Duela aste batzuk, Seaskari esker, formakuntza bikaina segitu dut Adimen Artifizialaren erabilpenaz irakaskuntzan, Egoitz Etxeandia Romerorekin. Gai hori da korapilo handienetarikoa, egun, irakasleontzat. Ikasle guziek, omen, ezagutzen eta erabiltzen dute AA, gehienetan gibelapen kritikorik gabe. Baina irakasle frankok ere jotzen dugu tresna horretara, gure kurtsoa hobeki prestatzeko edo ebaluazioak sortzeko. Eta pertsonalki ere, irakasleok jakinen dugu ChatGPT edo Gemini zoin praktikoak diren gure galderei erantzuteko, ikerketak izugarri bizkor egiteko edo ataza konplexuak bideratzeko. Zergatik, bada, uzkur gara AA erreminta pedagogiko gisa erabiltzeko, modu asumituan, klasean eta etxerako lanak ematerakoan? Erantzuna nabarmena da: ez garelako gai sentitzen AAk dakartzan arriskuak kudeatzeko, denok dakigulako AAren bidez edonork oinarrizko giza-balioen kontrako eduki eta jarrerak eskura ditzakeela eta horien imitatzera gonbidatua izan daitekeela.
Hortaz, bi presio mota jasaten ditugu irakasleok. Alde batetik, entzuten ditugu instituzioaren aginduak, ikasleak etorkizunerako prestatu behar ditugula, jakinez geroan biziko dugun errealitatea AAk moldatutakoa datekeela. Gure kontzientzia ere horrela mintzo zaigu: biharko hiritarrak formatzea da gure lana, guri dagokigu teknologia berriak kontuan hartuz egokitzea, gure irakaskuntza eraginkor egiteko. Gainera, ez ote gara denok jadanik ekipatuak, heldu zein gazte, ez ote gara jadanik denak tresnatuak? Modu tradizionalean segitzea, alegia, deus ez eginez, begi bistakoa ukatzea eta atzerakoi bilakatzea litzateke. Eta, egiazki, arrunt baliagarriak dira hainbat eta hainbat baliabide adimentsu, progresio ibilbideak sortzeko, euskarriak behar bereziak dituzten ikasleentzat egokitzeko, aurkezpen erakargarriak apailatzeko, eta abar.
Zergatik uzkur gara AA erreminta pedagogiko gisa erabiltzeko (...)? Erantzuna nabarmena da: ez garelako gai sentitzen AAk dakartzan arriskuak kudeatzeko
Bestaldetik, hor daude Altxa Buruako buraso taldeak, ikastetxeetan teknologien erabilera egokia bultzatzea dutena helburu –ARGIAren 2.936 zenbakian irakurgai genuen Telmo Lazkanoren elkarrizketa, horretaz–. Frantzian dauzkate Pour un Droit à une Scolarité Libre de Numérique (Digitalizazioaz aske eskolatua izateko eskubidearen alde) elkartea eta Attention (Kasu) kolektiboa: horiek lan egiten dute bai agintariekin, bai irakasleekin, bai familiekin, digitalizazioaren bidezko irakaskuntzaren kalteak ezagutarazteko, izan kalte sozialak, ekonomikoak, politikoak (gero eta gehiago aipu da "teknofaxismoa") edo afektiboak. Hain zuzen ere, egitura horiek azpimarratzen dute irakasleon lan nagusia ez dela gehiago izanen ezagutzak transmititzea, baina gure eta ikasleen emozioen kontrolatzea, frustrazioa menperatzeko nekeziak ukanen ditugulako anitzek.
Auzi horretan, gizartean piztu diren kezkak oso-osorik sartu dira irakaskuntzaren alorrean. Uholde nagusi bat etorri zaigu, eta ez dakigu gure burua itotzen uztera onartu behar dugun, borrokatu behar dugun itsaso horretatik ateratzeko, ala igerika hasi behar dugun. Azen ontzeko, ezinezkoa da gizarte eztabaida zintzoa eta objektiboa izatea, hain baita agresiboa eta gainetik ezin kengarria gailuen inbasioa.
Gisa horretan, zoriona, elkartasuna eta askatasuna urruneko idealak bilakatu litezke. Beharrik hor dugula literatura, gibelapen doi bat hartzeko. Hor dauzkagu, adibidez, Iban Zalduaren Eztabaida kritiko adimentsua ustekabeko narrazioa (Egan, 2023, 3-4), edo Mathieu Bablet komikilariaren Carbone & Silicium (Dibbuks, 2020) album zoragarria: etorkizun hurbileko gizartean, artifizialtasunaren gainetik umorea eta maitasuna beti bidelagun izanen ditugula sinets dezagun...
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.