"Emateko aukera eskaintzen badiozu norbaiti, bera ere hartzeko prest egongo da"

  • 127 herrialdetako 5.000 hautagai baino gehiagoren artean, Global Teacher Prize sari prestigiotsurako 50 finalistetako bat da César Bona. Ez du hezkuntzari buruzko diskurtso ponposorik, ezta behar ere: eguneroko lanaren adierazgarri, 11 urteko ikasleek eurek egindako Kopa oparitu berri diote (beheragoko argazkian umez inguratuta ageri den Kopa), haientzat irakasle onena delako César.

"Lotsa eta beldurra ez daitezela oztopo izan emozioak, sentimenduak, pentsamenduak edo argudioak adierazteko".

Zer nolako hezkuntza jaso zenuen haurtzaroan? Egun zaren irakaslea izateko balio izan al zizun?

Txikitan oso lotsatia nintzen eta irakasleak galderaren bat egiten zuenean, eskua altxatu ordez ondokoari esaten nion erantzuna. Ez dut nahi eskolan ditudan haurrei halakoak gertatzerik: lotsa eta beldurra ez daitezela oztopo izan emozioak, sentimenduak, pentsamenduak edo argudioak adierazteko; horma hori gainditzeko gai izan daitezela da nire helburua. Etxean berriz, aita arotza nuen eta lagundu egiten nion, baina aspertu egiten nintzen, berak eskatzen zizkidan lantresnak eskura ematea nuelako zeregin bakarra. Nire haurrek inplikazio falta hori sentitzerik ere ez dut nahi, engaiatu daitezela nahi dut, ikastearekin edo gauzak aldatzearekin, aurrera eramaten dituzten proiektuetan inplikatu daitezela.

Ikasgela bakoitza, haur bakoitza mundu bat da. Nola lortzen da haurrak duen onena ateratzea?

Oso garrantzitsua da testuingurua ezagutzea, herri, hiri, auzo, ikastetxe, ikasgela… horretako haurrek zer egiten duten, nola hobetu dezaketen inguruan dutena. Ikasgela horretako interesak eta kezkak hartu behar dira kontuan. Eta norbanakoari begira, denoi gustatzen zaigu inportantea edo baloratua sentitzea, hori lortzea da lehenengo urratsa. Talde berri batera iristen naizenean haurrei beti esaten diet: “Irakaslea naiz, baina nik ez dakit dena, zuek ere irakatsi diezadakezue”. Dituzten jakintzen eta afizioen berri ematen dute, guztiokin elkarbanatzen dituzte, eta ematen duzunean, zu ere prest zaude besteen irakaspenak jasotzeko. Zentzu horretan, eskoletako programazioak irekia izan beharko luke: “Gaur 9etan sartu eta hau eta hau emango dut” pentsatu beharrean, “zuek zer irakatsi diezadakezue? Zer duzue eskaintzeko?” galdegin beharko genuke.

Baina arreta pertsonalizatua lortu al daiteke 30 ikasleko geletan?

Begira, guk rolak banatzen eta txandakatzen ditugu gelan [ikusi beheko irudia], eta Matxinatuen Burua deitzen duguna da niretzat rol garrantzitsuenetakoa: beste haurren kexak eta iradokizunak bideratzeaz arduratzen da. Izenik jarri gabe ikasleetako batek oharra idatziko du jolas-orduan gertatu zaionaz, ikaskideak esan dion zerbaiti buruz edo ikasgaia nola ematen dudan gustuko ez duela azalduz. Matxinatuen Buruak ohar anonimo hauek emango dizkit ondoren, eta oharretan adierazi didatena hobetzen saiatuko naiz. Euren heziketan parte hartzen dute haurrek, hala sentitzen dute, eta gustura datoz eskolara. 30 ikasleko gela dela? Seikoak eta hogeitakakoak egokitu zaizkit, eta denek partekatzen dute zerbait: emozioa. Askoz gehiago landu beharko genuke emozioa hezkuntzan.

Matxinatuen Burua, diozu. Beste zein rol banatzen dituzue gelan? Zein helbururekin?

Haurrek gutxi gorabehera hilero txandakatzen dituzte rolak: hala nola, Birziklatzearen Buruak ditugu (ingurumena errespetatzera animatzen dituzte gainerakoak eta birziklatzea ondo egin dadila dute helburu); Altruisten Zerrenda Zuriaren Arduraduna dugu (ikasgairen batean ondo dabilenak izena eman dezake, eta kontrara, ikasgairen batean zailtasuna duenak, berak hala erabakita, zerrendako arduradunarekin hitz egin dezake altruista bat bilatu eta ikasgai horretan elkarren ondoan esertzeko, laguntzeko… eta elkar estimulatzeko); Gehiegi Hitz Egin Dutenen Zerrenda Beltzaren Arduraduna ere badaukagu, hitz egiten ari diren beste ikaskideak ez eteten eta errespetatzen ikasteko (ni neu ere kontrolatzen nau); asko hitz egiteagatik puntuak galdu dituenak berreskuratu ditzake, Abokatuarekin hitz eginez eta lantxoren bat eginez; Kazetari Batzordean berri bitxiak ekartzera animatzen dute jendea, gero hemen komentatzeko; Liburuzainak daude, irakurketa defendatzen… Garrantzitsua da denok funtzio bat izatea gizartean, kasu honetan ikasgela den mikro-gizartean, eta funtzio bakoitzaren arduraduna errespetatzea. Elkarrekin, bere martxa duen engranajea osatu dugu. Rolak aldatzen joateak enpatia lantzeko aukera ere ematen du.

Nolakoa da egun bat zure gelan?

Aipu-hartzaileak (rol hori ere badaukagu) aipu bat aurkezten digu lehen orduan eta horri buruz aritzen gara. Gero, egunaren eta ikasgaiaren arabera, oso ezberdina da jarduna. Jakin-mina lantzen dugu, informazioa biltzen eta baloratzen ikasteko ariketak egiten ditugu, edota publiko aurrean lotsa galdu eta hitz egitea praktikatzeko mahai gainera igo eta euren kontinenteaz mintzatu behar dute [kontinenteka daude banatuta gelan, ikusi goiko irudia]. Gaur oso gauza polita gertatu da: Mohammed oso lotsatia da, baina berak hitz egin nahi zuela esan digu, mahai gainera igo da eta denoi zuzendu zaigu; bukaeran txalotu egin dute ikaskideek, badakitelako ez dela erraza, batez ere lotsatia bazara, eta beretzat inportantea izan da kontatu diguna besteek interesez jarraitzea eta aintzat hartzea. Asteazkenetan esaterako, Istorio Surrealistak ditugu: Belaunak-Alderantziz-Tolesteko-Gaitasun-Bitxia-Zuen-Eta-Hanketako-Behatz-Artean-Kaktusak-Ezkutatzen-Zituen-Ibilera-Zaharkituko-Txita-Jaun-Astakirtenaren-Istorio-Aparta moduko titular xelebre batetik abiatu, hiztegitik ausaz zortzi-bederatzi hitz hautatu eta istorioa sortzen eta eraikitzen joaten gara denon artean. Ondo pasatzea eta ahalegintzea ez daude lehian.

Hau guztia begi onez ikusten dute gurasoek?

Ibilbide bat eta aitorpen bat lortu izanak lagundu egiten du gurasoekiko harremanean, baina egia da kosta egin zaidala. Leku askotan aztoratu egiten ziren: “Baina ez dute testu-liburua erabili!” edo “eta gramatika? Ortografia?”. “Lasai”, erantzuten nien nik, “beste modu batera agian ikasiko ez lituzketen gauzak ikasten ari dira zuen seme-alabak”. Eta ikasturte bukaerarako, jarrera aldatu ohi dute gurasoek. Ikastetxe batean, ikasturte amaieran, eskutitzak idatzi zizkidaten gurasoek: “Nire alaba askoz autonomoagoa da”, “nire semeak emozioak adierazteko zuen lotsa galdu du”, eta halakoak. Baloreak ikasten ditugu eskolan.

Irakurri dizudanez, enpatia, ikasleen parte-hartzea, irudimena, sormena, jakin-mina, sentsibilitatea eta errespetua dituzu oinarri. Horiek dira heziketaren gakoak?

Nire ustez bai. Horiei gehituko nieke jarrera, baita irakasle bezala ere: irakasle batek asko jakin dezake, baina jarrerarik ez badauka… Nola animatuko duzu haurren jakin-mina, zuk jakin-nahirik ez baduzu? Nola estimulatuko duzu sormena, ez baduzu ikertzeko edo sortzeko gogorik? Eta diozun moduan, enpatia eta sentsibilitatea ere azpimarratu ohi ditut, eskola guztietan kontuan hartu beharreko ezinbestekoak iruditzen zaizkit, modu horretan hurkoa, animaliak, ingurumena… errespetatuko dituzten helduak izango direlako. Haurrak, gainera, ez dira soilik etorkizuneko helduak, orainaren biztanleak ere badira, eta horregatik parte hartu behar dute gizartean.

Global Teacher Prize sarirako hainbat proiektu eta esperientzia hartu dituzte kontuan. Tartean, maila sozio-ekonomiko baxuko “ikasgela gatazkatsu” batean egindako lana.

Bai, ikastetxe hauek “jarduera zaileko” eufemismoaz izendatu ohi dituzte, baina erronka gisa definituko nituzke nik. Testuingurua begiratu behar duzu, umeek sarri ez baitute egoera erraza bizi, eta aski da euren lekuan jartzea. Javi adibidez lagun handia dut oraindik eta han ezagutu nuen, duela sei urte; ijitoa da, kajoia jotzen du eta niri ere kajoia jotzen irakatsiko al zidan galdetu nion; eskola ordua baino ordubete lehenago geratzen ginen horretarako. Konexio hori duzunean, norbaiti emateko aukera eskaintzen diozunean, bera ere hartzeko prest egongo da, jarrera kontua da. Irakurtzen ikasteko antzezlan berezi bat ere egin genuen, eta antzezlan horrek ikasleengan sortu zuen konplizitateak eta piztu zuen grinak eskolara gustura etortzea eragin zuen.

Ondoren, herri txiki bateko eskolan, La importancia de llamarse Applewhite filma errodatu zenuten, sari ugari jaso dituena.

Buretan izan zen hori, 200 biztanle inguruko herrian, eta 4 eta 12 urte arteko sei haur nituen. Pelikula mutua egin genuen, ikasleek  istorioaren garaiko gertaerak eta pertsonaiak ikertu zituzten, eta antzezpenaren aitzakian emozioak nola adierazi landu genuen, hitzez eta keinu bidez. Sei ume baino ez ziren eta horietako bik harreman txarra zuten, familien arteko desadostasunak medio. Bada, elkar maite zuten bi protagonisten rolean jarri nituen, eta ondo atera zen: informazioa bilatzea, jantziak prestatzea eta halakoak familiek elkarrekin egin behar zuten, eta orain oso ondo eramaten dira bi familiak.

Buretan bi urtez izan nintzen eta beste proiektu bat ere egin genuen: dokumentala. Herriaren altxorretako bat adineko jendea izanik (gazte askok herritik alde egiten du gaur egun), umeek aitona-amonak elkarrizketatu zituzten dokumentalerako, haien bizipenak eta nahiak jaso zituzten. Pelikula estreinatu genuen egunean, 200 biztanleko herrian 400 ikuslek bete zuten aretoa! Omenaldi ederra izan zen aitona-amona haientzat.

Eta 2010ean, El Cuarto Hocico animaliak babesteko elkarte birtuala sortu zuten zure ikasleek…

Muel herrian nintzen irakasle eta zirkoa iritsi zen herrira. Umeak pozik zeuden eta ohiko moduan, ikertzeko esan nien, zirkoez informazioa bilatzeko, gurasoei galdetzeko… Hurrengo egunean, zirkoari buruzko eztabaidan ondorioztatu zuten animaliek ez zutela hain bizitza alaia zirkoan, eta horrela jaio zen El Cuarto Hocico elkartea. Deskubritu zutena gainerako ikasgeletan kontatu zuten, lehen mailako haurretatik hasi eta seigarren mailaraino. Ondoren, haurrek sinaturiko eskutitza aurkeztu zioten alkateari, eta ordutik animaliarik gabeko zirkoak bakarrik onartzen dituen herria da Muel. Elkarte birtualari eta haurrek bertan idatzitako iritzi, bitxikeri eta iruzkinei esker, eztabaida beste lekuetara zabaldu zen eta nazioarteko ikastetxeetako umeak elkartu ziren ekimenera. Beste behin, parte hartzen dutela eta kontuan hartuak izan direla sentitu dute haurrek, inplikatu egin dira, eta gizartea aldatzeko eta animalien eskubideen alde egiteko eredu izan dira.

Zein da proiektu horien guztien arrakastarako sekretua?

Parte hartzeko aukera ematean datza, helduok maiz atrofiatuta daukagun irudimena bizi-bizi dutelako haurrek, eta aintzat hartzeko moduko ideia zoragarriak dituzte. Haurraren interes eta nahiei erreparatzea garrantzitsua da, umeak inplikatzea –modu horretan lortuko dutelako beste pertsona batzuk ere “kutsatzea”–, eta azkenik, inportante eta harro sentitzea.

Eta zu zein lorpenez zaude harroen?

Ume bakoitza mundu bat da eta keinu txiki eta handi guztiek dute balioa. Mohammedek gaur egin duena lorpen handia da beretzat, izugarri pozik joan da etxera. Ivánek arazoa zuen r hizkia ahoskatzeko, ba Haurren Eskubideen Aldeko Munduko Kongresu-aurrera lagundu ninduen, zazpi bat minutuz hitz egin zuen 400 pertsonaren aurrean eta bukaeran 400ak altxatu eta txalo jo zioten. Mónicak negar egiten zuen emozioez hitz egiten genuen bakoitzean, hori bideratzeko tresnak eman zitzaizkion, eta gai izan zen 300 lagunen aurrean hitz egiteko, Aragoiko Ingurumenaren Sarian. Bi haur adiskidetzea lorpena da, herri oso bat bere zaharrak txalotzen ikustea, kajoia jotzen duen Javirekin gaur egun laguntasuna mantentzea…

Aurkeztu diguzun hezkuntza ereduak balio du urte gehiago dituzten haur eta gazteekin ari diren irakasleentzat?

Lehen Hezkuntzako haurrekin hasi aurretik, adin guztietako gazteekin aritu nintzen, baita Batxilerrean ere, eta egia da institutuetan sistema itxiagoa dela, badirudiela sakrilegioa dela txikiagoekin egiten ditugun asanbladak eta talde ariketak egitea, baina bat-batean unibertsitatera iritsi eta publiko aurrean hitz eginarazten dizute, eta shock modukoa da ikasleentzat. Bigarren Hezkuntzan ere aldatu eta hobetu beharreko asko dagoela, alegia. Gainera, alferrikakoa da Lehen Hezkuntzan aldaketa metodologikoetan sakontzea, gero Bigarren Hezkuntzako hormarekin talka egingo badugu.

Baina balore eta konpetentziak lantzeko nahia batetik, azterketen eta gaitegien eredu zurruna bestetik, oreka erraz bilatzen du irakasleak ala frustrazioa gertu du bide berritzaileak urratu nahi dituenak?

