“Martxan jarraituko dugu guztiak aske izan arte”. Horra hor Emakumeen Mundu Martxaren helburua; emakumeak askatzea. Martxoaren 8an abiatu zen Kurdistanetik eta urriaren 17an iritsiko da Portugalera; tartean, Euskal Herritik igaroko da.
Ez da erraza mundua norabide berean martxan jartzea, baina 1995etik hona, bost urtean behin lortzen du Emakumeen Mundu Martxak. Quebec-en (Kanada) egin zuten lehen karabana Ogiaren eta Larrosaren martxa izenpean; 15.000 lagunek hartu zuten parte. Ez du euri gutxi egin garai hartatik. Aitzitik, Emakumeen Mundu Martxa bezala ezagutzen duguna 2000. urtean egin zen estreinakoz, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzeko.
Vania Martins eta Ximena Mriel Portugalgo eta Galiziako koordinatzaileak dira, eta haien ustez norbere borrokak nazioarteko bihurtzea da Martxa: “Niretzat biolentziaren eta kapitalismoaren aurkako borrokan gainerako emakumeekin bat egitea errebeldia konpartitua da”, dio Martinsek.
Mugimenduaren dimentsioa
163 herrialdetan banatutako 5.000 taldek baino gehiagok hartuko dute parte. Emakume anitzak, borroka berak batuta. Bost urtean behin irteten dira errepidera, herrialdez herrialde alternatiba feministak eraikitzeko.
Mundu Martxaren aitzakiapean hainbat ekintza antolatzen dira mundu osoan. Portugalen, esaterako, proiektuaren aurkezpenak eta eztabaida foroak egin dituzte eta oso harrera ona izan dute. Bertako koordinatzailearen hitzetan, emakume askok hartu dute parte Martxaren bukaerako ekitaldia antolatzen: “Oporton, esaterako –bi egun egingo ditu Martxak bertan–, emakume talde bat jaialdi feminista antolatzen ari da karabanari ongietorria egiteko. Coinbra-n antzera gertatzen da, gogoz betetako emakume taldea ari da dena antolatzen, eta Lisboan –azken ekitaldia egingo den lekuan– emakume ugari mobilizatu dira Martxak bertan iraungo dituen hiru egunak antolatzen”.
“Feminismoarekin, eguneroko lanarekin eta alternatibak eraikiz frogatu dugu posible dela bestelako mundu bat sortzea; dagoeneko martxan hasi gara”, dio Mrielek. Haren hitzetan, konturatzen zarenean biolentziaren eta kapitalismoaren aurkako borroka bera dela Maputxeen herrian, Palestinan, Filipinetan, Kanadan, Euskal Herrian eta Kuban, eta ohartzen zarenean batasunak “potentzia iraultzaile ikaragarria” eskaintzen duela, ezin diozu horren alde lan egiteari utzi. “Horrela egiten dugu munduko txoko guztietako milaka emakumek bost urtetik behin; gure ahotsak batu ditugu nazioarteko ekintza batean, eta aurten ere halaxe egingo dugu”.
Alternatiba feminista
Joana Aurrekoetxea Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea da, eta Kurdistanen izan zen Martxaren hasieran: “Mundu hau eraldatzeko grinak batzen gaitu, finean. Justizia soziala da gure aldarrikapenen muina, eta ikusten dugu afera horretan emakumeok eta orokorrean subjektu feministak gako nagusi garela”. Dena den, uste du berezitasunak ere badituztela euren artean Martxan parte hartzen duten emakumeek, “bereizten gaituzte sinesmenek, historiek, izenek, ohiturek eta abar luze batek. Horrek bereizten eta aldi berean aberasten gaitu, nahiz eta aitortu behar dugun horrek batzuetan konplexuagoa egiten duela elkarlana. Halere, edozein adostasun, edozein aurrerapauso lorpen handi bezala bizi dugu”.
Martinsek azaldu du asko direla Martxaren aldarrikapenak, “tokian tokiko errealitateak ere aintzat hartu behar dira”. Dena den, portugaldarraren iritziz lau aldarrikapen nagusi daude, hainbat lan-ildori lotuak: guztien ongizatea eta zerbitzu publikoak; elikadura burujabetza; ekoizpen eta laborantza jasangarria; emakumeen eskubidea jana, edana, lurra, etxebizitza, jakintza eta hezkuntza izateko, osasuna edo energia zerbitzu publikoak izateko eskubidea; bakea eta desmilitarizazioa; burujabetza ekonomikoa; eta emakumeen aurkako biolentzia.
Martxaren lehen pausoak
Aldarrikapenen motxila ondo beteta zuela abiatu zen lehen Martxa hura. Mundu osoko feministak ados dauden bi gai nagusi biltzen zituen: pobrezia eta indarkeria sexista. Baina ez ziren gai horiek soilik jorratu, tartean izan ziren, besteak beste, formazioa eta hezkuntza plan baten beharra, eta kontzientziazio feminista aktibatzeko nahia. Bestalde, helburu estrategikoagoa ere ezarri zen: mundu-sare feminista sortzea globalki eta lokalki eragingo zuena.
