Gure eskolan bertako jantokia jartzeko 4 urratsak

  • 2000. urtetik Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoen jantokiak catering bidez soilik kudeatzen ditu. Larrabetzu eta Erandiokoak dira urte hauetan guztietan beren kudeaketari tinko eutsi dioten bakarrak. Baina beste ikastetxe batzuetan gurasoak lanean hasi ziren duela hiru bat urte, ikasleek bertakoa, sasoikoa, eta ahal dela ekologikoa jango zutela bermatuko zuten jantoki proiektuak lantzen. EHIGE guraso elkarteak parte hartzen duen “Gure platera gure aukera” egitasmoa izan dute bidelagun. Eta honetan zirela, Eusko Jaurlaritzak bi urterako ireki die froga egiteko aukera: lau ikastetxe daude sartuta proba pilotuan, eta horietatik bik jarri dute martxan bertan kudeatutako jantokia ikasturte honetan: Gernikako Allende Salazar eta Markina-Xemeingo Bekobenta. Bietan izan gara, beste eskoletan gurasoak asmo berberetan baldin badabiltza, egin beharreko bidearen pistak har ditzaten.

Dani Blanco
1. Kontzientziatu, helburuak jarri eta partekatu

Lehen lana kontzientzia hartzea izan zela kontatu digute bai Gernikako Allende Salazarren eta baita Markina-Xemeingo Bekobentan ere. Horretarako, Gernikan hamaiketako osasuntsuaren gaia landu zuten, eta Markina-Xemeinen Larrabetzuko gurasoen hitzaldia antolatu zuten, eta haien esperientzia entzunda, bideari ekiteko gogoz geratu ziren.

Ondoren, bakoitzak amesten zuen jantokiaren ezaugarriak edo helburuak zehaztu zituzten. Gernikakoen helburuak azaldu dizkigu Dabid Zelaia-Zugadi gurasoak: “Umeek osasuntsuago jatea, inguruko ekonomia bultzatzea eta ingurumena zaintzea –kimiko gutxiago erabilitako jakiekin umeen osasunaz gain lurra ere zaintzen baitugu–”.

Gaiaren lanketa osoa egiteko, bi ikastetxeotako guraso elkarteek jantoki batzordea sortu dute. Markinakoek perfil anitzeko gurasoen inplikazioa bilatu zuten batzorde horretan: nutrizionista, sukaldaria, bankuko langilea, aholkulari ekonomikoa...

Baina bai Gernikakoek eta bai Markinakoek, hasieratik jantoki batzordeak egindako lana besteekin partekatu eta adostu beharra ikusi dute: gainerako gurasoekin, zuzendaritzarekin, irakasleekin, udal ordezkariekin... Zelaia-Zugadik gomendio bakarra ematen du: “Hasieratik lankidetzan aritzea. Ez gurasoek proiektua hasi eta buka landu eta gero gainerako eskola komunitateari aurkeztea, alferreko bidea egiteko arriskua baitago. Pausoz pauso joan gara proiektua kontrastatzen eta adosten”.

Inguruko eragileekin ere hasieratik jarri dira harremanetan bi ikastetxeotako gurasoak, hauengandik ikasi eta elkarlanari ekiteko. Biek aipatu dute EHIGEren (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea) laguntza. Beste eskoletako esperientziak ezagutzera ere jo zuten: Larrabetzu, Erandio, Lekeitio... Gernikarrak ENEEKekin (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoko Kontseilua) ere batu ziren, Lurbizi proiektuaren bultzada handia jaso zuten eta Urduñako udala izan dute erreferente. Markinarrei Landa Garapen Agentziak erraztu zien asko bidea.

2. Proiektua idatzi, Jaurlaritzaren proiektu pilotuan sartu eta marra gorriak zehaztu

Bi ikastetxeetako gurasoak lanean ari zirela harrapatu zituen Eusko Jaurlaritzaren proiektu pilotuan parte hartzeko aukerak. Proiektu bana aurkeztu zuten Hezkuntza Sailean. Markina-Xemeingo guraso eta jantoki batzordeko koordinatzailea den Zuriñe Egiak azaldu digu txosten honen edukina: eskualdearen ezaugarriak, eskolarenak, helburuak eta planteamendu zehatza.

