Euskalgintza sustatzeko saskiak Erriberan

  • Errigora ekimenak, aurreko udazkeneko kanpainan, Nafarroa hegoaldeko produktuz betetako 8.000 saski baino gehiago banatu zituen Euskal Herri osoan. 112.000 euro bildu zituzten, Foru Legeak eremu ez euskalduntzat dituen lurrotako euskalgintzan inbertitzeko. Espero gabeko arrakasta lortu ostean, hurrengo kanpaina prestatzen ari dira orain.

Haur, gazte, heldu eta zaharrak aritu ziren saskien prestaketan laguntzen. Udazkeneko kanpainan, Lodosako ikastola, Tuterako euskaltegia eta Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak izan ziren onuradunak.
Haur, gazte, heldu eta zaharrak aritu ziren saskien prestaketan laguntzen. Udazkeneko kanpainan, Lodosako ikastola, Tuterako euskaltegia eta Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak izan ziren onuradunak.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Euskalgintzari eta bertako produktuen salerosketari bultzada ematea helburu duen ekimena Euskal Herriko bazter askotara iritsi zen joan den udazkenean. Xabier Gojenola eta Peru Aranburu Errigorako partaideen hitzetan, “jendeak ilusioz hartu duen ekimena izan da, eta alde horretatik oso jarrera aktiboa aurkitu dugu leku ezberdinetan: ikastoletan, euskaltegietan, enpresetan…”.

Nafarroa hegoaldeko egoera kaxkarrari buelta emateko sortu zen Errigora. Batetik, legeak eremu ez euskaldun izendatua duen gune honetan euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta beraz, oso gutxi dira euskara sustatzeko dauden azpiegiturak. Bestetik, Erriberako nekazaritza globalizazioarekin asko ahuldu da azken urteotan. Egoerari erantzuteko, Zazpiak Bat eta Ikastolen elkarteak ekimena antolatu zuten 2012an: Erriberako produktuz betetako saskiak saldu zituzten Euskal Herrian, eta irabazi ekonomikoak Tuterako Argia ikastolara bideratu zituzten. “Ekimenak lortutako arrakasta izan zen Errigoraren sorburua: denboran luzatuko zen proiektua behar zela ikusi genuen, lantalde finko baten laguntzaz puntualki horrelako kanpainak antolatuko zituena”, dio Gojenolak. Horretarako, harremanetan jarri ziren euskalgintzan diharduten elkarteekin, AEK eta Sortzen Ikasbatuaz-ekin.

Kanpaina izan da gakoa

“Ekimenak jarraipena izan zezan, urtean bi kanpaina antolatzea komeni zela pentsatu genuen, udazkenean eta udaberrian”, azaldu du Aranburuk. Erriberako nekazariekin hartu-emanean jarri eta aurretiko komunikazio lanen ostean (dena auzolanean), joan den udazkenean hiru asteko epea zabaldu zuten saskien eskaerak egiteko. Azken kanpainan, Lodosako ikastola, Tuterako euskaltegia eta Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak izan ziren onuradunak.

“Banaketa orokorra egin aurretik, 450 saskiko erakusgaia atera genuen. Kasu horretan eta hurrengo 8.000 saskiak prestatu eta banatzerakoan ere, jendearen inplikazioa eta laguntzeko gogoa handia izan zen: ez dugu inongo enpresarik kontratatu, dena auzolanean egin da” gogoratu du Gojenolak.

Eskaintza berriak udaberrirako

Udaberriko kanpainarekin jo eta ke ari dira orain. Aurreko kanpainaren arrakastaren ostean, xede berria dute Errigorakoek: Nafarroa hegoaldeko produktuak modu iraunkorrago eta egunerokoagoan kontsumitu ahal izateko bideak zabaltzea. Horretarako, martxo bukaera eta apirila hasiera artean Nafarroako olioa eskuratzeko aukera antolatuko dute zenbait herritan, eta ekainean, kontserbak kutxatan eskatzeko aukera. Epe luzerako beharrak asetzea (olioa 5 litroko bidoietan eta kontserbak latetan joango dira) eta salneurria arrazoizkoa izatea dute helburu.


Auzolan esperientziak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 22
3. eguna | KRONIKA
Eskutik eskura herria eginez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.