ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 26a
Sakanako batua ikasten

Herriko hizkeratik gertuen dagoen euskara batuaren bila

  • Aspaldidaniko eztabaida da euskara batuaren eta tokiko euskalkien erabilerarena: noiz eta nola erabili bata, noiz eta nola bestea. Galdera horiei erantzunak bilatzeko eta eskualdeko euskarari bultzada emateko asmoz Sakanako Batua jardunaldiak antolatu ditu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Apirilean egin dituzte formakuntzako bi saioak Lakuntzan, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren gidaritzapean.

Garazi Zabaleta @tirikitrann
2018ko maiatzaren 13a
Koldo Zuazo
Koldo Zuazo "Sakanako batua" jardunaldietan eskolak ematen. Argazkia: Garazi Zabaleta.

“Irakaslea naiz Filologia fakultatean, eta harritzen nau ikusteak nola urtero-urtero ikasle gazteak etortzen diren esanez aurkezpenetan ez dutela euskara batua erabili nahi, artifizial sentitzen direla batua erabiltzean”. Euskara batuari egin izan zaion kritika nagusienetakoaren adibidetzat jarri zuen Koldo Zuazo hizkuntzalariak unibertsitatean sarritan entzuten duen esaldia. Euskara batua artifiziala, laborategiko hizkuntza dela, eta euskalkiak berriz naturalak eta benetakoak. Sakanako tokiko batuaren inguruko jardunaldien lehen saioa bere ustez okerrak eta arriskutsuak diren mitoak baztertzeko eta euskara batuaren garrantzia azpimarratzeko erabili zuen EHUko irakasleak.

Entzuleen artean, Sakanako hainbat herri eta esparrutako jendea zegoen: AEK-ko, ikastoletako eta eskoletako irakasleak, zenbait euskalkiren inguruan lanean diharduten pertsonak, sindikalgintzako jendea, udaletako eta mankomunitateko kideak, jubilatuak… Gaiarekiko interesa badagoela diote Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek. “Ikastaroa jende guztiarentzako irekia izan da, baina zabalpen berezia egin dugu Sakanako ikastetxeetan, irakasleen bidez etorkizuneko belaunaldietara iritsi nahi dugulako”, azaldu dute.

Euskara batuaren alde, ez euskalkien kontra

Esan bezala, euskara batuaren aldeko jarrera argi utzi nahi izan zuen hizkuntzalariak jardunaldietako lehen saioan, eta euskara estandarraren sorreran ikastolek izan zuten egitekoa azpimarratu zuen. “Ikastolak sortzea euskaldunok gure historian egin dugun gauzarik hoberenetakoa izan zela uste dut. Ikastolak sortzearekin batera hasi ginen gure historia, literatura, geografia eta hizkuntza ezagutzen eta aztertzen”, esan zuen.

Ikastolak euskaldunon sorkuntzarik handiena izan badira, euskara batua da bigarren asmakuntzarik inportanteena Zuazorentzat. Zergatik? Euskaldun guztiok elkarren artean ulertzea ekarri duelako, euskara ikasteko aukera ematen duelako, gure hizkuntza normalizazio bidean sartu duelako, Euskal Herriko zazpi herrialdeak lotu eta batu dituelako, eta euskara gramatika eta hiztegi propiodun hizkuntza bihurtu duelako.  

Ikerlariak ez du inongo momentutan zalantzan jartzen euskalkien aberastasuna, baina aldi berean, horiek mitifikatzea ere ez dela komenigarria pentsatzen du, euskalkiak elkarrengandik hain ezberdinak izatearen arrazoi nagusietakoa Euskal Herriak historian bizi izan duen zatiketa dela uste baitu. “Euskalkiak badira altxorrak, baina argi izan behar dugu nondik datozen. Euskalkien jatorria ez da ona. Nik uste zazpi herrialdeak elkartuta egon izan balira, irakaskuntza eta administrazioa guk antolatu izan bagenu, ez liratekeela hainbeste euskalki egonen”, dio.

Tokiko batuak… zer arraio da hori?

Formakuntzako bigarren saioan heldu zion hizkuntzalariak tokiko batuen gaiari. Batua versus euskalkiak antagonismotik urruti, guztiak hizkuntzaren osagaiak direla uste du Zuazok, eta konbentzituta dago euskara indartsu egoteko osagai guztiak indartsu egotea komeni dela. Horregatik dabil tokiko batuen inguruan formakuntzak ematen gaur hemen, bihar han.

