Aniztasuna ez da kudeatzen

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aniztasuna hitza edozein hezkuntza testuingurutan entzuten den garaian bizi gara. Kanpaina instituzionaletan, plan estrategikoetan eta ikastetxeetako korridoreetako kartel koloretsuetan aise agertzen da. Baina aniztasuna zenbat eta gehiago erabili, orduan eta arrisku handiagoa dago kontzeptua bera husteko. Aniztasuna, beraz, hitz eroso bihurtu da. Eta hitz bat eroso bihurtzen denean, ez dio botereari deseroso sentiarazten.

Egun, hezkuntza-sistemak, bere gida, protokolo eta txostenekin, disidentzia kategoria kudeagarri bihurtzeko joera du. Hizkuntza tekniko bat sortuz eta lehen mugak gainditzen zituena sailkatuz, arautuz eta normalizatuz. Alegia, hasiera batean subertsio politikoa zena (gorputz eta identitate ez-normatiboak) administrazio-prozedura bihurtu da.

Arazoa ez da inklusioa, bere horretan baztertzailea den esparruaren barruan inklusioa sartzea baizik. Izan ere, inklusioa hegemonia edo normaltasuna mugitu gabe praktikatzen ari gara. Eta, ondorioz, aniztasuna arau berdinen pean jarduten duen dekorazio instituzional bihurtzen ari da, ez aldaketarako tresna.

Aniztasuna lantzea ez da desberdina dena sistemaren barruan integratzea, baizik eta sistema desberdintasunetik birpentsatzea

Kudeaketaren lengoaiak (edo "gure ikastetxean aniztasuna kudeatzen dugu" bezalako esaldiek) egoeren gaineko segurtasuna, kontrola eta eraginkortasuna transmititzen ditu. Baina hezkuntza ez da kudeaketa-adierazleen arabera neurtzen, esperientzien arabera baizik. Hain zuzen, hunkitzen, aztoratzen eta errealitatea beste era batera begiratzera gonbidatzen gaituzten esperientziak dira. Eta disidentziak (aniztasunetik harago) zirrara horretatik irakasten du, sistemak bere mugez gainetik prozesatzen ez dakiena erakutsiz.

Disidentzia ez da erosoa, justuki, logika (eroso) askotatik ihes egiten duelako. Horregatik, aniztasuna lantzea ez da desberdina dena sistemaren barruan integratzea, baizik eta sistema desberdintasunetik birpentsatzea. Horretan datza bere ahalmen pedagogikoa.

Hortaz, pedagogia feministek ez dute aniztasuna kudeatu nahi, aniztasunetik ikasi baizik. Normaltasuna arrakalatzen duena entzutea, ez bakarrik normaltasunera egokitzen dena. Alegia, ezarritakoa desordenatzen duten gorputzei, afektuei eta desirei lekua ematea. 

Beraz, mesedez, utz dezagun alde batera kudeaketaren enpresa-lengoaia bizitzaz, desirez edo harremanez ari garenean. Aniztasuna ez delako kudeatzen, bizi eta gorpuztu egiten delako. Eta aniztasuna bizitzea da, era berean, i(ra)kasteko modurik erradikalena.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude