Ehunka gaztek hiriburuko kale nagusiak zehartu dituzte larunbatean. Adierazi dute "indar espainolisten oldarraldiari" aurre egin beharra dagoela, eta auzolanean "antolatu eta borrokatu" beharra dagoela. Espainiako bandera erre dute ibilbidean zehar. Martxoaren 17ko greba orokorrera batu da gazte antolakundea.
Ekinez egina, gazteok independentzia leopean burutu dute manifestazioa, ikurrinez, bandera gorri eta moreez lagunduta. Plaza Eliptikatik Zamudioko ateraino eginiko mobilizazioan aldarrikatu dute garaia dela "antolatu eta borrokatzeko". Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da ibilbidean zehar, batez ere EAEko Auzitegi Nagusiaren, Sabin Etxearen, Espainiako Itsa sKomandantziaren eta Israelgo Nyx katearen hotelaren parean.
Manifestazioan zehar zenbait ekintza egin dituzte manifestariek. Espainiako Itsas Komandantziaren parean Espainiako bandera erre eta "Alde hemendik" lelodun pankarta zabaldu dute. Kale Nagusian, aldiz, etxebizitzen garestitzea salatzeko pintaketa egin dute koltxoi batean.
Manifestazioaren amaierako ekitaldian Eider Bueno eta Alez Diez bozeramileek adierazi dute euskal gizartea "bidegurutzean" dagoela eta "indar espainolisten oldarraldiari" aurre egin behar zaiola. Bilbon egin dute mobilizazioa, eta bestelako hiri-eeredu bat aldarrikatu dute bertan: "Auzolanarena, hezkuntza euskaldun baten alde kaleak hartzen dituena, saldu nahi diguten hiri-eredu kapitalistari ateak ixten dizkiona, espainolismo ultra borrokatu eta faxismoari lekurik ere uzten ez diona, zaintza-sistema publikoaren aldeko borrokan dirauena, euskararen aurkako oldarraldi politiko eta judiziala etengo duena", esan dute.
Ekitaldia baliatu dute ere jakinarazteko Ernai batu egin dela gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorrera. Eskubide sozialen, soldata eta bizi-baldintza duinen alde borrokatu eta "barrikada" horretan egon beharra dagoela aldarrikatu dute.