Lan bila bai, baina euskaraz

  • Getxoko Egizu euskara elkartearen ekimenez sortu zen Beharsarea 2011n: euskaraz lan egiteko norbaiten bila dabilena eta lan horretan interesa duen euskalduna harremanetan jartzeko sare birtuala. Harrezkero Bizkaian barrena zabaldu da ekimena.

Internet ez da euskarri bakarra euskaldunak harremanetan jartzeko. Ikastetxeetan ere informazioa zabaltzen dute.
Internet ez da euskarri bakarra euskaldunak harremanetan jartzeko. Ikastetxeetan ere informazioa zabaltzen dute.Beharsareak utzia

Gurasoen eskariari erantzuteko asmoz ekin zioten orain dela hiru urte Beharsarea izango zenari bueltaka Bizkaiko Getxo inguruan. Hango euskara elkarteko aisialdi taldeari askotan galdetzen zioten ea ezagutzen zuten euskaldunik seme-alabei eskolak euskaraz emateko edo ume txikienak zaintzeko. “Gurasoek kezka hori zutela ikusita hasi ginen Beharsarea proiektua asmatzen”. Halaxe gogoratzen du Garazi Lopez de Uraldek. Beharsareko arduraduna da gaur egun eta Getxoko Egizu euskara elkarteko kidea.
Horrela sortu zuten Beharsarea.com. Hasieratik argi izan zuten ezin zirela eskola partikularrak edo ume zaintzarako lan eskaintzetara mugatu; euskaraz ez baitzaie umeei eta txakurrei bakarrik egiten. “Sektore gehiagotara heltzea zen gure helburua; merkataritzara edo ostalaritzara, esaterako. Izan ere, uda partean ikusi izan ditugu kartelak zerbitzari euskaldunak behar direla iragartzen, edo antzeko eskariak, eta irizpide hori kontuan hartuta eta herrian euskara sustatzeko asmoz, lansare hori garatzen hasi ginen”. Beharsarearen lana bitartekaritzara mugatzen da, hau da, euskaraz lan egiteko gai direnak eta euskaraz lan egiteko norbait behar duen hori harremanetan jartzera. Beharsarea ez da lan kontrataziorako agentzia, eta beraz, ezin du eskaintzen diren lan baldintzen edo jasotzen diren lan eskarien inguruko bermerik eman eta horren guztiaren berri argi ematen dute euren webgunean. “Ez ditugu pertsona horiek ezagutzen eta ez dakigu benetan haiek euskaldunak diren, ezin garelako horretan sartu”, diote.
Proiektua pentsatzen 2010ean hasi ziren eta 2011ko apirilean jarri zuten martxan. Tarte horretan hainbat erabaki hartu zituzten, esate baterako, webgunean lan eskaintzen iragarkiak gaztelaniaz jar daitezkeela, baina lan bila ari denak, derrigorrez, euskaraz sartu beharko duela bere eskaria. “Ziurtatu nahi duguna da langilea euskalduna izatea; denda batean, adibidez, bezeroaren araberakoa izango da hizkuntzaren erabilera, baina eskolak emateko edo pertsonak zaintzeko, hor jada, beste pertsonarengan ez dagoenean hizkuntza irizpidea, langileak marka dezala hartu-emanetarako hizkuntza euskara izango dela”. Horrek animatu zuen Getxoko Ane, baina aitortu digu, euskaraz justu samar aritzen dela-eta, iragarkiak ulertzeko nahikoa lan izan zuela. Hala ere, topatu zuen bere hiru alabei eskolako lanak euskaraz egiten laguntzeko mutiko bat. Are gehiago, sei bat laguni egin zien lan elkarrizketa eta, azkenean, 30 urteko mutil batekin hasi ziren. “Oso gustura egon ginen. Bera euskalduna zen eta gure alabei eskolako lanak egiten laguntzen zien, nik ez baitut euskaraz egiten, pixka bat ulertzen dudan arren”. Anek berak aitortu digunez, “ez da erraza izaten pare bat edo hiru orduz lan egiteko prest egongo den norbait aurkitzea, batez ere hortik bakarrik ezinezkoa delako bizitzea. Baina guri oso lagungarria zaigu eskola orduetatik kanpo umeekin euskaraz arituko den norbait izatea; eta jakinda ere gurekin denbora luzez ez direla arituko, eskertzekoa da era horretako lan poltsa egotea”.

Zaintzaile euskalduna gurago

Beharsarearen esperientzia Getxon hasi bazen ere, iaztik hainbat herritara zabaldu du ekimena Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen Alkarbide bilguneak: Balmaseda, Enkarterriak, Leioa, Erandio, Bilbo, Etxebarri, Lemoa, Igorre, Durangaldea, Maruri-Jatabe eta Laukiz ere sartu dira sarera. Horri esker, esaterako, Etxebarriko Ainarak ere aurkitu du bere ume biak zaintzeko neska euskalduna. “Herriko euskara zerbitzuan eskatua nuen ordurako lan poltsan izena emanda zeukaten euskaldunen erreferentzia, baina Beharsarearen berri izan nuenez han ere jarri nuen iragarkia eta berehala deitu zidaten”. Ainarak ere aitortzen du ez dela erraza “ordu pare batez bakarrik lan egingo dizunik denbora luzez kontratatzea, ez baita nahikoa bizirauteko”. Bere kasuan gainera, lanaldia aste batez goizez eta beste batez arratsaldez duenez, zaintzaileak ere lana txandaka egin behar du. “Umezaintzan arituko zena euskalduna izatea gurago nuen”, kontatu digu Ainarak. “Nahiago dugu lan bila dabiltzanek euskaraz baldin badakite eta gure inguruan gutxienez, horri lehentasuna ematen diogu”. Horrexek animatu zuen Bilboko Ibone ere Beharsarean lana eskatzera. Bera begiralea da eta sarean nabigatzen aurkitu zuen Beharsarea. Ez du oraindik erantzunik jaso, baina ekimena interesgarria iruditu zitzaion, “ez baita erraz aurkitzen lan horretan aritzeko lan eskaintza askorik”. Algortako Galderrek ere eman du izena Beharsarean. “Egunkarian ikusi nuen iragarkia eta hasieran bulegoaren bila ibili nintzen, gurago ditudalako aurrez aurreko hartu-emanak, baina kasu honetan Internet bidezko kudeaketa denez, bide hori erabili nuen”. Galderrek azpimarratu digunez, ekimenak badu gainera beste alderdi positibo bat: oso lokala dela. “Auzoka, herrika eta eskualdeka banatzen da eta horrek hurbiltasun puntua ematen dizu”, diosku.
Ibone eta Galderrenak moduko lan eskariak eta Getxoko Anek eta Etxebarriko Ainarak egin zuten moduko lan eskaintzak dira Beharsarean nagusi. Eta, lan eskariari dagokionez ere, nabarmena da ume zaintza eta eskola partikularrak direla gehien eskaintzen diren egitekoak. Lopez de Uraldek oraintsu aurkeztu du 2012ko balorazio txostena eta han jaso dutenez, 125 iragarki jarri ziren guztira iaz: 111 lana eskatzekoak eta 14, berriz, lana eskaintzekoak. Horri lotuta, uztaila eta iraila dira eskari gehien egiten diren hilabeteak, “iraila partean gurasoak euren lan ordutegia eta seme-alaben autobus ordutegiak antolatu behar izaten dituztela-eta, eskaria ere gehitzen da”. Hala ere, hurrengo pausoa Beharsarea lan esparru gehiagotara zabaltzea litzateke, merkataritzara, ostalaritzara, eta beste sektoreetara: “Gure eskualdean zerbitzuen sektorea da nagusi, bigarren sektorerik ez dago, beraz, zaila da industria arlotik edo lehen sektoretik lan eskaintzarik jasotzea, baina horixe da gure erronka”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Eguneraketa berriak daude