Erakunde publikoek 12:00etan deitu dute elkarretaratzea Barakaldoko herriko plazan. Argitan Talde Feministak, bestalde, arratsaldeko 19:00etarako deitu du mobilizazioa. Euskal Herriko hiriburu eta beste eskualde batzuetan ere egingo dituzte elkarretaratzeak, batzuk Emakumeen Mundu Martxak eta besteak Itaiak deituta.
Iragan igande goizean, alabek hilik topatu zuten 54 urteko emakumea, Barakaldoko (Bizkaia) bere etxean, bortizkeria zantzuekin. Egun bereko gauean, Getxon, 27 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak; emakumearen lankidea zen supermerkatu bateko harategian, EITBk emandako informazioaren arabera. Hala, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktimatzat jo zuen kasua astelehen arratsaldean. Barakaldoko Udalak jakinarazi du herri akusazio gisa aurkeztuko dela auzi judizialean.
Aste honetan hainbat elkarretaratze eta manifestazio egingo dira erailketa matxista salatzeko. Lehenbizi, astearte honetan, 12:00etan, Barakaldoko herriko plazan biltzeko deia egin dute udalak, Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Emakundek. Bestalde, arratsaldean, Argitan Talde Feministak mobilizazioa egingo du 19:00etan hasita, Bide Onera plazan. Ezkerraldeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak bat egin du deialdiarekin.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, berriz, mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. 18:30ean izango da Donostian, Bulebarrean; 19:30ean Bilbon, Unamuno plazan; ordu berean Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan; eta ordu erdi geroago Iruñean, 20:00etan, udaletxearen atarian.
Itaia antolakundeak, azkenik, elkarretaratzeak egingo ditu ondoko herri hauetan: asteartean 19:00etan Lizarrako Behe Nafarroa kalean, 19:30ean Legazpiko Paso Txominen eta 20:00etan Gernikako Merkurion; eta asteazkenean, 13:00etan, Beasaingo Bideluze plazan. Astelehen arratsaldean egin zuen lehen protesta, Iruñean, udaletxearen atarian.