Ataolaztin bada Oriol Solé oroitzen duenik

  • 1976an Segoviako espetxetik ihes egin zuten 29 presoetako bat zen Oriol Solé Sugranyes. Guardia Zibilak hil zuen Ataolaztiko gainean. Militante katalanaren bizitza eta heriotza aitzaki hartuta, gertaera haiek gogoratu ditu The Segovia Big Band dokumentalak.

Xita Sugranyes, Oriolen Soléren ama Ataolaztin, semea hil zuten tokian. 
Argazkia Joseba Zabalzak atera dio Gogoan Hartzeko Izenak proiektuaren baitan (gogoanhartzekoizenak.blogspot.com).
Xita Sugranyes, Oriolen Soléren ama Ataolaztin, semea hil zuten tokian. Argazkia Joseba Zabalzak atera dio Gogoan Hartzeko Izenak proiektuaren baitan (gogoanhartzekoizenak.blogspot.com). Gogoan hartzeko izenak / Joseba Zabalza

1976ko apirilaren 5ean Segoviako kartzelatik ihes egin zuten 29 presoen pasartea aski ezaguna dugu gurean. Zenbaitentzat, Franco hil berritan kaleak astindu zituen berria izan zelako; besterentzat urte bete beranduago iritsiko zen amnistia legea eskuratzeko bultzada eragin zuelako; edo Imanol Uribek filmatutako Segoviako ihesa pelikula ikusi izanagatik, agian, gaztetxoagoontzat.

Hautsak harrotu ez dituen arren, hautsa kendu dio Kataluniatik iritsi den The Segovia Big Band dokumentalak frankismoaren aurkako borrokan garrantzia ukaezina duen Segoviako ihesari.

29 presok zeharkatu zituzten Segoviako barroteak. Horietatik 25 ETA politiko-militarreko kideak ziren, eta gainontzekoak Movimiento Ibérico de Liberación (MIL) talde anarkistakoak eta Frente Revolucionario Antifascista y Patriótico-ko (FRAP) militanteak.

Tunela zulatuta 29ek kartzelatik ihes egin bazuten ere, lauk bakarrik lortu zuten Frantziako Estatura iristea, eta bat bidean gelditu zen, guardia zibilek tiroz hilda.

Oriol Solé Sugranyes MILeko militante kataluniarra izan zen apirilaren 5etik 6rako gauean hil zuten iheslaria. Egun haiek berriz gogoratzeko motibo izan da bere hilketa, bera baita dokumentalaren protagonista nagusia.

The Segovia Big Band, protagonistekin elkarrizketak

Segoviako ihesa gertatu zenetik 38 urte pasa direnean Oriol Soléren iloba Gemma Serrahimak osatu du dokumentala, Joan Rossell bideogilearekin: The Segovia Big Band, protagonistekin elkarrizketak du izena.

Segoviako ihesean parte hartu zuten 14 pertsona elkarrizketatu ditu, ETAko kide ohiak denak. Gaiak egungo testuingurua eta talde armatuaren hastapenak aztertzeko aitzakia eskaini die Kataluniako bideogile gazteei.

Dokumentalak urteetan isilik egon direnen ahotsak entzunarazten ditu; hala, protagonistek euren kontakizuna sortu dute. “Lehen harremana egiteko eta elkarrizketatuak hitz egitera animatzeko Oriol nire osaba izatea garrantzitsua izan bazen ere, interesa historiak berak dauka”, azpimarratu du Serrahimak.

Lan xumea da Serrahimak eta Rosellek eskaintzen digutena. “Oso argi genuen ez genuela makro dokumentalik egin nahi, lan guztia biok egin dugu” dio Serrahimak. “Klima intimo hori da gure dokumentalaren gakoa”, azpimarratu du Rossellek. Bikotearen lehenengo ikus-entzunezko lana da.

Dokumentalaren egileek egungo testuinguruari eta erakundean sartzeko arrazoiei eman nahi izan diete garrantzia. “Zati anekdotikoak kontatzeko, badago pelikula!” dio Rosellek.

Ihesa egin eta 5 urtera gertakaria Imanol Uribek zinemaratu zuen. Ihesean parte hartutako kideen kolaborazioa ezinbestekoa izan zen, xehetasun guztiak zaindu eta errealitatearekiko ahalik eta fidelena izan zedin. Batzuk aktore lanetan ere aritu ziren.

Badugu pasadizo eta bitxikeriak ezagutzeko beste biderik, filmaren gidoiaren oinarri den Operación Pontxo, Hordago argitaletxeak 1978an argitaratutako liburua idatzi baitzuen Angel Amigok, iheslarietako batek.

Lehenengoan kale, bigarrenean kalera

Segoviako ihesa baino hilabete batzuk lehenago, 1975ean, kartzela beretik ihes egiten saiatu ziren zenbait preso, baina ez zen ekintza arrakastatsua izan. Mikel Lejartza, El Lobo ezizenez ezagun den erakundean infiltratutako poliziak presoen asmoaren berri eman baitzien indar armatuei.

Bigarren saiakera ez zen hutsean gelditu. Amnistia iritsiko zela bazekiten arren ihesarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten presoek, herri mugimenduen “kontzientzia pizgarri” izan zedin: “Franko hilik zegoen, eta Espainiako Estatuan ez zen demokraziarik egongo kartzelak husten ez baziren. Ihesaren helburua amnistia lehenbailehen iristea zen”. Iñaki Garmendia, ihes egin zutenetako baten hitzak dira hauek.

Jon Ibargutxi ere han zen. Bere esanetan operazioa barne mailan guztiz arrakastatsua izan zen: “Pentsa, eguerdiko ordu-biak aldera egin genuen alde, eta seiak eta piko arte ez ziren konturatu 29 preso falta zirela”.

Tunelean barneratu eta Segoviako estolderiatik 800 metro inguruko bidea egin zuten, kanpo komandokoekin batu arte. Auritzeraino kamioian iritsi ziren, mugalariarekin elkartzekoak ziren bertan, baina jakina denez, adostutako lekuan ez zen mugalaririk azaldu gau hartan.

Behe-laino beltza, berdeak basoan, eta Sorogainen mugarik ez

“Bi jarrera zeuden: Kamioian gelditu eta zita berri bat eskatzea lehenengoa, eta geure kasa muga pasatzen saiatzea bigarrena. Bozketa egin genuen. Momentu hartako nire botoa? Mendira!”, dio Garmendiak, kamioiko eztabaida gogoratuz.

Miren Amilibia kanpo komandoko kideak bestela oroitzen du gau hartan jazotakoa: “Nik ez ateratzeko esan nuen. Baina momentu hartan denak euforiaz gainezka zeuden, Nafarroan geundela bazekitelako. Ni gaztetxoa nintzen, ez nintzen haiei aurre egiteko gai izan, astakeria bat botako nuela pentsatu nuen”.

“Guardia zibilek ez gintuzten ikusten, behe-lainoagatik, baina urrutitik entzuten gintuzten. Foko bat ikusi nuen orduan, eta entzun nuen: ‘Alto, ¿quién vive?’ Pra-pa-pa-pa-pa!!”, Mikel Laskurainek besoekin fusilaren mugimendua antzeztu du oroimenean atzera egiterakoan.

Gauak aurrera egin ahala, talde txikitan banatutako iheslariak noraezean oinez ibili ziren Sorogain basoan barrena. Bost lagunek etxe handi batean ezkutatzea lortu zuten. Hiru astez egon ziren bertan, Frantziako Estatura joan eta Yeu uhartera deportatu zituzten gero.

Gainontzekoak poliziak atxilotu zituen, apirilaren 5etik 6rako gauean. “Ihes egiteko aukerarik ez genuela ikusirik, herrira joan eta bertan agertzea erabaki genuen. Tiroka hilko bagintuzten, behintzat jende aurrean izan zedin”, dio Bixente Serrano Izkok.

1977ko amnistia legearekin libre geratu ziren hogeitazortziak. Oriol Solé, berriz, ez zen herrira iritsi, basoan bertan hil zuten.

“Ihesa eta gero, atxilotu nindutenean, Iruñeko kartzelako leihoetatik ‘Pons hil dute’ oihukatzen zuten eta nik ‘ez, Pons ni naiz, hemen nago’ erantzuten nuen. Orduantxe konturatu nintzen Orioli buruz ari zirela, hil egin zutela”, dio Josep Lluís Pons Llobet, Soléren alderdikide eta adiskideak.

Oriol Solé Sugranyes, MILen sortzaile

Oriol Solé Sugranyesek 1971ko urtarrilean sortu zuen Movimiento Ibérico de Liberación (MIL), Jean Claude Torres eta Action Directe taldeko sortzaile Jean Marc Rouillanekin batera, besteak beste.

“Burgosko prozesuko laguntza bileretan ezagutu nuen Oriol, eta ETA VI-ko arduradun batek esan zigun fronte bat ireki behar zela Bartzelonan. Hasi ginen pentsatzen nola egin borroka armatua Bartzelonan, Euskal Herrian gertatzen zenarekin lotuta. Horrela sortu zen MIL”, azaldu zuen Rouillanek Aritz Galarragak Argian egindako elkarrizketa batean.

Santiago Soler Amigó, Jose Luis Pons Llobet eta Francoren Gobernuak 1974an garrote vil bidez erail zuelako ezagun den Salvador Puig Antich izan zituen, besteren artean, borroka-lagun. Puig Antich berriki albiste izan da, izan ere Jordi Panyella kazetariak urtarrilean aurkeztutako Salvador Puig Antich: Cas Overt liburuan gaztearen hilketako irregulartasunak eta froga berriak azaleratu ditu, bi sumario egon zirela baieztatuz: ofiziala eta desagerrarazi zutena.

1973an atxilo eraman zuten Solé, eta bi urte beranduago Segoviako kartzelan amaitu zuen, Pons kidearekin batera.

“Neuri kartzelan Oriol zelatatzea egokitu zitzaidan. Beste kartzela batetik zetorren, eta han preso komunekin ibiltzen zen, beraz ondo jakin behar genuen fidatzeko modukoa ote zen. Entretenitu egin behar izaten nuen zertan genbiltzan konturatu ez zedin. Honela jakin nuen anarkista zelako ibiltzen zela preso komunekin. Tipo jatorra zen Oriol!”, dio Amigok. “Bezperan eman genion ihesaren berri, eta parte hartzeko aukera eskaini genion. ‘Honela egiten dira gauzak’ esan zuen, guztiz harrituta”, gogoratzen du Serrano Izkok.

Monolitotik muga erraz ikusten da, orain

Aurtengo apirilaren 5a egun berezia izan zen ihesean parte hartu zuten kideentzat. Auritzen (Nafarroa) elkartu ziren denak eta Solé hil zuten lekuan jarritako monolitoan omenaldi berezia egin zioten, Ataolaztin.

Solé Sugranyes familia, lagunak eta 29 iheslarietatik 22 bertan egon ziren. Baita Oriolen ama, 94 urte dituen Xita Sugranyes Franch ere.
Behe lainoa zegoen eta zirimiria ari zuen,  kamioitik salto egin zuten gau hartan bezala. Korrikaldirik gabe, Auritzetik Ataolaztirainoko bidea berregin zuten bertaratutakoek.

Monolitotik muga erraz ikusten da orain, oroigarria osatzen duten harri biek Urepelerako bidea erakusten baitute. Harrietako bat Solé jaio zen herritik ekarritakoa da, eta bigarrena Ataolaztikoa.

Miren Amilibiak hitza hartu zuen, Solé hil zuten lekuan paratuta: “Faxismoaren aurka borroka egitea tokatu zitzaion belaunaldikoak gara gu. Aldaketak lortu genituen, bai, baina ‘demokrazia’ deitu dioten erlazio politiko berri honek ‘desberdin’ pentsatzen dutenak isilarazi ditu, eta boteredunak boterean finkatzen dituen nazio batasuna bermatu du. Baina zure oroimenak, Oriol, gure sinesmenak mantentzen laguntzen digu, herri aske, solidario eta burujabeen eraikuntzan era baketsu eta aktiboan parte hartzen jarrai dezagun”.

Serrano Izkok memoriaren garrantzia azpimarratu zuen: “Historiak markatu egin gaitu, konturatu ala ez oraina markatu digu, eta orain honetatik ari gara etorkizuneko historia idazteko saiakeran. Memoria, ordea, ariketa mentala da, iraganeko bizipenekin egiten duguna”.

Ariketa mentala egingo dugu orduan, Segoviako ihesa ez dadin bihurtu efektu-berezirik gabeko pelikula zaharkitu baten izenburu, eta Ataolaztiko monolitoko plakan irakurtzen dugunean Oriol Solé Sugranyes izena, jakin dezagun zein zen eta zergatik eman zuen bizia toki horretan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
2024-06-12 | Iñaki Murua
Nondik gatoz eta nora goaz?!

Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.

Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Eguneraketa berriak daude