"Kanpoko superportuak Jaizkibel eremu naturalaren heriotza ekarriko zuen"

  • Lanbidea eta zaletasuna batu ditu Xabier Mina iruindarrak. Itsaspean hartutako argazki eta bideo ikusgarriak bere klaseetan erabili eta Interneten zabaltzen ditu bioaniztasuna.com webgunearen bidez.

Lehorreko itsasgizona, nolatan?

Iruindarrok askotan joaten gara Zarautza, Donostiara… eta ni txikia nintzenean maiz joaten nintzen familiarekin. Zarautzen, bereziki, hasi nintzen arroketan izkira eta karramarroen atzetik. Mutrikuko Santa Elena kanpinera ere askotan joaten ginen eta horrela sortu zitzaidan zaletasuna. Gaztetxotan, Menorcan hasi nintzen aitarekin urpean ibiltzen eta orduan erabaki nuen Itsas Zientziak ikastea. Kanaria Handira joan eta han izan nintzen bost urtez ikasten eta ur azpian igeri egiten.

Oso toki ederrak daude Kanaria irletan, baina ikasle garaian oso diru gutxi nuenez oso gutxitan joan nintzen toki haietara oxigeno botilekin. Gerora bai, askotan itzuli naiz leku ikusgarri horietara. Bereziki El Hierro da oso toki ederra urpean ibiltzeko. Afrikatik gertu dago eta hor bertan bada azaleratze bat. Alisio haizeek azaleko ura Atlantikoaren barnealdera eramaten dute eta ur gabezia berdintzeko itsas hondoko ura igotzen da elikagai eta oxigeno ugarirekin.

Ondorioz, toki horietan biomasa handia izaten da. Normalean espezie gutxi batzuetako arrain asko aurkitzen dira halakoetan. Gainera, kutsu tropikala duenez, berez tropikokoak diren hainbat espezie ere aurki daitezke Kanaria uharteetan.

Oro har, gizakiak gehiago daki espazioari buruz itsas hondoei buruz baino. Ikerketa asko egiten da kostaldetik gertu, baina itsas sakonean sartzea teknologikoki oso zaila da.

Handik itzuli eta ikerketa lanetan murgildu zinen?

Beka batekin hasi nintzen AZTI zentro teknologikoaren Sukarrietako egoitzan, itsasoaren eta elikagaien ikerketak egiten. Bizpahiru urtez aritu nintzen atun tropikalen ikerketan. Gehiena bulegoko lana izan zen, baina atunontzi batean bi hilabetez Boli Kostan egoteko aukera ere izan nuen. FAD harrapaketa sistemak atun arrantzan zer-nolako ondorioak zituen ikertzera joan nintzen.

Zer da hori?

Plataforma handi bat itsasora botatzen da haren azpira arrainak bil daitezen. Kopuru handia biltzen denean, sarea botatzen da eta hor dauden ale guztiak harrapatuta gelditzen dira. Espezie desberdinetako animaliak harrapatzen dira, helduak eta txikiegiak ere bai, eta ondorioz, epe luzera oso kaltegarria da.

Gainerako denboran Sukarrietan, Txatxarramendi irlako zentroan, txostenak egiten aritu nintzen. Behatzaileen datuak bildu eta Espainiako Ozeanografia Institutuarekin elkarlanean aritzen ginen. Gero, informazio hori baliatzen zen, adibidez, arrantza kuotak ezartzeko.

Atungorria desagertzear dago?

Atungorria oso garesti ordaintzen da eta harrapatzea beti da errentagarria. Japonian oso prezio altuetan erosten dute beti. Horregatik ez da gertatzen beste arrain mota batzuekin bezala, hau da, jada ez dela errentagarria gehiago harrapatzea merkatua beteta dagoelako. Horrela jarraituz gero, atungorriak oso etorkizun beltza izango du.

Sukarrietatik Blanesera joan zinen tesia egitera. Zein zen zure gaia?

CSIC ikerketa aurreratuen zentroan, Blanesen, bekadun gisa aritu nintzen tesia egiten. Aldaketa klimatikoaren eragina kostako arrain espezietan zen gaia. Arrainen pilaketa eta itsasgainaren tenperaturaren arteko harremana aztertu nuen zehazki.

Eta zer ondoriotara iritsi zinen?

Argi ikusi nuen klima aldaketaren inguruan iritzi oso desberdinak daudela. Batzuk oso kritiko dira, eta diote muntaia dela eta kontu hori aitzakia gisa hartzen dutela hainbat erabaki hartzeko. Ideiaren lehen bultzatzailea Margaret Thatcher izan zen, diotenez berari interesatzen zitzaiolako energia nuklearra bultzatzea, ohiko erregaien ordez. Beste zenbait ikerlarik dio prozesu naturala dela eta gu azkartzen baino ez garela ari. Oso zaila da hori jakitea.

