Emakumeak borrokan

Herrigintza parte-hartzailerako gunea Urretxun

  • Urretxuko Irimo lantegia zena eta industrialde osoa berreskuratzeko prozesua abiatu dute herritarrek. Herrigintza ulertzeko eredu jasangarri eta parte-hartzailea oinarri, bilerak eta eztabaidak izan dituzte. Helburua, bertako ekintza kulturala eta ekonomikoa suspertzea.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko abenduaren 21a
Irimo gunea biziberritzeko lan handia dute aurretik herritarrek, batez ere kutsadura maila jaisteko eta hondakinak jasotzeko.
Irimo gunea biziberritzeko lan handia dute aurretik herritarrek, batez ere kutsadura maila jaisteko eta hondakinak jasotzeko.

Urretxura Legazpitik sartzean, kasik hutsik den industrialdea ikus genezake ezkerraldean. Guneari Irimo deitzen diote herritarrek, izan ere, bertan dago urte askoan Urretxuko enpresa garrantzitsuenetarikoa izan denaren egoitza. Hura eraberritzea ez da kontu samurra. Azkeneko hamabost urteetan, udal gobernu talde ezberdinek mota askotako proiektuak hartu dituzte kontuan, etxebizitzak eraikitzetik merkataritza-gunea sortzeraino. Bertako arkitekto talde baten proposamenari jarraituz eta hirigintzarako eredu jasangarria eta parte-hartzailea bilatuz, prozesu berria ireki da.

Lehenik, arlo anitzeko pertsonak eta eragileak bildu zituzten helburu estrategikoak definitzeko. Guztiz birrindu gabe, pabilioiei erabilera ematea posible zela ondorioztatu zuten. Europan eta Euskal Herrian bertan antzeko proiektuak badirela ikusi zuten, baina Irimoren berezitasunak aztertu behar zirela argi izan zuten lehen momentutik. Besteak beste, guneak duen kutsadura eta 7,2 kilometro koadroko espazio luzea dela.

Hasierako bileretan lortutako ondorio nagusietakoa da ekintza kultural eta ekonomikoetarako aproposa dela Irimo. Herritarren beharrak eta Urretxuk eta eskualdeak dituen gabeziak ahal den neurrian asetzen saiatzea da asmoa.

Ibon Salaberria koordinatzaileak adierazi duenez, jendea erakartzea da orain lehentasuna, bai kopuruaren aldetik, bai aniztasunaren aldetik ere. Horretarako, komunikazioa funtsezkoa da. Herritar askok ez du Irimo gunea ezagutzen. Industrialde garrantzitsua izan zela badakite, baina gaur egungo egoera, nolabait, arrotza zaie. Hori dela-eta, bertara bisitak antolatu zituzten udaran, gunea erakusteko eta proiektua aurkezteko. 50 lagun inguru gerturatu ziren. Irimo Foroa izenpean, hitzaldiak eta eztabaidak ere antolatu dituzte. Batetik proiektua ezagutarazteko, eta bestetik, antzeko esperientzietatik eta adituen ekarpenengatik ideia berriak landu ahal izateko. Abenduan bilera gehiago izango dituzte auzolan jardunaldiak prestatzeko.

Ekarpenak Europatik

Arkitekto gazteentzako Europan lehiaketara aurkeztu zuten proiektua. 2013ko gaia “hiri moldagarria” zela ikusita, egitasmoak lekua izan zezakeela pentsatu zuten. Irabazleetako bat izan dira, eta ondorioz, Europako arkitekto gazteen ekarpenak jasoko dituzte. Aberasgarria izateaz gain, kanpora begirako proiekzioa emango diela azpimarratu dute kideek.

Proiektu garestia da Irimo. Lan handia dute aurretik, batez ere kutsadura maila jaisteko eta hondakinak jasotzeko. Gipuzkoako Diputazioak eta Urretxuko Udalak emandako diru-laguntzei esker osatu dute aurrekontua, baina diru gehiago beharko dutela aurreikusten dute. Egungo testuinguru ekonomikoan finantziazioa lortzea zaila dela badakiten arren, Urretxu eraldatzeko gogoak ematen die aurrera jarraitzeko indarra.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude