Emakumeak borrokan
Fronte Popularra

Ezkerraren batasunak bidea malkartsu

  • 1935ean, preso politikoen amnistiaren eskaerak bultzatuta, ezkerreko koalizio zabal bat sortzeko habeak ezarri ziren Espainian. Fronte Popularrak gorabehera ugari izan zituen eratzeko eta bizirauteko. 80 urte geroago, antzeko mugimendua abian jarri nahian dabiltzanek badute non begiratua, zer egin eta zer ez ikasteko.

Josu Chueca
2015eko urriaren 04a
1936ko otsailean 
Fronte  Popularrak hauteskundeak irabazi ondorengo manifestazio jendetsua Madrilen.
1936ko otsailean Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondorengo manifestazio jendetsua Madrilen. AGA

Sektore herrikoiak koalizio edo fronte batean elkartzea zaila da. Are gaitzagoa klase desberdinetako alderdi eta erakundeak badaude. Eta agintera iritsitakoan, bidea malkartsua izan ohi da, egitura bateratu horren partaideek dituzten helburu desberdinen arteko talkak haustura ekar baitezake. Dialektika berezi horretan, eskumaren presioak eta errepresioak askotan eragiten du herri mailan ohikoa den aniztasun politikoak batasunerantz jotzea. Zortzi hamarkada igaro diren arren, eskuindarren artean oraindik izua sorrarazten duen Fronte Popularra dugu horren adibide.
 

Nazioarteko ezkerren estrategia

Jakina denez, politika ildo horrek Europako bi herrialdetan arrakasta itzela izan zuen XX. mendean. Hala, Frantzia eta Espainia abagune berean zeuden 1936ko udaberrian. Estatu espainiarrean, urte horretako otsailaren 16ko hauteskundeen ondorioz, agintera iritsi ziren Fronte Popularrean elkarturik zihoazen komunistak, sozialistak eta erakunde errepublikarrak (Izquierda Republicana eta Unión Republicana). Frantziakoan berriz, hilabete batzuk geroago, 1936ko ekainean, Matignonera iritsi ziren antzeko erakunde eta indar politikoak, Léon Blum sozialista buru zutela.

Hilabete batzuk lehenago oraindik indarrean zegoen 1917az geroztik ezkertiarren artean sortutako komunisten eta sozialisten arteko zatiketa. Baina 1935ean III. Internazionalaren jarraitzaileek sozialistekiko jarrera nabarmen aldatu zuten. “Sozialfaxista” gisa jotzetik kidetzat hartzera igaro ziren, Internazional Komunistak VII. Nazioarteko Biltzarrean hartutako erabakiei esker. Aldi berean, aliantzak egiteko unean alderdi burgesak ere onartu zituzten komunistek. Europan gorantz zihoan faxismoari aurre egiteko modu bakarra zen hura.

Komintern delakoak 1935eko udan egin zuen biltzar ezagun hura Moskun, eta bertan aliantza politikoekiko estrategia aldaketa handia onetsi zuen. Georgi Dimitrovek aurkeztutako txostenak alderdi komunistak akuilatu zituen, sozialistekin eta talde burgesekin itunak burutu zitzaten faxismoari aurre egiteko. Iraultza lortzeko helburua albo batean utzi eta ordura arte bidezkotzat jotzen zituzten errebolta-ekimenak atzeratzea proposatu zuen; oraindik indarrean zeuden demokraziak defenditu behar zirela zioen txostengile bulgariarrak. Bide batez, erakunde komunistak egoera demokratiko horietan indartuko lirateke.

Buruzagi komunistek uste zuten, Alemanian nazismoaren hazkunde aroan sozialdemokratek eta komunistek beraien artean izandako liskarrek, Hitlerren gorakada eta aginte hartzea lagundu zutela, eta beste modu bateko politikari ekin behar zitzaiola iritzi zioten. Stalinek Sobietar Batasunaren isolamendua saihestu nahi zuen. Nazioartean hitzarmenak erraztu asmoz –Frantziarekin, esate baterako– beste lurraldeetan iraultza ez bultzatzea erabaki zuen. Jakina, horrek ohiko errebindikazioak moteldu zituen eta defentsa nazionala eta tokian tokiko alderdi burgesekin aliantzak egitea onetsi.

