80 urte ondoren inpunitatea nagusi Espainian

Unean uneko indar harremanek finkatzen dute herrialde edo gizarte baten memoria, areago  gatazka bortitza edo gerra bat tartean dagoenean. Horrexegatik esaten da historia garaileek idazten dutela. Francoren 1936ko altxamendua eta harrez geroztik gaurdaino Espainian bizi izandakoa horren adierazgarri bat gehiago da. Lehenik eta behin, 40 urteko diktadura frankistak mokadu batean irentsi zituen galtzaileen egia, justizia eta erreparazioa.

Nazio Batuen Erakundeak Francoren erregimena “faxistatzat” jo zuen 1946an, batez ere “Hitlerren Alemania naziak eta Mussoliniren Italia faxistak emandako laguntzarekin finkatua” izan zelako. NBEren 39. ebazpen haren iritziz “ez zuen Espainiako herria ordezkatzen”, “indarraren gainean” eraiki zelako. NBEren iritziak jai izan zuen, ordea, AEBetako onespenaren aurrean. Franco aliatu bat gehiago zen “mehatxu sobietarrari” aurre egiteko eta amerikarren onespenak, NBEko gainerako herrialdeena ekarri zuen erreskadan, indar ez legitimoaren gainean finkatutako estatua izan arren.

NBEren ebazpen hartatik 68 urtera, PPren eta PSOEren Espainia harro dago Trantsizioaren bidez Espainiak egindako bideaz. Nazioarteko erakunderik garrantzitsuenak, aldiz, errieta gogorra egin zion Espainiari NBEren Giza Eskubideen XXVII. Kongresuan 2014an.  Bertan aurkeztutako bi txostenek argi adierazten zuten frankismoak Espainian zuen inpunitateaz, batetik, eta Espainiako Justiziak nola oztopatzen zuen frankismoko eta Gerra Zibileko garaiko krimenen ikerketa, bestetik. Ez zen lehenbiziko aldia, 2012an ere NBEko goi mailako ordezkariek gogor salatu zuten PPren Gobernuaren politika egia eta justiziarekiko. Beste nazioarteko erakunde batzuk ere kritiko azaldu dira Espainiaren jarreraz, esate baterako 2006ko ebazpenez Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarreko Batzorde Iraunkorra; edo aurten bertan Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Goi mailako Batzordea.

36ko gerrako 114.226 desagertu daude oraindik lurperatuak. Mundu mailan hobi komun gehien dituen bigarren herrialdea da Espainia, Kanbodiaren ostean. 30.960 ume lapurtu zituen frankismoak eta erregimenaren aldeko familiei eman zizkien horietako asko, baina ez da ikerketa judizialik bideratu gertatutakoa argitzeko eta haurrek egiazko identitatea berreskuratzeko. Esklabo gisa erabili ziren 400.000 presoekiko eta berauek erabili zituzten enpresei buruzko ikerketa judizialik ere ez da ireki.

Espainiako Justiziak krimen hauei buruzko ikerketa judizialik egiten ez duenez, Maria Servini epaile argentinarrak egin ditu hainbat justizia unibertsalean oinarrituta. 2014aren amaieran Servinik 18 pertsonen estradizioa eskatu zuen eta 2015ean Espainiako Gobernuak ukatu egin zizkion. Espainiako Auzitegi Nazionalak  horietako biri deklarazioa hartu zien eta pasaportea erretiratu. Chistof Heyns, Ariel Dlitzky, Juan Mendez eta Juan E. Mendez NBEko goi komisionatuek gogor kritikatu zuten Mariano Rajoyren Gobernuaren erabakia. PPko buruzagien hitzetan dozenaka mespretxuzko adierazpen aurkitu ahal ditugu hemeroteketan frankismoaren biktimez, “hilobiekin astunak direlako” edo 1936ko Gerra Zibilean kontua ez delako “gaizto eta onen” artekoa, besteak beste.

Euskal gatazkaren memoria, justizia eta egiaren bidea egiten ari da urteotan Euskal Herrian. Bere arazorik handiena ez da ezker abertzaleak ez duela autokritikarik egin nahi edo ETAk ez duela armarik entregatu, baizik eta galtzaile eta irabazleen eskeman eraikia dagoela. Eta, beraz, borondate on ugariren gainetik, ondorio nagusiak ere ikuspegi horretatik finkatzen ari direla. Horregatik, esate baterako, Espainiako Estatuak ez du inoiz onartuko sistematikoki torturatu duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Eguneraketa berriak daude