‘Uriola’ eta ‘Prest!’ komunikabideak itxiko dituzte, egoera ekonomiko “sostengaezinagatik”

  • Bilboko euskara hutsezko hedabide bakarrenetakoak aurtengo abenduan itxiko dituzte, erakundeetatik jasotako dirulaguntzak nahikoa ez direla eta, proiektuak ez baitira “jasangarri”. Kideek aldarrikatu dute Bilbok apustu “sendoagoa” egin beharko lukeela euskarazko hedabideen alde.

Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2025eko azaroaren 26an - 12:05
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Erdalduntze makina” salatuko dute abenduaren 3an Bilboko euskaltzaleek, Gukak deitutako mobilizazioan; eta, hain zuzen ere, makina ber hori izan dute berbagai Prest! eta Uriolako kideek, beren hedabidearen itxiera prentsaurrekoan. Bilboko euskara hutseko komunikabide apurrenetako bi itxiko dituzte aurtengo abenduan, egoera ekonomikoak itota, eta erakundeei zuzendu zaizkie, euskara eta euskaldunekiko begirune gehiago eskatzeko: “Erdalduntze makinan murgilduta dagoen Bilbo bezalako plaza batek apustu sendoagoa behar du euskarazko hedabideen alde”, adierazi du Jone Gartzia bertako langile ohi eta kolaboratzaileak.

Egoera ekonomikoa izan da Deustualdeko komunikabideak ixtera eraman dituena, “sostengaezina” baitzen. “Dirulaguntza publikoak ez dira behar bestekoak izan proiektuan duintasunez jardun ahal izateko”, azaldu du Idurre Villanueva Prest!-eko zuzendariak. Hedabideen administrazioa Berbaizu elkarteak kudeatzen du, eta, bertako kide Irantzu Perez de Anuzitak azaldu du egoera: “Dirulaguntzek gastuen %49 estaltzen dute. Gainontzeko %51 hori gure diru sarrera propioen bitartez estali behar dugu, eta ezin dugu”. Izan ere, azaldu du Uriola eta Prest! hedabideen artean bi langile dituztela eta hilero 2.000 aldizkari inprimatzen dituztela, doan banatzeko: “Gastua itzela da”.

Hain zuzen ere, Villanuevak azaldu du Berbaizuren eta Abante konpartsaren laguntza ekonomikoari esker, “zulo ekonomikoa” murriztea lortu dutela, baina ez da nahikoa izan, eta ixteko erabakia “saihetsezina” izan da. Azaldu dutenez, azken hilabeteetan “presiopean” aritu dira lanean, eta “prekaritatetik” hartu dute eteteko erabakia. Jasotako laguntza eskertzeko, edonola ere, Abante eta Berbaizuri babesa ematera animatu dute euskal gizartea.

“Kristoren galera” Bilborentzat

Jone Gartziak azaldu du Prest! eta Uriolaren helburua beti izan dela “nagusiki erdalduna den Bilbon euskarari bultzada ematea”, euskaldunek beren hizkuntzan informazioa kontsumitzeko aukera izatea, “Deustuko etxe guztietan aldizkari bat izatea ehuneko ehunean euskaraz”, gehitu du Perez de Anuzitak.

Hori horrela, erakundeekin harremanik izan duten edo ez galdetuta, azaldu du egon direla harremanetan, baina ez dagoela “aterabiderik”. “Guk sinisten dugu bi proiektu hauek behar dutela dirulaguntza bat baina askoz gehiago, baina ez digute hori eskaini”; alegia, udalak proiektu horiek ehuneko ehunean sostengatu beharko lituzkeela. “Sinisten dugu nahiz eta sarrera ekonomikorik ez izan, euskara hutsezko hedabide bat egon behar dela Bilbon”, gehitu du. Baina dauden baldintzetan, horrelakorik gertatzerik ez du espero.

Izan ere, Prest! eta Uriola itxita, komunikabide bakarra baino ez da geratzen hirian euskara hutsean: Bilbo Hiria irratia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2025eko urriaren 16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025eko abuztuaren 20
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.