Nazismoak haizatutako orkestra zuzendaria

  • XIX. mendearen bigarren erdialdean ugaldu ziren kontserbatorioak, baita orkestra sinfonikoak eta kontzertu herrikoiak ere. Europako musika mundura zabaldu zen lehenengo edizio globalizatuan: partiturek ez zuten itzulpenik behar. Halere, garaiko gertakizun historiko originalena divismo mota berri baten sortzea izan zen: orkestra zuzendariarena. Zer harreman izan zuen nazismoak XX. mendeko zuzendari ezagunenetarikoarekin?

Herbert von Karajan orkestra zuzendaria 1989ko uztailaren 16an hil zen.
Herbert von Karajan orkestra zuzendaria 1989ko uztailaren 16an hil zen.Kuobo

Boterera heldu aurretik hasi ziren naziak haien estetika musikala eratzen. 1929an sortu zuten Alemaniako Kulturaren Aldeko Borroka Taldea. Alemaniako kultura «pornografiatik, boltxebismotik, nazioarteko juduengandik, Bauhaus artetik, ezkerreko kritikariengandik eta musika modernista edo atonaletik» salbatzea zen haren helburua. Naziak gobernura heltzean, ordea, Goebbelsen menpeko Erreinuaren Musika Ganberak zuzendu zuen bereziki kultura politika. Nahiz eta Hitlerrek eta Goeringek ere haien estetika gailen zedin nahi izan, hirurek talka egiten zuten sarri. Haien txotxongiloak izaten ziren zuzendariak.

Hitlerrek, argiki, nahiago zituen Mahler judu-bohemiar-wagnerzalearen estilokoak, Furtwängler erromantikoa kasu; barkatzen zizkion akats ideologikoak. Haren emazte Eva Braun Knappertsbuschen “itxura maskulino miragarriak” txunditzen zuen, baina senarrarentzat banda militarreko zuzendaria besterik ez zen, nahiz eta nazionalsozialista porrokatua izan. Goeringek Krauss kosmopolita eta l’art pour l’art zalea zuen gogoko. XX. mendeko orkestra zuzendari entzutetsu asko III. Reicheko afixa-buru izan ziren. Disko industriari esker eta 60ko hamarkadatik hona, Karajan da googleko maisua.

Zuzendu ezin zen zuzendariaren artea

1946ko urtarrilean ingeles handi bat Viena mendebaldeko tren estazioan jaitsi zen. Zurichen estatubatuar dokumentu faltsuak eskuratu zituen eta azenturik gabeko alemanez mintzatzen zen. Walter Legge zuen izena eta ez zen espioia ezta hiltzailea ere, suitzar negozio gizona zela zioen; britainiar disko ekoizlea zen, ordea. Musika paradisu batean zegoen. Naziak errenditu eta hiru astera sobietar Komandanteak Figaroren ezteiak joarazi zituen maiatzaren lehena ospatzeko.

Ekoizleak, berez, Furtwängler nahi zuen eta lan kontratuei buruzko hitzorduetan larderiatu zuen. Baina Furtwängler, gerra osteko urteak eta gero, Berlingo Filarmonikoa berriz zuzentzeko irrikatan zegoen eta Leggek gazteago bat bilatu zuen. Vienako Filarmonikoaren proba batean aurkitu zuen: Herbert von Karajan. Haren bizitasun eta energia izugarriak ilea laztu zion ekoizleari.

Traba bakarra zuen, Karajanek ezin zituela kontzertuak zuzendu Austrian eta Alemanian liberazioaren ostean. Leggek zortzigarren pisu batean topatu zuen zuzendaria; beste zortzi lagunekin partekatzen zuen pisua. Karajan inorekin hitz egin gabea zen aspaldian. Baina agenteari bost axola zitzaion batuta bat zeramanaren iragana. Gainera Karajanek eta berak musikaren kontzeptu bera zuten. Handik hilabete batzuetara, Leggek –AEBei eta Frantziako militarrei desafio eginez– Britania Handiko Komandante gorena konbentzitu zuen: Karajanen gaineko debekua jendaurreko zuzenekoetara zegoen mugatua, beraz, ez zioten grabatzea galarazi. Hala, kontzertuak emateko baimena eman ziotenerako munduan ezagunak ziren Karajanen grabaketak.

Agenteak Britainiako kultura buruei galdetu zien Karajanen grabaketak banatzeko zailtasunik izango ote zuen. “Ez gara Erresuma Batua desnazitzen ari” esan zioten, “halere Alemania Mendebaldeko britainiar sektorean ezingo duzu”. Agenteak zuzendaria Londresera eraman zuen, eta hamarkada batean 150 grabazio zituen argitaratuak: Beethovenen eta Brahmsen zikloak, Schubert, Mozart, Bartok edo Bruckner. Filarmoniak, EMIren orkestra gorenak, Abbey Roadeko estudioetara egin zuen jauzi. Soinu estereofonikoarekin zuzenekoak garaitzea zuten helburu. Masentzako baliabide bat jaio berria zen eta Karajan zen giltzarria.

Urte batzuk beranduago, Karajanek esan zuen Filarmonia gazte orkestra baten mailakoa besterik ez zela. Bere salbatzaile Leggek arazo larriak izan zituen EMIrekin 1963an, baina Karajanek ez zuen keinu ñimiñoena ere egin hari laguntzeko.

Birritan nazia eta ez hori soilik

Liberazioaren aurretik, Hirugarren Reichean lan egin arren, NSDAP alderdi naziaren karneta egin zuen 1933ko apirilean. Egun hartan jaso zuten Alemaniako juduek lanpostu publikoa uzteko jakinarazpena; udal orkestretakoak ere kanpora. Karajan eta bestelako ario gazteek bazekiten lan etorkizuna loratuko zela mugaz bestaldera. Halere, Austriako NSDAP ez zen legala Dollfuss-en erregimenean eta hiru aste beranduago Alemaniako Ulm herrian berriz ere atera zuen karneta zuzendariak. Ulmen aurkari garrantzitsua zuen Otto Schulmann lankide judua zegoen. Laster Amerikara alde egingo zuen. Bi susmo nagusik azaltzen dute ihesa: autoritate politikoek joatera behartu zuten edo Karajanek diruz hornitu zuen ospa egin zezan.

Oso ekintzailea zen Karajan, eta ez soilik karnetgintzan. Enpresa gizona izan zen eta eskiatzailea, hegazkin pilotua, lasterketa kotxeen gidaria eta sexu istorioetan aberatsa. Nazi idealaren irudia zuen: deabruzkoa eta bitalista. 27 urterekin Reicheko Orkestra Zuzendari Nagusi gazteena izan zen. Hitlerren urtebetetzean jo zuen, Fidelio zuzendu zuen Austriaren anexioa ospatzeko, besteak beste, Richard Trunk-en Fronte berriaren ospakizuna propaganda lana interpretatu zuen –zati koralaren amaieran “borborka aterako da juduen odola geure labanetatik” abesten–. Herrialde faxista baterako enbaxadore perfektua, La Scala eta Erromara bidali zuten. NSDAPren ereserkia zuzendu zuen Paris okupatuan.

Lilura teknologikoa eta komertziala

Iritzi ezberdinak daude Karajanek berez ekoiztu zuenaren inguruan. Harvey Sachs kritikariak aurrefabrikatutzat zuen, kalitate artifiziala zuela, Toscanini edo Furtwänglerenak ez bezala. Grabaketak oso leunduta daude eta Leni Riefenstahlen argazki eta filmeen homologotzat jo ei daitezke.

Ekoizpen garestiak egin zituen. Diskoen salmentan ehuneko hamar baino gutxiago poltsikoratzen zuen. Bere grabaketa proiektu asko hanka-sartze garestiak izan ziren. Hil zenean milioi bat libera zor zizkion EMIri. 1960ko hamarkadan Akio Moritarekin hasi zen tratuan, Sonyren fundatzailearekin. Japoniarrak nahiago izaten zuen merkatu bat galdu bere gailentasun teknikoan huts egin baino. Klasikoaren fanatikoa zen Morita. Bere ingeniariei eskatu zien musika entzungailu bat egin zezatela, NASAk espaziorako misioetarako egin zuena bezalakoa, eta Walkmana sortu zuen eta 100 milioi ale saldu. Berak eta Karajanek teknologiarekiko lilura partekatzen zuten. 1970eko hamarkadan, petrolio krisiarekin bat, LParen leherketa hasi zen, eta tandemak Beethovenen Bosgarrena munduan barreiatu zuten.

Sonyk disko faktoria berria eraiki zuen, diruaren ehuneko hogei Karajanek jarri zuen, Austriako gobernuak lagunduta. Japoniaren Austriako enbaxadore Atsuhiko Yatabek esan zuen: “Karajan profesorea da gure enbaxadako ekonomia eta kultura atxikia”. Moritak CBS Records eta Columbia Pictures kontrolatzen zituen. Eta CDarekin izan zuten arrakasta bideora esportatu zuten.

1980ko hamarkadan bere konpainia sortu eta bideo emanaldiak grabatzeari ekin zion Karajanek. Irudi ezberdina bilatu nahian 20 milioi dolar gastatu zituen. Hamabost kamerek grabatzen zituzten Berlin eta Vienako Filarmonikoekin egiten zituen saioak. Disko grabazioekin bezala, bere helburua perfekzioa erdietsi eta benetan kontzentratu nahi dutenek kontzertuak etxean ikustea zen.

Goebbelsen babespeko

Outsiderra zen, Hitler bezala, probintziako austriarra Alemania kosmopolitan. Greziar-mazedoniarra zuen aita, berezko abizena Karajannis zuen, ama eslovakiarra. Haur miraria pianoan, zuzendaritza ikasi zuen. Langile ospea zuen, 1929an 125 opera ekoizpen taularatu zituen.

Tristan zuzendu zuen 1938an, Hitler Txekoslovakiaren etorkizuna erabakitzen ari zela. Goebbelsek hautatua baitzen, estatuaren kontrolpeko Berliner Zeitung am Mittag-en lerroburuak hala aupatu zuen: “Estatuaren Operan, Karajan miraria”, musikaren industriak ere sarri erabili zuen kolokazio hura.

Baina Hitler eta Karajan jatorri sozial ezberdinekoak ziren, belaunaldi ezberdinetakoak: batak gosea pasa zuen eta lubakietan usteldu zen, bestea konfortean bizi izan zen. Karajanek itzelezko musika ikasketak egin ahal izan zituen, Hitler autodidakta izan zen. Hogeita lau urte zituen Karajanek Hitler Kantziler izendatu zutenean, 37 erori zenean eta mundu mailako etorkizuna jorratzeke. Kantzilerrak ez zuen jasaten partiturarik gabe zuzentzen zuenaren “harrokeria”. 1940an Die Meistersinger interpretatzen ari zela Bockelmann baxua ez zen abesten hasi bere txandan –mozkortuta ei zegoen– eta Goebbelsek eta Hitlerrek partitura aurrean izatera behartu zuten.

Kate historialariarentzat Hitlerrek utziriko hutsune sinbolikoa ordezkatu zuen zuzendariak. Autoritarioa, umiliatzailea. Zenbateraino eragin ote dute estetikoki dinamika pertsonal eta politikoek. Zenbateraino konbentzimenduz nazia, zenbateraino oportunista Leggerekin izan axolagabekeria ezagututa. Adituek ez dute zalantzarik, bera baino zuzendari hobeak asko izan dira joan den mendean. Ezagunagorik gutxi, horrek emaitzarekin loturarik ez badu ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Nor zen Adolf Eichmann?

Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]


Eguneraketa berriak daude