Hortik aurrera ez zen “klasea klasearen aurka” leloa ardatz zuen politika zuzen eta erradikalik egin behar; alderdi burgesen artean kideak bilatu eta adostasun programatikoak lortu behar ziren, akordio horiek apalak eta oinarrian ahulak izanik ere.

Ezkerrean hainbat buru, zenbat aburu

Espainian, 1934ko urriko matxinadaren porrotak zanpaketa handia ekarri zuen alderdi eta langileen artera. Baina errepresio horrek erraztu egin zuen desberdinen arteko elkar ulertzea. Urte horretako urria baino lehenagotik Langile Batasuna eratuta zegoen, Asturiasko UHP (Anaia Langileen Batasuna) elkargoa ere hor zegoen –CNT erakunde anarkista izan zen bertako kide  esanguratsuena–, eta testuinguru horretan, kartzeletako presoek dei egin zuten amnistia lortzeko mugimendu bateratua sor zedin. Horiek guztiak urrats garrantzitsuak izan ziren Fronte Popularra eratzeko. Garai haietan gisa bereko hiru esperientzia nabarmendu ziren:  Frantziakoa eta Espainiakoa 1936an eta Txilekoa 1938an. Hiruetan hauteskundeen bidez iritsi ziren ezkertiarrak boterera. Frantzian, PCF alderdi komunista indartsuak bat egin zuen SFIO sozialistarekin, eta geroago, 1935eko uztailaren 14an, Parti Radicale elkartu zitzaien “Rassemblement Populaire” izena hartuta.

Espainiako Estatuan hauteskundeen bezperan lortu zuten batasuna hainbat alderdik, eta “Frente Popular” deitu zioten koalizioari. Hain izan zen arrakastatsua izena, geroztik antzeko elkargo guztiei halaxe deitu zitzaiela. Ezker-muturreko alderdiek eta sindikatuek ere bat egin zuten koalizioarekin. Katalunian, esaterako, “Front d’Esquerres” deiturikoak aniztasun politiko oso zabala zuen, herrialde hartako alderdi ezkertiarren eremua askoz aberatsagoa zelako. Alderdi nagusia zen Esquerra Republicanarekin batera laketu ziren Moskuko diziplinatik aparte ari ziren talde komunista erradikalak –POUM delakoa kasu– edota ortodoxiari emana zegoen PCC alderdia.  

Euskal Herrian, berriz, estatu mailan ari ziren indar ezkertiarrez gain, ANV-EAEk zekarren nolabaiteko ezberdintasuna. Galizian ere, Rodriguez Castelaok gidaturiko Partido Galleguista zen berezitasun bakarra.

Lehenik, alderdi desberdinen artean bat egite azkarrak izan ziren: gazteria komunistak eta sozialistak JSU (Gazteri Sozialista Bateratua) sortu zuten; Joaquin Maurinen Bloc Obrer i Camperol eta Andreu Ninen Izquierda Comunistak lehen aipaturiko POUM alderdia; PCCk, PCPk eta Kataluniako PSOEren adarrak, PSUC ezaguna…  Batasunaren haizea indartsu zebilen ezkertiarren artean. Erakunde errepublikanoei dagokienez, antzeko bilakaera antzeman liteke Izquierda Republicana eta Unión Republicana osatzerako orduan, bata Manuel Azañaren zuzendaritzapean, bestea Diego Martinezek gidatuta.

Fronte Popularra osatu zutenean, talde horiek guztiak prest agertu ziren aterki zabal eta komun baten abaroan aritzeko: Errepublika eta demokrazia berreskuratu behar ziren. Azañak eta bere errepublikar jarraitzaileek, II. Errepublikako lehen biurteko politika erreformista berrabiatzea zuten xede. Langile erakundeek eta ezkertiarrek, berriz, ororen gainetik amnistia erdietsi nahi zuten lehenbailehen.

1936ko urtarrilaren 15ean sinatu zuten Fronte Popularraren programa ez zen batere iraultzailea. Eta irabaziz gero, gainera, Gobernua bera errepublikarren eskuetan uzteko konpromisoa hartu zuten sozialistek eta komunistek, parlamentutik beren laguntza bermatuz. Frantzian aldiz, Léon Blum buruzagi sozialista bihurtu zen lehendakari, eta talde errepublikarrek –bereziki erradikalak– bigarren lerroan geratu behar izan ziren. Espainiakoan, Manuel Azaña eta Santiago Casares Quiroga errepublikarrak jardun zuten agintean gerra hasi arte, inolako ministro sozialistarik gabe. Baina 1936ko uztailean altxamendua gertatu eta gutxira, frankistek Toledo hartu eta Madril begien bistan zutela, Francisco Largo Caballero sozialista jarri zuen buru Fronte Popularraren gobernu errepublikarrak.
 

Kinka larrian, batasuna lagun

Espainian 1936an gertaturiko bira ideologikoa ulertzeko, funtsezkoa da jakitea 1933 amaieratik II. Errepublikak desbideratze handia izan zuela. Urte horretan eta hurrengoan, José María Gil Roblesen CEDA koalizio eskuindarrak eta Alejandro Lerrouxen Alderdi Erradikalak parlamentarien gehiengoa eskuratu eta gobernu erreakzionarioak osatu zituzten. Hala, 1931tik aurrera Errepublikak abiarazitako erreforma eta proiektu aurrerakoi esanguratsuenak (nekazal erreforma, langileen aldeko legeak, autonomi estatutuen garapena…) bertan behera utzi zituzten.  

Alderdi sozialistak, UGTk eta gazte sozialisten elkarteak 1934ko urrian sustaturiko iraultzak porrot egin ondoren, sekulako errepresioa jasan zuten Gobernuaren partetik. Erreboltak oihartzun handiena izan zuen tokietan, hau da, Asturiasen, Katalunian eta Euskal Herrian, urriko egun horietan izandako hildakoez gain, atxiloketa eta espetxeratze masiboak izan ziren. Estatu osoan atxilotutako 30.000 lagunetik 2.200 Euskal Herrikoak ziren.

Urriko mobilizazioak bultzatu zituzten sektore politikoen buruzagi askok ere espetxealdiak edo erbestea jasan zituzten. Katalunian, esaterako, Generalitat osoa kartzelaratu zuten, baita Lluis Companys presidentea bera ere, eta egoera horretan egon ziren 1936ko amnistia iritsi arte. Greba komiteen partaide esanguratsuenak, Francisco Largo Caballero, Santiago Carrillo, Ricardo Zabalza eta Julian Zugazagoitia, Madrilen espetxeratu zituzten. Euskal Herrian ere beste batzuek patu bera izan zuten: Toribio Echebarria, Julián Prieto, Miguel Escobar, Ramón Rubial, Juan Nadal… denak kartzelan.

Amnistiaren aldarria, Fronte Popularraren euskarria


Espetxealdi luze eta masiboek are ondorio latzagoak ekarri zituzten. Ordura arte indarrean zegoen egitura errepresiboa eraldatu egin zen eta 1936ko Gerran izango zituen ezaugarri krudel berak hartu zituen. Hala, Rafael Aizpun justizia ministro zela, 1936ko uztailaz geroztik indarrean izango ziren indarkeria praxiak aurreratu zituzten.

Atxilotze masiboen ondorioz, ohiko espetxeez gain, gotorleku militarrak eta barku kartzelak hasi ziren erabiltzen, 1934ko urriko mobilizazioak oraindik amatatu gabe zeudenean. Bilboko itsasadarrean hainbat barkuren sotoetan ehunka preso pilatu zituzten hainbat hilabetez –Altuna Mendi izan zen horietako bat–.

Halaber, Larrinaga, Ondarreta eta Iruñeko kartzelak txiki geratu zirenez, Guadalupe, San Markos eta San Cristobalgo gotorlekuak ere kartzela bihurtu zituzten urrian bertan. Toki ilun horiek, espetxe probintzialen osagarri izatetik Espainiako espetxe egiturako kartzela nagusi izatera igaro ziren egun batetik bestera. San Cristobalgoak 1934ko azarotik aurrera 700 preso baino gehiago izan zituen. 1936ko Gerrarekin etorri zen aro errepresibo tamalgarriaren aurrekari zuzena izan zen hura.

Mendi tontorretan kokaturiko espetxe berri horiek ez zeuden inolaz ere atonduta jendea gizalegez eta duintasunez biltzeko. San Cristobalen ziegak lur azpian zeuden, patioko mailara irekitzen ziren leihotxo bakar batekin. Patioak txikiegiak ziren hara eramandako jende andanarentzat. Oheak ere oso eskas, eta askok lurrean egin behar izaten zuten lo. Espetxe politika Erdi Arora itzuli zela zirudien satortegi anker horiekin.

Erakunde eta aldizkari ezkertiarrek presoen bizi baldintzak salatu zituzten behin eta berriz. Presoekiko laguntza indartu eta elkartasun sareak sortu zituzten, elikagaiak, tabakoa, arropak eta abar eramateko. Elkartasun lanetan emakumeek izandako parte hartzea eta rola ezinbestekoak izan ziren, askok ongi oroitzen duen moduan. Josefina Guerendiainek bere idazlan autobiografikoan zioenez: “Bilerak egiten genituen eta UGTko langileen artean dirua biltzen genuen. Astean zehar hiru egunetan, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan aukera genuen bisita egiteko ‘gorriei’. Guk tabako xehatuaren paketea prestatzen genuen. Beste batzuek ajoarriero eltzeren bat, besteentzat haragi gisatua eta ogia. Ardoa ezin genuen sartu. Presoak ikustera joaten ginenean arropa hartzen genuen nire amak eta lixibatzaile batzuek garbitu zezaten”.

Presoen bizi baldintzak salatzeaz gain, espetxe berezi horien desagerpena eskatu eta amnistiaren aldarrikapena ere eraman zuten lehen maila politikora. Egundoko azkartasunarekin egiten ari ziren epaiketetan agindutako heriotza zigorrek ere suspertu zituzten presoen aldeko ekimenak. Mobilizazio horiei esker hainbat buruzagi patu hilgarri horretatik libratu zen. Baina preso segitu zuten beste zenbaitek ez zuten zori bera izan. Kartzeletako bizi baldintzek eta gaixotasunek, errepresioak sortutako sufrimendua areagotu baino ez zuten egin, eta herritarren erantzuna ere tamainakoa izan zen. San Cristobalen, esate baterako, 1935eko urrian Luis León preso asturiarra hil zen tuberkulosiak jota, eta horren ondorioz Iruñean langileek egindako lanuzteak 1934ko urrian egindakoaren antza handia hartu zuen.

CEDAren eta Alderdi Errepublikar Erradikalaren Biurteko Beltzaren amaiera antzematen hasia zegoen. Gero eta oihartzun handiagoa izaten ari zen amnistiaren aldeko kanpainak bat egin zuen 1936ko hasieran egin ziren hauteskundeetako leloekin. Ez da harritzekoa, beraz, errebindikazio hori izatea Fronte Popularraren oinarri eta helburu nagusia. Ezta lehen eskaintza programatikoa lortua izatea ere. Otsailaren 21ean, ezkertiarrek hauteskundeak irabazi eta bost egunetara, Espainiako kartzelak ireki zituzten, Puerto de Santa Mariatik, Larrinagara, Santoñatik San Cristobalera. II. Errepublikako lehen egunetan bezala, 1936ko amnistiak preso politiko guztiak kaleratu zituen festa giroan.  

Ez zekiten bost hilabete eskas geroago, hustutako kartzela horiek berriro presoz lepo beteko zituztenik, zeintzuk eta 1934ko errebolta odolez eta espetxez zanpatu zuten berek. Fronte Popularrak osatutako gobernu errepublikarra ez zen gauza izan zetorren matxinada militarra antzemateko, are gutxiago hari aurre egiteko. Hala, askok 1934an ezagututako gotorleku-kartzela anker horietarako bidea hartu zuen berriz ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: 1936ko gerra  |  Espainia

1936ko gerra kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude