De Andrés (PP) EH Bilduri: “Indar politiko moduan suntsituak izango zarete”

  • Mikel Mancisidor Arartekoa hautatu dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean EAJren, PSEren eta PPren sostenguarekin. EH Bilduk kritika zorrotza egin dio akordioari, eta Javier de Andrés PPko idazkari nagusiak azpimarratu du EH Bildu “ezohiko fenomenoa dela Europan” eta indar politiko gisa haren suntsipena –“exterminio” erabili du– eragin behar dela.


2025eko abenduaren 18an - 17:35
Javier de Andrés, EAEko PPko lehendakaria.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Manu Lezertua Arartekoa ordezkatuko du Mikel Mancisidorrek eta legebiltzarretik kanpo ere koalizio soberanistak esana zuen ez zuela gustuko Ararteko berria. Arkaitz Rodriguez EH Bilduko parlamentariak azaldu du bi arrazoi nagusi direla haren hautaketaren aurka egiteko: bat, euskalduna ez izatea, horrek eragotziko diolako euskaldunen hizkuntza eskubideak ondo defenditzea; eta bi, prentsan idatzitako artikuluetan Mancisidor kritiko agertu dela EH Bildurekin eta, beraz, ez dela neutrala izango. Horregatik, Arartekorako bost hautagai independente proposatu dituela ere zehaztu du. Mancisidorrek Noticias Taldeko egunkarietan idatzi izan du eta bloga ere badu.

Botoaren ezezkoa arrazoitu ondoren, Rodriguezek EAJ eta PSE kritikatu ditu, PPrekin horrelako akordio garrantzitsua bideratzeagatik. PP “frankismoaren egiazko oinordeko” dela esan du, eta EAJ eta PSOEko buruzagiek azken hilabeteetan PPri buruz esandakoak makulutzat hartu ditu: gogorarazi die PPk euskararen aurkako gurutzada daramala, euskal autogobernuari mehatxu egiten diola, abortu eskubidea zalantzan jartzen duela, migratzaileak kriminalizatu edota LGTB eta emakumeen eskubideei mehatxu egiten diela.

De Andrés: “Suntsituak izango zarete”

Gogor erantzun dio EAEko PPko lehendakariak. EH Bildu Europan ezohiko fenomeno politikoa dela aipatu du: “Espainiako eta Europako bigarren indarra gara, eta zoritxarrez, Arartekoari buruzko akordioa lortu dugulako, ezohiko indar politiko horrek gu zuritzen gaituztela esateko ausardia du”.

EH Bildu “bahituekin errusiar erruletara jolasten zuen torturatzaile batek” zuzentzen duela ere esan du, eta hark hil berri den “Peixoto torturatzaileari” gorazarre egin diola. EH Bilduren gazteek PPren egoitzei eraso egiten dietela ere azpimarratu du, Ernairi erreferentzia eginez. “Horri guztiari eutsi diogu hemen, eta ezohikoa den zerbait zaretenez, jakin ezazue, lehenago edo geroago, indar politiko moduan suntsituak izango zaretela. Espero dezagun hori azkar gertatzea, horrela demokrazia hasi zenetik pairatzen ari garen indar politikoa Euskaditik erauzia izango da”.

Joan den azaroan Carlos García Durangoko PPko zinegotziak ere iradoki zuen EH Bildu legez kanpo jarri behar zela. Sare sozialetan idatzi zuen Arnaldo Otegi “terrorista mespretxagarria” zela eta indar politiko horrek erakundeetatik kanpo egon behar zuela, “alderdi nazia Alemanian eta alderdi komunista ia Europa osoan moduan”.

Otxandiano: “Honek erantzun bateratua eskatzen du”

Osoko bilkura eta gero Pello Otxandiano EH Bilduko buruak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, eta PPri modu bateratuan aurre egitea eskatu die “legebiltzarreko indar demokratikoei”. “Exterminio” hitzak “esanahi politiko-historiko oso zehatzak” dituela adierazi du eta horrek legealdi honetan inflexio puntua markatzen duela eztabaida politikoan.

“Hau ez da gure aurkako erasoa bakarrik –jarraitu du parlamentariak–, bloke erreakzionario honek eskubideetan atzera egiteko programa du, eta gure identitate eta autogobernuaren aurkako mehatxua suposatzen du, lehendakariak politika orokorreko osoko bilkuran ondo esan zuen bezala".

Horregatik, “horrelakoak esaten dituenarekin” ezin dela akordio politiko esanguratsurik egin adierazi du Otxandianok, “baina gaur Arartekoa onartu dute PPrekin”. Entzundakoaren aurrean zer ekimen politiko eta judizial hartuko duten aztertzen ari direla zehaztu du, eta eskaera luzatu die gainerako indar politikoei: “Hemen mehatxua faxismoa da, eskuin muturra, eta hemengo indar demokratikoek horri egin behar diote aurre. Badauzkagu baldintzak, egin dezagun”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarra
2024ko irailaren 30
Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Eguneraketa berriak daude