Stalag fikzioa

Amesten al dute israeldarrek emakume naziekin?

  • Israelgo estatuak 70 urte bete berri ditu eta gertakari horrek literaturan izan duen agerpenaz aritu dira zenbait hedabideren kultur gehigarriak azken asteetan –bitartean, nazioarteko orrialdeetan, hildako palestinarren berri ematen zuten–. Fikzio israeldarraren azken zazpi hamarkadetako errepasoa egitean, ordea, ez da aipatu hango literaturaren fenomeno arraro bat: Stalag fikzioa. 1960ko hamarkadaren hasieran, nazien preso-esparruetan girotutako literatura erotikoak milaka irakurle izan zituen estatu sionistan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2018ko maiatzaren 27a

1961. urtean Adolf Eichmann gerra kriminal naziaren kontrako epaiketa hasi zen Jerusalemen. Israeldar gehienek arreta handiz jarraitu zituzten auzi horretako saioak. Lekukoen testigantzak entzun eta II. Mundu Gerrako masa-hilketa bortitzenetako batzuk ezagutu edo berriz gogoratu zituzten juizio horren bitartez.

Segur aski Hannah Arendt-en Eichman Jerusalemen (Klasikoak bilduma, 2007) da epaiketa horri buruz argitaratu den libururik esanguratsuena. “Gaizkiaren banalitatea”-ri buruz pentsarazten du saiakerak, agerian utziz Eichmannek epaiketan ez zuela gorrotorik edo erru sentimendurik adierazi, ezta jarrera bereziki antisemitarik ere. Milaka juduren heriotzaren erantzule izan zen SSetako kideak “bere lana” egin zuela deklaratu zuen, besterik ez. Eichmann gertuago zegoen funtzionario gris baten jokamoldetik piztia batenetik baino, Arendtek idatzi zuenez: “Fiskalaren ahalegin guztiengatik ere, juizioan denek ikusten zuten gizon hura ez zela ‘munstro’ bat, baina oso zaila zen ez pentsatzea ez ote zen pailazo bat”.

Adolf Eichmannen aurkako epaiketak
II. Mundu Gerrari buruzko jakin-mina piztu zuen Israelen eta gaiari buruzko literatura herrikoia asko ugaritu zen, tartean, gerra eta erotismoa uztartzen zituen Stalag generoa

Arendten liburuak polemika eragin zuen, kritikatu zuelako Israelgo estatuak epaiketa nola bideratu zuen. Zenbait lagun galdu zituen eta Holokaustoaren biktimekin sentsibilitaterik ez edukitzea ere leporatu zioten. Bestelako kontakizunak behar zituzten irakurle israeldarrek, zalantzarako tarte gutxiago uzten zutenak. Eta garai berean, epaiketak herritarren artean pizturiko interesa baliatuz, II. Mundu Gerrarekin lotutako literatura herrikoi ugari hasi zen iristen Israelgo irakurleen eskuetara. Eli Eshed ikerlariak Stalag literatura aztertzen duen artikulu batean azaltzen duenez, itzulitako liburuak izaten ziren gehienak, zeintzuetan egileek kontatzen zituzten gerra-preso zirenean nazien esparruetan bizi izandakoak, abentura-kutsuko narrazioak eskainiz.

Zauriak oraindik bizi-bizirik zeuden eta estatua kontrolatzen zuten botereek kontakizun publikoa marra gorrien artean nahi zuten: giroak asko baldintzatzen zuen II. Mundu Gerraz idaztea, baina publikoaren jakin-minak bultzatuta, argitaletxeak geroz eta apustu handiagoak egiten hasi ziren gerrarekin lotutako publikazioetan. Gainera, formatu berri batean argitaratzen ziren 1939tik 1945era bitarteko gertakarietan oinarritutako liburuok, patrikan sartzeko moduko tamaina zeukaten azal koloretsuko edizioetan –ordura arte detektibe-nobelen, western generoko liburuen edo Tarzan bezalako heroien istorioen esparrua izan zen liburu mota hori–.