Jaurlaritzaren proiektu pilotuan parte hartzeak zer esan nahi duen galdetuta, antzerako erantzuna eman digute: sukaldariak Jaurlaritzak kontratatzen dituela, orain arte egiten zuen bezala, eta ez dela gutxi. Sukaldeko makinariak ere Jaurlaritzaren ardura izaten jarraitzen du. Izan ere, bai Bekobentan eta bai Allende Salazarren, betidanik egon da bertako sukaldea jantokian. Catering enpresek kudeatzen zuten ordea, eta catering enpresek ekartzen zituzten elikagaiak.

Proiektu pilotua martxan jartzeko temati lan egin duen EHIGEko Lurdes Imazek adierazi du Jaurlaritza ez dela “ohiko” prozedura eramaten ari. Alegia, ez dela bertan parte hartzeko deialdi zabalik egin, ez formaziorik eta aparteko baliabiderik jarri ere, eta bidea arian arian egiten doazela. Beraz, bertan parte hartzen ari diren ikastetxeek aitzindaritza lan handiagoa daramate.

Proiektu pilotuan abiatzea erabaki bazuten ere, bi ikastetxeek diote ez dutela inongo pistarik jaso administrazioaren aldetik, frogako bi urteak pasatuta gertatuko denaz. Jauzi egin aurretik, sarea bermatu zuten ikastetxeek, euren buruei marra gorriak jarriz: gurasoen kuota berak mantentzea, likideziari ikasturte osoan eutsi ahal izatea, sukaldean zituzten gailuekin funtzionatu ahal izatea, elikagaiak aldatu arren ikasleen ordura arteko gustuak kontuan hartzea, sukaldarien lan ohiturak ahal den heinean errespetatzea, begirale berak mantentzea...

3. Menuak, ekoizleak eta langileak

Proiektua onartu ostean, menuak egiteari ekin zioten (ikus ondoko orrian “Menuak” koadroa). Menu horietan oinarrituta, ekoizleak hautatzea eta lan modua adostea izan zen hurrengo pausoa (zehatzago azaldua 24. orriko “Mitoak hausten” koadroan). Honen guztiaren eguneroko martxa eramateko, ikastetxe bakoitzak bere erako lantaldea osatu du: Gernikakoa Hego Euskal Herriko jantoki handienetakoa izanik, guraso elkarteak hasieratik ikusi zuen koordinatzaile bat egun erdiz kontratatzeko beharra. Koordinatzaile hau bulego berean elkarlanean aritzen da ikastetxe publikoetan egon ohi den jantokiko arduradunarekin (irakasleriaren zati den lanpostua). Markinakoa eskola txikiagoa izanik, oraindik ez dute horrelako apusturik egin, eta Garapen Agentzia da bere langileen bidez eguneroko lan karga arintzen diena: hornitzaileekin prezioak adostu eta hilabeteko plangintza egiten du.

Izan koordinatzailearen bidez, izan Garapen Agentziako langileen laguntzaz, guraso elkarteak betetzen ditu beste ikastetxeetan catering enpresak dituen ardurak: menuak egitea, kontuak eramatea, erosketak egitea, hornitzaileei ordaintzea, begiraleak kontratatzea (bi ikastetxeek catering enpresen bidez azpikontratatu dituzte aurretik ari ziren begirale berberak)... Zelaia-Zugadik nabarmendu du aldea: “Ez dugula irabazi asmorik. Horregatik, gutxi gora behera %40 gehiago gastatu dezakegu elikagaietan. Horrela lortzen dugu kalitatea handitzea (ez dugu Jaurlaritzaren inongo aparteko laguntzarik jasotzen). Boluntario lanari esker dira gure aurrekontuak bideragarriak”.

4. Martxan jartzean: sistematizatu eta egokitu

Bi urteren buruan errealitate bihurtu dute euren ametsetako proiektua. Lehen urteak eskatzen du paperean diseinatutakoa etengabe praktikarekin kontrastatzea. Esaterako, ohartu dira berdela 2 urteko haurrentzat arriskutsua dela, hezur txiki asko duelako eta beraz, berdela ematen duten egunean txikienei legatza ematea erabaki dute. Edo arrozesnea egiten duten egunean, aurreko bi platerak denbora gutxian prestatzekoak behar dutela izan. Tipula gehiegi edo dilistak juxtuan eskatu dituztela... Begiraleak eta sukaldariak dira egokitzapen hauetan ekarpen gehien egiten dituztenak. Egiak pozik hartu zuen baieztapen hau: “begiraleak esan zidan, badakizu nola jango duten umeek fruta gehiago? eman denetik. Urtetan sagarra eta platanoa besterik ez diegu eman. Sartu kiwia, udareak, meloia... eta halaxe izan da. Lehen umeek patatak jan eta arraina ertzean uzten zuten, eta orain, Ondarroako arrain freskoa ekarrita, arraina dena jaten dute eta patatak dira ertzean geratzen direnak”.

