ARGIA.eus

2020ko apirilaren 09a
Idoia Mendia

"Jaurlaritza euskararen parte da, ez laguntzaile soila"

  • Bilbo, 1966. Zuzenbidea ikasi zuen Deustun eta Amsterdamgo Unibertsitatean osatu zituen ikasketok. PSE-EEko bazkide egin zen ostean. EAEko Justizia eta Herri Administrazio sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea da: “Lan hau berria da niretzat. Lehen astea gatxa izan zen, baina ari naiz ohitzen, denbora antolatzen eta dinamika berrira egokitzen” esan digu.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2009ko ekainaren 28a
Idoia Mendia
"Urtarrilaren 1ean politika ekonomiko berria bultzatuko dugu. Lege berriaren arabera oinarrizko soldata 600 eurokoa izango da eta udalen politika gehiago indartuko da".Miren Segurajauregi
Idoia Mendia familia abertzaleko alaba da aitaren aldetik: “Aitona ANVko militantea izan zen, errepublikarra. Dirua jarri zuen Barakaldoko Batzokia eraikitzeko. Demokrazia garaian EAJ bozkatu zuen halere”, diosku Jaurlaritzako bozeramaile berriak: “Amaren aldetiko familia erdalduna da. Aitarenak baserritik Barakaldo eta Sestao aldera etortzean galdu zuen euskara. Ni izan nintzen euskaraz ikasteko aukera izan nuen lehena. Eliz bateko behealdean ikasi genuen, ikastolan, klandestinitate garaian”.
Europako hauteskundeen biharamunean elkartu ginen: “Estatu mailako emaitzekin pozik nago. Lau milioi jende dago langabezian, krisi ekonomikoa larria da. Horiek horrela eta PPk egin duen kanpaina tarteko, PSOEk nahiko ondo eutsi dio. Egia da ere, hautesleek “dei” moduko bat helarazi digutela. EAEko emaitzekin are poz handiagoa hartu dut. Emaitza hauek garrantzitsuak dira datozen udal eta foru aldundiko hauteskundeei begira denentzat, eta bereziki EAJrentzat, berak gobernatzen baitu hiru foru aldundietan”.

PP hasi al da estutzen honezkero Eusko Jaurlaritza berria?


Oraindik ez dira hasi... [irribarretsu hartu du galdera], ez dakit ere hori izango ote den PPren joera. Dena den, PPrekin dugun akordioa sinplea da, baina oso funtsezko gauzetan oinarritua. Gu lasai gaude. Gainera, PPz beste, Legebiltzarreko beste alderdi batzuek gure ustez bat egiten dute akordioaren printzipio orokorrekin. Akordioa ona da, bi alderdioi beste alderdiekin akordioetara iristeko askatasuna ematen digulako. Egia da PP dela lehentasunezko kidea, baina horrek ez gaitu horrenbeste lotzen, ez dut uste estuasunean jarriko gaituenik.


EAJ dago oposizioan lehen aldiz. Nola sentitu duzue egoera berrian?


Oraindik ez dugu sentitu... Ezin dut balorazio bat egin EAJren oposizioaz. Legebiltzarreko lehenengo bilkurak egin ditugu, senatari autonomikoak, zerga arauak –EITBko zuzendari orokorra hautatzekoa izango da laster– gaiak izan dira, baina eztabaidarik gabe. Kurtso politikoa benetan udazkenean hasiko da, EAJ gurekin akordioetara iristeko prest dagoen edo ez, orduan ikusiko da. Dena den, EAJ oso garrantzizkoa da, ez oposizioko lehenengo alderdia delako, herri honetako historian oso garrantzitsua delako baizik. EAJ gobernatzeko alderdia da, ez joera erradikaletara jotzekoa. Beraz, funtsezko politiketan akordioetara iristeko prest egongo dela uste dut. Hizkuntzan, hezkuntzan eta terrorismoaren aurkako politikan EAJk asko du esateko, nik asko espero dut.


Alberto Surio babestuko al du EAJk EITBko zuzendari karguan?


Ez dakit. Dena den, Alberto Surio oso profesional ona da. Talde profesionala osatu nahi du, ez alderdi baten ideologia babestuko duen taldea. Ideologia ezberdineko pertsonak bilduko ditu, ez dira denak izango alderdi sozialistako kideak edo ingurukoak. EITBko historian ez da sekula zuzendari profesionalik izan, zuzendariek beti profil politikoa izan dute, alderdi buru edo alkate bukatu dutenak. Oraingo aukera askoz egokiagoa da aurrekoak baino.