Gehienetan pertsonaia zintzo eta gaiztoetan oinarritutako kontakizun manikeoak izan arren, liburu horietan agertzen hasi ziren zirrikitu batzuk, deskribatzen zutelako, adibidez, zenbait nazik preso zeuzkaten pertsonekin izandako jokabide “humanoa”. Gerran “beste gauza batzuk” ere gertatu ziren esterminio krudeletik harago: hori adierazten zuten arrakasta handiz saltzen ziren zenbait liburuk. Oinarriak jarrita zeuden hurrengo jauzia emateko.

Fantasia sexualak naziekin

1960ko hamarkadako poltsiko-liburuen ugaritze horren barruan, pixkanaka agertzen hasi ziren askatasun sexual handiagoko edukiak. Berritasun nabarmena zen, izan ere, Esheden arabera, sexua erabateko tabua zen gerra osteko literatura israeldarrarentzat. Eta 1961ean, kioskoetan saltzen ziren liburu-sailen panorama irauliko zuen lana agertu zen, fenomeno bitxi baten lehenbiziko alea: Stalag 13. Nobelaren azalean “Yanshuf” izeneko morroi baten izena agertzen zen editore, pseudonimo bat, zeinaren atzean Ezra Narkis zegoen, Elephant argitaletxeko kidea eta 1950eko hamarkadaren erdialdetik negozioan zebilena. Idazlea berriz, Mike Baden delako bat zen, Eli Kedar idazle israeldarraren ezizena. Kedarrek jada idatzia zuen naziek gerra-presoentzat martxan jarritako esparruetan girotutako beste liburu bat, zaindari sadikoak protagonista zituena. Stalag 13-n, ordea, berritasun bat zegoen: zaindariak emakumeak ziren.

Emakume nazi sadikoen menpe zegoen soldadu aliatu baten istorioa kontatzen zuten Stalag generoko nobela gehienek

Liburua benetako testigantza balitz bezala merkaturatu zen, Baden gerrako pilotua izan zela aditzera emanez. Istorioan, naziek preso hartzen dute eta esparru batera eraman, zeinean emakume zaindarien perbertsio sexualaren menpe geratzen den. Eshed ikerlariak nabarmendu du, gainera, nobelan zaindarien arteko sexu-harreman lesbikoak ere agertzen direla, presoei egindako torturen artean.

Milaka ale saldu zituen. Genero berri bat sortu zen: naziek gerra-presoentzako antolatutako esparruetan girotutako eleberri erotikoak. Liburuen azaletako ilustrazioetan emakume naziak uniforme estuz jantzita agertzen ziren, eskote zabalekin eta dominatrix itxurarekin. Eta Stalag generoko lehenbiziko liburuetako sexu-eszenak gaur egungo irakurlearentzat nahiko xaloak gerta daitezkeen arren, garai hartako irakurle israeldarrak probokatzea lortu zuten.

Formula asmatuta, behin eta berriz errepikatu zuten literatura herrikoia publikatzen zuten zenbait argitaletxek, bariazio txikiekin. Ia beti istorio bera kontatzen dute Stalag liburuek: soldadu britainiar edo estatubatuar bat alemaniarren atzaparretan erortzen da, preso eramaten dute esparru batera eta han basatiki torturatzen dute emakume nazi krudelek, istorioaren amaieran protagonistak askatzea lortu eta zaindarien kontrako mendekua hartzen duen arte, bortizkeria sexual handiko eszenetan.

Salbuespen bakarrenetarikoa eta, Esheden arabera Stalag generoko lanik onena, 1963ko Ni nintzen Stalageko komandantea nobela da, Martin Rosenberg ezizenarekin Meron Urielek argitaratutakoa. Emakumeak dira presoak kasu horretan, ez gizonak. Eta eremua kontrolatzen duen ofizial naziaren ikuspuntutik kontatzen da istorioa: bere biktimak indiferentzia handiz torturatzen ditu, gehiago arduratzen du beste naziekin daukan botere-lehiak. Kezka moralik gabeko bortizkeria horrek eta erakusten duen aginte-goseak ispilu-jokoa egiten du, ikerlariaren ustez, Eichmannen figurarekin.

Mota honetako ilustrazioak edukitzen zituzten Stalag generoko nobelek liburuen azaletan.