Lehen dena izoztutako elikagaiak prestatzen ohituta zeuden sukaldariei eguneroko lana aldatu egin zaie, orain produktu freskoek eskatzen dute prestatzen esku lan handiagoa eta denborak ezberdin kudeatzea. Baina emaitzarekin denak daude askoz gusturago, eta eskolan zabaltzen den janari usaina (bereziki arrain freskoarena) jartzen dute denek adibide.

Gernikarrek argi zuten hasieratik sistematizatu egin nahi zutela eguneroko lana. Zelaia-Zugadi: “Programa informatiko bat erosi dugu, diru asko kostata. Gure lana errazteko egin dugu, hor biltzen baitira balio nutrizionalak, hornitzaileak, gramajeak... eta ia automatikoki egin ahal izango ditugu hilabeteko menua eta kalkuluak. Baina ondorengoengatik ere egin dugu. Ez dugu nahi atzetik datozenak hutsetik hastea. Datu base hau partekatu nahi dugu, %70a eginda has dezaten beste ikastetxeek bidea. Beste batzuek gurekin egin zuten bezala, guk ere hurrengoak lagundu nahi ditugu”.


Bi urte barru zer?

Jauzi egitea erabaki dute ikastetxeok, eta euren buruari frogarako epe bat eman diote: “Gai izango al gara ekonomikoki bideragarri egiteko?” horixe dute zalantza bakarra. Egiak honela kontatu du: “Paperean oso argi ikusten zen ekonomikoki emango zuela, baina estu ibiliko ginela ere bai. Horregatik erabaki genuen aurreko ikasturteko apiriletik ekainera martxan jartzea, hiru hilabete horietan froga egitea, eta diruek ez bazuten ematen, proiektua ixtea”. Irailean berriz ateak ireki izanak erakusten du ekonomikoki bideragarria dela. Baina hasierako estualdia ez du ahazteko: “Hilero gurasoei berdin kobratu behar diegu, baina hilero ez dugu menu kopuru bera zerbitzatzen. Eta juxtu apiril eta maiatza diruak orekatzeko oso hilabete txarrak dira, egunero geratzen direlako bazkaltzen (ekainean, adibidez, hil erdian baino ez). Gainera irteerak izaten dira eta bokadiloak garestiago irteten dira, eta gehitu horri sukaldean inbertsioak egin behar izan genituela (izozkailua erosi genuen, labanak...). Larritu egin ginen, baina denborarekin ikusi dugu hilabete bat eta bestearekin orekatu egin zaizkigula kontuak. Kontuek ematen dute”.

Gernikako Allende Salazarreko zuzendari Marian Araucuak ere larritasun bakarra ikusten du: “Bekadunak diren ikasleek ez dute jantoki kuotarik ordaintzen, eta Jaurlaritzak ez du bekadunen dirua hilean hilean ordaintzen, otsaila aldera baizik. Horregatik, bekadunen dirua iritsi arte likideziari nola eutsiko diogun da gure duda bakarra. Gainerakoan, badakigu ongi joango dela”. Zelaia-Zugadik konfiantza du diru kontuak orekatzeko hartu beharreko erabakiak hartuko dituztela, beharrak estutzen baditu: “Kuota bera da, administrazioak aurrekontu bera jartzen du, eta emaitza guztiz ezberdina da. Ikasturte hau titular honekin bukatzea da gure helburua: ‘Baliabide berberekin, eredua aldatu da’. Lehen ikasturte honetan ikusiko da zer kalitateko jakiak ematera iristen garen. Ez dugu arazorik aldaketak egiteko ere”. Irribarretsu begiratzen dio etorkizunari: “Guk lanak ondo egingo ditugu, eta gure helburua da, EHIGErekin batera, proiektu hau gainerako ikastetxeetara zabaltzea. EHIGErekin Gure Platera Gure Aukera proiektuan ari gara parte hartzen, helburu berarekin: aurrerantzean ekin nahi dioten eskolei laguntzea, asesoratzea. Gure esperientzia eta gainerako ikastetxe aitzindariena hor jarriko dugu, besteen eskura. Espero dezagun bi urte barru ongi baloratuko dela proiektua eta Jaurlaritzak atea irekiko duela ikastetxe gehiagorentzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Eguneraketa berriak daude