Tesia ez nuen bukatu, baina ikerketa aurreratuen titulua eskuratu nuen. Ez nintzen oso eroso sentitzen giro hartan, ikerketa lana askotan diru-laguntzekin oso lotuta dagoelako, eta gainera, nik gizartearekiko harreman zuzenik ez nuela sumatzen nuen. Beraz, Mutrikuko Akuikultura Eskola sortu berrian sartzeko aukera izan nuenean, ez nuen batere zalantzarik izan.

Irakaskuntzan gustura?

Oso. Bost urte egin nituen han. Goi-mailako zikloa zen, adin guztietako ikasleekin. Oso ongi egon nintzen. Jendeak berebiziko gogoa zuen. Harreman handia genuen arrantzaleekin, laginak hartzera joaten ginen, uretan sartzen ginen… bikain.

Orduan, oposaketak gainditu nituen hemen Nafarroan, eta Beran eta Atarrabian ibili ondoren, Barañaingo Institutura heldu nintzen orain dela lau urte. Ni erosoago sentitzen naiz irakasle bulegoan ikerketak egiten baino, jakinda gainera ikerketa horietako askok enpresari batzuk aberasteko balioko dutela. Nire lana oso hurbila da eta jende gaztearekin lan egitea oso gustuko dut.

Zer da bioaniztasuna.com?

Webgune honen helburu nagusia Lurra planetako itsaso eta ozeanoen bioaniztasuna ezagutzera ematea da. Haren bidez nire zaletasuna eta irakaskuntza lotzen saiatzen ari naiz. Urte asko daramatzat argazkiak eta bideoak egiten, baina dena armairuan gelditzen zen. Material horri irtenbidea emateko bideo laburrak eta aktibitate didaktikoak prestatzen hasi nintzen, hasieran ikasleekin partekatzeko eta orain Internet bidez, jende guztiarekin. Nire asmoa Bizkaiko golkoko uretan dugun ondare naturala jendeari ezagutzera ematea da, denon artean balioetsi eta defenda dezagun.

Adibidez, Kantauri itsasoko arrain, molusku eta krustazeoen izenak agertzen dira euskaraz, gaztelaniaz eta latinez, eta haiez gain argazkiak, bideoak eta DBHn eta Batxilergoan erabil daitezkeen bestelako materialak. Itsas dortokei buruzko hamazazpi minutuko bideo dokumentala ikus daiteke adibidez, Cabo Verden grabatua. Oso material gutxi dago euskaraz. Askotan arazoak ditugu kalitatezko materialak eskuratzeko.

Udan non ibili zara?

Azoreetan eta Alpeetan, bizikletaz fosilak hartzen. Urtero joaten naiz fosilen bila ikasleekin eta bikain pasatzen dute. Sarrigurenen bertan, Iruñerrian, marrazoen hortzak aurkitu izan ditut. Laster geologiarekin lotutako jarduerak ere jarriko ditut bioaniztasuna.com-en.

Zeintzuk dira toki onenak Euskal Herrian urpean igeri egiteko?

Asko daude: Elantxobe, Mutriku, Hondarribia… toki bakoitzak badu berea. Ibaietan ibiltzea ere ikaragarria da. Pirinioetan metro erdiko amuarrainekin igerian ibili naiz eta Endarlatsan lanproiak habia egiten ikusi ditut. Abankandoak eta otarrainak oso gutxi ikusten dira orain, eta hemengo marrazoa, momar familiakoa, kostatik oso gertu badago ere, oraindik ez dut lortu grabatzea.

Eta toki onenak eta txarrenak munduan zehar?

Orokorrean, jenderik izan ez dutenak, eta askotan militarrek hartutako esparruak dira. Badira zenbait irla eta leku bere garaian militarrek itxi zituztenak, eta horri esker, bikain mantendu dira. Agian hori da militarrek egin duten gauza on gutxietariko bat.

Dena den, itsasoan aurkitzen duzuna ez da inguruko lurraldeek egiten duten kudeaketaren ondorio soilik. Korronteak daude eta oso ohikoa da beste lurralde baten zaborrak kudeaketa egokia egiten duenaren eremura iristea. Arrainak ere mugitzen dira eta horregatik arrantza kudeatzea oso zaila da, ados jarri behar baitira lurralde asko.