Egia da, frustrazio handia dago, sistemak ez dizulako uzten egin nahiko zenituzkeen gauza asko egiten, gurasoak ere sarri ez dira fio, eta nik batzuetan pausoa ematea erabaki dut sinetsita nengoelako beharrezkoa zela ikasleentzat, baina ez da beti samurra izan, iritsi eta haurrak mahai gainean hizketan jartzea bezain sinplea ez da, arriskatu behar izan dut. Eskema zaharretatik ateratzen saiatu eta amore ematen bukatu daiteke, irakasleek maiz ez dugulako laguntzarik, ez dugu motibaziorik, errazagoa da testu-liburua jarraituz ikasgaia eman eta kobratzea, eta horregatik seguru egon behar duzu, zure horretan mantendu. Pribilegiatua naiz sari honetarako hautagai naizelako, eta sariak balio behar luke konturatzeko hezkuntza ulertzeko era hau aintzat hartzeko modukoa dela.

 

 

Nortasun agiria: César Bona

César Bona García, 1972an Ainzón herrian jaioa, Zaragozan (Aragoi). Ingeles Filologian lizentziatu ostean, Magisteritza ikasi zuen. Hamabost urte daramatza irakaskuntzan, horietatik zazpi eskola publikoan. Varkeys Fundazioak antolatzen duen –eta milioi bat dolarreko ordaina duen– Global Teacher Prize sarira aurkeztu zuen lagun batek –Irakasleen Nobel saritzat hartzen dena– eta finalista da, mundu osoko beste 49 hautagairekin batera.

Lehia

“Lehiakortasuna inportantea dela esaten didatenean erantzuten dut norbera hobetzen joatea dela inportantea. Gurasoak umeen notak konparatzen hastea akatsa da, pentsatu ezazu ea zer egin dezakezun zure seme-alaba ahalegindu dadin bere mailan hobetzen joateko, beragatik, ez gurasoen desiren proiekzioa den exijentziekiko. Gure gelan, Altruisten Zerrenda moduko ekimenei esker, zertan eta nor lagundu dezakeen bihurtzen da haurraren erronketako bat, eta ez lehia eta bestea zapaltzea”.

Galde shorta: Denok maila berean

LOMCE. Laguntza, altruismoa eta lankidetza sustatzea gustatuko litzaidake, lehiakortasuna beharrean.
Testu-liburuak. Agian astean behin edo hamabostean behin erabiliko ditugu, eta erreferentzia gisa balio dezakete, baina ez dira irakasleon gida.

Ikaslea. Ohorea da haiengandik ikasi ahal izatea.

Irakaslea. Haurrek eskaintzen duten sormena egunero bizi ahal izateko luxua.

Autoritatea. Errespetutik lortzen da, eta errespetua ez da inposatzen, irabazi egiten da, denok maila berean jarriz.

Irakasleak ez daki dena

“Eztabaidatzea eta iritzi propioa garatzea garrantzitsua da, denek diotenarekin ados ez badaude adierazi ahal izatea, baita irakaslearekin bat etortzen ez direnean ere. Urtetan gidatu gaituen eskema izan da irakasleak dena dakiela, eta hori aldatzeko ordua da. ‘Zergatik egiten du hotz handiagoa poloetan?’ galdetu zidaten lehengo egunean ikasleek. Ikertzeko esan nien eta informazioa bildu ostean kontatu zidaten Hego Poloan hotz handiagoa egiten duela Ipar Poloan baino. Hori beraiengandik ikasi dut".


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Momo eta mo-mo

Gizon grisak deslai dabiltza han-hemenka. Ikusi zaie kontrol gehiago agintzen askatasunaren aberri handiaren izenean –segun, berdintasunaren, jakobinismoaren eta haurridetasunarena ere badena–. Ikusi zaie ordena eta segurtasunaz solasean eta, mugen zelatatzeaz hitz... [+]


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Eguneraketa berriak daude