Altza, 1948. Hogeita lau urtez idazle profesional moduan aritu zen, Elkar argitaletxearen bitartez. Ordea, 2013ko urrian, osasun arazoak zirela eta, erretiroa hartu zuen. Joan Mari Irigoienek esklerosia pairatzen du eta jarduna gutxitu behar izan du. Hala ere, idazten jarraitzen du. Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua horren froga.
Zer da Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua, zure idazle ibilbide oparoa kontuan hartuta?
Liburu berezia da, bizi izandako oinaze bizi baten marka darama. Bestetik, nire libururik laburrena da, baina baita urrutien iristen dena ere, beharbada, halakoa izan baitzen gaitz hark ireki zidan zauria, neure izatearen hondorik gabeko amildegi beltzik beltzenetan zehar eraman ninduena.
Liburuaren azala, ohi bezala, Imanol anaiak egin dizu. Ba ote duzu horri buruz zer esanik?
Bai, azal bikaina egin dit anaiak. Baina gauzak zer diren... Anaiaren estudiotik pasatzen naiz noizbehinka, haren obra ezagutzen dut trazoz trazo eta marraz marra. Esan behar baitut ni, liburu bat bukatutzat jotzen dudan bakoitzean, harengana joaten naizela, ea azala egiteko zerbait bururatzen zaion. Hala, egun batean joan nintzaion; azaldu nion liburu berriaren gai nagusia depresioa zela, adierazi nion, halaber, koadro ezin ilunago bat nahi nuela, baita argiaren taupada xume bat ere, esperantza gisa. Eta berak, hitzetik hortzera: “Horretarako ez ote da egokiena, nik estudioan dudan koadroa, gauak hartutako hiria gai nagusi duena?”. Berehala ulertu nion. Nik ere ongitxo ezagutzen bainuen anaiaren koadro eder hura; koadroak bazuen gainera, edo badu argi mehe bat, dorreen ilunetik ateratzen dena eta espazioa labana batek bezala ebakitzen duena, bidean aurrera egiteko, giza itzal bat besarkatzen duen arte. Hantxe genuen, beraz, irtenbidea, eta halaxe erantzun nion anaiari: “Bai horixe! Hire koadro hori egoki izan daitekek”.
Ataka latza ezagutu duzu.
Depresioak itxuragabe gutxitzen zaitu, psikikoki batez ere. Entzuna nuen gaitzaren berri jakiteko, gaitzak azpiratu behar zaituela noizbait. Egia biribila. Gaitzak astindu aurretik, izan ere, ondo sentitzen zara, normal. Zer da, baina, normaltasun hori? Niretzat, funtsean, lur egonkor bat da, zeinaren gainean, inongo arazorik eta buruhausterik gabe, eraiki baitezakezu zeure nortasunaren etxea. Halako batean baina, zeure burua ahul sentitzen hasten zara, ahul eta arraro, edo zeure buruarekiko arrotz. Azpian zenuen lur egonkorra, berriz, garuneko hainbat neurotransmisoreren jarioaren faltaz –serotonina izenekoa inportanteena– dardarka hasten da, halaber, zure nortasunaren etxea, baita nor zinena desnor izateko bidean jarri ere. Eta bat-batean, izugarrikeriaren atarian sentitzen zara, ez baita batere erraza bizitzan aurrera egitea, mendean zauzkan lurrikara existentzial baten gainean zauden bitartean. Eta ahul eta gaixo nengoela, galderarik gaiztoenak –amoralenak, alegia– zetozkidan burura, auto-suntsipenerako dei... eta hura euli bat begian edukitzea bezala zen: hantxe eulia nire begi-inguruan beti, aldian behin liztor ere bihurtzen zena, asiar liztor krudela! Gaitz baten jostailu ezdeusa nintzen, beraz: bihotza sentitzeko ahalmenik gabe, burua ere batere argitasunik gabe.
Baina atera zara.
Hori ere egia da, buruan nituen argi-hondarrekin bai bainintzen zerbait ikusteko gai: gaitzaren eraso guztien erdian, adibidez, neure burua objektibatzeko gai ere banintzela ohartu nintzen halako batean, eta horrek ikusarazi zidan ni ez nintzela gertatzen ari zitzaidanaren erruduna, beste alde batetik erruduntasun sentimendu inkontziente batek gupidagabeki urratzen eta higatzen ninduen arren. Baina ene barne-borroka hartan, bai, garrantzi handikoa izan zen buru-argitasun txiki haren aurkikuntza, nire gaitza gero eta hobeto ulertzera eraman ninduena.
Jainkoa aipatzen duzu liburuan behin edo behin, eta jakin nahi nuke nola ulertzen duzun kontzeptu hori.
Ez dut jainkoa aipatzen, ustez, Misterio Bizi-sortzailea baizik. Baina berdin da. Hara: errealitate infinituaren presentzien eta ausentzien artean, garbi esan dezaket sinestunagoa sentitzen naizela ez-sinestuna baino. Arrazoiak bilatzen hasiz gero, derradan ezen nire gurasoak –aita bereziki– oso zirela erlijiozaleak: katolikoak, noski, eta ni ere halakoa izan nintzen, nerabezarora bitartean. Orduan, krisi bat izan nuen. Izan ere, gure apaizek –gure heziketaren borrero eta biktima, biktima eta borrero, aldi berean– esaten eta baieztatzen zuten ezen sexuari eta seigarren aginduari lotutako egintza guztiak bekatu mortal zirela. Egun batean, amets erotiko bat izan nuen, isuri batekin amaitu zena: atseginaren erdian, ordea, sekulako kezka sentitu nuen, bekatu egiten ari nintzen ala ez, zerua ala infernua jokoan. Joan nintzen apaiz batengana, eta hark are zalantza handiagoak sorrarazi zizkidan, nik areagotzen nituenak, nik ere sekulako abilezia baitaukat argudioen gainean beste argudio batzuk eraikitzeko, logikaren edo sasi-logikaren bideak erabiliz betiere, harik eta ebanjelioa neure kabuz irakurtzea erabaki nuen arte: irakurketa hark erabat aldatu ninduen; izan ere, ebanjelio osoan ez nuen aurkitu hitz bat bera ere sexuari buruz! Jesusek, aldiz, noiznahi erabiltzen zituen ahoan justizia eta maitasuna bezalako hitzak, eta noiznahi ibiltzen munduko gabetuekin: pobreak, publikanoak, putak. Irakurketa hark, beraz, guztiz aldatu ninduen, baita, berandu gabe, Gandhi eta Martin Luther Kingen teorietara eraman ere.
Elizaren garai esanguratsua ezagutu zenuen.
Bai. Garai horrek kointziditu zuen Elizaren aggiornamentoarekin, kontzilioaren aire berriak bitarteko. Eliza modernizatu behar zen, Jesusen mezua gaurkotu. Handik aurrera, berriz, bide gero eta pertsonalago bati ekin nion, zeinak Erromako Elizaren dogmekin haustera eraman baininduen –ez zaizkit dogmak interesatzen, are gutxiago idazlea naizen aldetik, askatasun eremua zaintzea lehen obligaziotzat duena–, halako eran, non, azkenean, muinarekin bakarrik geratu bainintzen: Jesus poeta bizizale bat zen, herri xehearekin bat egin zuena, eta nahikoa eta sobera nuen horrekin. Garaiko gazteak ez bezala, beraz, egun batetik bestera santujaleak izatetik marxista-leninistak izatera heldu zirenak, nik neure bidean jarraitu nuen, Elizak mendetan zehar zabaldutako errituak eta aparatu ideologiko guztia bazter utzita, hori bai, are bazterrago utzi nituena Venezuelako esperientzia bizi ondoren, askapen teologiaren jarraitzaileekin harremanetan jarri bezain fite.
Mundu hau zuri ere sinesgaitz gertatzen zaizu.
Ba, horixe. Hain da harrigarria inguratzen gaituen errealitate misteriotsua, mikromundua eta makromundua... ez nintzatekeela harrituko, alegia, beste mundurik balego, edo munduan egoteko beste era bat. Askotan pentsatzen dut, halaber, mundualdi honen ondoren ezereza izango dugula sari: hori ere, baina, ez da nolanahiko saria; niretzat, izan ere, oinazea da infernua, eta ezerezak ez du minik ez oinazerik, ez du sufritzen. Bitartean, hemen nago Misterio Bizi-sortzailearekin hizketan, biraotik –galdera potoloak eginak dizkiot jainkoari, oraindik erantzun ez dizkidanak– maiteminera eta maiteminetik biraora. Bueno, tarteka ere baditugu geure barrealdiak. Hitz-joko bat eginez, zera ere esan dezaket, nik ez dizkiodala Jainkoari edo Dena Delakoari adarrak jarri –oraindik ez behintzat–, baina gustatzen zaidala, bai, aldian behin Hari adarra jotzea: maitasun handiz diot, gezurra badirudi ere.
Aldatu al zaizu bizitzarekiko kontzientzia?
Funtsean, ez. Baina aitortzen dut azken bolada honetan pairatu ditudan nire bi gaitz hauen zafraldiak ahuldu eta higatu nautela, maila batean. Maila dexentean ere bai. Baina, nagoen bezala nagoela, aurrera egiteko moduan nago, gero gerokoak.
Bilobatxoa tarteko, zer moduz hartu dute familiakoek liburua? Eta lagunek?
Nik ez dut dudan jartzen maite nauen jendeari –lagunei eta senideei, baita hainbat irakurleri ere, ausaz– min egingo niola liburu honekin. Baina maite nauen jende hori, halaber, pozik egongo da, beraiek atera bainaute putzu beltzetik, azken batean, beren egiteak eta ez-egiteak –bakean uzteko esaten nienean, bakean uzten ninduten– bitarteko. Jaso ditudan e-mailak, gainera, guztiak dira adore-emaileak eta ulergarritasunaren bahetik iraziak, laudoriozkoak ere ez gutxi, baita aleka batzuk ere, amodiozko gutuntzat ere har litezkeenak. Bilobatxoari dagokionez, berriz, nik uste dut zeharo poztuko dela liburuxka inoiz irakurtzen badu –adin batetik aurrera, jakina–, gaixoaldiaren unerik txarrenetan haurraren begiak –eta inozentziarenak, azken batean– izan baititut itsasargi, izan ditut jarraibide, izan ditut salbabide.
Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]
Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]
Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.
Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]
Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]
Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]
Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]