“Pornografia” ofiziala eta pornografia literarioa

Ibilbide laburra izan zuen Stalag fenomenoak, argitaratzen hasi eta bi urtera debekatu baitzituzten mota horretako liburuak Israelen. Gero, gainera, horrelako materialak publikatu zituzten editoreak “pornografia hedatzeagatik” zigortu zituzten eta polizia liburuak konfiskatzen aritu zen, haien zirkulazioa bigarren eskuko liburu-dendetara kondenatuz, arrakastaren leihoa ireki zien prentsako kioskoetatik urrun. Ni nintzen Schultz koronelaren puta pribatua izeneko nobelaren ondoren jo zuen legearen ukabilak liburu hauen aurka: lehenbiziko aldiz pertsonaia judutar bat agertzen zen nobelan ofizial nazi baten menpe. Urrunegi joatea zen hori garai hartan eta generoa lurperatu zuen estatuak.  

Ari Libsker zine zuzendariaren ustez, Israelgo estatuak Holokaustoaz zabaltzen zuen imaginarioa ere pornografikoa zen eta Stalag fikzioak traumari aurre egiten lagundu zien estatu sionistako gazteei

Ia 40 urtez Israelgo literaturaren historiak ezkutuan eduki ondoren, Ari Libsker zuzendariak Stalag fikzioari buruzko dokumentala estreinatu zuen 2007an, berriro B serieko istorio hauek hizketarako gai bihurtuz. The Times of Israel egunkariari egindako adierazpenetan, Libskerrek esplikatu zuen bere belaunaldiko beste israeldar batzuek ere bizi izan zuten egoera arraroa: nazien masa-hilketetatik bizirik atera ziren juduen biloba izanda, kontzentrazio-esparruak eta gerra hura ezagutu gabea, eskolan ikasi zuen zer izan zen judutarren esterminioa. Basakerien irudiak, askotan emakume biluziak protagonista zituztenak, klasean ikusarazi zizkieten sarritan –besteak beste, Bergen-Belseneko kontzentrazio esparruko hobi komun batean pilatutako milaka gorpuak edo Letonian naziek masiboki fusilatu aurretik biluzarazi zituzten emakumeak erakusten zitzaizkien ikasleei, judutarrek jasandakoaren berri emateko–. “Holokaustoaren memoria pornografia bihurtu zuten, mundu guztiak arreta jartzen zuen gauza grafikoetan eta izugarrikerietan”, esplikatu zuen Libskerrek. Bere ustez, II. Mundu Gerrari buruzko kontakizun ofizial horrekin lotura eduki zuen Stalag generoaren arrakastak. “Jendeak traumari aurre egin behar zion eta gazteek Stalagak erabili zituzten horretarako”.

Beste zenbaiten ustez, Stalagek halako arrakasta lortu zuten, liburu horiek zirelako literatura porno ia bakarra eduki sexualak zentsuratzen zituen estatu batean. Badira gaiari buruzko interpretazio psikologikoak egiten dituztenak ere: publiko israeldarrak gaizkiaren erotismoa bilatzen zuela istoriootan, Stockholmeko sindromeak jota nolabait. Eta ikertzeko geratzen da, adibidez, zergatik identifikatu zituen genero honek emakume dominatzaileak judutarren etsai gorena ziren naziekin.

Nolanahi ere, Israelgo estatua sortu zenetik 70 urte pasa direnean, sadismoa, erotismoa, heriotza eta morboa uztartu zituen Stalag fikzioa erdi-ezkutuan dagoen fenomenoa da oraindik, estatu sionistaren memoria kultural ofizialak gogoratu nahi ez duen zerbait izango balitz bezala. Errudun sentiarazten dituelako ote? Eta, hala balitz, ez ote lukete beste gauza batzuengatik sentitu behar errudun?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Nazioarteko literatura  |  Israel  |  Nazismoa  |  Pornografia

Nazioarteko literatura kanaletik interesatuko zaizu...
Nork hil nahi zuen Bob Marley?

Horrela dira gauzak nazioarteko agenda mediatikoan: urtetan ahaztuta egon da Bob Marley eta halako batean, nonahi ikusten hasten zara. Zergatik? Ba Netflixek estreinatu duen dokumental batengatik: Who Shot the Sheriff? lanean aztertzen da zer geratu 1976ko abenduaren 3an, zazpi pertsona abeslari jamaikarraren etxean sartu zirenean, han zegoen jende guztiaren kontra tiroka.


'Laranja mekanikoa' euskaraz
Gaizki interpretatutako nobela baten historia

Meettok argitaletxeak laster kaleratuko du Anthony Burgess idazlearen A Clockwork Orange (1962) nobela euskaraz.
XX. mendeko klasikoa itzuli du Ion Olano Carlosek eta, bide batez, liburua ulertzeko gako ugari eman digu. Stanley Kubrick-en filmari esker ezaguna ezin zen istorioaren mamia ez da oso ondo interpretatua izan. Lagunduko al du argitalpen honek gure artean behintzat planteatzen dituen debateetan sakontzen?


Amazonen infanteria iritsi da Frantziako literatur sistemaren azken gotorlekura

Irail honen hasierakoa da notizia: Amazonen autopublikatutako liburu bat Frantziako Renaudot sariko finalisten artean dago. Marco Koskas idazlearen Bande de Français da nobela eta lehenbiziko aldia da plataforma horren bidez publikatutako lan batek Frantziako Estatuko sari literario garrantzitsuenetako bat irabazteko aukera daukana.


Udako kultur gomendioak
Egiari zor


Julian Barnes-en nobela berriena euskaraz publikatuko du Meettok argitaletxeak

Aurtengo otsailean argitaratu zen Julian Barnes idazle ingelesaren The Only Story eta berehala izango da dendetan euskarazko itzulpena: Istorio bakarra tituluarekin argitaratuko du Meettok editorial donostiarrak. Aritz Gorrotxategik egin du itzulpena.


Jack Kerouac-en 'Errepidean'
Askatasun bila dabiltzanentzat

Hippiak baino lehenago izan zen. Vietnamgo gerraren aurkako mugimendua hasi baino lehen. Are, Vietnamgo gerra bera baino lehen: 1951. urtean bukatu zuen Jack Kerouac idazle estatubatuarrak On the road nobela, 1957ra arte publikatu ez zen arren. Sekulako eragina izan zuen AEBetako literaturan (lehenbizi) eta mundu osokoan (handik gutxira), gerora indar handia hartuko zuen kontrakulturaren obra zentraletako bat bihurtzeraino.Eta orain, azkenik, euskaraz irakurri ahal izango dugu.


Philip Rothek bazekien nola bihurtu partikularra unibertsal

Asteazken honetan hil den Philip Rothek parekatzeko zaila izango den ibilbidea utzi du literaturan. Aukera segurua beti, haren nobelekin eztabaida ez da hau ona den eta beste hura kaxkarragoa, kuestioa gehiago da zein dagoen batez besteko maila onean eta zein den, sinpleki, bikaina.


2018-01-24 | Miren Osa Galdona
Ursula K. Le Guin hil da, zientzia fikziozko literaturaren ikonoa

Ursula Kroeber Le Guin idazle estatubatuarra zendu da, bere familiak iragarri duenez. Nobela eta ipuin askoren sortzailea izan da Le Guin, baina zientzia fikzioan eginiko lanei esker lortu ditu saririk esanguratsuenak.


2018-01-17 | Goiena
Kazuo Ishiguro Nobel sariduna euskarara itzuliko dute Amaia Apalauzak eta I˝igo Roquek

Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkarrek, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa irabazi du Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek batera aurkeztutako proiektuak. Kazuo Ishiguro idazlearen The Remains of the Day euskaratuko dute.


2017-11-26 | Aritz Galarraga
Rafael Chirbesi bizian egin gabeko bisita

Aspaldiko zor bat kitatuta, Rafael Chirbes zenaren etxean egon gara, Beniarbeigen, Alacanten. Aukera baliatu dugu, ez bakarrik idazlearen izena daraman fundazioaren zeregina ezagutzeko, baita idazlea jaio eta hiltzen ikusi zuen geografia, haren liburuetan hainbestetan agertzen dena, zapaltzeko ere.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude