Marianne Breslauer argazkilari alemanak Euskal Herrian zehar egin zuen bidaia 1933ko udaberrian, Annemarie Schwarzenbach idazle suitzarrarekin batera. Iruñea helburu, sei bat egun eman zituzten bazterrotan, eta bederatzi argazki atera guztira. Berlinera itzuli zirenean, ordea, gauzak ez zeuden partitzean utzi bezala.
Donostiako San Telmo museoan izan zen, Modernitate bakan bat erakusketa ederra ikusten –zeinean ezagutu daitekeen 1925-1936 artean Donostiak izan zuen leku nabarmena, abangoardiako une distiratsu eta emankorrenetako batean–. Izan zen Jose Luis Aizpurua, Nikolas Lekuona, Juan Cabanas Erauskin, Eduardo Lagarde eta abarrekoen kartel, margo, collage eta, batez ere, argazkiak ikusten –zeinak euskal artearen sortze-une historiko baten parte izan ziren, abangoardia espainiarraren barruan garrantzia nabarmena izateaz gainera–: kontxo, gure modernitateak ez du izan emakumerik.
Modan zegoen XX. mendeko 20ko hamarkadan klase altuko alabek argazkigintza ikastea
Ez du izan gureak, noski, aipatu erakusketako izendegiari kasu eginez gero, behintzat. Modernitateak oro har bai, ordea. Ez akaso Donostian, baina bai, adibidez, Alemania aldean. Hain zuzen ere, Donostiakoa nolabait hauspotu zuen Weimarko Errepublikako kultur iraultzaren baitan. Esate baterako Marianne Breslauer: Berlinen jaioa, 1909an, Alemaniako goi-burgesia ilustratuko familia batean, judutar jatorrikoa. Argazkilaria, izan ere, lanbide hori, argazkigintza, modan zegoen XX. mendeko 20ko hamarkadan, klase altuko alaben artean. Aldaketa sozialek ekarri zuten burgesiako emakumeek ere ogibide bat ikastea, badaezpada ezkongabe geratzen baziren. Eta argazkilaritza ez zen desegokiena, izanik heziketa artistikoa. Baliabide berria zenez, gainera, emakumearen sarrera bestelako arte diziplinetan baino errazagoa omen.
Berlinen bazegoen emakumeek argazkia ikasteko zentro bat, eta hantxe egin zituen Breslauerrek ikasketak. Horiek bukatuta, Paris hartu zuen jomuga, garaiko jaidurak hala bultzatuta. Man Rayren estudioan hasi zen, 1929an. Dena den, bien arteko kontaktu eta eragina ez zen izan oso estua. Estuagoa izan zen, agian, Un chien andalou filma ikusi bitartean –labanak begia labaintzen duen eszena hartan–, Breslauer zorabiaturik Man Rayren gainera erori zenekoa. Elkarri erretratuak egin zizkioten, bai, baina edo gazte alemaniarrak nahikoa zekiela ebatzita, edo hasiberriak hartzeko gogorik ez zuela erabakita, haren kontura jartzeko esan zion Emak bakia filmaren egileak.
Harreman gehixeago izan zuen Breslauerrek, bere argazkiek bederen, Brassaï eta Kertész hungariar-frantsestuekin. Batez ere azken horrekin, gogo noragabe bat partekatu baitzuten: biek ala biek ibili zuten Paris alderik alde, kale, bazter, izkinetatik, hirian zehar galduz, jende erabat normalari eginez argazkiak. Eguneroko bizitzaren eszenak harrapatu zituzten, oharkabean igarotzen diren uneak, hutsalkeriak. Errealismo poetikoa deitu izan den hori, objektibitate berriaren aurrean.
Breslauer ez zen estudioko argazkilaria, gehiago izan zen gaur egun fotokazetari izenez ezagutzen duguna
Breslauer ez zen inondik inora estudioko argazkilaria. Are, une batetik aurrera, gehiago izan zen albistari grafiko edo fotokazetari izenez ezagutzen duguna. Bidaiak egin zituen, Italia, Frantzia, Holanda, Palestinara. 1932an ezagutu zuen Annemarie Schwarzenbach idazleak bezala. Ezagutza inportantea: Schwarzenbach, suitzarra, 1908koa, Thomas Mann idazlearen seme-alaba Klaus eta Erikaren lagun mina, Tod in Persien (Heriotza Persian) edota Alle Wege sind offen (Bide guztiak irekita daude) liburuen egilea. Bigarren horretan, hain justu, Balkanak, Turkia, Iran, Afganistan zeharkatzen dituen bidaldi bat kontatzen du. Schwarzenbach, gizaki modernoaren desterru sentimendua sinbolizatzen duena, badakielako etxe, supazter, abarorik ez dagoela: “Nire gaixotasuna ez da iragankorra”. Bizimodu gorabeheratsukoa, segur aski biografiak itzal egin dio suitzarraren obrari. Eragin handia izan zuen, ordea, Breslauerrengan.
Hain, ezen 1933ko udaberrirako bidaia bat pentsatu zuten, nora eta Espainiara (sic), nora eta, ohikoagoa zen Andaluzia ez, Espainia iparraldera (sic). Arriskatua dirudi, baina ez da hain arraroa: bidaia zen, hain zuzen, neue Frau, emakume berri, moderno, ustez askearen ezaugarrietako bat. XX. mendeko 20ko hamarkadan masa baliabide berriak agertu ziren, aldizkari ilustratu, publizitate, zinema; eta emakumeak adatsa garçon erara, galtzekin, maskulino, sexuen anbiguotasunarekin jolastuz. Aisialdia maite zuten, kirola: gimnastika, igeriketa, tenisa. Eta automobila.
Automobila izan zen Breslauer eta Schwarzenbachek beren bidaiarako aukeratu zuten lokomozio bidea. Ez zen opor bidaia izan, idatzi eta argazkiak egin behar zituzten, Alemaniako argazki agentzia batentzat. Katalunia aldean ibili ondotik, Pirinioak zeharkatuta, Iruñea, Donostia, Loiola eta berriz Iruñea bisitatu zituzten. Hiri Buruzagiarekin zeuden gogoberotuta. Errua Ernest Hemingway idazleak zuen, zehatzago berak idatzitako The Sun Also Rises izeneko nobelak –Fiesta izenez ere ezaguna–, zeina 1928. urtean itzuli baitzen alemanera. Breslauer apika ez hainbeste, baina Schwarzenbach, bere biografia eta obra ezagututa, identifikatuta sentitu zen ziur nobelako pertsonaiekin, lost generation delakoa irudikatu zutenak.
“Hemingwayk deskribatu zuen atmosfera arnastu nahian” egin zuten bidaia, beraz. Baina, Iruñea urte osoan izan daitekeen arren festa, maiatza ez da sanfermin, eta bertako argazki gutxi egin zituen Breslauerrek, Schwarzenbachek bueltan ez zion eskaini erreportaje bakar bat. Bidaia hartako argazkiak, oro har, ez dira leku esanguratsu, monumentu garrantzitsuei egindakoak –Loiolako basilika izango da salbuespena–. Bai, aldiz, detaile txiki, atentzioa ematen dioten pertsonaia, batez ere haur-gazteenak. Donostiakoak, portu aldekoak; Iruñekoak, karrika estanpak. Guztira, hamabi. Irudi batzuetan ikusten da, bestalde, bidaiariek sortu zuten ikusmina: Mercedes Mannheim zuri distirant kapotarik gabean, gizonik gabeko bi emakume, atzerritar, altu, ile motzeko, zigarreta eskuan. Espainiako hezkuntza kritikatzeko erabili zituzten erretratu batzuk, gobernu modu berriarekin zuzenduko zela zioten. Besteren gainetik zegoen Bigarren Errepublikak ekarritako aldaketen gaineko interesa.
Berlinen atzera, erreportajeak ezin izan ziren Alemanian publikatu. Naziek boterea eskuratuta, 1933ko urtarrilaren 30ean izendatu zuten Adolf Hitler Alemaniako gobernu-buru, eta handik gutxira hasi ziren hainbat herritarren hainbat eskubide baliorik gabe uzten. Argazki agentzia ez zen ausartu Breslauerren lana haren izenez argitaratzera, ez baitzen ariarra. 1936rako erbeste-bidea hartu behar izan zuen, Amsterdamera, gero handik Suitzara joateko, non bizi izan zen 2001ean heriotza iritsi zitzaion arte. Baina Bigarren Mundu Gerrarekin galdu zuen argazkiarekiko gosea. Inon aitortu zuen noizbait, bizimodu aldaketek –erbesteak, ezkontzak, seme-alabek– ez ziotela uzten nahikoa kontzentratzen argazkilaritzan, eta ez zuela gutxitu nahi argazkien kalitatea.
Donostiaren urrezko aroak, esan dugu, Bigarren Errepublikan eta 36ko Gerra hasi arte iraun zuen. Gerra horrek, beraz, bazterrotan egiten zen arte guztiarekin bukatu zuen –ez bakarrik Errepublikaren aldekoarekin: Aizpurua falangista fusilatua; Lekuona gudaroste nazionalean hila, nazionalen euren bonbardaketa batek, eta osasun laguntza ematen ari zela–. Alemanian, nazismoaren gorakadak ekarri zion, beste hainbati bizitza nola, askori bizimodu baten erauztea. Eta Marianne Breslauerren kasuan, bidaia zapuztua ez zen izan hainbeste festarik gabeko Iruñera, ezpada bere herrialdeko egoera politiko berriak uztera behartu zuen argazkilari ibilbidearena. Zorionez, berriki berreskuratu eta haren lana iritsi da guregana. Urrutira gabe, gurean ere egin beharko genukeena.
Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien... [+]
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.
Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]
Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]
Normandia. 1944ko ekainaren 6a. Overlord operazioa abiatu zuten: Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako milaka soldadu Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren, Bigarren Mundu Gerraren eta, beraz, historiaren norabidea goitik behera aldatzeko. Edo horixe da behintzat duela... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]
Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]
Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]