazi askoren afizio kulturalak zein finak ziren”, dio Olanok. Berdin Laranja mekanikoa-ren protagonistentzat: Ludwig Van-en musika entzuten eta piztia krudelen moduan jokatzen.


ASTEKARIA
2018ko urriaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude