Beltzeniako izpiritua

Zenbat sentimendu pilatu ziren otsailaren 8an Hendaiako Beltzenian. Espainiako zerbitzu sekretuek Frantziakoen elkarlanean (GAL) hildako Bixente Perurena Peru eta Angel Gurmindo Steinez oroitzeko bildutakoek osatu zezaketen ETAk bukatutzat eman duen gudu aroaren mosaiko arimaduna. 1984an irabazgarri zirudien ahaleginaren ilusioak biziturik, hiru hamarkadako bide traketsa ahal bezala zeharkatu eta elkarrekin noizbait bizi izandakoa ahaztu nahi ez duen jendea, izan burusoildu eta zimurtuak, edo 2014ko aldaketaraino iristeko bidean eroriak eta gertatuak baztertzeko barren minberaegiak dituzten gazteagoak. “Hemen bildu gara Peru eta Steinen senideak, lagunak, burkideak…” aipatu zuen aurkezleak. Kantatu zuten gazteek, 1984an Peru eta Steinen despedidan kantatu zutenak entzule zituztela. Orduan haurra zen bertsolariak galdetu zien: “Zer uste duzue gutaz?”. Aljerren aurretik dudak ez baziren gutxi, gaur ez direlako gutxiago. Eta urruneko deserritik aberria irensten duen militanteak ozen esan, ez direla denetan ados egon, baina herritarrek erabaki dutela eta jende jakintsuak hala gomendatu, militanteek obeditu behar diotela herriari, zatiketa ekidin eta prozesua aurrera atera behar dela. Entzule eduki zuen bigarren kartzelaldiarekin aurrekoa gehituta 35 urtez goiti metatu dituen aitona askatu berria, gazteek eslogan gisa dioten Aurrera bolieren asmatzaileari aurrez aurre entzuten ziona, Francorekin bakean epel bizi zeino borrokan hasia. Estatuko espetxe kriminalean 13 urteko zigorra amaitzea lortu ez duen Arkaitz Bellon gaztearen izpiritua ere ibili zen Beltzenian. Eta beste preso bat, ia 30 urtez espetxean egona frantsesek estraditaturik, bai, euskal gatazkari irtenbidea bilatzen saiatzea agindu ostean gerra zikina baimendu zuen Mitterrand haren biktima. Gero agur beroa egin zion orduan defenditu zuen abokatuari, han baitzen hau ere, berak defenditu batzuek Aljerreko negoziaketen porrotaren ostean traidoretzat jarri zuten arren, orduko periodikoaren lehen orrian, betiko abokatuak ere Beltzenian egon nahi zuen. Aparatuko politikariak azken prediku luzea amaitzean Eusko Gudariak abesteari ekin zionean, aurrean jarraitu ziotenen artean zegoen IK-ko militantea aulki gurpildunean, gehiegi axola izan gabe 1984an bezala 2014an aparatuetako politikariak prediku luzeetan galtzen direla. Eta zegoen aspaldi ezagutzen duzun emakume hura, bai, 1977an mutil-laguna burkidearekin batera guardia zibilek hil zioten hura. Mintzatu zen Hendaiako auzapeza, bake prozesua blokeatzeko arriskuan daukagula, eta orain argia ikusten hasi garen garaiotan, denok egin behar dugula ahalegina, eta ez berak eta ez Hendaiako herriak ez dituztela ahanzten zerbitzu sekretuek hildakoak. Han zegoen Aljerrez geroztik borroka armatuak aterabiderik ez duela uste zuena, oraindik herria oldartzea posible zela sinetsi zuenaren alboan. Eta asko gehiago jende ibili zen Beltzenian, ekitaldia kontrolatzen, testuak eta afixak banatzen, eta ostatuan pintxo goxoak eskaintzen. Elkarrekin ospatzeko gure ondoan edo urrun samar urte luzeotan besterentzat dena eman dutenen eskuzabaltasuna, pisuen jabe egin eta zahartzaroko erretretarako kotizazioak pilatzea ahazturik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude