Enplegu publikorako hizkuntza eskakizunei buruzko dekretua auzitara eraman dute PPk eta Voxek, eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela planteatzeko tramiteak hastea onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Egoera “bereziki larria” dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
“Sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia zalantzan jartzea” ekarriko luke gaia Auzitegi Konstituzionalera eramateak, EAEko hizkuntza normalizazioan “oinarrizko zutabea” baita hizkuntza eskakizunen legea, “40 urtez baino gehiagoz indarrean eta bermatuta dagoena”. Hala mintzatu dira lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea eta Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxena, elkarrekin egindako agerraldian.
Garbi utzi nahi izan dute ez dutela arrazoi juridikorik ikusten Espainiako Konstituzioarekiko kontrakotasunik planteatzeko. Izan ere, azpimarratu dute orain zalantzan jartzen den edukia ez dela berria, 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean eta 1989ko Funtzio Publikoaren Legean agertzen dela eta esparru hori guztia Konstituzio Auzitegiak “berrikusi eta bermatu” zuela.
Gainera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari gogoratu nahi izan diote hezkuntza eskakizuna ez dela derrigortasunaren pareko, lanpostuak profil batekin sailkatzea dakarrela, sarbide probetan euskararen ezagutza merezimendutzat hartzea, baina horrek ez duela automatikoki profil hori betekizun bihurtzen. “Badirudi salak interpretatzen duela sailkatzea betebehar orokor bat ezartzearen parekoa dela, eta hori ez da horrela”, adierazi du Bengoetxea lehendakariordeak.
Voxen helegiteaz arduratzen zen epaimahaia aldatu zuen salak, eta bi helegiteak (PPrena eta Voxena) pilatu zituen, "edukia oso desberdina izan arren"
Erabaki zalantzagarriak
PPk eta Voxek sektore publikoan euskararen erabilerari buruzko 19/2024 Dekretuaren aurka jarritako helegiteak 2025eko martxoan aurkeztu zituzten. Horien inguruan auzitegiak “hainbat erabaki zalantzagarri” hartu dituela iritzi dio Jaurlaritzak. Urriaren 31n, Voxen helegiteaz arduratzen zen epaimahaia aldatu egin zuen salak, PPren helegiteaz arduratzen zen epaimahaiarekin bat egiteko, eta azaroan bi helegiteak pilatu zituen, “edukia eta irismena oso desberdinak izan arren, eta egun horretan bertan ireki zuen konstituzioarekiko kontrakotasun auzi baterako izapidea”.
187.5 artikulua Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela ebatziko balitz, dekretuaren beste artikulu batzuei eta hizkuntza eskakizunen sistemako elementuei eragingo lieke.