Toki ederrak, adibidez, Itsaso Gorria eta Azoreak. Ni askotan joaten naiz. Iaz Indonesia aldean, Papuan, lau hilabetez izan nintzen. Orain dela gutxi arte han zeukaten zabor gehien-gehiena organikoa zen, orain aldiz plastiko pila eta denetik dute, baina zaborrak kudeatzeko plangintzarik ez. Itsas dortokekin igeri egiten hasten zara eta bat-batean ikusten duzu nola irensten duten plastikoa edo fardela. Hango biztanleek, haurrek bereziki, gurditxoetan eramaten dute zaborra itsas ertzeraino eta hondakinak itsasora botatzen dituzte. Duela zortzi urte izan nintzen han lehen aldiz, eta orduan soilik txalupatxo tradizionalak zeuzkaten, egurrezkoak. Orain zuntzezko ontzi motordunak dauzkate, bertako faunaren kalterako. Dortokak goitik behera erabat irekita ikusi nituen, adibidez.

Zer iruditzen zaizu hemen itsasoaz egiten den kudeaketa?

Oso zaila da kudeaketa egokia egitea. Interes asko eta oso desberdinak daude, eta beti interes ekonomikoak tarteko. Euskal Herrian badauzkagu oso ongi dauden hainbat leku, ez kudeaketa ona egin dugulako, baizik eta geografiaren aldetik oso zaila izan delako etxez betetzea. Gironan, esate baterako, Lloret de Mar-etik behera dagoena negargarria da, eremua oso laua delako eta han apartamentuak egiteko aukera paregabea izan dutelako. Iparraldera Creus lurmuturra dute, granitozkoa, eta oso zaila izan denez eraikitzea, primeran mantendu da. Hemen badira leku ikaragarri ederrak, Zumaia inguruko Algorriko kostaldea, Sakoneta, Deba eta Mutriku artekoa, Elantxobe, Hondarribia… Jaizkibel ingurua aparta da. Hiri handiek, Donostia eta Irun aldamenean izanda ere, ez diote kalterik egiten, eta arraste-ontziek debekatuta dute arrantza egitea. Jaizkibelen arazoa kanpoko superportua egiteko proiektua zen. Orain krisia dela eta geldirik dago, baina auskalo etorkizunean zer egingo duten. Kanpoko superportuak Jaizkibel eremu naturalaren heriotza ekarriko zuen. Altxorrak dauzkagu hemen eta baloratu eta defendatu behar ditugu gure ondare naturala direlako.

Apnean edo oxigeno bonbonekin ibiltzen zara ur azpian?

Gehienetan apnean. Batzuetan kamera ez dut eramaten, itsasoaz nire kabuz gozatzeko. Apnean igeri egitean, kirol pixka bat egiten duzunez, oso ongi sentitzen zara, baina botilekin joateak aukera gehiago ematen dizu jaisteko, eta adibidez, ikusteko nola olagarro bat zurekin jolasean hasi den.

Joan den mendearen hasieran Aniceto Petit zinegotzirako hautagaiak proiektu bat proposatu zuen: itsasoa Iruñera ekartzea. Zer iruditzen zaizu?

Ongi legoke! Non jarriko genuke? Hemen itsasorik balego munduko hiririk onena izango litzateke, beno, klima pixka bat hobetuko bagenu. Dena dela, aldatu egingo zen: etxebizitzak egiten hasiko lirateke toki guztietan, eta akabo!

Xabier Mina Ederra

Urpekari, argazkilari eta irakaslea da. Iruñean, 1976ko abuztuaren 5ean sortua. Itsas Zientzietan lizentziaduna, Kantauri itsasoaren xehetasunak jasotzen dituzten hainbat argitalpenetan parte hartu izan du bere argazkiekin: Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoa, Flysch Algorri Mendata, Deba eta Zumaia arteko kosta lerroak gordetzen duen ondareari buruzko lana, Zumaia eta Olagarroa, 2012an Zumaiako Udalak argitara emandako liburua, eta Jaizkibel Amaharri, Jaizkibelek eta Uliak duten balioa erakusten duen obra kolektiboa. Mundu osoan eginiko argazkiak eta bideoak eta haiekin moldatutako unitate didaktikoak eskaintzen ditu musu-truk bioaniztasuna.com bere webgunean.


ASTEKARIA
2015eko irailaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Kanpaiak nonahi

Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra baino ez. Lan zail bezain garrantzitsua da izenak adostea, espezie jakin... [+]


2024-03-12
Izokinak ugaltzeko bidea egiten ari dira Nafarroan

1775. urtea baino lehen Urdazuri ibaian eraikitako presa bat bota dute Lapurdin, eta horri esker bizirauteko aproposagoak diren lekuetara iristen ari dira izokinak.

 


Basoa berritzen duen langilea

Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki basoetan bizi da, baina gure herri eta... [+]


Eguneraketa berriak daude