"Lanean ari naizenean ez dut disfrutatzen, baina hau idazten gustura sentitu naiz"

  • Garai bateko kronika egin du Arantxa Urretabizkaiak Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014) liburuan. Oroitzapen zenbait izan ditu abiapuntu, eta “oroitzapenak gereziak bezala datoz: bat hartu, eta ondoan dituzu beste batzuk segidan”. Ez da, halarik ere, lan erabat zehatza, gauza gehiago konta zezakeen, baina “hauxe da! Nahikoa!”, esan eta puntua jarri zion testuari: kronika egin digu, literaturatik, norberarenetik, barrura begiratuz.

"Miopea naiz, eta bizitzarekiko miopia ere garatu dudala uste dut: egin behar dudana egiten dut, inora begiratu gabe”.Zaldi Ero

Gurasoen alaba zara…

Ez didate inoiz esan ez aitaren iguala ez amaren berdina naizenik, baina urteak dira, behin, ispilura begiratu eta amaren aurpegia ikusi nuen: “Laletxe! Ama! Horixe bakarrik falta zitzaidan!” Baina, bai, uste dut gurasoen arteko nahasketa naizela: aitaren euskal zaletasuna daukat, amaren patxada… Gure umea jaio zenean, osasun gorabeherak izan nituen, eta hiru aste pasa egin genuen ospitalean. Sendatu, eta etxerakoan, erizainak esan zigun gure amari eta bioi: “Ume lasaia da, baina jenioa du!”. Eta, orain, hogeita lau urte igaro direnean, ez nuen gure semearen deskribapen hoberik egingo. Bada, amak esan zidan orduan: “Jenioa duela? Hobe! Ez zu eta ni bezala, inork ez digu kasurik egiten, ez garelako haserretzen!”.

Zuri-beltzeko argazkiak, sarrerakoan: “Kontatu nahi dudanak 1947an du hasiera eta 1960aren inguruan bukaera (…) Kontakizunaren mamia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana”. Zer da, hortaz, kontatu nahi duzuna, zer duzu kontatu nahi ez duzuna?

Kontatu nahi ez dudana: gure familiaren intimitateak. Zilegi iruditzen zait nork bere familiako barruak kontatzea. Nik gustura irakurriko nituzke. Baina intimitateak ez dira norberarenak bakarrik, besterenak ere badira… Ni oso intuitiboa naiz, iruditzen zaidana egiten dut. Gero datoz lanak, egin dudana interpretatu behar izaten dudanean. Oraintxe, neure buruari esaten diot garai hartako kronika bat egiten dudala, oroitzapenetan oinarritua. Baina Zuri-beltzeko… ez da memoria liburua. Gauza batzuk ez ditut kontatu nahi, eta ez ditut kontatuko, sarreran esaten dudanez.

Ezinago argi, garbi eta klar…

Are gehiago, orain dela urtebete edo, bertso emanaldi bat egitea gertatu zitzaidan Andoni Egaña eta Uxue Alberdirekin. Nik testu bat irakurri, eta haiek bertsoak egiten zituzten haren gainean. Ahizpa etorri zen emanaldira eta, hasi baino lehen, esan nion: “Mari, agian ez zaizu gustatuko!”. Liburu honetako pasarte bat irakurri nuen, izeba Pakitari zegokiona. Ez zen, beraz, bakarrik niri zegokion bizitza. Eta Marik: “Zer, disparateak esan behar dituzu?”. Kar, kar… “Bai, disparateak esan behar ditut!”. Saioa bukatu eta Marik: “Oso polita, ez duzu disparaterik bota!”. “Ez, baina gu esaten dudanean, zeu ere barruan zaude!”. Errespetu handia diot horri.

Errespetu bera ikusten duzu inguruan, gizartean?

Ez, baina ez dut horretaz juiziorik egiten. Norberak jartzen du muga, nahi duen lekuan.

Zuk ez duzu dena delako muga gainditu nahi.

Ez, baina ez dakit zergatik. Agian, horrelakoa naiz…

Zu, izan, zintzoetan zintzoena zara, liburuan irakurri dugunez…

Nintzen, nintzen… Superletxeko zintzoa nintzen. Ezin zintzoagoa izan. Orain ere zintzoa naiz, baina ez ditut ikasitako guztiak errespetatzen. Ezta hurrik eman ere! Gurasoek ez dute inolako erantzukizunik ni naizen honetan. Ez zait gustatzen inork esatea: “Jakina, horrela hezi gintuzten!”. Ondo da, hezi, hemezortzi urte arte! Handik aurrera zertan eman dugu bizitza? Erantzukizuna, behin adin batez gero, ez da gurasoena, norberarena da. Askotan entzuten da: “Bai, baina eskolan buruan sartu zietena…”. Niri ere galantak sartu zizkidaten, baina honezkero ez dit balio, oroitzapen hutsa da. Neu naiz neure bizitzaren erantzule, ez beste inor. Neurea da erantzukizuna.

Lanbide “liberala” izateak, laneko errutina estutik kanpo bizi izateak lagundu dizu askok ez bezala pentsatzen munduaz?

Baietz uste dut. Alde batera eta bestera begiratzen hasi eta denek dute nik baino erretiro hobea, askoz hobea, baina badakit egokituko zaidan erretiro eskasa askatasunaren prezioa dela. Eta onartzen dut! Gazteak ikusten ditut, ikasketak bukatu eta lana aurkitu, etorkizuna segurtatu nahian, langile finko izateko amorratzen… “Ondo da, zeure aukera duzu. Ni prest nago askatasunaren prezioa onartzeko”. Ez naiz kexatuko.

Solasaldia egin berria duzu Gasteizen, Eider Rodriguezekin batera. Hantxe jardun zenuen, oraingo gazteak edo zure garaikoak okerrago bizi ote diren…

Ni baino okerrago ez dira biziko. Iruditzen zait pertsonok badugula joera iragana idealizatzeko, iraganean paradisuan ginela pentsatzeko. Esaten da, adibidez: “Garai bateko balioak berreskuratu behar dira”. “Zer balore, ordea?”. Nik liburuan erakusten ditudanak? Balio horiek ez dira berreskuratu behar: iraganean ez zen paradisurik izan. Gure ametsa da hori.

“Ni baino okerrago ez dira biziko”. Zu, hasteko, aitak lehenengo aldiz besoetan hartu zintuenean, kartzelan zegoen!

Gudaria izan zen aita, gerra denboran. Zazpi urte baino gehiago egon zen kartzelan, gerra eta gero. Heriotza zigorra jaso zuen, baina pixkanaka-pixkanaka irten zen handik ere. Kartzelatik irten eta ezkondu egin zen, hilabete gutxira. Laster etorri zen lehenengo alaba, nire ahizpa zaharrena. Bigarrena, ni, 1947an, aita kartzelan zela, erresistentziaren saltsaren batean sartuta zegoelako, nonbait. Jaio nintzen, beraz, eta hilabeteetara, kartzela zaintzen zuen mojetako batek esan zion gure amari ni Mesedetako Amaren egunean, irailaren 24an –nik ia hiru hilabete nituen ordurako–, eramaten baninduen, berak sartuko ninduela barrura, aitak ikus nintzan. Orain “Francoren garaian bezala” esaten da askotan, baina uste dut neurtu egin behar dela hori esaten denean, jakin egin behar dela Francoren garaia zer izan zen, alegia.

Bi atal ere baditu zure liburuak. Batean, “Notario batek egiaztatuko lukeena” atalean, “Pertsonaia nagusiak” aurkezten dizkiguzu. Bestean, “Postalak” ditugu. Horietako batean, hantxe Franco ageri…

Franco… Gure familia antifrankista zen, baina sekretupean gorde behar zen. Agian, horrek ilunpean bizitzen, klandestinitatean bizitzen erakutsi dit, gauza batzuk disimuluan egiten, zenbait gauza ezin direla esaten… Idaztea bera, lan klandestinoa izan da niretzat oraintsu arte. Lehenengo lana ere inori ezer esan gabe bidali nuen sariketa batera… Kostatu zait, gero!, klandestinitate hori gainditzen. Uste dut azkeneko hamarraldian gainditu dudala, hasi naizela idatzitakoa jende aurrean irakurtzen. Zerbait idazten dudanean, eta irakurleak hura irakurtzen duenean, ni etxeko gotorlekuan nago, salbu! “Hona ez dira sartuko!”.

Aitaz jardun duzu. Zer diozu amaz. Etxetik kanpo lanean jardun zuen, bulego materiala saltzen zen dendan…

Etxekoandre hutsak ez dakit noiz izan diren gure familiak: amona Euxebik Donostiako orfeoiaren egoitza zaintzen zuen; etxea zuen ordainetan. Amona Antxonik aitonari laguntzen zion sutegian, tira sokari alde batetik, eta hauspoari, bestetik. Gure ama ez zen etxekoandre hutsa izan, bizi osoan jardun zuen lanean, eta neuk esan behar izan nion, halako batean, nahiko lan egina zuela, uzteko lanari. Amari ez zitzaion burutik pasatzen etxetik kanpoko lana egin gabe bizitzerik! Etxekoandre hutsaren kontu hori, uste dut, historikoki, oso laburra dela. Frankismoak ekarri zuen, galtzaileen onespenez, eta bukatzera dator aldi hori ere, eta ez ideologiari edo feminismoari esker, hipotekari esker baizik: hurrengo bi belaunaldiek ezingo dute bizi soldata bakarrarekin, bi beharko dituzte.

Gurasoekin batera, oso presentzia nabarmena zure liburuan izeba Pakitak…

Bai aita eta bai ama, etxetik kanpora lanean, izeba zen gurekin etxean zegoena beti. Zorrotza zen! Eta negar egiteko prest edozein momentutan. Teatrera hutsa zen! Beti gurekin, beti etxean hura! Ez zen irteten, ez zuen lagunik, gu beste inor ez zuen!

Liburuan diozunez, gerra aurreko eta gerra ondoko izeba, bi pertsona ezberdin ziren!

Bai, horrela kontatzen ziguten. Bi lagun ziren, Gorri ezizeneko bat, eta gure izeba. Ama eta biok joan izan ginen Gorri bisitatzera ere, baina izeba ez. Kanpoko mundutik ezer jakin nahi ez zuela bizi zen. Behin, edadetua zen ordurako, zinemara eraman nuen. Gaztea izan ni! Igandea zen, eta zinemara baino lehen, kafetegira eraman nuen. Ez zuen tabernara nahi izan, eta kafetegira ere ia-ia arrastaka eraman behar izan nuen. James Bonden filma zen. Haren sustoak! “Oso ondo, baina zinera gehiago ez!”, esan zidan. Kar, kar…

Gerrak izebaren izaerari egin zion kaltea…

Trauma bat izan zen. Horixe zen liburuan kontatu nahi nuen gauzetako bat: trauma, gizonentzako trauma, baina, batez ere, emakumeentzat. Gerrak ez ditu, bakarrik, hildakoak biktima. Gerra ondoren diktadura datorrenean, denak dira biktima. Zein ausartzen da ezertara? Franco bizi zela, nobio bat nuen, soldadutzan. Hark cetme baten kargadorea ekarri zidan, lau edo bost bat bala hatzaren luzerakoak. Liburu artean jarriak neuzkan. Behin, salbuespen egoera Gipuzkoan, izebak bala haiek ikusi eta: “Faborez, kendu arma horiek hemendik!”. “Arma? Zein arma, gero?”. Kar, kar… “Hau ez da harrika botatzen!”. Beldurrak bizi zen hura, eta oso kontuan izan dut beldurraren kontu hori, gazteak hezterakoan. Alegia, nire beldurrak haiei ez transmititzen: “Zuri ematen dizu beldurra, ez niri!”, esaten genion. Gurasook askotan dugu arrisku hori, gure beldurrak gure menpean bizi direnei transmititzea.

Ahizparen eta anaiaren, edo nebaren, berri axal liburuan…

Ahizpak irakurria du liburua, eta esan zidan: “Gauza batzuk ez ditut zuk bezala gogoratzen, baina gauzak zuk idatzi duzun moduan izatea, edo nik gogoratzen ditudan moduan… bion arteko nahasketa bat izango da, seguruenera”. Ahizparen berri labur, eta nebarena ere gutxi, bai. Ez dut besteren bizitzan sartu nahi, nahiko lan daukat neure buruarekin.

Bigarren partean, postaletan, eliza, arropa, gorputza, ikatza… dituzu hizpide, eta, horien ondoan, baita euskara ere. Hor da euskararen mina…

Autoak ez aurrera ez atzera bide bazterrean uzten zaituenean, garabia dakarrena euskalduna bada, hobeto! Ertzainak gerarazten bazaituzte eta euskaraz hitz egiten badizute, hobeto! Niretzat, hobeto. Beste era batera hartzen dut arnasa… Gure gaztaroan, euskararen kontua oso gauza pisua zen. Gaztaroan, euskara hilzorian zegoen beti. Orain ere entzuten da hori, diskurtso agoniko hori. “Bi-hiru belaunalditan euskara akabo!”, esaten dute batzuek oraindik, baina ez da diskurtso nagusia… Nik, orain, atzera begiratu eta uste dut bidea egin dugula. Sekulakoa! Sekula santan ez nuke amestuko –ez nik, ez nire ingurukoek–, gaur eguneko egoerara helduko ginenik. Bestalde, nik ahal dudana egin dut. Gero gerokoak!

Eta eliza? Nola sinetsarazi oraingo irakurle askori orduko mundua, liburuan kontatzen duzuna?

Elizaren diskurtsoaren aurrean, esate baterako, babesgabe bizi ginen. Diskurtso politikoaren aurrean, aldiz, ez ginen babesgabe, bagenuen heldulekurik. Etxean ez zen askorik esaten, baina aitak garbi utzi zigun zein zen gure jarrera, zer ginen gu. “Zer gara gu, nor gara gu, euzkotarrak gara gu!”, zioen. Eta Franco, ez! Aitak esaten zuen, amak esaten zuen, izebak esaten zuen: “Franco, ez!”. Argi eta garbi genekien, nahiz eta dotrinarik ez ziguten sartu. Lastima, nik orain elkarrizketa on bat egingo nioke aitari! Gazteegia nintzen ni orduan!... Elizaren diskurtsoaren aurrean, aldiz, babesgabe ginen. Etxekoek ere bat egiten zuten diskurtso harekin! Ez zegoen kontraesanik fraideek esaten zutena eta amak edo izebak esaten zutenaren artean. Kontraesanik ez! Bat egiten zuten elizarekin, Ekintza Katolikoarekin eta gainerakoekin!

Kazetari eta idazle zaitugu. Literaturaren bide estuaren bidetik jo izan duzu orain artean, eleberriak idatziz. Oraingoan, bestelakoa da erregistroa…

Bi gauza kontatu nahi nituen liburu honetan. Batetik, gerrak emakumeei ekarri zien trauma, eta, bestetik, “Gure haurrak gu baino okerrago biziko dira” dena delako horri erantzun nahi nion: “Ez dira ni baino okerrago biziko”. Bi hari horiek nituen, eta biak lotzeko zeharbideak aurkitzen saiatu nintzen. Fikziotik jo, aske ibili… Liburu honetan egin dudana ez nuen sekula egin, eta, berehala, doinua aurkitu nuela iruditu zitzaidan. Oso modu intuitiboan, beti. 3 Mariak eta gero esan nion neure buruari: “Ez dela atzera begira bizi behar esaten duzu, horixe duzu dotrina, eta atzera begira jarri zara!”. Baina eroso sentitu naiz horrela idazten. Oraingo bide hau aukeratzeko, “eta zergatik ez?”, esan nion neure buruari. Hala ere, esan dizut, zaharrok ez gaude, bakarrik, iragana kontatzeko. Ezin esan nezake nondik jarraituko dudan, baina hau idazten gustura sentitu naizela, bai. Hala ere, esan behar dut lanean ari naizenean ez dudala disfrutatzen. Baina niretzat baliagarri den zerbait lortu dudala iruditzen bazait, horrek satisfakzio handia ematen dit. Eta norbaitek nire lana irakurri eta hitz ederren bat esaten badit, poxa ematen dit, eta pox hori ez dit beste ezerk ematen. Baina liburua argitaratzea arriskua da, agerian jartzen zara, batak hau esan duela, besteak hura. Saltsa horretan sartu ginen, eta ez dut irteteko asmorik, indarra daukadan bitartean jarraituko dut.

Jo dezagun bukaera: “Hamahiru urte nituela, hamalau betetzeko zorian, bukatu nuen eskola. Ordurako ez genuen goizetan Cara al sol abesten. Heldua zen zorioneko ofizioa ikasteko ordua”.

Haurtzaroari begiratu nahi nion liburu honetan. Bestalde, nerabezarorik ba al zen, bada, orduan? Gaztelaniaz ere, “adoleszentzia”, ez zen ezer gu adin horretara ailegatu ginenean. Orain muntatu da adoleszentziaren zera izugarri hori. Guk ez genekien adoleszente ginenik ere! Dena dela, haurtzaroan bukatu nahi nuen, guk eskola bukatu eta lanerako bidean hasten ginen garaian.

Martekoa

“Ahal izan dudana egin dut. Ez dago gaizki! Orain dela gutxi esan nion ahizpari: ‘Nola demontre libratu gara kaka hartatik?’. Nire adineko jende pila han da oraindik!... Duela urte batzuk, garai bateko lagunak ikusi nituen, nirekin batera saskibaloia egin zutenak. Elkartu ginen, eta ni harrituta zer gauza esaten zituzten. Etxera etorri, eta esan nion ahizpari: ‘Martetik nator!’. Eta berak: ‘Ea noiz sartzen zaizun buruan, Marteko bakarra zeu zarela!’”. Miopea naiz, eta bizitzarekiko miopia ere garatu dudala uste dut: egin behar dudana egiten dut, inora begiratu gabe”.

Argazkia

“Argazki bat bakarra jarri dut liburuan. Pamiela argitaletxeak eskaini zidan, argazkiak jartzea, baina ez dut nahi izan. Argazki bakar hori nire jaiotetxearena da. Liburu barruan agertzen da, eta jarri dut, jendeak ikus dezan zein alkurniatakoa naizen ni! Kar, kar… Etxea ikusten duzunean konturatuko zara. Alkurnia! Zuri-beltzeko argazkiak da liburuaren izenburua, eta iruditzen zait badela sasoi bat definitzeko metafora: zuri-beltza, eta ez kolorea, garaiari dagokiona”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude