"Merkatuak ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak behar du"

  • 20 urtez, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari aritu da Frantxis Lopez Landatxe (Donostia, 1953). Pasa den abenduan utzi zuen postua, nahiz eta ibili, badabilen oraindik, han eta hemen. Anekdota adierazgarri bat: hizketan aritu garen ordubetean, bost lagunek eten digute haria, Frantxis agurtu eta erretiroa zer moduz doakion jakin nahi zutela-eta.

Ibilbide luzeak irakatsi diona sumatzen zaio Frantxis Lopezi: Koldo Mitxelena Kulturunea 20 urtez zuzendu ostean erretiratu da (argazkia: Dani Blanco).
Ibilbide luzeak irakatsi diona sumatzen zaio Frantxis Lopezi: Koldo Mitxelena Kulturunea 20 urtez zuzendu ostean erretiratu da (argazkia: Dani Blanco).

Nolakoa da lehenengo egun hori, hainbeste urtean toki berera lanera joan osteko biharamuna?

Zoragarria. Zergatik? Igual agenda kentzen duzulako gainetik, eta nik uste dut, bizitzeko, tentsioa ona dela, estres minimo bat behar dugula, baina hainbeste urtean, tak-tak-tak… Sinestezina da bat-batean askatasun hori sentitzea.

Pozik zaude egindako bidearekin?

Batzuetan iruditzen zait azkar joan dela, baina katalogoei begira hasita ikusten da urte asko izan dela eta gauza asko egin dela. Ez nuke esango ezkorra naizenik, baina bueno, egin dena egin da.

Arantzarik geratu al zaizu?

Egileei errespetua diet eta pena da lan isil asko hor gelditu dela, bazterrean. Uste dut gure funtzio nagusietako bat zela hori, bazterrean zeudenak ateratzea edo ateratzen laguntzea. Esango nuke bereziki emakume artistenak direla lan isil horiek. Gizonezkoak gehiago mugitzen dira beren obra saltzeko.

Jo dezagun hasierara. Zer dago Koldo Mitxelena Kulturunearen sorburuan?

Etxe horren bihotza liburutegia da. Gero horren inguruan sortu nahi ziren beste gune batzuk, adibidez, garai hartan Arteleku bizirik zegoenez eta huraxe zenez artea sortzeko gunea, antolatu behar zen artea erakusteko beste gune bat, eta gero bazegoen Areto Nagusiaren ideia ere. Hori guztia ikuspegi orokor batetik landu nahi zen, eta arriskua zegoen etxe hori transatlantiko bat bihurtzeko, norabide argirik gabea. Orduan, erabaki zen norbaitek hartzea guztiaren ardura: eskaini zidaten, eta hala hasi nintzen.

Zeintzuk ziren zure erronka nagusiak, zuzendari-lanetan hasi zinenean?

“Ez diogu gure gizarteari jakinarazi inportantea denik gure kultura, eta kulturarik gabeko hizkuntzak ez du eiterik”

Niretzat erronka bat zen izena bera: Koldo Mitxelena. Pertsona zorrotza zen, zientifikoa, baita liberal samarra ere, euskaltzalea, zine-zale amorratua, eta politikan ere ibili zen. Hitz batean, pertsona anitza zen. Jakina, izen horrekin, etxe horretan saiatu behar genuen lehenik eta behin irekiak izaten. Gure gizartean, orain dela 20 urte, tribuak oso markatuta zeuden, eta ireki izateko saiakera horretan erabaki batzuk hartu genituen. Adibidez, areto nagusia librea zen eta da, elkarteek edo mugimenduek, eta ez pertsona fisikoek, libreki erabil dezakete beren kezkak azaltzeko. Guri tokatu izan zaigu, Diputazioaren mende egonda, AHTren kontrako hitzaldiak antolatzea norbaitek aretoan, edo egun batean akaso biktimen elkarte baten ekintza, eta biharamunean presoen familien aldekoa. Alde horretatik, kriseilu bat izan da, eta batzuetan problemak izan ditugun arren, uste dut bide bat markatu dugula.

"Ekoizpenak badaude, baina babestu eta hedatu behar dira", Frantxis Lopezen ustez (argazkia: Dani Blanco).

Hurbiletik begiratu diozue euskaraz sortutako kulturari. Zer-nolako bilakabidea egin du azken 20 urteotan?

Jauzia ikaragarria izan da. Gure garaian militantziagatik idatzi zen, orain beste arrazoi batzuengatik egiten da, baina sorkuntza maila oso altua da, oso interesgarria. Elite batentzat ondo dago, eta batzuetan best-seller antzekoak sortu dira, baina huts egin dugu, ez diogu gure gizarteari jakinarazi inportantea denik gure kultura, eta kulturarik gabeko hizkuntzak ez du eiterik. Adibidez, administrazioetan ikusi dut jendea euskalduntzen zela profila behar zuelako, eta igual lortzen zuten profila, baina zer euskara mota egiten duzu, adibidez, ez badakizu zer den bertsolaritza? Halako hizkuntza bat tresna hila da, tresna hutsa.

Ni ez naiz bakarrik KMKn aritu, ikusi ditut antzerkiaren eta musikaren munduak garatzen: normalizatu egin dira, asko, eta ekoizpenak badaude, baina ekoizpen horiek babestu eta hedatu behar dira. Batzuetan bazterrean uzten dira katebegi batzuk: egin behar delako egiten da, eta kito. Halakotan, beldur naiz ez ote den gure kultura benetan apaingailu bat, errepresentazio handi batean ari bagina bezala.

Zeini dagokio kultura zabaltzeko ardura hori?

“Kanadako lehen ministro batek ohitura hartu zuen antzerki-estreinaldietara joatekoa: gizarteak behar ditu halako liturgiak, indartzeko”

Zenbait herrialdetan, kultur mailako erabaki batzuk hartzen dira epe luzera, eta batzuetan hartzen dituzte parlamentariek. Horrek esan nahi du paktuak egin beharko liratekeela. Askotan, urtetan, ibili gara errentagarritasun ekonomikoaren matraka horrekin, eta kalte egin digu, ia-ia ezinezkoa delako etekin ekonomikoa ateratzea gure kulturari. Merkatuak, barkatuko didazue, ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak premiazkoa du. Zenbat behar dituen, hori beste problema bat da. Gero, sorkuntzak behar baldin baditugu, sortzaileei ere nolabaiteko ziurtasunak eman behar dizkiegu; orain, zenbat poema-liburu atera behar ditugun urtean, hori ez dakit. Horregatik behar ditugu itunak, itun batzuen bidez egin behar dugu produktu batzuk gauzatu eta produktu horiek jarri, promozionatu, goraipatu. Estreinaldi bat dagoenean, euskal kulturaren estreinaldi bat, orain gutxi Loraldian ikusi ditugunak bezalakoa, akaso heldu behar dira politikariak eta esan: hemen egiten den honek garrantzia du, hainbat sortzaileren arteko lana delako, euskaraz delako, eta gure kulturaren parte delako.

Kopako finalera joaten diren moduan joan behar lukete estreinaldietara?

Begira, lanean hasi nintzenean, Kanadako lehen ministro batek ohitura hori hartu zuen, eta noski, antzoki xume batera han iristen ziren bospasei kotxe beltz, eta argi geratzen zen han zerbait ari zela gertatzen. Eta gizarteak behar ditu halako liturgiak, indartzeko. Oraintxe eduki duguna ere [Korrika] liturgia bat da. Baina kontuz ibili behar da, liturgia batzuek, gure garaian, indulgentzia ematen zuten-eta, behin Erromara joaten zena ja salbatu egiten baitzen.

Tabakaleran egin diogu elkarrizketa KMK-ren zuzendari ohiari (argazkia: Dani Blanco).

Nolakoak behar lukete lehenago aipatu dituzun itun horiek?

Dena ezin da politizatu. Adostasun batzuk minimoak dira, eta horretarako hor dago duintasuna. Gizarte batek ez du duintasuna galdu behar, eta horrek esan nahi du kulturako gauza batzuk derrigorrez egin behar direla, askatasun osoz, eta guztiz errespetatu behar direla, bazterrak nahastu gabe. Hori horrela izan dadin, akaso kudeatzeko tresnak ez dauzkagu ondo antolatuta. Fundazioen administrazio-kontseiluak politikariz josita daude eta, gero, horien eta zuzendaritza artistikoen artean, talkak sortzen dira. Zer ulertzen du politikari batek kultura digitala esaten dugunean? Horiei ere ez die espiritu santuak argitzen bidea. Askotan, badirudi kulturaz denok dakigula, denok daukagula zer esana. [Haizea] Barcenillak hitz egin eta idatzi du horri buruz, eta horixe esaten zuen. Gibela operatu behar badizute nork hitz egiten du, denek? Ospitaleko gerenteak, garbitzaileak, guztiek? Ba ez, eta kulturan berriz bai.

Artelekurekin zer gertatu zen?

“Gizarte batek ez du duintasuna galdu behar, eta horrek esan nahi du kulturako gauza batzuk derrigorrez egin behar direla, askatasun osoz,
eta guztiz errespetatu behar direla”

Hor lortu zen autonomia handi bat eta artistak ere aske ziren beren gauzak egiteko, baina gero programazioa elkarlanean garatzen zen. Izango ziren 10-12 urte, lehenengoak, oso potentea izan zen. Eta gero aldatu egin zen. Garai digitalak zetozkigun, apurka-apurka garrantzi handiagoa zeukan prozesuak objektuak baino, Santik [Eraso] utzi zuen… Eta zer gertatu den, ba balneario bihurtu dela.

Donostia bihurtu da balneario?

Hirian bizi direnengan ez baizik turistengan pentsatzen da. Gogoratzen naiz, adibidez, Odon Elorzak Monpas aldera jarri nahi izan zuen paseo horrekin, jendeari galdetzen ziotela iritzia, eta erantzun asko ez zirela “nire gustukoa da” edo dena delakoa, baizik eta “kanpotarrei izugarri gustatuko zaie”. Hemen daramagu ehun urte hotelak egiten, hotelak ixten, berriro hotelak egiten… Ostalaritza horretan ari gara eta Jazzaldia edo Musika Hamabostaldia edo Zinemaldia izan dira eskaintza berezi bat jendea erakartzeko. Hor ere beste hausnarketa bat egin behar da: gauzak programatzen gastatzen dugun diru guztia kontuan harturik, zenbat jartzen dugu sorkuntzan? Alde horretatik gara pixka bat balneario: kanpokoari begiratu bai, baina bertan bizi garenok zer, non gaude, zer behar dugu gure bizitza aurrera eramateko? Hori da faltan sumatzen dudana. Eta igual Iruñean gutxiago nabaritzen dut, tentsio handiko hiria delako, eta Bilbon…

Zer iruditzen zaizu Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena batzeko proiektua?

Nik uste dut aspektu batzuk onak direla: hiritarren aurrean, instantzia bakar bat izatea, karnet bakar batekin, edo karnetik gabe ere, eta horrek laguntzea informazio beharra asetzen. Baina eragile asko daude tartean, eta gero jendea dago, funtzionarioak-eta. Bideak erraztu behar dira, ilusioa piztu behar da, jendeak ez du mehatxurik ikusi behar… Hori dena konplexu samarra da, denbora behar du, eta elkarrekin hausnartu beharko litzateke, lan-taldeak sortu eta ikusi ea zer trebezia eta gabezia daukan bakoitzak. Dinamika berriak sortu behar dira horrelako bi erakunderen arteko lotura egin nahi bada. Akaso ameskeria da adostutako ildo baten arabera lan egitea, baina hastapena izan daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude