Murrizketak ariketa fisikoari

  • Gizakion garapen orekatua eta osoa lortzeko, ezinbestekoa da jarduera fisikoa. EAEko hezkuntza curriculumak berak hala aitortzen du… teorian, praktikan %40 murriztu baititu gorputz hezkuntzari eskainitako eskola orduak, beste hainbat ikasgairen mesedetan. Ikerketa batek agerian utzi du zenbateraino gutxitu den ariketa fisikoa ikastetxeetan, Euskal Herriko beste lurraldeekin eta Europako herrialde ugarirekin alderatuta.

Bizitza fisiko eta intelektual osasungarria izatea, erabakiak hartzen laguntzea, norberaren mugak eta aukerak ezagutzea, gorputz espresioa lantzea, emozioak adierazi eta kontrolatzea, harremanak hobetzea... dakar gorputz hezkuntzak.
Bizitza fisiko eta intelektual osasungarria izatea, erabakiak hartzen laguntzea, norberaren mugak eta aukerak ezagutzea, gorputz espresioa lantzea, emozioak adierazi eta kontrolatzea, harremanak hobetzea... dakar gorputz hezkuntzak.Luis Larrañaga

Gorputza eta ahalmen fisikoak lantzeko, norberaren autonomia, ekimenerako gaitasuna, sozializazioa… bultzatzeko, funtsezko jarduera da gorputz hezkuntza. Urteen poderioz, ikastetxeetan garrantzia lortu duen arloa da, garapen integralerako nahitaezkoa. Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, Europako joerari jarraiki, jarduera fisikoari leku duina eskaintzen zaio eskolan –ikusi beheko koadroa–, baina bestelakoa da egoera EAEn.

1996an, EAEko Gorputz hezkuntzako irakasleen lehen promozioarekin batera, erabaki zen arlo horri astean gutxienez bi ordu eta erdi ematea Lehen Hezkuntzako ordutegian (6-12 urte) eta bi ordu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (13-16 urte). Kopuru hori egon da indarrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2007ko Hezkuntza Dekretua atera zuen arte. Kuriosoa da dekretuak nabarmendu egiten duela soin hezkuntzaren inportantzia –berdin aurtengo Jarduera Fisikoaren Euskal Planean–, osasuna eta jarduera fisikoa era sistematikoan lantzeko, aisialdia indartzeko edota kirol jardunean bestelako ekintza osagarriak txertatzeko deia eginez, baina praktikan %40 murrizten ditu arlo horri eskainitako gutxieneko orduak: ordu eta erdi ematen dio astean. “Gutxieneko ordutegitik abiatuta, astean balizko bost ordu inguru ditu ikastetxe bakoitzak autonomiaz jokatzeko eta nahi dituen eremuak indartzeko, baina dekretuan jada arlo baten ordu kopurua %40 gutxitzen baduzu, klaustroak nekez mantenduko du aurretik finkatuta zegoen bi ordu eta erdiko kopurua”, dio Luis Larrañagak, Sohat Soin Heziketaren Aldeko Taldeko kide eta Gorputz hezkuntzako irakasleak. Hala, Sohatek hiru urtetan egindako datu bilketaren arabera, ikastetxeen %25 inguruk lehengo ordutegi zaharrari eutsi dio (bi ordu eta erdi), beste %25 bi orduren baitan dabil, eta gainerako %50ak dekretuan zehazturikoa edo gutxiago eskaintzen dio Gorputz hezkuntzari.

Galtzaile eta irabazleak, PISAren aitzakian

Dekretuaren ordutegi banaketak Atzerriko hizkuntza (ingelesa) eta Informatika hobetsi ditu, eta Gorputz hezkuntzari eman dio astindu handiena, Musika eta Plastikarekin batera. Larrañagaren ustez, marketin operazioa da, zientziak eta ingelesa indartuz PISA azterketan eta gisa horretako ebaluazio diagnostikoetan emaitza hobeak lortzeko esperantzan. Irakasleak azpimarratu duenez, ordea, Nafarroan erabaki zuten gorputz hezkuntza ez kaltetzea –50 minutuko bi saio egiten dituzte astean–, eta PISAn eta ebaluazio diagnostikoetan antzeko emaitzak izan dituzte, zenbait arlotan baita EAEn baino hobeak ere. Espainiako Estatuan, batez beste bi ordu eta 13 minutu eskaintzen zaizkio astean ariketa fisikoari. “Badirudi hizkuntzek, matematikek eta halakoek baino ez dutela bultzatzen arlo kognitiboa, baina ez da hala, egun jakin badakigu ariketa fisikoak izugarrizko onurak dituela gaitasun kognitiboak garatzeko orduan, gehienbat 7 eta 9 urte bitarteko haurrengan. Gaitasun artistikoak eta emozionalak (enpatia, harremanak egiteko ahalmena…) ere garrantzitsuak dira. Bere osotasunean ikusi behar dugu pertsona eta atzetik betiko eztabaida dago: zer nolako ikasleak nahi ditugu? Ikasgai maria direlakoak era sinbolikoan baino ez badira lantzen, curriculumari berari eta gurasoei iruzurra egiten diegu, norabide bakarrean bultzatuko baitugu haurren garapena eta hutsuneak lehenago edo geroago azaleratuko dira”.

Azken finean, arazoa sakonean dagoela deritzo Larrañagak. Konpetentziak edo gaitasunak landu behar direla dioen diskurtsoa geroz eta hedatuago dago egungo curriculumean eta iraultza handia da metodologikoki, baina praktikan ez omen da ematen. “Lehen testuingururik eskaini gabe agintzen genizkien ariketak ikasleei, adierazi gabe zertarako eta zergatik izango zaizkien lagungarri bizitzan, eta oraindik ere eskema horrekin funtzionatzen da sarri. Programazio zaharretan ‘ahalmenak’ jarri behar zen lekuan ‘gaitasun’ hitza idatzi eta kito, Matematika klasean 40. orrialdea lantzen jarraituko dute ikasle denek une berean, bakoitzak ikasmaila eta erritmo ezberdina izan arren”.

Irakasleen prestakuntza da gakoa, bestela hutsaren pare geratzen da edozein aldaketa. “Ikusten ari gara: ikastetxeetan ez baduzu aurretik erreformaren mamia azaltzen eta beste era batera lan egiten erakusten, gaitasunen hezkuntza sistema hau ere marketin operazioa baino ez da izango azkenean, eta ez barrura begirako benetako aldaketa”.

Hain zuzen, metodologia berriaren filosofiara, jakintza aplikatura, pertsona bizitzarako prestatzera hobekien egokitzen den ikasgaia Gorputz hezkuntza da, baina egur gehien berari eman dio Jaurlaritzak, Sohatekoek kritikatu dutenez. Gorputz hezkuntzak dohain baliotsuak irakatsi ditzakeela diote irakasleek, ahalmen fisikoak eta motorrak garatzeko, bizitza fisiko eta intelektual osasungarria izateko, erabakiak hartzen laguntzeko, norberaren mugak eta aukerak ezagutu eta konfiantza eskuratzeko, gorputz-espresiorako, emozioak adierazi eta kontrolatzeko, pertsonen arteko harremanak hobetzeko, motibatzeko, ikasleen arteko hezkidetzarako, gaitasun komunikatiboak, sozialak eta afektiboak lantzeko, integraziorako… eta bizi kalitate hobea bermatzeko.

Taula

Eskolatik kanpo ere egiten da kirola

Aztertu beharko litzateke egungo ohitura sedentarioek zenbateraino hartu dioten lekua jolasei eta kirolari haurren ordu libreetan. Hala ere, mihi gaiztoek esan dezakete ariketa fisiko nahikoa egiten dutela haurrek aisialdian, eta ez dela beharrezkoa eskolan denbora gehiago eskaintzea. Argudio horrek bere baitan ziria duela dio Luis Larrañagak, hain juxtu curriculumak gehien sustatu duen eremua ingelesa delako, baina akademia pribatuetara haur pila bat joaten da ingelesa ikastera eta eskolaz kanpoko ekintza gisa ere ematen dute ikastetxe askotan. “Kanpoan egiten dutena egiten dutela ere, derrigorrezko hezkuntzari buruz ari gara, ikasle guztiek izan beharko luketen gutxieneko ezagutzaz, ordutegi horren barruan nahi dugun garapen motaz”.

Bestalde, derrigorrezko orduetatik at eskaintzen den eskola kirola ez dago gorputz hezkuntzarekin alderatzerik. Lehenengoak ikuspuntu lehiakorra izan ohi du, talentuak bilatzeko eta bultzatzeko asmoa, neskak eta mutilak banantzen ditu adin batetik aurrera, federazioak daude atzean… eta bestelako helburuak ditu gorputz hezkuntzak, jarduera fisiko anitzagoan –ez soilik kirolean– oinarritua. Jolas-orduarekin konparatzea ere ez dute atsegin Sohateko kideek: ikasgai eta ikasgai artean tentsioak askatzeko da jolas-ordua, eta gorputz hezkuntza ez da ikasgai sakonetan egindako ahaleginen ostean arnas hartzeko ordua, bere baitan balio hezitzaile propioak dituen arloa baizik.

Gutxienez bi ordu, bi saio

Azken hiru urte hauetan egindako jarraipen kuantitatiboaren arabera, arestian aipatu moduan Sohat Taldeak baieztatu du ikastetxeen %50ak ordu eta erdira jaitsi duela Gorputz hezkuntzari astean eskainitako denbora. Areago, egiaztatu dutenez, hainbatek ez du gutxienekoa ere betetzen, esaterako ordubeteko saioa baino ez dute egiten astean, eta behin baino gehiagotan salatu duten arren, administrazioak ezikusiarena egiten du. Gorputz hezkuntzako irakasle batek kontatu digunez, lan egiten duen eskolan ordubeteko saioa ematen du astean eta ikastetxean bertan instalazio egokiak ez dituztenez, 20 minutu behar dituzte kiroldegira joan eta handik itzultzeko. Halakoak gerta ez daitezen, gutxieneko ordutegia astean bi ordukoa izan dadila eskatu die Sohatek politikariei –eta dirudienez, alde dituzte legebiltzarreko alderdi gehientsuenak–. Bi ordurekin, bi saio egin ahalko lirateke eta atarramendu hobea aterako liokete ikasgaiari. Gainerako euskal lurraldeetan eta Europako herrialdeetan gertatzen den gisan, jarduera fisikoaren garrantzi teorikoa praktikan ere islatzea nahi dute, azken finean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
‘Buruz, bihotzez, oinez’, 2025eko Nafarroa Oinezen abesti eta bideoklipa

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ari da antolatzen aurtengo Nafarroa Oinez festa. Gaur aurkeztu dute egun horri begirako abestia eta bideoklipa. Estitxu Arozena bertsolariaren letrarekin eta Igor Martinezek sortutako musikarekin osatu dute.


“Haurren jakin-min erotikoa kriminalizatzen, moralizatzen eta patologizatzen dugu helduok”

Ludotekan, gazte txokoan, udalekuetan... batzuk musukatzen ari direla, beste hark zakila erakutsi duela eta honakoak gorputzarekiko irainak jaso dituela, hori guztia kudeatzea ez dute erraza hezitzaileek. Adibide praktikoz lagunduta, 'Nola landu sexualitatea hezitzaileon... [+]


Hamar egun pantailarik gabe: erronka abiatu dute 2.500 haur eta gaztek

“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.


2025-05-13 | Gedar
Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera, eta zazpi ikasle identifikatu ditu

Ikasle bati isuna ipini diote institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


2025-05-12 | ARGIA
Mobilizatzeko deia egin du Seaskak maiatzaren 23rako, agintariei “baliabideak eta errespetua” eskatzeko

Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez,... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


Datu zenbait argitaratu, emaitza osoa ezkutatu

Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak ostegunerako eta proposamen “berria” iragarri du

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba astearen atarian dator Hezkuntza Sailaren mugimendua. Ostegunean bilduko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, bertan ezagutaraziko du sailak proposamen zehatza, baina zenbait eduki aurreratu ditu asteartean Begoña... [+]


2025-05-06 | Gedar
“Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da”, salatu du IAk

Elkarretaratzeak egingo dituzte selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko. Gainera, apunte-banku bat eta klase partikularrak jarri dituzte martxan IAko kideek.


Eguneraketa berriak daude