Euskaraz ez dakien zuzendaria...


Josu Ortuondo, gero Bilboko alkatea izan zena, halaxe izan zen. ETB1k, adibidez, kalitate gehiago behar du. Denok dakigu berritze beharra duela, eta zuzendariak, euskaraz jakitea edo ez, ez du hori bermatzen.

EAJren ekimenez kontzertu ekonomikoaren afera eramana izan da Legebiltzarrera. EAJ ez dago lasai bere kudeaketarekin, antza.


Kontzertu ekonomikoaz ari garenean, hasteko, iritzi publikoa lasaitu behar dugu. EAJk kontzertu ekonomikoa arriskuan dagoen ustea zabaldu du. Arriskuan egon zen auzia Europako Auzitegian izan zenean, baina irabazi genuen.

Egoera argitzeko hona azalpen batzuk: gure batzar nagusietan argitaratzen dituzten arauak ez dira legeak, araudiaren maila daukate. Alegia, edozein autonomia erkidegok gure araudi fiskalak eraman ditzake auzitegira. Hor dago arazoa. Pasa den legealdian Legebiltzarreko alderdi guztiek Espainiako Kongresuari erreforma legala egitea eskatu genion, hau da, Auzitegi Konstituzionalari lege organikoaren bizpahiru artikulu aldatzea proposatuz, foru arau fiskalak blindatzeko eta maila legala emateko. Baina hori iragan legealdian izan zen, eta izendatu genituen pertsonak ez daude orain Legebiltzarrean. EAJk orain bi pertsona izendatzea proposatu du eta lege bat tramitatu dugu horretarako.

EAJk Jaurlaritzaren jardueran kontraesan batzuk ikusi ditu, antza.


Ez. Akordioa denona da. Erakundeek beren erritmoak dauzkate, Espainiako Kongresuak kasuon. Artean EAJk zirikatu egin du. Azkenean, gehiengoak legez besteko proposamenaren alde bozkatu du Eusko Legebiltzarrean. Ez dago besterik.

Hala ere, batzuek diotenez, PPrekin duzuen itunari luzaro ezin eutsiz, laster iritsiko zarete akordioetara EAJrekin.


Gobernu honek PPren babesa jasoko du legealdi osoan.

Bestalde, Aralarrek deia egin dio Patxi Lopezen Gobernuari, argitu dezan zein den bake eta normalizazioa lortzeko duen proposamena.


Hasteko, guk ez dugu aurreko Gobernuaren politika antiterrorista egingo. Terrorismoari buruzko gure jarrera argi eta garbi azaldu dugu. Batetik, zuzenbidezko estatuaren neurriak aplikatuko dira: delituan ari direnak auzitegira eramanak izango dira. ETA ahul dago –oraindik min asko egin dezake halere– eta unea baliatu behar dugu terrorismoaren aurkako politika indartzeko. Dagoen politika emaitza onak ematen ari da, bide beretik segitu behar dugu. Lehendakariak esan duenez, inpunitatearekin bukatu behar dugu, ez da normala herri enparantzetan terroristen argazkiak zintzilik egotea.

Aralarrek biktima guztiekiko politika hobetu beharra aipatu du.


Hezkuntza Saila Biktimen Bulegoarekin eta Giza Eskubideen Batzordearekin koordinatze lanetan ari da, bake plana hezkuntzan aplikatu eta martxan jartzeko. Zentzu horretan, esaterako, duela aste batzuk biktima mota guztiak bildu ziren Tolosan. Eman zen urratsa oso garrantzitsua da, nire ustez hori eredua da.

Espainiako Gobernuak “negoziazio” hitza ezabatu omen du bere hiztegi politikotik. Eusko Jaurlaritzak ere bai?


Azken prozesuan argi eta garbi geratu zen ETAk ez zituela armak utzi nahi. Prozesua bere interesen alde aprobetxatu zuen, ez zuen aukera baliatu bakera iristeko. Saioan asko galdu zen. Hurrengoan ETAk biolentzia mota oro aldez aurretik utzi beharko du. Eman zen negoziazio prozesua ez da errepikatuko eta hori ETAk argi izan behar du. ETAren aldetik espero duguna da armak uztea, besterik ez.

Ezker abertzaleak sostengatutako II-HEk parte hartu du azken hauteskundeetan. Gobernuak gogoeta egingo al du II-HEk lortutako emaitzez?


II-HEk edo Arnaldo Otegik Europako hauteskundeetan egin duten operazioak erreflexionatzeko aukera beraiei eman behar die, edo horretarako erabili gutxienez. Jaurlaritzak espero du lortu dituzten botoek politika egitera bultzatzea, hau da, demokrazian barruan jardutea.

Jaurlaritza honen osaketa Alderdien Legearen aplikazioa tarte dela iritsi da. Legezkotasun eta zilegitasun politikoa bat al datoz?


Egoera hau lehen ere bazegoen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. ANV-EAE ez dago batzorde nagusietan, eta ez du lehenengo indarrak gobernatzen ere. Kasu bera da.

Patxi Lopez lehendakari lanetan hasi eta greba orokorra izan zen.


Gobernua izendatu gabe grebara deitzea arraroa izan zen. Dena den, greba itzelezko porrota izan zen. Ez dugu uste greba langileen interesak defendatzeko deitua izan zenik. Deia ulertu genuen greba politiko bat bezala. Baina horretarako ez zen une egokia. Gobernuak eragile sozialei eskua luzatu zien, azken hamar urteetan lehen aldiz. Egundaino ez da halakorik izan, beraz, egoera paradoxikoa izan zen.

Zer eskaini dezake Gobernuak arlo horretan?


Hasteko, mahaian hiru aldeak esertzea: enpresariak, Jaurlaritza eta sindikatuak –eta eragile sozialak orobat–. Alegia, mahaia eraiki arte, foru aldundietako arduradunekin, EUDELekin, euskal kutxekin bilduko gara. Eragile guztien ideiak bildu nahi ditugu mahaira eramateko, mahai horretatik aterako dira proposamenak. Planteamendua hasteko ezberdina da, aurreko Jaurlaritzak ez zuen horrela jokatu.

(...)


Gobernuaren politikak –konpetibitate planak eta I+G plana– beti izaten dira enpresari begira, normala da, enpresak inportanteak dira, baina langileak ere bai. Guretzat eragile sozialak oso inportanteak dira gizarte eredu berriari begira, baita langileak ere, balio erantsia langileena da-eta. Proposamen interesgarriak enpresari eta sindikatuen arteko akordioen bidez lortu daitezke bakarrik. Horretarako nahi dugu mahai soziala eraiki.

“Gu ez gara joango, patronalarekin akordioa lortu ostean” dio ELAk. Nafarroan horrela izan omen da. LABek antzekoa dio ere.


Hemen ez da kasu bera emango. Zertarako bildu sindikatuekin ez badituzu haien proposamenak kontuan hartzen? ELAk ez dela joango dio. Hasieran egongo ez diren arren, guk jarraituko dugu eskua luzatzen, sei hilabete barru ez badaude, urte bat barru egongo dira. Guk asko espero dugu sindikatu guztien aldetik.

Automozioari eusteko 500 euroko laguntza eman du Zapateroren Gobernuak. Eredu kapitalista eta liberala omen da PSOErena.


Zuk ondo jakingo duzunez, Euskal Herrian langile askoren egoera larria da automozioa arriskuan dagoelako. Beraz, ez baduzu automozioa bultzatzen lanpostu piloa jausiko dira. Krisialdi batean bi akzio paralelo sustatu behar dituzu. Batetik, eredua aldatu ahala beste eredu batera joan behar duzu, I+G garatuz eta aldi berean industria tradizionalari eutsiz. Noski, horretaz gain, guk babes soziala emango diegu INEMeko laguntzak amaitzen zaienei.

20 milioi euro nahiko al da laguntza sozialak sustatzeko?


Gizarte larrialdirako laguntza, gizartean murgiltzeko soldata, 400 eurokoa da. Bestelako laguntza sozialak ere badaude. Desenplegua amaitu ostean, ezer gabe geratzean, udalen bidez, 600-700 eurora iristen dira laguntzak. Badakigu horrekin bizitzea zaila dela. Udalek 24 milioi euro zeukaten aurrekontuetan eta lehen lau hilabetetan gastatu dituzte. Jaurlaritzak beste 20 milioi gehiago ipini du, eskaeren %85 betez. Ez gara ehunetik ehunera iritsi, baina premiazko gehigarriak ere badira. Urtarrilaren 1ean politika berria bultzatuko dugu. Lege berriaren arabera oinarrizko soldata 600 euroko izango da eta udalen politika gehiago indartuko da.

Justizia administrazioa motela dela esan duzue, berau modernizatu beharra aipatu duzue. Zertan da bulego judizial berria? Aurreko Gobernuarena zaharkitua al zen?


Modernizazioan edo informatika arloan ondo gaude, beste erkidegoetan baino hobeto. Eredu izan gara Espainia guztiarentzako. Bulego berria martxan ipini baino lehen –urtarrilaren 1etik aurrera ipiniko da– Espainiako Justizia Ministerioan izan ginen, Euskadi eredu pilotutzat hartu nahi dute. Oro har, sortu daitezkeen problemak aztertu nahi dituzte, beti ere gure bulegoa eredutzat hartuz.


Zer berri ekarriko du bulegoak?


Herritarrek zerbitzu azkarragoa izango dute, nahiz eta Euskadin jada azkarrago izan beste erkidegoetan baino. Bestalde, epaileek gauza batzuetan botere gutxiago izatea nahi dugu.

Euskararen tratamendua nolakoa izango da?


Erronka hori ere hor dago. Uste dut hobeto bete ahalko dugula: harrera osoa, sartu eta atera arte, euskaraz egitea nahi dugu.

Hezkuntza arlora etorriz, euskararen ereduak hizpide: “Zestoan A eredua eta Barakaldon D eredua indartu behar dira” entzun dugu. Adibidez, Zestoan familia bakar batek A eredua eskatzen badu jarriko al da indarrean?


Oso zaila da horri erantzutea. Lege bat daukagu, ez dugu aldatu, eta aldatzeko adostasun zabala behar da. Ezin duzu ezein arloan ezer inposatu eta are gutxiago hezkuntzan. Noski guk A ereduari eutsiko diogu. Egia da eredu horrek ez duela euskara menperatzea bermatzen. Eta hori bermatu behar dugu, behintzat oinarria. Gure nahia beste bat da halere...

Zein?


Ikastetxeen autonomia bilatzea eta eurek hautatzea zein hizkuntzan jartzen duten indar gehiago. Alegia, Barakaldoko ikastetxe batean normalagoa da D eredua indartzea eta gaztelania gutxiago, eta ingelesa sartu. Hori da gure eredua, baina indarrean dagoena orain arteko eredua da.


Euskal Eskola Publikoaren Legea, Euskararen Normalizazioa edota Erabileraren Legea aipatzean, “PSEn ez gara aurka joango” bezalakoak entzuten dira.


Nik ez dut arlo hori ondo ezagutzen, baina azken legealdian Kontseilutik eman ziren aholkuekin bat gatoz. Guk argi eta garbi dugu bi hizkuntzek elkarrekin bizi behar dutela, errespetuan, ez dela bata bestearen gainean jarri behar. Euskaraz lan egiten duen jendea gurekin pozik dago, gurekin lan egin nahi dutela transmititu digute, ez da arazorik izango.

Hizkuntz ahularen aldeko jarrera hobesten al duzu zuk zeuk?


Euskararen behar handiena erabilia izatea da, horretan lan egin behar dugu. Baina batzuetan eman den inposaketa ez da ona, ezta politikoki erabilia izatea ere. Euskara denona izan behar da.

Inposaketa diozu... Euskararen inposaketaz ari zara?


Hezkuntzan izan dira modu batez edo bestez. Administrazio publikoan pazientzia gehiagoz jokatu behar dugu: funtzionario bat euskalduntzen baduzu, baina gero lantzeko aukerarik ez badu... Administrazioa euskaldundu behar dugu baina arrazionaltasun puntu batez.

Euskaltzaleek ordea gaztelaniaren inposaketa sentitu dute.


Bai, baina presak ez du laguntzen. Belaunaldi berriak elebidunak dira, hori baliatu behar dugu. Harrera euskaraz bermatu behar dugu ados. Administrazioan ari bazara publikoari begira euskaraz jakin behar duzu, baina barruan ari bazara, ez hainbeste. Denak du bere arrazionalizazio puntua, komeni da puntua bilatzea eta aurkitzea. Ez da erraza noski, baina zentzu horretan lan egin behar dugu.

PSEko hainbat kidek euskara aipatzean “guk lagunduko dugu” diote. Laguntzea nahikoa ote?


Jaurlaritza euskararen parte da, ez laguntzaile soila.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Euskal Autonomia Erkidegoko politika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude