"Klaseen arteko kontsentsurako aukera handiagoak daude egun"

  • Gaindegiko, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiko koordinatzailea da Imanol Esnaola. Bizi dugun krisiaren erdian, gizarte klaseen arteko kohesiorako aukerak biderkatu egin direla azaldu digu. Elkarrizketan esandakoak analisi moduan laburbildu ditugu.


2013ko ekainaren 30an
"Klase ertainak oligarkiarekin mimetizatu nahi du. Hura imitatuko du sarri, jarrera hiper-zuzenduak hartuta".Goiena.net

Klaseak existitzen dira. Eta ez dut zalantzarik, klase baxua langile klasea da, desberdintasunak dauden arren. Urte hauetan imajinatzen ez genuen zerbait gertatu da: bankuetako eta enpresa handietako exekutiboak, soldata altuak zeuzkatenak, egun batetik bestera kale gorrira joan eta etxea ezin ordaindu dabiltza. Zer da hori: klase ertaina ala langilea? Nire ustez, soldatapekoa den heinean langilea da. Enpresari asko langiletzat hartu beharko genituzke, ez baitugu ahaztu behar Euskal Herriko enpresen %90ak bederatzi langile baino gutxiago dituela. Nagusiak ere buzoa janzten du goizero.

Egin beharreko galdera hauxe da: Zuk zer izan nahi duzu? Zein da zure jomuga?

Alegia, klase ertainak eskubideak aldarrikatu ala pribilejioak bilatzen ditu? Biak ziurrenik, guztiok egiten dugun neurrian, baina ez dauzka eskura pribilejiozko posizioa mantentzeko baliabide finantzario eta teknologikoak, oligarkiak izan ditzakeen bezala.

Onura garaietan klase ertainak gorantz begiratzen du. Aldiz, krisi garaietan, egurtua denean, diskurtsoa posizioa mantentzera bideratzen du. Momentu horretan gaude. Klase ertainean zein langile klasean kokatzen zen jendeak ikusi du sistemak kalte egiten diola eta berme handiagoa eskainiko dion ereduaren beharra dagoela. Herritarrak euren ahulezia sentitzen ari dira.

Klase ertainak oligarkiarekin mimetizatu nahi du. Hura imitatuko du sarri, jarrera hiper-zuzenduak hartuta. Indibidualismoan edo kontsumo ohituretan sumatzen da hori: hark duen etxebizitzaren antzekoa izan nahi du, marka bereko automobila, astebururo bidaiatzeko aukera… Eta oligarkiak balore sozialak gutxiesten baditu, berak ere bai. Klase ertainaren parte handi bat goi klasekoa bilakatzen da orduan, eta goi klase horren eraginkortasuna dagokion espektro soziala baino harago hedatzen da. Egia da krisi honen erdian zailagoa dela hala gertatzea, oligarkiak ez duelako promesarik eskaintzen. Baina zer gertatuko da eskaintzen dituenean?

Krisiak eragin dezake oinarrizko eskubideak galtzea: erretirorako eskubidea, oinarrizko diru baliabideak, etxebizitza... mendebaldeko ongizatearen gizarteak sustatu dituen baloreak auzitan daude. Eroso bizi zen klase ertain zabal horrek, azpiegitura, osasun zerbitzu eta irakaskuntza publikoaren gainean konfiantza zeukanak, ikusi du hori guztia agian ez zela benetakoa eta posizio sozialak ez direla egonkorrak. Konfiantza zartatu egin da.

Estatuak daude klase ertainak daudelako. Desagertzeak diktadura ekarriko du. Subjektu orekatzailea dira, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez da egon elementu eragileagorik. Orain ahulduta dago, ordea, eta estatuak oso kontziente dira.

Euskal Herrian klaseen auziari beste osagai bat gehitu behar zaio: eskubideen ikuspegitik Frantzia eta Espainia ez dira berdinak. Frantziaren kasuan, berdintasunaren kontzeptuak oso Estatu garantista egin du. Oinarrizko errenta hegoaldekoaren bikoitza da, adibidez. Eta langile borrokari esker, profesionalek badituzte hainbat berme soldatari, formazioari edota lan mundura arrakastaz hurbiltzeko aukerei dagokienez. Espainiak, aldiz, ez du hainbeste berme eskaintzen. Oligarkiak pisu handia du, gainera. Haren interesak gailentzen dira eta berdintasunaren printzipioa bigarren mailan geratzen da.

Euskal logika batek elkarren beharrean jarriko al ditu klase batzuk eta besteak?

Gizarte kohesioa mantentzeko, egitura administratiboek bermeak eman behar dituzte. Orain, prekarietateak geroz eta jende gehiago jipoitzen duenez, kontsentsu berriak lortzeko aukerak sor daitezke.

Begira Kataluniari. Espainiak ezartzen dion eskema ekonomiko guztiz desorekatuak, ia lapurretara iristen denak, kointzidentzia bat eragin du. Burujabetasun aldarria parametro positiboetara ekarri du. Euskal Herrira itzulita, langile klasearentzat burujabetasuna onuragarria litzateke, murrizketa guztiek haren aurka egiten dutelako. Oligarkiari dagokionez, badirudi azken urteetan ikusten ari garela Espainia markaren gainbeherak estatuarekiko mesfidantza eragin duela. CiU da adibide. Hemen ere, funtzionarioei ordainsaria kendu zietenean…  Espainiako arau batek EAEko soldatak bertan behera utzi baditzake zirkinik egin gabe, zer ez ote duten egingo apur bat gehiago tematzen badira!

Posible al da Euskal Herrian klase arteko kointzidentzia bat lortzea, elkarrekin hobeto gaudela demostratuko duena? Askok ezetz esango dute, baina hotz pentsatuta erantzunak baiezkoa behar luke. Prozesu zail eta luzea izango litzateke, noski, baina kontsentsuek goiz ala berandu etorri beharko dute. Herri bat eraikitzeko elkar hartzea beste modurik ez dago, kontuan izanik langileriak izan behar duela elementu funtsezko eta onuraduna. Klase ertainaren eta goi klasearen arteko adostasunak lortu behar dira. Nazio ikuspegitik, klase ertainaren krisialdi honek gauzak argiago uzten ditu.

Lurralde krisia

Krisi ekonomiko hau lurralde krisia ere bada, Ipar Euskal Herriko datuek erakusten duten moduan [ikusi 12. orriko koadroa]. Hiru ezaugarri ditu: Iparraldearen menpekotasuna Frantziako gainerako zonaldeekiko; barnealdearen menpekotasuna kostaldearekiko; eta kaltetutako bi gizarte multzo, euskaldun laborariak barnealdean, eta frantses herritarrak kostaldean.

Batzuen erabakiek besteenak baldintzatzen dituzte. Kostaldekoek etxe merkeagoak behar izanez gero barnealderago erosiko dituzte. Nekazaritzarako lurretan etxebizitzak eraikiko dira, lurralde antolamendua aldatuko da, errepideak-eta egin beharko direlako… Errenta diferentziak lurralde praktika desberdinak ekartzen ditu eta kasu honetan baliabideak dituenak lurralde politika inposatzen du, Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) salatu duen moduan.

Ipar Euskal Herriak ez du bere beharrei erantzuten dien ordenamendurik. Kanpotik ezarritakoa den heinean, dinamika kaltegarriak eragiten ditu. Zentzu horretan, zonalde euskaldunenak dira pobreenak, zahartuenak, baliabidez urrienak… Iparraldeak bere lurraldea arautzeko eskumenik ez duen aldetik, hegoaldearekin dituen balizko kointzidentzia estrategiakoak garatzerik ez dauka. Ezin ditu sinergiak baliatu.

Lurralde Elkargoaren aldeko aldarria ingurumari horretan kokatu behar da. Iparraldeak bere burua Frantziaren aurrean desberdintzat –euskaldun gisa– aurkeztea oso inportantea da. Osagai funtzionalak ditu, gainera: ekonomia, formazioa, lurraldea, identitatea… Nahiz eta Estatuak bermatzen dituen kontsentsurako oinarrizko elementuak –pentsioak–, geroz eta gehiago dira kaltetutako enpresa eta lurraldeak, eta horrek kointzidentzia batzuk eragin ditu. Krisi ekonomikoak irekitzen dituen ateek lotura handia daukate lurraldearekin, termino kolektiboetan ulertuta. Kalteak denok sufritzen ditugu eta egoera aldatzeak guztion parte hartzea eskatzen du. Iparraldean garbi ikusi da.

Hego Euskal Herriaren kasuan, Espainiak eskaintzen zituen bermeak desagertzen ari dira. Murrizketak aplikatu dira, legeak aldatu… eta horrek guztiak auzitan jarri ditu ziurtzat ematen ziren hainbat kontu. Egun badaude kontsentsuak eraikitzeko aukerak. Lortuko ote diren ez dakit, baina beharra behintzat badago.

Jendeak badaki guztiok norabide berean goazela. Gure kasuan, gainera, lurralde-osagaia dago. Alegia, Espainiak Hego Euskal Herri osoa izorratzen du. Baditugu elementu kolektibo saihestezinak, ongi baliatzen ikasiz gero mesede egingo liguketenak.

Gaindegiaren ikuspegitik, Euskal Herrian ezinbestekoa da biztanle eta sektore guztientzat onuragarria izango den aberastasunaren banaketa orekatuagoa eta eskubideen bermea ekarriko duen errealitatea finkatzea. Arazo beraren aurrean elkarlanean aritu behar izatea ekar lezake horrek, eta eragile sozio-ekonomikoek ekarpenak egin beharko ditugu. Lehendabiziko pausoa nork eman beharko duen? Erabakitzeko ahalmena dutenek, nork bere mailan: sindikatuek, enpresariek, administrazioek, irakasleek, kazetariek… Lankidetzak Euskal Herria izan behar du abiapuntu eta helburu.

Errenta Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian urteko errenta gordina pertsonako 16.830 eurokoa da (2009). Banaketa funtzionalari erreparatzen badiogu, kostaldean errenta pertsonalaren balioa 17.659 eurokoa da, bitarteko zonaldean 17.118 eurokoa eta barnealdean 12.857 eurokoa. Azken hamarkadan errentaren hazkunde orokorra nabariagoa izan da barnealdean (%75ekoa) eta bitarteko zonaldean (%58,7) kostaldean (%35,6) baino. Horrek, modu apalean bada ere, orain hamar urte arteko desorekak apur bat leundu ditu, Gaindegiaren Ipar Euskal Herriko errenta txostenean irakurri daitekeenez.

Desorekak familia errentaren arabera neurtuz gero argazkia aldatu egiten da. Errentak barnealdean kostaldekoa baino apalagoa izaten jarraitzen du baina familia errenta altuena bitarteko zonaldean dago (34.150). Lurraldeek dituzten familia egitura eta lan jarduera ezberdinei erantzuten diete horrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude