ARGIA.eus

2020ko ekainaren 07a
Auzolan esperientziak

Mendizale eta herritarrak ondarea berreskuratzen

  • Elgoibarko Sargoaten dagoen iturria egokitu dute auzolanean. Morkaiko mendizale taldeak deituta, inguruak garbitu eta zuhaitzak landatu dituzte, garai batean bezala, Irukurutzetara igo nahi dutenek indarberritzeko leku ezin hobea izan dezaten.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko ekainaren 08a
Inguruan berreskuratu beharreko beste hainbat eremu zehaztu dituzte: Atxolingo iturria, Moruko Brontze Aroko hondarrak, Morkaiko mendiko tontorra...Morkaiko

Irukurutzeta mendiaren magalean dago Sargoate. Elgoibartik igo nahi izanez gero, bertatik igaro beharra dago. Horregatik, 1959an harrizko iturri handi bat eraiki zuten bertan, Prudencio Etxaniz txirrindulariaren omenez, eta mendizaleek atsedenerako gune atsegina izan zezaten. 50 urte baino gehiago pasa direnean, iturriak aspaldiko xarma hura galdua zuen. Azken 30 urteotan pinupean egon eta gero, egoera tamalgarrian zen, hondatuta eta ahaztua zegoen.

Elgoibarko Morkaiko taldeak gunea berreskuratzea pentsatu zuen pasa den urtean. 1943tik mendizaletasunaz gozatzen duen elkarte honetako kideak izan ziren, inguruko baserritarrekin batera, elkarlanean iturria altxa zutenak. Espedizioak antolatzeaz gain, mendiarekin zerikusia duten ekintza ugari egiten dituzte.

Sargoateko iturria estaltzen zuten zuhaitzak bota zituztenean, berau konpontzea erabaki zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz lursailak erosi eta auzolanerako deia luzatu zuten herrian. Azaldu dutenez, haientzat garrantzitsua zen herritarren presentzia. Izan ere, herriak herriarako egiten duen lana da, eta komunitatea bera indartzen laguntzen du.

2013ko udazkenean hasi ziren egokitze lanekin. Lehenik eta behin, ura bideratuko zuen hodia ipini zuten, iturria berriro ere erabilgarria izan zedin. Ondoren, ingurua txukundu eta garbitu zuten, gero zuhaitzak landatzeko. Dena den, eremua zuhaitzez betetzea ez zen helburua. Iturri ondoko gunea argitsua izatea nahi dute, bertatik Elgoibarko parajeaz gozatu ahal izateko. Adin guztietako herritarrek hartu dute parte eginbeharretan. Esaterako, martxoan ospatzen den Zuhaitzaren Eguna baliatuz, umeek gurasoen laguntzaz euren alea landatzeko aukera izan zuten. Berreskuratze lanak bukatzear daude dagoeneko. Ekaina hasierarako deitu dute berriz auzolana, eta litekeena da egun horretan amaitzea.

Iturria egokitzeak ez du aseko elgoibartarren grina. Inguruan berreskuratu beharreko beste eremuak zehaztu dituzte. Hala nola, Atxolingo iturria, Moruko Brontze Aroko hondarrak eta mendizale taldeari izena eman dion Morkaiko mendiko tontorra.

Sargoate Elgoibarren zabaltzen

Irukurutzetara igo nahi duten mendizaleentzako igarolekua baino gehiago da Sargoate. Urtero, Santiago Egunez erromeria egiten dute horko belardi batean. Hala ere, Elgoibarren askok ez dute ezagutzen iturria dagoen gunea, eta hori aldatzen saiatu dira. Adibidez, urtero herritar askok parte hartzen duen mendi-bueltan atseden eta indarberritze puntu gisa erabili dute.

Mendizaletasuna sustatzea ekimenaren helburu nagusia ez baldin bada ere, ez da dudarik albo-ondorioa dela. Ondarea berreskuratzeaz gain, bertaratu diren herritar batzuek aurretik haientzat arrotzak ziren bideak aurkitu dituzte. Komunitatea aberasteaz gain, herria eta ingurua hobeto ezagutzeko parada ezin hobea dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko ekainaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude