Ezberdinak eta antzekoak


2025eko irailaren 14an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant bat.

Ilustratzaile ezagun honek idatzi eta ilustraturiko lehen obra honetan egilearen estiloa garbia ikusten da: irudi sinpleak, pastel koloreekin, detaile baino orokorreko ideian zentratuta. Egileak ederki lortzen du islatu nahi duen mezua helaraztea. Eta horretarako, kasu honetan gainera, hitz gutxi eta oso oinarrizkoetara mugatzen da. Izenburuak berak adierazten duen bezala, hitz zehatz eta gutxitan adierazten digu mezua.

Familia baten kontakizunarekin hasten da, historiaurrean kokaturik, eta hartzak, mamutak eta animalia ugariz inguraturiko giro batean. Familia kobazulora iristen da, nekatuta, “Aita, ama eta ehiztariak han; oin nekatuak, bidaia luzearen ondoren. Umea hemen, berriz haranean”. Eta ume da liburuko protagonista, dena bere zain duen umeak etxea atzean utzi eta haranera joko du. Bidaian egileak ingurua deskribatzen digu haurraren begiekin, “zuhaitzak handi, umea txiki. Umea handi, zomorroa txiki”, eta testu gutxirekin eta orri osoko ilustrazioen bidez kontakizunaren narrazioa osatzen joango da. Harik eta jolasean, animaliekin, ingurua ikusten egon ondoren ibairaino iritsi arte. “Mendia han, urrun. Ibai distiratsua hurbil. Umea hemen”. Eta hurrengo orrian… “Umea han”. Ibaiaren bazter bietan daude umeak, gure protagonista albo batean, eta bestean bera bezalako beste ume bat, azal kolore apur bat ilunagoa, arropa gehiagorekin jantzia,… baina biak antzekoak: “Begiak hemen. Sudurra, ahoa han”, “Begiak han. Sudurra, ahoa hemen” irakur dezakegu ume bakoitzaren aurpegi harrituaren azpian, biak ezberdinak baina biak oso antzekoak.

Arrotza bere familiarekin doa, eta esku bat goratuta desagertzen da. Gure umea kobazulora itzuli eta errautsetan eskua zikinduta eskuaren irudia uzten du kobazuloko paretan. “Esku bat gora, eta hemengo umeak hango umea du gogoan”.

Enkontru horren narrazioak bestearengana hurbiltzen gaitu; egileak historiaurrean kokatzen du (eta liburuaren amaieran ohar batean azaltzen du neandertal eta homo sapiensen historia) baina egia da enkontru horrek balio duela gaur egungo gizartea hobeto ulertzeko, elkarrekin hobeto moldatzeko, bestea onartzeko…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Eguneraketa berriak daude