Hasiera-hasieratik lortu zuen Emakumeen Mundu Martxak izugarrizko oihartzuna. 2000. urtean Quebec-etik eta Genevatik abiatu eta New Yorken amaitu zen. Urte hartan ez zituen Euskal Herriko lurrak zeharkatu –aurten egingo duen gisara–, baina hemen ere izan zuen oihartzunik, ekainaren 17tik urriaren 7ra bitartean –Martxak irauten zuen tartea– hainbat ekintza antolatu ziren, hala nola antzerkiak, idazleen eguna eta baita manifestazio nazionala ere, Donostian.
Europako zenbait tokitatik martxak antolatu zituzten Bruselara, baita Euskal Herritik ere, Europako mobilizazioa babesteko. Lortutako eragina eta izandako oihartzuna ikusirik, bost urtean behin mundu-ekintza handia egitea erabaki zen.
Ehun herrialdek baino gehiagok hartzen dute parte Emakumeen Mundu Martxan eta horrelako mugimendua antolatzea ez da batere erraza: “Konplexua eta zoragarria da aldi berean”, esan du Mrielek. “Martxa koordinazio nazionalen batura da; herri, eskualde, nazio eta nazioarte mailan antolatzen dena”, azaldu du Martinsek. Portugalen kasuan, koordinatzaile taldean lanean dihardutenak Martxan aritzeaz gain, beste hainbat elkartetan ere egiten dute lan; esaterako, arrazakeriaren eta etxegabetzeen aurkako mugimenduetan.
Euskal Herrian zer
Irailaren 28an Kataluniak lekukoa pasa eta Tafallan sartuko da karabana. Nafarroa, Ipar Euskal Herria, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia igarota bere bidea jarraituko du Galiziarantz. Bilbon izango da azken ekitaldia urriaren 4an.
Alta, karabanak zeharkatuko ez dituen eskualdeetan ere hainbat ekintza antolatuko dira ahalik eta eragin handiena lortzeko. Hori lortu nahi baitu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak: emakume anitzez osatutako mugimendua. Hainbat esparrutan lan egiten duten emakumez osatu dute taldea: militantzia feminista, nekazaritza, sindikalgintza, hezkuntza, migrazioa, lesbianismoa, aniztasun funtzionala…
Ez da Mundu Martxa euskal lurretatik igarotzen den lehen aldia. Nazioarteko ekintzari babesa emateko, Euskal Herrian helburu zehatza jarri zen abian, 2003an: Mundu Gutuna oinarri bezala hartuta, eztabaida irekia egin zuten, herriz herri, Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna sortzeko. 2005ean arrakasta itzela izan zuen Martxak eta bost egunez autobus moreek hartu zituzten Euskal Herriko hainbat herri. 2010ean egin zen hurrengo Martxa, eta azken hau ez zen hain arrakastatsua izan: “Beherakadatxo bat izan zuen, baina gure helburua aurten Martxa berrindartzea da”, azaldu du Josebe Iturrioz Mundu Martxako kideak.
Kurdistan, Grezia, Balkanak, Italia, Suitza, Frantzia, Belgika, Alemania, Polonia, Hungaria, Austria, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Portugal.
Euskal Herrian zeharkatuko dituen herriak:
Irailak 28
Tafalla, Gares, Iruñea.
Irailak 29
Sakana, Leitza, Baztan, Hazparne.
Irailak 30
Baiona, Hondarribia, Donostia.
Urriak 1
Errenteria, Zumaia, Hernani, Tolosa.
Urriak 2
Beasain, Bergara, Agurain, Gasteiz.
Urriak 3
Durango, Gernika, Igorre, Basauri.
Urriak 4
Portugalete, Getxo, Bilbo.
Sinbolismo handia du Mundu Martxak; bizi eredu baten ispilu izan nahi du, jaiotzen ari den aldaketa baten erreferente. Hori dela eta, munduan zehar landaketak egin dituzte martxari babesa adierazteko: “Haziarena feminismoa landatzeko modu metaforikoa izan da. Herri eta hirietako espazio publikoetan zein pribatuetan landatu nahi ditugu haziak”, adierazi du Josebe Iturriozek. Bizitzaren jasangarritasuna eta lurraren eta gorputzaren arteko loturak irudikatu nahi dituzte, “pentsamendu indigenetan du oinarria; urteetan lurra bortxatua izan da emakumea bortxatua izan den era berean”, azaldu du. Argi du Joana Aurrekoetxeak: “Bideetan haziak ereinez mundu osoko aldarrikapen feministak noizbait loratuko diren itxaropenez jarraituko dugu aurrera bidean”.
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak... [+]
Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]
1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]
Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.
Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]
Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.