Euskara batua tresna egokia izanik ere, askotan ematen zaion erabilera txarra dela uste du hizkuntzalariak. Galdera hau egin zien jardunaldietako parte-hartzaileei: “Zer iruditzen zaizue Elgetan, Lapuebla de Labarcan eta Tuteran euskara berdin-berdin erakustea? Edota Arbizun eta Ondarroan? Ez al litzateke kontuan hartu behar toki bakoitzeko euskara, eta inguru euskalduna den edo ez?”. Berak, erantzuna argi du: bai. Eta adibidea jarri zuen erabilpen oker hori azaltzeko: Mungiako 5 urteko bilobari “zelan zauz?” galdetu eta hark “ez da esaten zelan zauz, nola zaude esan behar da” erantzun zionekoa, irakasleak horrela erakutsita.

Herri eskandinabiarrak hizkuntzaren irakaste horretan eredutzat ditu ikerlariak. Herrialde horietan, 4 urte ingururekin bertako hizkuntzan egiten dute haurrek eskolan, eta irakurtzen eta idazten ikasten doazen heinean hasten dira hitzak osorik ikasten. “Umea pixkanaka, urratsez urrats pasatzen da ahozkotasunetik idatzizkora, etxeko hizkeratik hizkuntza jasora, baina beti herriko hizkeran oinarrituta”, azaldu du. Euskaraz ere antzeko moduak bilatu behar direla uste du.

Azken batean, proposamena ez da bi batu ezberdin ikastea: ez dago batu estandarra alde batetik eta tokiko batua bestetik. Batu bakarra eduki behar dugu bere ustez, eta batu horrek tokikoan egon behar du oinarrituta. “Hori lortuko bagenu jendeak errazago ikasi eta onartuko luke batua. Artifiziala denaren argudio hori askotan oso urruneko batua erabiltzen dugulako gertatzen da, batu oso ‘arraro’ edo teknikoak gaitzespena sortzen du askotan”, dio.

Sakanan, ‘bota naiz’ eta ‘fan’

Urdiainen hiru urtez bizi izan zen Zuazo bertako euskara ikasten. Bazuen, beraz, harreman nahiko estua Sakanako hizkerarekin lehenagotik. Bertan ‘bota naiz’ edota ‘fan’ hitzak erabiltzea, adibidez, egoki deritzo. Arazoa, ordea, askotan euskara batua zer den ere ez dakigula da bere ustez, eta ongi dagoena txartzat hartzeko joera daukagula. “Nork debekatzen du ‘bota naiz’ esatea? Ez duzue topatuko Euskaltzaindiaren agiririk hitz hau edo hori baztertu behar dela dioena. Horrelako araurik ez da sekula eman”.

Tokiko administrazioan, udaletan, eskoletan, herriko elkarte eta erakundeen oharretan… horietan guztietan tokiko batua erabiltzearen aldekoa da Zuazo, eta ez soilik ahozkotasunean, baita idatzizkoan ere. “Ipar Euskal Herrian nonahi irakurtzen dugu ‘arnoa’ edo ‘gasna’. Ea hemen, Urbasan edo Burundan, non ikusten duzun ‘gaztaia’ hitza idatzita. Inportantea da tokiko euskara ez soilik entzutea, baizik eta irakurtzea, ikustea”.

Ildo beretik hitz egin dute Euskara Zerbitzutik ere, jardunaldien sorburuaz galdetuta: “Euskal Herrian euskara batu berbera erabiltzen dugu leku eta zeregin guztietan. Egokiago litzateke bertako hiztunei zuzendutako ahozko eta idatzizko jardunetan bertako hitzak, esapideak eta ezaugarriak erabiltzea. Sakanako batuari bertako hizkeren kolorea eta bizitasuna eman nahi diogu, gureago senti dezagun”.

Hizkuntza gauza zabala da, eta hizkerak asko daude. Egin dezakegu euskalkia gure gertuko jendearekin, euskara batua urrunagokoekin, egin dezakegu lagunarteko euskara lagunekin eta euskara jasoa eremu formaletan. Galdera da: zein da hizkera ona? “Bada, hizkera onak denak dira. Bakoitza dagokion esparruan erabili beharko dugu, hori jakitea da inportantea”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara batua  |  Euskalkiak  |  Sakana

Euskara batua kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 13a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude